Itzuli orri osora

Urtubia

FITXA

Udalerria: Urruña

Herrialdea: Lapurdi

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Leinu nagusi baten egoitza izateko eraiki zuten Urtubiako gaztelua, eta pribatua izan da beti. Gaztelua egiteko baimena eman zuenean ere (1341) adierazi zuen Ingalaterrako erregeak, Akitaniako dukerriak leku gotor bat behar zuela; Espainiako eta Nafarroako mugak hurbil egon arren, ez zegoela-eta 3 legoan (16 kilometro inguru) haiei eusteko moduko eraikuntzarik.

Gaztelua bera defenditzeaz aparte, erregearen ordezkariak eskatuz gero, bake aldia izan gerra garaia izan, gaztelua hari uzteko obligazioa zuten Urtubiako jaunek.

Bidasoa ibaitik 10 kilometro gutxiago da Urtubiako gaztelura.

Urtubia

Multzo osoa, iparraldetik begiraturik. (2001)

Historia

XII. mendearen hasieran agertu zen Urtubia deitura Lapurdin, biztanle arrunten deitura gisa, batetik, eta jaunen jatorria adierazteko, bestetik. Urtubiako jaunetarik, Bonion I.a izenekoa agertu zen agirietan lehenengo (1120 inguruan). Sanche Bonion eta Bonion II.a jarraitu zitzaizkion horri; semea zuen lehenengoa eta iloba, bigarrena. Bonion II.a Urtubiako leinuburu zen 1169an. Herritarren eta baroien izenak adierazteko, jaurgoari buruzko berriak aipatzeko, askotarako agertzen da Urtubia izena agirietan, baina ez da horietan, ez jauregirik, ez gaztelurik eta ez etxe berezirik, ezertarako aipatzen. Urtubia toponimo gisa zehazki aipatzen duen agiririk ere ez da bestalde.

1290 inguruan, Tartasko Arnaud, Tartasko bizkondearen semearekin ezkondu zen Urtubiako alaba, orduan oinordeko zena, Urtubia etxekoak Tartas deituraz ere agertu izan ziren harrez gero.

Urtubiako hurrengo jaunak, Pere Arnalt Urtubiak, Frantziako Felipe IV.aren alde lan egin zuen 1298 eta 1303 urteen artean. Frantziarra Joana I.arekin (Nafarroan erregina, 1274-1305) ezkonduta, Nafarroako Erresuman ere erregea zen, Felipe I.a izenez (1284-1305). Urteetan hauen seme zen Luis I.aren (Nafarroako errege, 1305-1316; Frantzian, 1316-1316) zerbitzupean aritu zen Urtubiako jauna. Pirinioetako erresumako hurrengo lau erregeak ere ezagutu zituen.

Garai hartako dokumentuetan ageri denez, Ozkorrozen gazteluzain zegoen 1314an; eta hiru gaztelu gehiagotan, 1321ean, (Gorritikoan, Iruritan eta Leitzakoan); berari egokitu baitzitzaion, Mendialdeko ibar-jauna edo ibar-jauna hil zenean (Beotibarko gatazkan, 1321ko irailaren 19an) hura ordezkatzea. Nafarroako gobernadorearen agindupean, 200 gerrari harturik, Gorritiko gaztelua berreskuratzera joana zenez, agian bera ere Beotibarko segadan egokitu zen. 1332tik aurrera Galipentzun egon zen gazteluzain.

Galipentzuko gazteluzain horren semea, Martin, izan zen Urtubiako hurrengo jauna, eta 1341erako hartua zuen hango leinuaren ardura, urte horretako maiatzaren 4an eman baitzion Ingalaterrako Eduardo III.ak Urtubiako jaunari (Martinus Dominus de Urthuby) gaztelua eraikitzeko baimena; harrizko eta lubanarroz babesturiko gaztelua izan zedila, gainera. Aitak Nafarroan lortutako baliabideekin eraiki zuten. 1341a hartu izan da, bestalde, Urtubiako gazteluaren sortze datatzat. Baina ez zuen Tartasko Martinek gaztelua bukaturik ikusi, 1343ko abuztuan Milafrangako zubian ito baitzuten, Lapurdiko beste lau nobleekin batera.

