Itzuli orri osora

Untzueta

FITXA

Udalerria: Orozko

Herrialdea: Bizkaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Untzueta mendia talaia paregabea da. Itsas mailatik gora 773 metro ditu, eta gaur egun, tontorra antenaz josia du. Hegoalde-ekialdetik iparralde-mendebaldera begira jarriz gero, Gorbeia mendi-lerroko azken tontorra da. Zeberio harana du ipar-ekialdean, eta hego-mendebaldean, ostera, Orozkoko lurrak.

Gaztelua zegoen tokitik gertu, hiru haranek egiten dute bat. Zeberioko haranak, Orozkoak, eta Nerbioi ibaikoak. Bilbotik Zaragozara doan autopistak Orozkoko harana aldez alde zeharkatzen du eta eskualde hori Bizkaiaren eta Arabaren arteko pasabide bilakatzen du. Mendi tontorretik ipar-mendebaldera luzatuz gero bista, Amurriora, Laudiora eta Urduñara doan harana ikusten da, eta baita Nerbioi ibaiaren arroaren hasiera ere. Erromatar garaitik hasi eta duela zenbait urtera arte eskualde horretan zegoen Bizkaitik Burgosko iparraldera joateko bidea. Bista iparraldera luzatuko bagenu, Nerbioi ibaiaren harana zabalago ikusiko genuke, eta horrekin batera beste hainbat herri.

Untzueta, mendia ez ezik, leinu baten izena ere bazen. Untzueta leinuak, dirudienez, jatorri eibartarra zuen, baina Gipuzkoara eta Bizkaira ere zabaltzen zen. Bizkaian Orozko bailaran zegoen zabaldua, baina ezin izan da frogatu leinuak eta gazteluak zerikusirik ote duten.

Untzueta

Untzueta mendiko tontorra, gazteluaren kokalekua, hego-ekialdetik begiraturik. (2000)

Historia

Gazteluaren jatorriari dagokionez ezer gutxi dakigu. Bere sorreraren berri antzinako kondairek bakarrik dakarkigute, eta horiei ere ezin zaie sinesgarritasun handiegia eman. Joan Iñigez Ibarguenen Cronica General idatziaren arabera, Opamio kapitainak eraikiarazi zuen gaztelua 549an. 935ean, Abuminie Untzeta gazteluburu zen garaian, eskualdeko arerioek suntsitu egin omen zuten, baina hori guztia ezin izan da frogatu. Gainera, baliteke kondaira horiek Bizkaiko sendi nobleen mesedetarako asmatuak izatea.

IX. edo X. mendean jaurgo bat sortu zen Orozko bailaran. Baina garai hartako agiri gutxi daude eta ikerlarien artean ere ez dira bat etortzen. Lope Garzia Salazarrek, Iturrizak, Labairuk eta Balpardak desberdin arrazoitzen dituzte datak eta jaunen izenak. Hala ere, XI. eta XIV. mendeen arteko bertako jaunen dinastia osatzera iristen dira. XIII. mendean, atzera, Bizkaiko jaurgoari lotuta azaltzen zen Orozkoko eskualdea eta horrek eragin zuzena zuen gazteluaren zereginetan. Horren lekuko, Bizkaiko nobleak menperatzeko asmotan Gaztelako erregeak gaztelua hartzen saiatu ziren. Baina azkenik, 1371n, ezkontza baten bidez, bailara Aiara jaurgora igaro zen, eta zenbait gorabehera tarteko izan arren, hala iraun zuen XVIII. mendera arte.

Gazteluaren aipamen zaharrenak XIII. mendekoak dira. Bizkaiko jaunen eta Gaztelako erregeen arteko liskarrak zirela eta, Orozko haranean bi gaztelu zeudela jasotzen dute kronikek. Bata Untzueta izango zen eta bestea Riba.

