Durango
FITXA
Nombre: Durango
Localidad: Durango
Comarca: Durangaldea
Provincia: Bizkaia
Tipología General: Erdi Aroko gune historikoa
hiribildua.Época: Erdi Aroa
Durangoko udalerria bi mendiren artean dago, biak ere ongi nabarmendu eta bereiziak: Mugarra eta Oiz. Bi horien artean, Ibaizabal ibaia igarotzen da, eta haran ederra sortu du ibaiaren ibiliak. Hantxe zegoen antzinako Durango, jendeen bizigune. Gerora, beste hainbat sortu dira haren inguruan. Hiribildua 1297an sortu zen, Ibaizabal eta Mañaria errekak elkartzen diren tokian, eta Villanueva de Tabira izena jarri zioten. Izen horrek erakusten du aurrez ere izan zitekeela han asentamendu egonkor samar bat. Bide askok egiten zuten bat hiribilduaren inguruan (Gaztelako goi-ordokitik zetozenak, Ibaizabaleko ibar hori eta Deba harana lotzen zituztenak...), eta merkataritza eta eskulangintza jarduerak ugaritu egin ziren hiribilduan.
Durangoko hiribilduak hiru kale zituen (Barrenkale, Artekale eta Goienkale), ia paraleloak, eta kale bakarrak mozten zituen (Zeharkale). Egitura hori oso ohikoa zen Erdi Aroan, baina Durangok badu berezitasun bat: kale horien mutur bakoitzean eliza bat eraiki zuten, Andra Maria eta Santa Ana (Bizkaiko hiribilduetan ez zen batere ohikoa, bai, ordea, Araba eta Nafarroakoetan). Andra Maria basilikaren ondoan, gainera, merkatu plaza handia egin zuten.
Hiribilduak harresi bat izango zuen inguruan, eta dorreak ere bai. Itxuraz, angelu bakoitzean dorre bat zegoen, eta Mañaria ibaiaren ertzean ere baziren (ibaia babes erreten modura erabiliko zuten). Harresi horren aztarnarik ez da inon ageri, eta zenbait historialarik esaten dute ez zela izan harresirik, egurrezko itxitura bat besterik ez zuela hiribilduak. Hiribildurako bost sarbideak ere, antzinako ateak, harresi hartan egongo ziren: Kurutziaga, Pietatea, San Joan, San Pedro eta Santa Ana (azken horrek bakarrik iraun du, baina oso aldatua dago egun).
Hazkunde demografikoaren eraginez, hiribilduaren ekialdean zabalgunea egin behar izan zuten, eta beste kale bat eraiki, Kaleberria. Eta handik hirigunera sartzeko, beste sarbide bat ireki zuten. Horrez gain, harresietatik kanpo eta Durangon biltzen ziren bideen inguruan, errebalak sortzen eta handitzen joan ziren XVI. mendetik aurrera.
Erdi Aroko hirigunea oso aldatua dago egun, eta zerikusi gutxi du orduko harekin, baina zenbait etxek badute oraindik ere orduko arrastoa: aurrealde estua dute, eta sakonera handia. Durangok hondamendi asko pairatu behar izan ditu historian, nola uholdeak, hala suteak, baina handietan handiena, 1936an jasan behar izan zuen: Francoren jarraitzaileek bonbardatu egin zuten Durango, eta guztiz suntsitu. Horrek aldaketa asko ekarri zizkion hiribilduari, eta aldian aldiko beharrei erantzun beharrak ez gutxiago. Ondorioz, urteen buruan aldatuz joan da Durangoren hiri-egitura, nahiz eta kaleen antolamendua Erdi Aroko haren jarraipena den ia erabat.
Monumentu itxurako eraikin eta elementu ugari ditu Durangok: Andra Maria eta Santa Ana elizak, Santa Ana arkua, Laritz dorrea, Arraibi jauregia, udaletxea, Barrenkaleko edo Andra Mariko garbitegiak, Mañaria ibaira doazen harmailadiak...