Ezagunak dira geroztik Urtubian izan diren jaun eta gaztelu jabe guztien izenak. Hona batzuenak:

- Tartasko Auger izan zen Urtubiako hurrengo jauna; Martinen anaia. Berak ezkontzazko oinordekorik ez zuenez, horri utzi dena. Batzuen ustez hori bizi zela bukatu zuten gaztelua. 1320 inguruan ezkondu omen zen. Lapurdiko beste hainbat noblek bezala, berak ere leialtasun zina egin zion Ingalaterrako Eduardo III.ari, 1363ko ekainaren 30ean.

- Joan edo Johanicot jarraitu zitzaion Augerri. Aurrekoaren semea zen hau. 1374an Rokaforteko gazteluzain zen, dirudienez, Johanco Urtubia izeneko bat baitzen gazteluzain. 1376ko abuztuan hil zen, eta oinordekorik gabe hau ere.

- Tartasko Adan. Johanikoten anaia. Zer egin garrantzitsuren bazuen Nafarroan, sarri agertzen baita hango agirietan.

- Pierre Arnaud Tartas. Tartasko Adanen semea. Uxueko gazteluzain izan zen 1376az geroztik; hango santutegiaren urrezko aroan, Karlos II.a eta Karlos III.a errege izan ziren garaian, alegia.

- Tartasko Martin. Aurrekoaren semea. Legez ez zitzaion Urtubiako jaun izatea tokatzen, baina anaia zaharrena ondokorik izan gabe hil zenez, bera bilakatu zen oinordeko, 1437an.

- Domilia-Martinez, Urtubiako anderea. 1415ean ezkondu zen, Sauvat Saint-Julian Hazparneko Zaldu-Berri etxeko jaunarekin. Sauvat 1444 baino lehenago hil zen, eta Urtubian ez zen gehiago Tartas deiturako jaunik izan.

- Joan Zaldu. Domiliaren eta Sauvaten seme zaharrena. Zalduko eta Urtubiako jaun izan zen. Lazkaoko jaunaren alabarekin, Lazkaoko Teresarekin ezkondu zen, 1445 inguruan. Maria izeneko alaba bat utzi zuen, eta hura izan zen Urtubian oinordeko. Joan Zaldu Gipuzkoan Ganboarren aurka borrokatzen ibili ondoren, 1449an, frantsesek Gixune inguratu zutenean, gixundarrei laguntzera joan zen, Lapurdiko beste zenbait noble bezala, eta han hil zen.

Joan Zaldu hil eta zazpi urtera (1456), Joan Ibañez Monrealekin ezkondu zen Lazkaoko Teresa alarguna. Joan Ibañezek sei seme-alaba zituen Teresarekin ezkontzerako. Horietako Semeetako bat, Monrealgo Joan, ama ordearekin joan zen Urtubiara, eta Maria bere arreba ordeaz maitemindu zen. Ezkontzen uzten ez ziotelako-edo, bahitu egin zuen, eta berarekin ezkondu zen gero, 1460an.

Monrealgo Joan eta Maria Urtubiakoak 23 eta 18 urte inguru zituzten, hurrenez hurren. 1463ko apirilean, Frantziako Luis XI.a Euskal Herrira etorri zen, konkistatu berria zen Lapurdira, Gaztelako Enrike IV.arekin hitz egitera, eta Joanek eta Mariak Urtubian ostatu hartu nahi izanez gero, geratzeko esan zioten. Nahiko egonaldi luzea egin zuen Luis XI.ak, eta hainbat titulu banatu ere bai lapurtar nobleen artean, gero, esker ona erakusteko eta euren leialtasuna eskuratzeko. Zenbait noble liluraturik geratu ziren, eta erregearekin joan ziren Parisa; baita Urtubiako jaun gaztea ere, etxeko eginkizunak utzita.

