Dulantzi
FITXA
Nombre: Dulantzi
Localidad: Dulantzi
Comarca: Aguraingo Kuadrila
Provincia: Araba
Tipología General: Erdi Aroko gune historikoa
hiribildua.Época: Erdi Aroa
Deskripzioa eta oharrak:
Erdi Aroan Araban eraiki zituzten biziguneetatik, Dulantzikoa izan zen azkenetakoa. Itxura guztien arabera, defentsa eta antolamendu beharrek bultzatu zituzten agintariak hartara. Inguru hartan eraso asko izaten ziren, eta, horrez gain, jendea sakabanatuta bizi zen, eta gisa horretako guneetan biltzen zituzten.
Alfontso XI.ak sortu zuen, 1337ko urriaren 20an, inguru hartan zeuden hainbat herrixkak hala eskatuta. Behin hiribildua sortuta, jendeak Dulantzira jo zuen bizi izatera, eta herrixkak hustu egin ziren.
Hiribilduaren egitura oso erregularra da; izan ere, jendea hara bildu baino lehenago erabaki zuten hiribilduak zer egitura edukiko zuen. Bi kalek osatzen zuten Erdi Aroko hiribildua: Kale Nagusiak eta Gotorlekuko kaleak. Paraleloak dira, eta ekialdetik mendebalderantz doaz (hori ez da oso ohikoa Arabako hiribilduetan). San Blas kalea eta Ahuntzen Malda izenekoa perpendikularrak dira beste biekiko, eta moztu egiten dituzte.
Gune nagusiaren ertzetan, lerro bakarrean jarriak daude etxe multzoak, eta barrualdean, berriz, bi lerrotan. Harresiak, gotorlekuak eta elizak baldintzatu dute etxeak non eta nola eraiki.
Hiribilduaren gorengo aldean, Lazkanotarren gotorlekua zegoen, baina egun ez da arrastorik ageri. Harresiaren ondoan zegoen, defentsarako lagungarri, eta Araban aurki zitekeen gotorlekurik deigarrienetakoa zen. Halakoxeak zituen garaiera eta hedadura. XVIII. mendean artean zutik zegoen.
Harresia itxitura trinkoa zen, baina egun ez da aztarnarik ageri. Hegoaldean, gotorlekua eta eliza lotzen zituen, eta handik aurrera, San Blas kaleko etxeen atzeko aldea ixten zuen. Kale hartan zegoen hiribildura sartzeko ate nagusietako. Handik, Kale Nagusiko etxeen atzeko aldea ixten zuela, mendebaldeko atera iristen zen, eta gotorlekuaren bat egiten zuen gero.
Badirudi hiru sarbide zituela hiribilduak: Kale Nagusiaren bi muturretan -batek Gasteizerako bidera ematen zuen, eta Aguraingora besteak- eta Ahuntzen Malda izeneko kalearen irteeran.
San Blas eliz parrokiak ere berebiziko garrantzia du. Hiribilduaren lekurik garaienean dago, baina egungo eraikina ez da jatorrizko hura, geroztik hainbatetan egin
XVI. mendeko zenbait etxe ere badaude Dulantzin, sarbideetan puntu erdiko arkua dutela, dobela ederrekin. Gainerako etxeek, oro har, bi solairu dituzte, eta lastategia teilatu azpian. Lehen solairua harlanduz egina dute, eta gainekoak, egurrez eta adreiluz eginak.