Getxo
FITXA
Nombre: Getxo
Localidad: getxo
Comarca: Bilbo eskuinaldea
Provincia: Bizkaia
Tipología General: Casco histórico medieval
hiribildua.Época: Erdi Aroa
Getxoko hiribilduaren gune nagusia Andra Mari elizaren inguruan eraiki zuten, XII. mendean, eta biztanleen bizibidea, garai hartan, itsas jarduerei lotua egon zen. Usategiko itsaslabarren babesean eraiki zituzten lehen etxeak. Handik aurrerakoak eraikitzeko, gorantz jo behar izan zuten, eta, horregatik, kaleak oso pikoak dira (itsasoraino heltzen dira). Etxetxu izeneko etxea da inguru horretako eraikinik nabarmenena; San Nikolas ermita zaharra ere deigarria da oso, eta, oro har, Algortako arrantzale auzo osoa ere bai (Portu Zaharra deitzen diote).
Beste eremu zabal bat ere bazen inguru hartan, baina ezin izan zuten deus eraiki, baldintza txarrak zituelako. Landu gabeko lurrak ziren, herriarenak, eta egun Negurik, Fadurak, Areetak... hartzen duten eremua hartzen zuen
Hondartza handi eta zabalak zituen Getxok inguruan, eta, gainera, Bilbotik hur zegoen. Horri esker, turisten jomuga bihurtu zen, eta bilakaera ekonomiko handia izan zuen. Ondorioz, Bilboko burges asko eta asko joan ziren Getxora bizi izatera.
Desamortizazioak berebiziko eragina izan zuen Getxon; lur asko geratu ziren eraikitzaile pribatuen esku, eta haiek hainbat gunetan bizitegiak eraiki zituzten. XIX. mendearen erdi alderaino, laborarien eta arrantzaleen komunitatea zen Getxo, baina garai horretatik aurrera, erabat hiritartu zen, bizitegiz betetako gune bihurtu zen: kale zabalak, txaletak nonahi, lorategiz inguratutako jauregiak, hainbat estilotan eraikiak... Horrek guztiak izaera berezia ematen diote Getxoko udalerriari.
1930ean hasi ziren goi mailako etxeak eraikitzen. Santa Ana - Areetan inguruan, deigarria da zenbat txalet dauden, bakoitza bere lorategiarekin, eta Zugatzarte etorbidean, berriz, Valdes jauregiaren barrokismo neurrigabea nabarmentzen da. Alango izeneko inguruan, berriz, Basagoiti etorbidea gailentzen da, eta han, Etxe Arroxa izenekoa.
Negurin ere antzera gertatu zen (Santa Anan bezala, alegia). 1903rako eginak zeuden Getxoko hiru kale nagusiak (Leioako Etorbidea, Makaletako Etorbidea eta Portuko Ibiltokia), eta horiei jarraiki hasi ziren eraikitzen Santa Anako txalet lorategidunak, Zugatzartekoak, Negurikoak, Ereagakoak eta Atxekolandetakoak. Baita Areetako eta Algortako etxebizitza blokeak ere.
Hainbeste lekutan hainbeste eraikin egin ondoren, eraikuntza aldetik, denetarik bada Getxon. Europan agindu izan duten arkitektura eta estetika ildo asko eta asko ageri dira, eta heterogeneotasuna da nagusi. Batasun itxura bat ere ematen du, ordea, familia bakarreko etxebizitzen eredua erabili baitute udalerriko eremu askotan, bakoitzak bere lorategitxoa duela.
Getxoko hiribilduan honako eraikin hauek nabarmendu behar dira: Arriluzeko Portua eta Portu Zaharra edo Ereagako Kaia; Begoña lurmuturreko galeriak; Eguzkialdea, Lezama Leguizamon, Arriluze eta Olasoko markesaren jauregiak; Etxe Arroxa; Rosales eta Bake-eder egoitzak; Sir Ramon de la Sotaren etxea; San Ignazio eliza...