Areatza

FITXA

Nombre: Areatza

Localidad: Areatza

Comarca: Arratia

Provincia: Bizkaia

Tipología General: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

1338an sortu zen Areatza (Juan Nuñez de Larak sortu zuen), eta Villa de Haro izena jarri zioten, sortzailearen emaztea ohoratzeko (Maria de Haro). Arratiako haranean sortu zuten hiribildu bakarra izan zen, eta helburu jakina zuen: Gaztelako goi-ordokitik kostarako merkataritza joan-etorriak sustatzea, Barazartik barrena, baina hiribilduak ez zuen bilakaera handi-handirik izan.

Uparan eta Arratia ibaien artean eraiki zuten Areatza. Ibai bat iparraldean zuen eta bestea hegoaldean, eta babes erreten bezala erabili zituzten. Zubi bat ere eraiki zuten, Zubizaharra, eta Gaztelako goi-ordokitik zetozen itzain eta gurdiek -artilez kargatuta- handik zeharkatzen zuten Arratia ibaia. Errege bideak hirigunea zeharkatzen zuen, Bekokaletik barrena.

Hiribilduaren egitura bi kale paralelok osatzen dute, Bekokalea eta Goikokalea izenekoek, eta Zubizaharra eta Ilargi zeharkaleek mozten dituzte. Etxe multzoak erregularrak dira, eta hiriguneko etxeen egituretan egun ere ageri dira Erdi Aroko antolamenduaren arrastoak: aurrealde estua dute, eta hondo sakona (batik bat, Goikokalean ikusten da hori). Etxerik gehienen egitura berdintsua da: beheko solairua, solairu nagusia eta teilatu azpia. Askok bi sarbide dituzte, eta balkoia erdian. Hegalak, berriz, irten samarrak dira

XVI. mendearen hasieran, hirigunea handitzen hasi zen, eta harresiaren hegoaldeko atea baino harago joan behar izan zuten, Gasteizera zihoan bideari jarraiki. Elkarri atxikitako etxe multzoa eraiki zuten han, bi ilaratan jarria, eta errebal bat sortu zen (egun Errukiñe kalea den hori). Hiribildua handitu egin behar izan zuten, beraz, baina ez zen izan hazkunde handia, hiribilduak ez baitzeukan aski baliabiderik horretarako. Ehun bat sendi bizi izango ziren garai hartan Areatzan, eskulangileak eta merkatari txikiak gehienak. Hagak egitea zen lanbide nagusia, gero lantzak egin ahal izateko, edo, bestela, ferrak egitea, harana zeharkatzen zuten zaldizkoentzat. Bost biztanletatik batek, ordea, bere burua "txirotzat" jotzen zuen.

Hiribilduko eraikinik adierazgarrienak honako hauek dira: San Bartolome eliz parrokia (ataria eta dorrea Pizkunde garaikoa ditu), Gortazar jauregia edo Riscal (XVI-XVII. mendeetako da, eta XVIII. mendeko margoz apaindua dago), udaletxea (neoklasikoa da, eta antzina eskola izan zen, eta kuartela gero); Errukiñe kaleko etxe bereziak, Gudarien Plazako iturri neoklasikoa...