Volver a la página índice

Ereñozar

FITXA

Udalerria: Ereño

Herrialdea: Bizkaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramica 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Gaztelua 448 metro garaierako Ereñozar mendiaren gailurrean zegoen. Ereñozar mendia Gernikako itsasadarraren bazter guztietatik ikusten da. Gailurretik sekulako bistak daude. Beherago, mendebaldera joz, Arteagan gaztelu bat dago, eta itsasadarreko padura. Hegoaldeko magalean Santimamiñeko leizea dago.

Ereñozar mendia talaia paregabea izateaz gain, ingurua defendatzeko leku aproposa da eta ziurrenik horixe izango zuen egitekoa. Inguruko biztanleak babestea. Baina babes hori noizkoa ote den arkeologoek esan beharko dute.

Ereñozar

Egungo sarreraren ondoko aztarnak. Atzerago, Urdaibai. (2000)

Historia

Mendiaren tontor-tontorrean, kasko baten gainean, San Migel baseliza dago, Ereñoko lehenengo parrokia, eta hortik dator Ereñozarre izena. Baseliza bertan egoteak gaztelua ere hor eraikitzea ekarri zuen, edo alderantziz, gazteluak ekarri zuen baseliza. Ez dago jakiterik noiz hasi ziren mendi gailur hori erabiltzen. Ziurrenik, parrokia eraiki aurretik toki gotortu bat edo bizileku bat egongo zen.

Baseliza X. mendekoa da. Eliza eraikitzea, nahikoa biztanleria bazegoen seinale da. Nahikoa jende ez eraikitzeko bakarrik, baita bere mantenurako ere. Inguruan hilobiak egoten direla dio tradizioak eta baselizaren barruan, eskuinean, harearrizko sarkofago trapezoidala dago, bisigodoek erabilitakoen tankerakoa. Sarkofagoaren gainean hiru harri zeuden, Barandiaranen arabera hainbat erliebek eta ebakik apainduak.

Dirudienez, gaztelua tontorrera mugatzen zen, eta harresiz inguratua zegoen. Nahiz eta eraikina oso sendoa izan ez, iristeko gorriak ikusi behar diren tontor batean kokatua zegoenez, etsaien erasoaldietatik kalterik jasan gabe salbatu zen behin baino gehiagotan.

Gaztelako Alfontso XI.aren (1312-1350) kronikak Ereñoko gaztelua aipatzen zuen. Errege horrek liskarrak izan zituen bertako nobleziarekin, eta horien ondorioz, erregearen gudarostea Bizkaira sartu eta jaurerriaren aurka borrokatu zen 1334an. Maria Diez Haro zen orduko Andrea.

Gertaera hauek Lope Garzia Salazarrek jaso zituen bere Bizkaiko kronikan, XV. mendean:

¿...Alonso erregea Bizkaian sartu eta guztia bereganatu zuen, lau gaztelu izan ezik: San Juan de la Peña; Ereñoko San Migel, Arteaga gainean baitago; Bematxienteko gaztelua, Albinan baitago; Unzuetako gaztelua, Orozko gainean baitago.¿..

Beraz, erregearen gudarosteak ezin izan zituen lau gaztelu hartu. Eta lau horietarik bat zen Ereñokoa. Beste hirurak hauek dira: Bermeoko Gaztelugatxe, Orozkoko Untzueta, eta azkenik, Bemachiente. Azpimarratzekoa da Gaztelugatxen eta Ereñon elizaren aipamena ere egin izana.

Gaztelua tartean harrapatu zuen bigarren liskarraldia 1355ekoa da. Urte hartan, Bizkaiko Tello jauna Ereñoko gazteluan babestu zenean Gaztelako Pedro I.a (1350-1369) berau hartzen saiatu zen. On Tello erregearen anaiordea zen, eta 1353an, Joana Lara Diaz Harorekin ezkondu zenean, jaurgoaren oinordekotza hartu eta Bizkaiko jaun bilakatu zen. Gaztelako erregeak preso eraman zion Andrea, eta bere bila ere bazebilen. Baina Tellok Bizkaian sartzea lortu zuen, eta orduan Ereñon babestu zen. Ondoren, Bermeora pasa zen itsasontziz eta handik Baionara egin zuen ihes.

Labairuk (1845-1904) bere Historia General del Señorio de Bizcaya liburuan, Ereñoko gazteluari buruzko hirugarren gertaera militar bat ere jasotzen du. 1409. urtean, leinuen arteko gatazketan gaztelua suntsitu zutela idatzi zuen. Dirudienez, Ereñoko bizi lagunak garaile atera ziren kanpotik etorritako bi erasoetan, baina barruko borroketatik etorri zitzaien hondamendia. Geroztik ez dago inolako berririk gazteluari buruz.

