Itzuli orri osora
Orreaga, igarobide bat baino askoz gehiago
vie, 30 oct 2009 13:26:00 +0100

Historikoki, Orreaga beti izan da igarobide bat, erromes gehienek Espainiako Estatuan Done Jakue Bidea hasteko erabiltzen duten tokia. Baina Orreaga igarobide bat baino zerbait gehiago da; historia eta kondaira biltzen dituen leku bat da, historikoki ibiltarien eta erromesen babes, elezaharren sorleku eta kulturen bilgune.

Orreaga Nafarroako Foru Erkidegoan dago kokatuta, Zangozako merindadean, Iruñetik 47 kilometrotara. Iparraldean Ibañeta mendixkarekin eta Luzaide herriarekin egiten du muga, eta hegoaldean Auritzekin, eskualdeko lehen herria izan zenarekin. Halaber, ekialdean Orbaitzeta udalerriarekin egiten du muga.

Orreagak hainbat monumentu ditu; horien artean azpimarragarriena XIII. mendearen hasierako Andra Mariaren Kolegiata da, herriko eraikinik adierazgarriena. Gotikoko Nafarroako adibiderik onena da eta Ama Birjinaren XIV. mendeko irudi eder bat babesten du bere barnean. Antzina erromesen ospitale bat zen eta Antso VII. Azkarraren hilobia bertan dago. Erdi Aroko arkitekturaren adibide bikain hau Done Jakue bidea egiten duten erromesen toki ezagunenetakoa da egun.

Kolegiataren klaustroa XVII. mendekoa da, izan ere, hasierako klaustro gotikoa 1600. urtean elurte handi baten ondorioz erori baitzen. Handik, Antso VII. Azkarraren hilobia hartzen duen San Agustinen Kaperara helduko gara. Hilobiaren burualdean mazoak eta kateak daude. Elezaharrak dioneez, erregeak Miramamolin ezizenez ezagutzen zuten Muhammad An-Nasir kalifari kendu omen zizkion Navas de Tolosako batailan (1212). Gainera, gaur egun kateek Nafarroako armarriaren zati dira.

Klaustrotik heldu gaitezke, baita ere, XIX. mendeko Priore etxera. Eliza baino modernoagoa den eraikin honen alboan aurkituko ditugu Orreagako Liburutegia eta Museoa. Liburutegian gai guztiei buruzko 15.000 liburuki baino gehiago daude, nahiz eta teologia, filosofia eta elizaren historia alorrei dagozkienak nabarmentzen diren. Museo txikia Liburutegiaren eraikinaren beheko solairuan dago eta kolegiataren adierazgarriak diren hainbat arte objektu ugari biltzen ditu. Objektu horien artean, eskulturako eta pinturako nahiz urregintzako objektuak daude. Era berean, altzariak, tapizak, monetak eta bibliografiarako interes handia duten liburuak ere badaude.

Ospitalea ere Elizaren alboan dago, eta XIX. mendearen hasierakoa da. Antzina beste ospitale batzuk ere bazeuden han bertan kokatuta, baina egun ez dago horien hondakin askorik. Gaur gazteen aterpe bezala erabiltzen dute eraikuntza.

Benefiziodunen etxebizitzak ere Elizaren alboan daude. Benefiziodunak elizako hierarkian kalonjeen azpitik zeuden apaizak ziren. Beren etxebizitzak XVIII. mendearen bigarren erdian eraiki zituzten eta egun, eraikina zaharberritzen ari dira. Elizaren aurrealdea eta Benefiziodunen etxea Erromesen atea izenez ezagutzen den 1726. urteko tunel txiki batek biltzen ditu.

Liburutegiaren aurrean Errota zaharrarekin eta Sabina Etxearekin egingo dugu topo. Errota zaharra guztiz zaharberritu zuten eta egun informazio eta turismo bulego bezala erabiltzen dute. Sabina Etxea ostatua da eta jatetxea ere badu.

Orreagako Batailaren Monumentua 1978an jarri zuten zabalgune nagusian Orreagako bataila (778. urtea) omentzeko haren hamabigarren mendeurrenean. Itzandegia erromesen ostatua da eta Done Jakueren eta Izpiritu Santuaren kaperen parean dago. Done Jakueren Kapera XIII. mendeko kapera txiki bat da eta XVIII. mendera arte parrokia bezala erabili zuten. Izpiritu Santuaren Kapera Karlomagnoren silo bezala ere ezaguna da eta, eraberrituta dagoen arren, Orreagako eraikin antzinakoena omen da, XII. mendekoa dela uste baitute. Horren alboan dago kokatuta Ostatua.

Orreagaren hegoaldeko irteeran, Auritzerako eta Konpostelarako bidean 1880an jarritako Erromesen Gurutzea edo Gurutze Zaharrarekin egingo dugu topo.

Herriaren beste muturrean, iparraldean, San Salbatoreren Ermita aurkituko dugu Ibañeta mendatearen gainean. Hasieran beste eraikin bat zegoen arren, egungo kapera 1965ean inauguratu zuten eta erromesei beheranzko bidea noiz hasten den adierazten dio. Ermitatik oso hurbil Errolanen Monumentua dago, Orreagako bataila omentzen duen beste monumentu bat. Gertaerak zein toki zehatzetan izan ziren ez dakiten arren, zantzu guztiek adierazten dutenaren arabera Karlomagno enperadoreak Ibañetako puntan aurkitu zuen Errolan hilik.

(Argazkiak: roncesvalles.es)