Agiriek diotenez, 1277an, Gaztelako Alfontso X.a erregeak hartu zituen Untzuetako gaztelua eta Ribakoa. Hurrengo hamarkadan, 1288an, Gaztelako Antso IV.a Bipilak Haroko leinuarenak ziren zenbait gaztelu eta eskualde bere egin zituen. Baina Untzueta hartzera bidali zuen gudalburuak, Diego Lopez Salzedok, ezin izan zuen zekarren enkargua bete. Esteban Garibai historialari gipuzkoarrak horrela jaso zuen orduko gertaera:

¿...Diego Lopez Salzedo bidali zuen Bizkaiaren kontra, eta han zeuden dorre, gaztelu eta etxe ugari bereganatu zituen, eta Untzuetako dorrea inguratu zuen gero; Antso erregearena zen dorrea ¿gaztelu deitzen zuten-, eta Diego Lopez Haro eta haren aita, kondea, ziren erregearen ordezkariak. Diego Lopez Salzedok, ordea, ezin izan zuen dorrea bereganatu, nahiz eta gogotik borrokatu zen, eta erabili zituen trikimailu eta tresna militar ugari.¿

Deigarria da Garibaik egindako zuzenketa. Untzueta gaztelua ez baina dorretxea zela azpimarratzen zuen. Garibairi Euskal Herria ongi baino hobeto ezagutzen zuela aitortu behar zaio, baina egiten zuen zuzenketa zuzendu beharrean gaude. Egia da Gipuzkoako eta Bizkaiko gotorlekuetako asko dorretxeak zirela, baina Untzuetakoak gaztelu baten ezaugarri guztiak betetzen zituen: arkitektura, garaiko iturri idatzietan eginiko aipamenak, kokalekua, lurraldetasunari buruzko helburua¿ Bestalde, Gaztelako erregearen kroniken arabera, Untzueta berak hartu ezin izan zuen Bizkaiko gaztelu bakarra zen.

XIV. mendean, Bizkaiko jaunekin izandako liskarrak medio, Untzueta gaztelua bi aldiz inguratu zuten Gaztelako erregeek. Baina ez batean ez bestean ez zuten bereganatzerik lortu.

1334an Alfontso XI.a Bizkaira etorri zen Joan Nuñez Lara harrapatu nahian. Erregearen kronikak horrela jaso zuen gertaera:

¿...eta sartu zen Bizkaian eta igaro zen Untzuetako gazteluaren ingurutik eta Bilbora joan zen... eta Untzuetako, Muntxeteko eta San Migel Ereñoko San Joan harriko gazteluek zaldunak baitzituzten, Joan Nuñezen andre Mariaren mendekoak, erregeak guztien ordaina jaso nahi luke, edo batzuena, behintzat.¿

Gazteluak setioa arazorik gabe gainditu omen zuen. Idatziaren arabera, Alfontso XI.a, Bilborako bidean zihoala igaro zen bertatik, ¿eta gazteluaren ondotik igaro zen.¿ Ohar horrek Untzueta gazteluak Bizkairako sarbidea zaintzeko zeregina zuela erakusten digu.

Geroago, 1355ean, Gaztelako beste errege bat, Pedro I. Ankerra, On Tello bere anaiordearen aurka borrokan ari zela, berriro ahalegindu zen gaztelua hartzen. On Tello orduko Bizkaiko jauna zen. Baina ahalegin hark ere ez zuen fruiturik eman. Beste behin defendatzaileak atera ziren garaile, Joan Abendaño gazteluburu zela. Gertaera horren ondoren, 1357an, On Tellok gaztelua suntsitzeko agindua eman zuen.

Espainiako Historiaren Errege Akademiak 1802an argitaratu zuen hiztegiak, Riba aipatzeaz gain, Untzueta gazteluaz honako hau zioen: ¿Untzuetako harkaitz pilaren gainean kokatutako beste baten hormatzarren zatiak [ageri dira].¿

Orozkoko zenbait kondairak, antzina, Untzueta gazteluan jentilak bizi zirela diote. Herritarrak handik erasotzen omen zituzten, baina zorionez, heroi baserritar batzuk oldartu egin zitzaizkien eta garaitu egin zituzten. Kondaira horiek eskualdeko jaunen eta herritarren arteko harremanak nolakoak ziren erakusten dute sarri. Hona hemen Anuntzi Aranak zioena:

