Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: Charles Darwin

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Alberto Gabikagojeaskoa Mentxaka

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-10-21

Nahiz eta isolamendua garrantzi handiko kontua izan espezie berrien sorketan, oro har ni aiher naiz uste izatera herrialdearen handitasuna are inportanteagoa dela, batez ere luzaro irauteko eta zabal hedatzeko gai gertatuko diren espezieak sor daitezen. Herrialde handi eta zabal batean, bertan bizi ahal diren espezie bereko banako ugari dagoelako, aldeko aldakuntzak sortzeko aukera gehiago ez ezik, bizi-baldintzak ere askoz konplexuagoak dira, han jada bizi diren espezieak asko direlako; eta espezie hauetako batzuk eraldatu eta hobetzen badira, besteek ere aurreratu egin beharko dute gradu proportzionalean, edo bestela suntsituak izanen dira. Honez gain, forma berri bakoitza asko hobetu bezain laster, eskualde zabal eta jarraikian zehar hedatu ahal izanen da, eta era honetan beste forma askorekin lehian hasi beharko du. Are, herrialde handiak, orain jarraikiak diren arren, kasu askotan, lehenagoko sestra-gorabeherengatik, hautsirik egon izan dira: eta halatan, isolamenduaren ondoren onak ere, hein batean, izan dituzte. Azkenez, honako ondorio hau ateratzen dut, hots, herrialde txiki isolatuak zenbait ikuspegitan espezie berriak sortzeko leku oso egokiak izan diren arren, hala ere, eraldaketaren abioa azkarragoa izan bide dela eskuarki herrialde handietan, eta, inportanteagoa dena, herrialde handietan sorturiko forma berriak, lehiakide askoren gainetik jada garaile irtenikoak, zabalen hedatuko direnak eta aldaki eta espezie berri gehien sortuko dutenak direla. Era honetan eginkizun handiagoa beteko dute mundu organikoaren historiaren aldaketan.