Maria Urtubiakoa, orduan, ezkontza baliogabetzen saiatu zen, behartuta ezkondu zela-eta Joan Monrealekin. Eta lortu egin zuen azkenean. Rodrigo Ganboa Berako Altzateko jaunarekin ezkondu zen gero, 1469an. Ezkontza horrek areago nahastu zituen gauzak, izan ere, Oinaztarrak sutsuak ziren Urtubian eta Ganboar beroak, berriz, Altzaten.

Rodrigo Ganboa Altzateko jauna hil zenean (1493), haren seme Joanek hartu zituen Berako eta Errenteriako jauregiak, baita Urtubiako eta Zalduko jaurgoak ere. Monrealgo Joanek ez zuen bere emazte ohiaren erabakia onartu, eta Bordeleko Parlamentura eraman zuen auzia. 1497ko ekainaren 23an erabaki zen auzia, eta Maria Urtubiakoaren aurkako epaia eman zuen Bordeleko Parlamentuak. Haserrearen haserrez Urtubiako gazteluari eta artxiboei su eman, eta Berara alde egin zuen Mariak. Eta han hil zen, 1505ean.

Bordeleko auziaren ondoren Euskal Herrira itzuli zen Monrealgo Joan, baina Hazparneko Zaldu-Berriko gaztelura joan behar izan zuen, erreta egoteaz aparte, Mariaren semearen esku baitzegoen Urtubiakoa, eta agintarien aurka matxinaturik, gainera. Monrealgo Joanek bere seme Luisi utzi zion hango arazoa konpontzeko ardura; Maria Urtubiarekin izandako semea zuen hori, zaharrena, eta berarekin Parisen bizi izandakoa.

1505eko apirilaren 20an, Frantziako Luis XII.ak Urtubiako gaztelua berreraikitzeko baimena eman zion Monrealgo Joan II.ari. Baina ez zegoen eraikitzen hasteko modurik, Joan Ganboa, Otsoa deitua, baitzegoen han 400 gudarirekin matxinaturik. 1506an, hura handik ateratzeko agindua eman zion Luis XII.ak Guyanako gobernadoreari. Ez zuten gobernadorearen gerrariek armak erabili beharrik izan, haiek iritsi baino lehen utzi baitzuten matxinatuek gaztelua. Ez zuen hala ere etsi, baina legezko bideari heldu zion gero. Bordeleko Parlamentura jo zuen berak ere; eta berreskuratu zuen gaztelua, baina 1540an, Monreal leinuari 1.200 libera ordainduta.

Bitarte horretan, Monrealgo Luis Lapurdiko baile izendatu zuten, 1511n; 1517an, hil egin zen, Gipuzkoan gatazkan zebilela; Urtubiako gaztelua berreraiki zuen Monrealgo Joan III.ak, eta Urtubiako Pakea izenpetu zuten Fernando Katolikoaren eta Frantziako Luis XII.aren ordezkariek, 1513ko apirilean. Han izenpetu zenaren arabera, aurrerantzean ezin izango zioten errege gudarosteek hainbat lurretan elkarri eraso. Nafarroako erregeak laguntzarik gabe geratzen ziren, beraz, galdu zutena berreskuratzeko.

Esan bezala, 1540an Berako leinuak eskuratu zuen Urtubiako gaztelua. 1558a baino lehenago hil zen Frantzisko Ganboa Urtubiako eta Altzateko jauna, eta Joan Ganboak hartu zuen oinordekotza. 1574an, Monrealgo Aimeerekin ezkondu zen Monrealgo Joan hori eta bi etxeak elkartu egin ziren berriro.

Altzateko Salbat, aurrekoen semea, izan zen Urtubiako hurrengo jauna. Horren garaian iritsi zen leinua bere gailurrera, Luis XIV.aren laguntza eta Sabel gorrien eta Sabel Xurien arteko gerra zirela bide. Handik hara, aldi batez Lapurdiko baile eta Lapurdiko miliziaren koronel ere izan ziren Urtubiako jaunak. Eta 1654ko irailean, Urtubiako jaurerria bizkonterri izendatu zuen erregeak.