¿Jentilek ikaran zeukaten Orozko osoa, neskak bahitzen baitzituzten. Behin, Olabarriko alaba Axpuru aldera joan zen ahuntzen bila, jentilek hartu zuten eta Jentil Zulora eroan edo Untzuetako gaztelura. Han burdinazko ateetaz itxi zuten. Neskaren nebak hurbildu ziren atetara eta haregaz hitz egin ere: halako orduan lo egongo zirela jentilak eta orduan etortzeko esan zien. Mutilak palankak eroan zituzten, haiekaz ateak apurtu eta arreba atera. Batzuk diote bahitzaileak gazteluko harresiaren gerizapean etzanaldia egiten ari zirenean, nebek, palankak laiak legez erabiliz, gainera bota zietela horma eta azpian utzi zituztela hilik. Orozko askatu zuten jentiletatik eta geroztik ez da horrelakorik gehiago ikusi inguruetan.¿

Hegoaldeko malda aurkitzen diren harribalei dagokienez, berriz, bolak zirela esan behar da. Bola horiek pilota jokoan erabiltzen omen zituzten jentilek. Pilota jokoa Untzuetatik beste mendiren batera elkarri bola tiraka ibiltzea zen. Jentilak bolo-jokan zebiltzala esaten zen orduan.

Untzueta

Hegoaldeko magaleko lehenengo harresiaren aztarnak, ekialdetik begiraturik. (1999)

Egitura eta aztarnak

Gailurraren mendebaldeko erdia erabat aldatuta dago. Orain, antenak, etxolak eta argi-indarra sortzeko tresneria dago bertan. Gazteluaren aztarnak, berriz, lehendik urriak baldin baziren, are urriagoak dira orain, alde horretakoak ezabatu egin baitituzte. Gainera gailurrari lur zati bat kendu zioten lekua lautzearren.

Aztarnak gailurraren hegoaldean daude, Orozkoko Zubiaur auzo aldean. Lehenengo 14 metro luzeko harri lerro bat ikusten da. Harresi baten zatia da hori. Leku batean, bi harri ilarak osatzen dute lerroa. Hormatal horren mendebaldeko ertzean harri gehiago ere ikusten dira.

Goraxeago, harrizko eta eustorezko aztarna gehiago dago. Aztarna horiek bigarren esparru batenak edo dorre nagusiarenak izango dira. Bi murruek, bata hegoaldetik eta bestea mendebaldetik sartuz, angeluzuzen bat osatzen dute. Hegoaldeko murruak, ertzera hurbiltzen den heinean, loditasuna hartzen du, eta horrek dorre izendatzera behartzen gaitu. Mendebaldeko hormak, aldiz, 1¿30 metroko lodiera du baina ertz osoak antena baten esparruko itxiturarentzat eginiko lanekin egiten du muga, eta beraz, ez dago harresiaren hasierako zabalera zehazterik. Gailurraren ondoan eremu lau bat dago, eta bertan, harriak eta mendiko kareharri landua ikusten dira nonahi.

Ekialdean, lubanarro baten aztarna den haitz landua dago. Iparraldean, berriz, lan gutxiago egin behar izan zuten defentsa prestatzeko, amildegi bat baitago. Horretaz, hegoaldeko maldan gertatzen den bezala, bigarren esparruak edo dorre nagusi horrek ere ez zeraman harresirik beheko aldean.

Dena dela, ez da inoiz jakiterik egongo gazteluak nolako oina zuen.

Arestian aipatu ditugu mendiaren magalean aurkitutako harrizko bolak. Duten itxuragatik, tontorretik botatzeko harribalak izan behar zuten.

Untzueta

Bigarren barrutiko mendebaldeko horma. (1999)

Iristeko

Orozkoko harrobia eskuinetik inguratzen duen bidea, Axpuru baserritik pasaz, tontorreraino igotzen da. Gaur egun, autoz igo zitekeen, nahiz eta asfaltatu gabeko bidea izan goiko antenen mantenu lanetarako egokitu egin baitute. Baina harrobian ixten dute bidea, eta ezin da aurrerago segi.

Bada asfaltatu gabeko beste bide bat ere. Hau bestea baino luzeagoa da eta oinez egin behar dira azken metroak. Orozkoko Torlanda ondoko Okeluri auzunean ezkerretarako bidea hartu behar da. Bide seinale bat dago bertan: ¿Coll. Untzueta 1h. 45¿ PR-BI 31.¿ Lokatzak baimentzen duenean autoa bortxatuz, 4 kilometro egin daitezke. Muino batera iristen da, eta handik, Zeberio eta Orozko bailaren arteko gailurretatik iraganez oinez egin behar da gaztelurako gelditzen den bidea.

Untzueta

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk