Itzuli orri osora

Zilegieta

FITXA

Udalerria: Ibargoiti

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Gazteluak, nekazari etxeek (hiruzpalau) eta elizak osatzen dute Zilegietako herrixka. Muino baten gainean dago gaztelua. XII. mendeko elizatxo bat ere bada herriko etxeen artean. Gazteluaren jabeek beste etxe bat dute herritik kanpora.

Zilegieta etxadien artean sailkatu zuten 1991ko erroldan. Etxadian bertan ez zen inor bizi urte horretan. Etxebizitza bat eta biztanle bat besterik ez zen 1960an. Baina, 6 etxebizitza eta 51 biztanletaraino ere bizi izan ziren XIX. mendean, orduko errolda batean agertzen denez.

10¿7 kilometro koadro dituen jabetza pribatu batean dago gaztelua, eta aldian aldiko jaunaren egoitza eta administrazio etxe izatea zen gazteluaren egiteko nagusia.

Zilegieta

Gaztelua, muinoan, eta herria, goitik begiraturik (hego-mendebaldetik). (2001)

Historia

Erdi Aroan eraiki zuten, eta Garzia Almorabit da paperetan agertzen den lehenengo jabea. Betidanik gaztelu pribatua izan denez, errege agirietan dela edo Nafarroako Agiritegi Orokorrean dela, dokumentu gutxi aurki dezakegu berari buruz, familiaren agiritegira joan ezean, eta gazteluzainik eta haien soldatarik, berriz, bat ere ez.

Erdi Aroan ere etxe salerosketak eta jabe aldaketak agirietan adierazita utzi behar izaten zirenez, garaian garaiko jabeen izenak behintzat eskura ditzakegu.

Zerga kontuan betidanik izan zituen pribilegioak. Ez zuten jabeek gazteluagatik zergarik pagatu izan, eta zituzten pribilegioak frogatzeko eta zergak ez pagatzeko nola moldatzen ziren aztertzea da, hain zuzen ere, gaztelu horien edo izan zituzten jabeen historia jakiteko modu bat.

XIII. mendekoa da Zilegieta jaurgoari buruzko lehenengo aipamena, eta dirudienez Garzia Almorabit izan zen gazteluaren lehenengo jabea. 1276ko gerraren ondoren Gaztelara erbesteratu zuten, eta Nafarroan zituen ondasunak kendu zizkioten 1277an. Gogoz mende hartara aldatu nahi duenarentzat badu Arturo Kanpionek (1854-1937) eleberri historiko bat 1889an idatzia. Don Garzia Almorabid. Cronica del siglo XIII du titulua.

1415ean, Orreagako Garzia Lopiz Karlos III.aren (1387-1425) diruzainak Migel Laceilla Iruñeko San Zernin auzoko merkatari aberatsari saldu zizkion gaztelua eta inguruko lurrak. XV. mendearen erdialdetik XVI. mendearen erdialdera arte Lapurdiko Ezpeleta leinukoena izan zen gaztelua. Hurrenez hurren, Joan, Kristian, Gaspar eta Anton Ezpeleta izan ziren Zilegietako jaun, leinuz Agramondar. Yanguas historialari nafarrari esker dugu belaunaldi horien berri.

Ezpeletako, Zilegietako eta Arreko jaun ez ezik Zangozako ibar-jaun ere bazen Joan Ezpeleta. XV. mendeko gerra zibilez baliaturik, gazteluak eta jaurgoak, denak kendu zizkion Vianako printzeak, baina Joan II.ak (1425-1479), konpentsazio modura-edo, bizi ziren arteko dohaintza egin zien Constanza Gebara bere emazteari eta biei: 60 florin, urteko.

Kristian Ezpelela Joanen semea izan zen Zilegietako hurrengo jauna, eta aita bezala, Zangozako ibar-jaun ere izan zen, era berean. Errege-erreginek dohaintza pilatxoa egin zioten 1488an, Esmena Pardella edo Pardelana alargunarekin ezkondu zenean, eta Fernando Katolikoak bere maestro hostal izendatu zuen 1512ko irailaren 30ean, Nafarroa konkistatu zuen urtean.

Bando kontuan aitaren kontrako bidea hartu zuen Gaspar Ezpeletak. Nafarroako erregearen alde jarri zen hau. Karlos V.a enperadoreak zigortu egin zuen 1523an, baina urtebete baizik ez zuen iraun zigorrak, barkatu egin baitzion 1524an. Zilegietako jaun eta Zangozako ibar-jaun zen hau ere, eta Galipentzuko zergen onuradun, era berean. Ana Brechard Chamaunet-ko baroiaren alaba ezkondu zen, Graciana Agerrerekin gero, alargun geratu zenean.

Kargu eta jabetza bertsuak izan zituen Anton Ezpeletak ere.

Ez da agirietan, Nafarroak bere burujabetasuna galdu zuenean, gazteluari goiko aldea kendu ziotenik agertzen, baina, 1512tik 1522ra bitartean beste askori bezala, Zilegietakoari ere hala egin izango zioten seguru asko. Nafarroako gorteak behintzat lehenean geratu ziren, izan ere, ez zuten ezer askotarako balio. Zilegietako jaunak bazuen, jaunen edo gerrarien ordezkari zen aldetik, hara joateko eskubidea.

