Itzuli orri osora

Salbatore Mitxelena (1919-1965)

Salbatore Mitxelenaren nortasuna Aita Villasanteren ikuspegitik

Luis Villasante eta Salbatore Mitxelena adin beretsukoak ziren, elkarrekin ikasi eta bizi izandakoak. Honela aurkezten zigun Villasantek Salbatore:

"Ez da erraza hitz gutxitan deskribatzea nolakoa zen izakeraz Aita Salbatore. Gizon artega zen, urduria, konformagaitza, bihurria, gartsua, sentikorra, asko sufritzen zuen eta aldi berean asko sufriarazten zien ingurukoei. Alabaina ez zen gizon tristea, alderdi hauek halako gizatasun eta lagunartekotasun batez orekatuak baitzituen.

Karreran zehar hainbat tirabira izan zituen hezitzaileekin. Ez zen ikasle on horietakoa izan, ez zituen jakintzagaiak ikasten eta ez zen metodotara errenditzen, baina horrek ez du esan nahi ideologia-arazoek kezkatzen ez zutenik.

Kezka horrek debekatuak zituen irakurketak egitera eramaten zuen –Unamuno, Ortega, etab–, eta horrekin bere arazoak, konpondu ordez, gehiago larritu baizik ez ziren egiten. Baina beti izan zen zinez erlijiosoa eta sinestuna.

Donostian bizi izan zen denboan, letretan edo gizartean nor zirenetako askok adiskide zuten eta estimatzen zuten: Artetxek, Lekuonak, Labaienek, Barriolak, Nemsio Etxanizek, etab.ek

Euskara pairatzen ari zen itomena, fedearen inguruko galderak, lege zorrotzez araututako komentuko bizimodua, dena bihurtzen zitzaion arazo.

Horregatik guztiagatik nagusiei Ameriketara alda zezatela eskatu zien eta onartu egin zioten eskea.

Izango zuen seguru asko zerikusirik, eske hori egiteko, Gotzain jaunaren aurrean egin zioten salaketa, berak Eibarren misioetan egin zuen hitzaldi bat zela eta. Badirudi salaketa horretan biraoari buruzko sermoi batean esan zituen hitz batzuk desitxuratzen zirela. Elizak Arantzazuko basilika berriaren inguruan egin zituen eskuhartzeek ere nahigabe handia sortu zioten.