Itzuli orri osora

Babiloniako harresia

Babilonia hiriak bi harresi zituen. Lehen horma adreiluzkoa zen, eta 8 metro zabal eta 18 km luze zen. Horren aurrean, hobi sakon bat zegoen eta, atzean, 12 metrora, bigarren defentsa-horma, zazpi metro zabal.

Hirira zenbait atetatik sar zitekeen. Handiena ate bikoitza zen, amodioaren Ishtar jainkosari eskainia. Ate hark zezenen eta dragoien irudien lauzekin apaindutako hormak zituen. Erregeren jauregian zeuden Lorategi Eseki ospetsuak, antzinateko zazpi mirarietako bat. Erdialdean zegoen zigurata -tenplu mailakatua, piramide baten antzekoa- Marduk jaun handiaren -jainko goiena- ohoretan eraikia. Dorre hori, zazpi solairukoa eta 91,5 metro garai, Biblian agertzen den Babelgo Dorre ospetsua dela uste da. Horrez gain, dikeak berreraiki ziren, zelaiak uholdeetatik babesteko.