Itzuli orri osora

Gatzaren matxinada Bizkaian

XVII. mende gatazkatsuak euskal lurraldeetan ere utzi zuen bere arrastoa. Bertan herri-matxinada bat izan zen arrazoi ekonomikoengatik, foruak tartean zirela.

1631. urtean, Olivares konde-dukeak gatzaren gaineko zerga bat onartu zuen, Gaztelako Koroa osoan ezarri beharrekoa. Neurri hori Bizkaiko foruaren aurka zihoan, probintzia horrek Gaztelakoak ez bezalako pribilegioak baitzituen. Hala eta guztiz ere, jaurerria zuzentzen zuten handikiek onartu egin zuten. Herritar xumeek, ordea, iraintzat jo zuten, sekulako kalte ekonomikoa egiten baitzien horrek. 1632.an matxinada piztu zen Bilbon.

Herritarrek haserre bizian egin zieten aurre bizkaitar handikiei. Traidoretzat hartzen zituzten, Bizkaiko legeen kontra ezarritako zerga bat onartu zutelako. Hala ere, iskanbilak aurki amaitu ziren, Bilbo berriz baketu eta gatzaren gaineko zerga hura kendu egin zuten Bizkaian.