Agirietan gaztelua gutxitan aipatzen baldin bada ere, herri sinesmen asko gordetzen ditu leku horrek. Alde batetik, arestian aipatutako sarkofagoan sabaitik erortzen den euria jasotzen zen eta erromesek ur horretatik garbitzen zituzten eskuak eta aurpegia; esku ahurrak eta aurpegi mazelak bustiak zituztelarik hiru buelta ematen zituzten baselizaren inguruan, bustia lehortu baino lehen. Errito horrek azalaren gaixotasunak sendatzeko balio omen zuen.

Baselizara doan bidetik, 150 bat metro lehenago, harri lau bat dago, 2,5 metro luze dena. Harriak lau zulo ditu, eta San Migelen hanka zuloak direla esan ohi da. Deabruarekin izandako liskar baten ondorioz zulatu omen zuen harria lau lekutan. Hala ere, hori ez da kondairak duen aldaera bakarra. Barandiaranek 1920. urte inguruan horrela kontatzen zuen hitzez hitz:

¿Ereñuko mutiltxu bat joan zan San Miel Ereñusarrekora, da San Mielei jo eutzon bentanie, da barrabasak, urten San Mielek kadera azpitik de segidu eutzon mutilleri, da San Mielek orduan, urten eguen lekutik da segidu eutzon barrabasari da irugarren saltuan atrapau eban da atzera lengo lekura eruen eban. Da gaur be an dau. Oin be, San Mielek iru saltuetan eiñiko oiñ zuluak, San Mieleko ermitie baiño berauko atx baten daus.¿

Ereñozar

Barrutiko iparraldea eta egungo sarrera. (2000)

Egitura eta aztarnak

Ibilgailua uzteko tokitik baselizara bidea atondu dute oinezkoentzat. Dena dela agerian utzi dituzte haitzetan landutako lehengo mailak eta galtzada itxurako zati batzuk. Maila horien artean daude arestian aipatutako San Migelen oinatzak.

Ereñokoa egitura xumeko gaztelua omen zen. Gaineko aldean, inguru osoan, harresia zuen, eta ondoan eliza. Gaztelua bera eraikin bakarra izango zen beharbada.

Gaur egun ia perimetro osoan ikusten da harresia, eta aldez alde 98 metro neurtzen ditu. Hego-mendebaldeko, hego-ekialdeko eta ipar-ekialdeko izkinak ia angeluzuzenak dira. Ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko izkina borobildua dago, eta horrek bihurtzen du irregular barrutiaren oina. Ekialdetik mendebaldera esparrua 27 metro zabal da eta iparraldetik hegoaldera, berriz, 29 metro luze, gutxi gorabehera.

Sarrera iparraldeko harresian dauka. Sarreratik hurbil, landutako harri bat ere ikusten da lurrean. Ziur aski gazteluari zegokiona izan zen.

Mendebaldean ia bi metroko garaiera du harresiak.

Hegoaldean, harresiaren gaineko aldeko ertza porlanez indartu dute. Santimamiñetik datorren bidezidorra horra iristen da.

Ekialdeko harresiak, porlanez sendotzeko beharrik gabe, ondo eutsi dio terraza edo zabaltzari.

Esan liteke inguruko harresi hori dela garai bateko gaztelu hartatik gelditzen den osagai bakarra. Tira, bakarra ez. Sarrera ondoan eta gazteluaren barruti izandakoan badira harri koxkor batzuk. Litekeena da horiek lur azpiko egitura bati lotuak izatea, batik bat, Barandiaranek zioen bezala, baselizaren inguruan hilobiak zeudela gogoratuz gero.

Baseliza zabaltza horren erdian dago, kasko baten gainean. Eraikin txikia da, eta oinak laukizuzen forma du: 11,8 metroko luzera eta 7,25 metro zabaleran. Hegoaldeko hormari loturik mendi aterpea dago (11,8 x 3 m.), eta eliza zaharretan bezala, baselizak Ekialdetik Mendebalderako norabidea du, aldarea ekialdean duelarik.

Ereño herritik Ereñozar mendirako bidean Gaztelu izeneko baserri bat zegoen. Baina 1980 urte inguruan, aspalditik baztertua zegoela eta, eraitsi egin zuten. Egun pinudi batek estaltzen ditu baserri zenaren arrasto xumeak.

Ereñozar

inguruko harresiaren xehetasuna, hegoaldean. Atzerago, baselizako aterpea. (2002)

Ereño herritik, udaletxearen atzetik eta frontoiaren aldamenetik, 1¿6 kilometro luze den bide bat abiatzen da Ereñozar mendirantz. Autoak uzten diren tokitik, oinez, bost minutu daude gora. Ereñotik bertatik pausoan abiatu nahi duenak 40-45 minutu pasa beharrak dauzka. Santimamiñeko inguruetatik ere igo daiteke.

Ereñozar