Itzuli orri osora

Xabierko gaztelua

FITXA

Udalerria: Xabier

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Haitz baten gainean eraikia dago, Undues errekaren eta Aragoi ibaiaren artean.

Hasierako eraikina dorre bat zen. Lehen aldi horretan, X-XI. mendeetan, nagusiki behatoki lanak egiteko erabiliko zuten, ez hainbeste inguruko lurraldea defendatzeko. Dorre horretatik ez zen berehalakoan gaztelurik sortu. Xabierkoaren inguruan beste dorre batzuk zeudela esaten da, agian guztiak garai bertsukoak. Dorre horiek, ziurrenik, inguruan zulo edo erretenak eta oholesiak izango zituzten, amildegiak edo maldak ez zeuden tokietan. Baina horiek baliagarriagoak izango ziren korta gisa erabiltzeko, defentsa egiteko baino.

XII-XVI. mendeen artean, muga zaintzea izango zuen egiteko nagusia, XIII. mendetik aurrera handik gertu baitzegoen Aragoiren eta Nafarroaren arteko muga. Pirinioetatik Ebro ibairaino hainbat gaztelu eta herri gotortu zeuden, lerro bat osatuz bezala, eta Xabierkoa bat gehiago zen lerro moduko horretan. Aragoiko lurretan, jakina, beste gotorleku lerro bat egina zuten. Xabierko gaztelua, horrez gain, jaun baten egoitza zen.

Xabierko gaztelua

Gazteluaren eta hari itsatsitako santutegiaren ohiko ikuspegi orokorra, hegoaldetik begiraturik. (2000)

Historia

Gaztelua sortu baino lehen, dorre-talaia bat izan zen, haitz baten gainean eraikia; behealdeko harri handien egituraren arabera, X. mendean egin zuten, erasotzaileen etorrera jakinarazteko. Dena den, dorrea IX eta XI. mendeen artean eraiki zutela esaten dute ikerlariek. Abd ar-Rahman III.aren kronikariek ere ez dute askorik laguntzen 924ko erasoaldiaren berri ematen dutenean. Inguruan beste dorre batzuen aztarnak daude: Adangoa, Esako zubi zaharraren ondokoa... komunikazio lerro bat osatu izan balute bezala.

Baina gazteluaren hasiera Kastillar izeneko tontorrean dago, Onsella eta Aragoi haranen artean. Burdin Aroko herrixka baten gainean -erromatar aztarnak ere aurkitu dituzte-, Erdi Aroan gaztelu-herri bat zegoen, tenentzia baten egoitza. Gutxi dakigu herrixka horretaz, eta indusketa egin zutenean ere, 1945ean, erromatar garaien eta lehenagokoen berri jakiteko egin zuten, eta Erdi Aroari zegokiona oztopo edo kutsadura gisa hartu zuten. Herrixkako etxeen aztarnak ikus daitezke, eta inguruko harresi-ezponda eta erretenak ere bai. XII. mendean suntsitu egin zuten, eta beheko talaiaren inguruan hasiko ziren eraikitzen; berria izaki, etxebarria deitu omen zuten. Eta hortik, honako bilakaera hau izan omen du: exaberria, exabier eta xabier.

Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) 1223ko martxoan jaso zituen Xabier gaztelua eta herria, 9.000 soseko mailegu baten berme gisa, Aragoiko Fernando infantearengandik (anaien aurkako borrokan ari zen, erregetza lortzeko). Mailegua ezin izan zuen itzuli finkatutako epean (urtebete), eta gaztelua eta herria Nafarroako Erresuman geratuko ziren behin betikoz. Tarte horretan gazteluzain izan zenaren izena ezagutzen dugu: Zangozako Arnalt. Dena den, aragoiarren esku denbora gutxi zeramaten Xabierko herriak eta gazteluak, 1217an Ladron leinuaren esku baitzeuden (gerora Gebara deitura hartu zuten): ¿Xabier, nire gaztelua eta herria osorik¿ dio garai hartako agiri batek. Agiri horretan, Ladronek, Pedro Ladronen semeak, berme gisa utzi zizkion gaztelua eta herria Antso Azkarrari mailegu baten truke; Ladronek 2 urtean itzuli behar zion mailegua, bestela erregeak nahi zuena egin zezakeen ondasun horiekin. Mailegu hartzaileak, gainera, jasotako diruaren zati bat gaztelua gotortzeko erabili behar zuen.

Hurrengo erregeak, Teobaldo I.ak (1234-1253), Sadako Adan zaldunaren esku utzi zituen, bizi zen bitartean, gaztelua eta herria; 1237an izan zen hori. 1252an, errege berak dohaintza bera egin zien Sadako Adanen oinordekoari, Martin Aznarez Sadari, eta bere emazte Maria Perizi, baina betiko (agirietan, Essauierr izenez ageri dira herria eta gaztelua). Gaztelua, herria, abadetxea eta horiei atxikitako lurrak, biztanleak eta errentak aipatzen ditu agiriak. Hori guztia Ordoitz herriaren eta beren eskubideen truke; horrez gain, Xabierko jaunak erregearen menpeko izatea onartu behar zuen.

1237. urte horretatik aurrera, jabetza berezia izango du gazteluak, ez baita errege gaztelua izango, baina bertako jaunaren oinordeko guztiek leialtasunaren zina egin beharko diote erregeari, norberak bere izenean eta bere oinordeko guztien izenean ere bai. Dohaintza horietan guztietan, zaldunek gerretan erregeari laguntzeko konpromiso hartzen zuten. Ezagutzen ditugun hurrengo bi itunetan, 1281ekoan eta 1303koan, zera irakur daiteke: Xabierko jaunak 800 jasoko zituela urtean, gerrari talde bat edukitzeagatik edozein unetan erregearen zerbitzura jartzeko moduan. 1329an, Rodrigo Aznarez Sadak konpromiso bera hartu zuen, 40 liberaren truke. 1377an, izen bereko beste jaun batek Karlos II.a erregearekin egin zuen ituna, orduan ere bi gerrari talde mantentzeko, diru baten truke.

Gazteluaren jabeak leinu horretakoak izan ziren XV. mende arte; 1474an, bertako oinordekoa, Joana Aznarez Sada, Azpilkuetako Martin baztandarrarekin ezkondu zen. Azpilkuetako jauna zen. Horien alaba, Azpilkuetako Maria, Jasoko Joanekin ezkondu zen (Nafarroa Behereko jatorria zuen). Horiek izan ziren San Frantzisko Xabierkoaren gurasoak; San Frantzisko Xabierko gazteluan jaio zen, 1506ko apirilaren 7an.

Ohiko diru sarrerez gain, gaztelu honetako jaun feudalak castillaje izeneko zerga jasotzeko eskubidea zuen (Erronkariren eta Bardearen artean artaldeekin egiten zituzten joan-etorriengatik). 1508tik aurrera, almadiekin ibiltzen zirenei ere zerga hori kobratzen hasi ziren (ordainketa Aragoiko ibaian zuten errotako dikean egin behar izaten zuten). Hori guztia gaztelutik eskaintzen omen zen babes batengatik.

Beste diru sarrera bat gatzagetatik zetorkion gazteluari; egun toponimo gisa soilik iraun du izen horrek.

XV. mendeko gerra zibiletan, Vianako Printzearen alde jarri zen Xabierko jauna, eta 1455ean Peraltako Pedrok herriari eraso eta erre egin zuen. Joan III.a eta Katalina errege-erreginen aholkularia izan zen Jasoko Joan. Bere bi seme Gaztelako gortera bidali zituen, eta bera ere han ibili zen enbaxadore gisa, baina Nafarroa konkistatzeko saioa hasi zutenean, Nafarroako errege-erreginen alde jarri zen. Jasoko Joan 1515ean hil zen, eta Frantziskoren bi anaiari, Migel eta Joani, heriotza zigorra jarri zieten, baina indultatu egin zituzten. 1516an, erresuma berreskuratzeko ahaleginean, Xabierko jaunak, Migelek, parte hartu zuen, Zangozako biztanleekin batera, Zangozako gazteluko gazteluzain gaztelarra preso hartu zuten, eta Xabierko ziega batean sartu.

Zurita kronikari aragoarrak esaten du Xavierre, beste hainbat gaztelu bezala, suntsitu egin zutela 1512an, baina badirudi ez zela hala izan; izan ere, Cisneros kardinalak -Karlos enperadorea etorri arte Espainian aginte ardurak lanak egin zituen- 1516an eman zuen suntsitzeko agindua, bertan Nafarroako errege-erreginen aldekoak bildu izan zirelako (¿errege-erreginen zerbitzariak elkartzen ziren¿). Agindua, ordea, ez zuten guztiz bete; halaxe dio orduko erregeordeak, Antonio Manrique Naiarako dukeak: ¿Esan beharra dut, kardinalak etxea goitik behera suntsitzeko agindu zuen arren, kanpoaldeko zatia soilik bota zutela. Gainerako guztia bere hartan utzi zutela esan zidaten suntsitze lanetan aritu ziren haiek beraiek, jendea han bizi zedin.¿ Alegia, gazteluaren kanpoko aldea soilik suntsitu zuten, eta gainerako bizitoki modura baliatu zuten.

Xabierreko Migelek, San Frantziskoren anaia zaharrenak, eman zion jarraipen leinuari, eta honen alaba, Ana, Zolinako oinordekoarekin, Jeronimo Garrorekin, ezkondu zen; hala, Xabierko jaurerria eta Zolinako bizkonderria elkartu zituen. Ordutik aurrera, Xabierko jabeak gaztelutik aldentzen hasi ziren pixkanaka; bolada batzuk Xabierren egiten zituzten, eta beste batzuk Zolinako jauregian. 1625ean, Felipe IV.a erregeak Xabierko konde izendatuko du orduko jabea, Garroko eta Xabierko Joan. Iruñea eta Madril bitartean bizi izan zen Xabierko konde hori. Ezkontzaz ezkontza titulu meta handia egin zuen, Xabierko konde izendapena txiki geratzen zitzaion. Azkenean, Villahermosako dukeen eskuetara iritsi zen titulua (Euskal Herriko hainbat gazteluren jabe ziren). Xabier ez zuten ahaztu, gehienbat 1622tik aurrera, San Frantzisko kanonizatu zutenetik, hain zuzen; artean ospe handia ematen zuen leinuan saindu bat izateak.

1892ko apiriletik 1895era, Carmen Aragon Azlor Villahermosako XV. dukesak ordainduta, Angel Goikoetxea Lizarraga arkitektoak zaharberritu egin zuen eraikina. Geroago, 1896-1901 urteetan, santutegi neogotiko faltsua gehitu zioten mendebaldean, dukeentzako kriptarekin. Santutegi horretan lurperatu zuten dukesa, eta gaztelua, inguruan eraiki zuten ikastetxea eta bar jesuiten eskura igaro ziren 1889an.

1952tik aurrera gaztelua lehengoratzeko lanak egin zituzten, egoki, gainera, eta benetako ezaugarriak agerian utzi zituzten. Gaztelu inguruko erretena edo lubanarroa eta hegoaldeko bi harresiak berreskuratu zituzten azken lan horietan.

Gazteluaren eta eliz-abadetxearen artean zegoen herria, baina berrogeita hamarreko hamarkadan eginiko lanekin bota egin zuten, gaztelua ikusgarriago gerta zedin.

Xabierko gaztelua

Gaztelua eta inguruko eraikinak goitik begiraturik. (2002)

Egitura eta aztarnak

Erregeordeak idatzitakoaren zati batzuk argitaratu zituen Jose Maria Rekondo jesuitak, bere adierazpenekin, eta lagungarria da XVI. mendearen gazteluaren egitura jakiteko: ¿Kanpoaldean harresi bat zegoen. ¿Inguruko harresi guztia bota zuten, almenaz eta horma zuloz betea¿. Erretena bazuen.¿Lurrarekin berdindu eta erretena urez bete zuten¿. Bi ate arte bazituen. ¿Bi ate arte handi eraitsi zituzten¿. Bi dorre biribil ere desagertu ziren, zubi altxagarria eta ¿harresiaren barruan, lorategia suntsitu zuten (...) eta untxien bizitokia ere bai¿. Oinezkoen taldeak barrura jo zuen eta armatokitik igaro ondoren San Migel dorrera igo zen. ¿Lehen zenaren erdia¿ baino ez zuten utzi zutik.¿

Bestalde, XIX. mendeko konponketak egin baino lehenagoko hainbat dokumentu grafiko ditugu: grabatuak, akuarelak¿ gazteluaz eta baita herriaz ere.

Gaztelua talaia bat zen hasieran, gero dorre nagusi bihurtu zen, eta, hain zuzen, 1.000 urte dituen dorre horretan dago gotorlekuaren balio historiko-arkeologikorik handiena. X. mende inguruko dorre-talaia oso-osorik iritsi zaigu; Euskal Herrian Xabierkoarekin bakarrik gertatu da hori (San Migel izenez ere deitu izan zaio), eta horregatik, balio handia du.