1925az gero monumentu historiko da.

Urtubia

Eraikin nagusiko mendebaldeko muturra, hegoaldetik begiraturik; Erdi Aroari dagokio. (2001)

Egitura eta aztarnak

Gorabehera gehiegietatik pasatua da zer noizkoa duen edo Erdi Arokoa zer duen lehen begiratura antzemateko orain. Ingurua ere oso aldatua dago, bestalde. Gaur dorretxe itxurako ikusten dugun horrek bere dorreak, harresia eta lubanarroa ere bazituen, dirudienez. Eroso bisita daitekeen jauregi ikusgarri bat da gaur egun. Museo bihurtua du barrua, altzariak, XVII. mendeko Flandriako tapiz bilduma bat ikus daitezke, besteak beste.

Eraikuntza nagusia hiru atalez osatua dago gaur egun, eta hiruren artean atzekoz aurrerako L bat eratzen dutela.

Mendebaldeko muturrean dira XIV. mendeko dorrearen aztarnak. Hiru horma aldetan bereiz daitezke kanoi eta beste su armentzako zuloak, eta hormen lodiera ere bai, geroago egindako leihoetan. Gatazkaren batean hartutako kanoikaden arrastoak nabari dira hegoaldean, eta modiloi edo xurrutarri bat. Hori da goiko aldean duen Erdi Aroko aztarna bakarra. Dorre txiki bana ditu mendebaleko bi izkinetan. Ekialdekoetan ere bazituen nonbait, baina eraikuntza zabaldu zutenean gabe geratu zen. Jatorrian ia karratua zenez (11 x 10 metro), hormek ere ez dute lodieran alde handirik: 1¿10 eta 1¿20 metroren artekoa.

Eraikuntza nagusiaren beste bi atalak XVI. mendekoak dira, ekialdeko dorreari erantsia, bata, 13 metro luzea, eta 1745ean lehengo horri hegoaldera erantsia, bestea. Badu XVI. mendeko beste atal bat ere, eraikuntza zabalduta gero, hari iparraldean erantsi zioten dorrea. Ferra egiturako oinplanoa du horrek, eta bi kanoi-zulo, edo leiho. Azpimarratzeko da barruan duen eskailera ere, biribilean egina izan arren ez baitu erdian ardatzik. Idazki bat dago XVI. mendeko eraikuntzan den gelako tximinian: ¿Biltzen ¿ Berotzen ¿ Bozten (pozten).¿

Esparruak dorre baten azpitik du sarrera. XV. edo XVI. mendekoa da. Ipar-ekialdean dago. Ingurua zuen harresiarekin bat egiten zuen, eta gaur egun ere egoki datoz bere teilatu biribilak gazteluarekin. Zubi altxagarri bat izango zuen, beharbada.

Iparraldean den harresia eta ekialdeko puska bat ere Erdi Arokoa dira, XVI. mendeko suntsiketan zutik geratua nonbait. Eraikuntza nagusiak inguruan zuen lubanarroa lehortu egin zuten, eta hegoaldean terraza edo zabaltza bat eratu, geroago, XVII. eta XIX. mendeetan, lorategi bihurtzeko. Dena dela, oraindik ere nabari da ipar-mendebaldean zen lubanarroaren parte bat. Untxin errekako uraz betetzen zituzten lubanarroak.

Urtubia

Eraikin multzoaren planoa (bakoitza zein mendetan eraiki zuten zehazten da), batzuen artean idatzitako Urrugne liburutik (1989) hartuta.

Iristeko

N-10 errepidearen ondoan dago, Urruña eta Ziburu herrien artean.

Apiriletik azarora bitartean gaztelua zabalik egoten da, oro har, astearteetan izan ezik. Zer ordutan jakiteko, hobe non edo non galdetzea.

Urtubia