Eskoriatza
FITXA
Nombre: Eskoriatza
Localidad: Eskoriatza
Comarca: Debagoiena
Provincia: Gipuzkoa
Tipología General: Erdi Aroko gune historikoa
hiribildua.Época: Erdi Aroa
Aspalditik datorkio Eskoriatzari hiribildu titulua. Izena, itxuraz, toponimo latindar bat da, eta azpian duen zoruari zor dio: lur beltzezko geruza bat du, eskoria zatiekin, eta hortik sortu zen Eskoriatza izena.
Aldi batez, Oñatiko jaunaren esku egon zen, Leintz haran osoa bezala, baina 1630etik aurrera hiribildu bihurtu zen. Errege bideari jarraiki handitu zen, XVI. eta XVII. mendeetan (antzinagoko arrastorik ez dago). Garai hartan, egurrezko etxe gutxi batzuek osatzen zuten, eta Gaztelako errege bidearen inguruan sakabanatuak zeuden. Etxe nabarmenen bat edo beste ere bazen, Galartza / Ibarrundia oinetxea, adibidez. Eliza ez zegoen hirigunea osatzen zuen eraikin multzoaren barne (bakartuta zegoen, harkaitz handi baten gainean)
Eskoriatzatik pasatzen zen errege bideak asko indartu zuen Eskoriatzako jarduera ekonomikoa, eta, poliki-poliki, etxeak eraikitzen hasi ziren bidearen bazterretan. XVIII. mendean, Eskoriatzako biztanleek zenbait matxinadatan parte hartu zuten: aduanak kostaldera eraman zituztelako, merkataritza liberalizatu eta prezioak igo zituztelako...
XVIII. mendean, sute ikaragarria izan zen, eta hirigune historikoa berrosatu egin behar izan zuten. Eraikinek, oro har, ez dute balio handirik, baina multzoak berak itxura berezia du, nahiz eta eraikin berriek desitxuratu egiten duten gune historikoa. Bi kale ditu, Aranburuzabala eta Arana, eta hainbat kale perpendikularrek zeharkatzen dituzte. Herri arkitektura da nagusi kale horietan. Etxeek egurrezko egitura dute, eta manposteriaz eginak daude gehienak; batzuek harri landua ere ageri dute, beheko solairuetan eta izkinetan, batik bat. Zenbait etxek harri landuz egindako arkuak dituzte beheko solairuan, armarri eta guzti. Herri arkitektura horrek garrantzi gehiago du arkitektura landuak baino (urria baina oso maila onekoa da arkitektura landu hori).
Leintz Gatzagatik datorren bidea herrian sartzen den tokian, hantxe dago lehen eraikina, Otadui etxea edo Arrosario Santuko Ospitalea (XVII. mendeko monumentua da). Aranburuzabala kaleak beherantz egiten du, Deba ibaia zeharkatzen duen zubiraino. Etxeek beheko solairua eta beste bi solairu dituzte, eta estuak dira. Aranburuzabala eta Arana kaleak gurutzatzen diren eremua da lekurik baxu edo apalena, eta hantxe dago San Pedro eliza, XVIII. mendeko eraikin barrokoa. Haren aurrean, Gaztanadui (edo Ganuza) jauregia dago, XVII. mendekoa.
Arana kaleak goran egiten du poliki-poliki, zubitik udaletxeko plazaraino; eraikin gehienak hiru solairukoak dira (behekoa eta beste bi), XVII. eta XVIII. mendeetakoak, aurrealde estukoak. Jose Aranaren etxea nabarmentzen da: XVI. mendeko arkua eta zenbait elementu du. Curiako etxe barrokoak ere, XVIII. mendekoak, nabarmentzeko modukoak dira.
Arana kalearen bukaeran, Fernando Eskoriatza plaza dago, udaletxea buru duela (XIX. mendeko eraikin neoklasikoa da). Zaldibegoitia jauregia ere plaza horretan dago, eta oso deigarria da atzeko aldean duen arku saila.