1689an, Karlos II.a Espainiako erregeak conde de Villarreal titulua sortu zuen, eta Jose Antonio Camargo Pasquier orduko Zilegieta etxeko jabeari eman zion.

Gorago esan bezala, pribilegioen edo horiek lortzeko ahaleginen arrastoari jarraituz ere datu pilatxoa aurki daitezke, Zilegietako kasuan gazteluagatik zergarik ez pagatzeko ahaleginetan ibili zirenen izenak, gutxienez, eta zein urtetan ibili ziren:

- Jeronima Rada, 1642an; senarra, Joan Angulo Ezpeletako motza, ordurako hila zuenez, Fernando bere semearen ordez ibili zen, artean umea baitzen semea.

- 1740an, Errege Aholkularitzak onartu egin zion orduko kondeak eskatua zuen pribilegioa.

XVIII. mendearen bukaeran conde de Fuerteventura-renak ziren Zilegietako gaztelua eta hari zegozkion lurrak eta ondasunak.

Gazteluak XIII. mendean zuen itxura du gutxi gorabehera, goiko aldean izan ezik. Erdi Aroa bukatzean, gazteluak jauregi bihurtu izan zituzten jabeek. Leiho handiagoak eta barrua ere erosoago bizitzeko egokitua dute jauregi bihurtu zituzten gazteluek. Ez hala Zilegietakok, ukitu batzuk gorabehera, kanpoko itxura behintzat baitu honek.

1960an zaharberritu zuten azkenekoz, eta jabeek pagatu behar izan zituzten gastuak. Barrua bizigarriago bihurtzen eta kanpoko aldeari lehengo itxura ematen aritu ziren, besteak beste.

Zilegieta

Hegoaldeko behealdea. Egituraren hainbat ezaugarri nabari dira: sarrera, izkinako dorre bat, modiloiak¿

Egitura eta aztarnak

Muino koskor batean gainean da gaztelua, Zilegieta etxaditik bertan. Gaztelu sendoa da. Ez du eta ez zuen izan harresirik eta lubanarrorik. Neurri berekoak ditu lau aldeak, eta lau kantoietan dorre itxurako garita bana, oinean, gezi-leiho eta guzti. Estalki konikoa dute, harrizkoa.

Ekialdeko horman lurretik metro eta erdira du sarrera. Handi eta txiki, bosna edo seina leihotaraino baditu alde bakoitzean. Goiko erdiko leihoak berriak dira. Interesgarriagoak dira behekoak, egurrezko eremu gotortu batera edo ondoko beste eraikinen batera irteteko-edo.

Baimen berezirik gabe ez dago gaztelura bisitatzerik eta aita Recondok eginiko deskripzio bat da idatzirik dagoen erreferentziarik zehatzena: ¿Barruan, lehen mailaren parean, lau kuboetara heltzeko irispide egokiak daude. Horietako batera lurreko tranpala altxatuta jaisten da, eta ziega baten itxura guztia du. Egongela handiaren eta sukaldearen erdian, tximinia handi bat dago.¿ Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegiak dioenez, ziega bat ere bada edo bazen azpian: ¿...eta behean ziega, burdinazko atearekin.¿

Jaurgoek zuten eskubideetariko bat zen beheko eta erdiko justizia egitea, eta gero zigorra betearazteko izaten zituzten ziegak.

1960an solairu bat erantsi zioten, dirudienez, eta goialde osoa eraberritu zioten bide batez: karela, matakanak edo eraso-zuloak eta almenak erantsi zizkioten gorenean, eta lau isuriko teilatua kendu eta teilatu berria jarri zioten. 4/5 bat metro garaiago da gaur egun. Aita Jose Maria Recondok dioenez, Erdi Aroan ere bazituen matakanak edo eraso-zuloak, eta azpialdeko arkua egiteko lurrera erorita zeudenak erabili omen zituzten eredu berritzerakoan. Hori horrela bada, karela eta eraso-zuloak harrizkoak eta hain landuak zirenez, gazteluaren goialdea XV. mendearen bukaerakoa edo XVI. mendearen hasierakoa zela esan daiteke.

Dena den, izkinetako lau dorretxoen ondoan, gazteluaren lau aldeetan, mentsulak daude, bere garaian egurrezko egituraren bati, eremu gotortu bat agian, eusteko-edo eginak. Hormetan ere badira lehen arkuren bat izanda geraturiko harri mutur batzuk. Kanpoko aldean beste egituraren bat bazela adierazten digute horiek.

Berez dorretxea litzateke Zilegietako hau, baina inguruan diren dorretxeen ereduan sartzen ez denez (Iharnotz, Ahiantz, Liberri, Mendinueta, Erdozain¿), gaztelu txikien artean sailkatu beharko litzateke.

Zilegieta

Gazteluaren ikuspegi orokorra, goitik (hego-ekialdetik). (2001)

Iristeko

N-240 Noaindik Zangozarako errepidea hartu behar da, eta Izkorako bidegurutzera iristean, ezkerretara doan pista. Handik aurrera ez dago galtzerik.

Itzagaondotik ere bada beste bide bat, Indurain herritik Gergitiainen barrena.

Zilegieta

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk