Urduna

FITXA

Nombre: Urduna

Localidad: Urduña

Comarca: Nerbioi

Provincia: Bizkaia

Tipología General: Casco histórico medieval

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Gorobel (Salvada) mendilerroaren oinetan dago Urduña, Nerbioi ibaiaren ibar zabal batean (Gaztelako goi-ordokia eta kostaldeko portuen arteko pasabidea zen hori). Lope Díaz de Harok sortu zuen, Bizkaiko jaunak, 1229an.

Leku estrategikoan zegoelako, batetik, eta Gaztelako errege-erreginek merkataritza pribilegioak eman zizkiotelako, bestetik, hiribilduak bilakaera handia izan zuen, merkataritzaren eraginez, batik bat. Azkar handitu zen (Bizkaiko hiribildurik handienetakoa izan zen bere garaian), eta frankoek eta juduek hara jo zuten bizi izatera.

Erdi Aroko gunearen egitura ez da ia batere aldatu gaur arte. Urduñak duen kale eta eraikin banaketa Bizkaian aurki daitekeen politenetakoa da. Inguru guztian harresia eduki zuen, eta haren arrasto gutxi batzuk ageri dira egun ere, bai udaletxeko dorrean eta bai Andra Mari kaleko arkuan.

Hiru kaleren inguruan eraiki zuten Urduña: Harategi kalea, Burdin kalea eta Artekale kalea, eta horiek lotzeko, bi zeharkale egin zituzten. Garai hartan Gasteiztik zetorren bideak Harategi kaletik barrena zeharkatzen zuen hiribildua, eta jende askok erabiltzen zuenez, bide horren arabera antolatu zuten gunea. Denborarekin, ordea, Urduña haitzetik jaisten zen bideak hartu zuen garrantzirik handiena, eta, ondorioz, aldatu egin zuten hiribilduaren egitura: beste hirigune bat sortu zuten, lau kalek osatua: Kale Zaharra, Frankoen kalea, Orruño kalea eta Donibane kalea (zeharkaleak ere egin zizkieten). Horren ondoren, beste hirigune bat sortu zuten, Gaztelako aterantz ematen zuten hiru kalerekin: Burgos kalea, Kale Berria eta Kantarranas kalea.

Hiru gune horien artean, eremu ireki bat geratu zen: Foru Plaza. Segur aski, hori izango da Erdi Aroan Bizkaian sortu zen eremu publikorik handiena.

1535. urtean sutea izan zen Urduñan, eta eraikin asko kiskalita geratu ziren, zaharrenetakoak asko. Hasierako hiri antolamendua aldatu da zertxobait -zeharkale batzuk desagertu ziren-, baina, egia esan, kale nagusien ibilbidea jatorrizko hura bera da egun ere. Etxeen egitura ere Erdi Aroan ohi zen bezalakoa da: aurrealde estua eta hondo sakona.

Nabarmentzen hasita, Pizkunde garaiko zenbait jauregi nabarmendu beharko lirateke (Mimeza, Ortes Belasco) eta barrokoren bat (Diaz Pimienta). Horiez gain, beste hainbat eraikin ere oso interesgarriak dira: Jasokundeko Andra Mari eliza gotiko gotortua, San Joan eliza, Jesulagunen ikastetxea, udaletxea (harresiaren kuboetako baten gainean eraikia dago) eta Aduana (Bizkaian dauden eraikin neoklasikorik adierazgarrienetakoa da).