Bergara

FITXA

Nombre: Bergara

Localidad: Bergara

Comarca: Debagoiena

Provincia: Gipuzkoa

Tipología General: Casco históriko medieval

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Bergara izenarekin ageri den lehen aipamena 1050. urtekoa da, baina hiribildua 1268an sortu zen. Ariznoa izeneko lekuan herri bat sortzeko agindua eman zen Alfontso X.a Jakintsuak, eta halaxe sortu zen Bergara.

Bergarako hirigunea Deba ibaiaren ibilbideari egokitzen zaio. Pendiz txikia dagoen inguruan eraiki zituzten gune nagusia eta Bidekurutzeta errebala, uholdeetatik hobeto babesteko. Masterreka eta Zubieta errebalak, berriz, ibaiaren eta hirigunearen artean daude, eta urarekin arazo gehiago izaten dituzte; 1593ko uholdeetan, adibidez, kalte handiak jasan zituzten. Suarekin ere hainbat buruhauste izan zituzten, etxeak egurrez eginak baitzeuden. Arazo horri aurre egiteko, suaren aurkako arautegiak egin zituzten, eta etxeak nola berreraiki ere arautu zuten.

Hirigunea, nagusiki, hiru kalek osatzen dute, Goenkalek, Artekalek eta Barrenkalek, eta, oro har, egoera onean dago, nahiz eta zenbait erakusleihok erabat desitxuratu dituzten eraikinak. Aldaketarik handienak XVI. eta XIX. mendeetan egin zituzten; San Martin plaza egiten hasi ziren, eta jatorrizko merkatua desagertu egin zen poliki-poliki. Garai horretan eraiki zituzten Acedo-Loiola jauregia eta Arruriaga kalea (Masterreka errebaleraino luzatu zuten Barrenkale kalea).

Bidekurutzetako errebala ia hirigunea bezain zaharra da, baina San Martin plazaren ondoan dagoen zatian, eraikinek guztiz galdu dute Erdi Aroko egitura (XIX. mendekoak dira nagusiki). Bidekurutzetako errebalak plaza ere izan zuen, eta ospe handiko merkatua egiten zen 1700. urte arte. Jende asko biltzen zen, eta kontratu eta salerosketa asko egiten ziren. Bide azpiegitura ona behar zuen horretarako Bergarak, eta jendeari aterpe emateko lekuak ere bai.

Masterrekako errebalean oihal fabrika bat eraiki zuten -Egino-Mallea jauregia ere hartu zuen- eta pabiloi moduko bat (420 metro zen luze); ondorioz, han zeuden eraikin asko eta asko desagertu egin ziren. XIX. mendean, Magdalena ospitalea desagertu zen, eta halaxe lotu zuten Artekale kalea Ariznoa plazarekin eta San Pedrorekin.

Gotorleku eta dorre asko ditu Bergarak. Funtzio militarra eduki zuten, baina ez zen horretara mugatzen horien zeregina: hiribilduak zeukan ahalaren erakusgarri ere baziren. Dorre horiek bide bazterretan eraikitzen zituzten, errebaletan, zubi inguruetan eta bestelako pasabidetan. Hor daude Moiua dorrea, Gabiria eta Ozaeta, eta Egino-Mallea jauregia, besteak beste. Baina badira beste eraikin interesgarri asko, eta merezi du horiek aipatzea, garrantzia baitaukate historia eta arkitektura ikuspegitik: udaletxea, Errege Seminarioa, Olaso dorrea, Ondartza, Jauregi, Zabala-Ondartza eta Aroztegi etxeak, San Pedro Ariznoakoaren eliza...