Gazteluaren dorre nagusia talaia horren behealdearen inguruan eraiki zuten, baina barrualdean, hiru aldez gain, talaiaren sarrera zena oraindik ikusten da lehen solairuan. Laugarren aldea, iparraldekoa, patiotik ikusten da, oinarritik goraino. Talaia, estua eta garaiera handikoa, oraindik sumatzen da goialdea kanpotik, erlaitzez koroaturik eta karelik gabe. Oin angeluzuzenekoa da; alde motzak (E-M) 5¿40 metrokoak dira, eta luzeak (I-H) ezin dira neurtu, harresia baitute inguruan, baina 7 metro ingurukoak izango dira. Behealdean, murruak, hegoaldekoa behintzat, 1¿90 metro da lodi.

Erdi Aroan, gelak, bestelako eraikinak, erreten edo zuloak, kanpoko harresiak, dorreak gehitu zizkioten multzoari.

Orokorrean, oin poligonal eta irregularra dauka; barrutia ekialdetik mendebaldera luzatzen da, eta iparraldea biribildua du. Hegoaldea gehienbat bizileku gisa atondu zuten, eta iparraldea, patioaren beste aldeko eraikinak, aletegi, dolare, ardandegi, labe, zalditegi... gisa baliatuko zituzten. Erdian, baina hegoaldeko multzoan barneratuta, dorre nagusia eta bere barrutia daude. Bi muturretan, ekialdean eta mendebaldean, dorre bana ageri da, eta sarrera aurrean eginiko bi barrutiak. Egun santutegia dagoen lekuan, jauregia zegoen lehenago, XV. mende bukaeran egina (XIX. mendean bota zuten). Jauregi Berria deitu zuten, eta han jaio zen San Frantzisko Xabierkoa.

Dorre nagusiaz gain, eraikinaren beste zati batzuk azpimarragarriak dira, bakoitza eredu baita bere arloan.

- Kapera: gurutze gotikoaz gain (XIV. mendekoa) -intxaur egurrezkoa da-, aipagarriak dira hormetako marrazki gotikoak (XV. mendearen bukaerakoak), bereziki Heriotzaren Dantza deitutako multzoa, 1970ean berritua. Mendebaldeko dorrearen barrualdean dago, eta horregatik, Kristoren dorrea ere deitzen diote. Esaten dutenaren arabera, San Frantziskoren nekeak ikusita, Kristori odola zerion. Uste horretaz aldaera batzuk daude.

- Ziegak haitzean eginak daude, eta harrizko harresiz osatuak. Jaurerri pribatuen jaunek horien beharra bazutelako seinale.

- Hegoaldean jaunen bizilekua zegoen, jauregi berria atxiki baino lehen, eta azpimarratzekoa da Gela Handia deitzen zutena, erosoa benetan, tximinia eta guzti. 1300. urte inguruan eraikia da, eta Jasoko Joanek atondua XV. eta XVI. mendeen artean.

- Ekialdeko dorrea edo Undues dorre poligonala. XV. mendean eraikia, gaztelu-begi, erlaitz eta gezi-leiho ugari ditu. Bi solairu luzek eta zabaltzak osatzen dute dorrea, eta ardandegia zuen erdiko sotoan.

- Sarrera aurreko bi harresiak, erretenak, zubiak eta dorreak. Hegoaldean zailagoa zen defentsa, eta horregatik askoz gotortuago dago.

- Patioan ur biltegiaren ahoa ikusten da. Dirudienez, 11 metro da sakon, eta oraindik urak han biltzen dira. Batzuen aburuz, putzua da, eta horrek eragina izan zuen gaztelua leku horretantxe eraikiko zutela erabakitzeko orduan.

- Jasotarren armarria hainbat tokitan agertzen da: ilargia etzanda. Dirudienez, musulmanak garaitu izanaren ikurra da. Aipatzekoa sarrera gainean dagoen armarrien eta apaindura multzoa (XV. mendekoak dira).

Gazteluko hainbat gelatan museo bat dago 1952tik. Bertan gazteluari, arte sakroari, San Frantziskori eta tokiari buruzko gauzak eta xehetasunak bildu dituzte, eskulturetatik aurkikuntza arkeologikoetara. Gauza batzuk balio handikoak dira (XVI. mendeko margolan flandesak eta italiarrak...). Gehienak Villahermosako dukesak emandakoak dira. Elias Salaberriak 1952an margotutako sainduaren margolan bat ere ikus daiteke, 2¿10 x 1¿18 metrokoa.

Xabierko gaztelua

F.Iñiguez eta J.E.Urangak marraztutako planoa, eraikuntza aldiekin. (Castillos Reales de Navarra (siglos XIII al XVI) (1994) liburutik hartuta).

Iristeko

NA-5410 errepidearen bi muturretatik joaten da Xabierrera, Zangozatik (8 km) edo Esa herritik (5 km).

Xabierko gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk