Hondarribia
FITXA
Nombre: Hondarribia
Localidad: Hondarribia
Comarca: Oiartzualdea
Provincia: Gipuzkoa
Tipología General: Erdi Aroko gune historikoa
hiribildua.Época: Erdi Aroa
Gipuzkoan Forua eskuratu zuten hiribilduen artean, Hondarribia izan zen bigarrena. Historian gertakari handi eta garrantzitsuak izan dira Hondarribian. Leku estrategikoan dago, eta, defentsarako sistema onak sortu eta garatu izan dituen neurrian, garrantzi handiko gotorlekua izan da. Horrek guztiak berezi egiten du Hondarribia.
Bidasoa ibaia kontrolatzeko eraiki zuten, itxuraz, Hondarribia, 1200. urtetik aurrera hantxe egon baitzen muga Nafarroako eta Gaztelako erresumen artean. Eta muga ongi gotortu nahian, garrantzi handiko gune militar bihurtu zuten Hondarribia. Hori dela eta, harresiak erabat baldintzatu du Hondarribiaren hiri bilakaera, bai Erdi Aroan eta bai Aro Modernoan.
Bidasoa ibaiak eta itsasoak babesten zuten Hondarribia (itsasoa harresiraino iristen zen garai hartan). Hondarribia inguratzen zuten harresiei arreta handia jarri zieten erresumako buruek, eta Errege-Erregina Katolikoek agindua eman zuten egoki konpon zezatela; Carlos V.ak, berriz, handitzeko eta hobetzeko agindua eman zuen. Portua harresiz kanpo zegoen.
Suteek kalte handia egin izan diote Hondarribiari; 1461ean bat izan zen, adibidez, eta 1498an beste bat (bederatzi etxe soilik atera ziren onik). Inguratu eta eraso ere askotan egin diote: 1521ean, 1638an, 1719an (etxe asko desegin zituzten, eta etxe multzo osoak ere bai) eta 1794an. Azken hori Konbentzioko Gerran gertatu zen, eta Frantziako armadak hiria desegin eta lapurreta handiak egin zituen, eta harresiak desegin. Orduz gero, gotorleku izateari utzi zion Hondarribiak.
Gune historikoak kanpamentu militarren egitura du: bost kale zuzen eta paralelo ditu, eta horiek guztiak mozten dituen beste bat. Oina angeluzuzena du, eta harrizko kaleak. Muino batean eraikia dago, eta gailur-gailurrean, Arma Plaza eta Carlos V.aren gaztelua daude.
Eraikinak estuak dira aurrealdetik, eta luzeak barrualdera, Erdi Aroan ohi zen bezala. Argi ikusten da hori Arrospide, Eguzki, Ubilla, Pampinot eta Juan Laborda kaleetan. Gehienek hiru solairu dituzte, eta harlanduz egina dute beheko solairua. Hortik gora, egurrezkoa dute egitura, eta manposteriaz beteak dituzte tarteak. Eraikin horien alderdirik adierazgarriena teilatu hegalak dira; mailakatuak dituzte, goiko solairuetan leku gehiago izateko.
Gainerakoan, harresi modernoen barruko aldea nahiko desitxuratua dago; orube asko hutsik daude, segur aski, 1719ko suntsiketaren ondorioz.
Aipagarriak dira, besteren artean, honako eraikin hauek: Carlos V.aren gaztelua (egun Espainiako estatuaren goi mailako hotela da), Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren parrokia, harresiak eta Santa Maria eta San Nikolas ateak, udaletxea, Zuloaga eta Casadevante etxeak...