Itzuli orri osora

Uharte

FITXA

Udalerria: Eguesibar

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Miravalles gaztelua izena ere ematen zaio, beste aro batean. Ekialdetik mendebaldera 1¿5 kilometrotan hedatzen den mendi estu baten tontorrean zegoen. Ultzama ibaiak mozten du mendia mendebaldean, eta Arga ibaiak ekialdean. Goialde luzean beste gailur batzuk ere badaude, eta dirudienez, hainbeste konkorrek nahastu egin ditu geografoak, et gaztelua zein garaieratan zegoen esaterakoan ez datoz bat; 587 eta 599 metroren artean dabiltza.

Miravalles izenak ezin izan du zeharo ordezkatu Oiana, inguruan hainbat toponimo sortu dituena: Oiangibela eta Oianalzinea Uharten, eta Oianpea kalea Atarrabian. Historian zehar San Migel eta San Esteban izenez ere agertu da mendia.

Hainbat haran ikusten direlako datorkio mendiari Miravalles erdal izena: besteak beste, hegoaldean, Iruñeko arroa; mendebaldean, Ezkabarte harana, Ultzamarako igarobidea; iparraldean, Argako goiko arroa; eta ekialdean, Eguesibar.

Mendi horretan bi gaztelu izan dira historian: lehenengoa, Uharteko gaztelua, eta bigarrena, Miravalles izenez ezagutua, XV. mendekoa (urte batzuk bakarrik iraun zuen). Bi gaztelu, bi izen eta bi arerio zituzten, garai zeharo ezberdinetakoak baitziren, baina biak toki berean egon izana ez da harritzeko, toki estrategikoa baitzen, haran bilgune hori zaintzeko leku ezin egokiagoa. Mendiaren behealdean bide asko elkartzen ziren, eta mendiak bi mundu bereizten zituen, Iruñerria alde batean eta Pirinioen edo mendialdearen hasiera bestean. Azpitik zihoan Astorga-Bordele galtzada erromatarra, Iruñetik Orreagarako ibilbide zatian, eta Donejakue bidea ere bai.

Uharte

Mendia, Ultzama eta Arga ibaiek mugatua, eta inguruko herriak, Uharte gertuena, goitik begiraturik (ekialdetik). (2001)

Historia

Cañada Justek esaten du musulmanek Sajrat Kais izeneko gaztelua bereganatu zutela 803, 843 eta 924. urteetan, eta zenbaiten ustez, Uharteko gaztelu hauxe zen.

Uharte herria 986an ageri da, Antso II.a Gartzes Abarkaren (970-994) dohaintza batean (herriko Athea errota Iruñeko katedralari eman zion, beste hainbat ondasunen artean).

XI. mendearen hasieran, Uharteko jaunen izenak agertzen hasten dira (dominator izena hartzen dute garai hartako Nafarroako agirietan). Unitate administratibo horien buruak, erregeek izendatuak, nobleak ziren. Uharteko familiek erregeen ondasunen ustiaketa eskuratzen zuten, eta batzuetan, errenta horiek beste norbaiti ematen zizkioten. 1015ean, Semeno Onecones zen Uharteko dominator. Geroago, eta dirudienez 1024tik 1056ra, Aznar Fortun Uhart ageri da Uharteko jauna gisa. Herria, berriz, Uhart, Huart, Uart idazten da, Uhartekoa esateko, Duart ere ageri da. Lope Fortuñonesen izena ere ageri da. Fortun edo Fortuñones familiako kideak, Lapurdiko Bizkonderriaren ondorengoak, hainbat gaztelutako jaun izan ziren (Pancorvo, Azkoien, Falces¿), beti euskaldunen erregeekin.

Antso IV.a Gartzes Peñalengoa (1054-1076) hil ondoren, Euskal Herria zatitu egin zuten, eta Uharte Aragoiko erregearen esku geratu zen.

Alfontso I.a Borrokalariaren (1104-1134) testamentuari jaramonik egin gabe, Aragoiko Erresuman errege bat hautatu zuten, eta Iruñean beste bat, eta berriro burujabetza lortu zuten bi erresumek. Gartzia IV.a Ramirez Berrezarleak (1134-1150), onartua izateko, nobleziaren eta elizaren aldetik laguntza jaso zuen, eta ordaindu egin behar izan zuen gero. Horrela, 1135eko uztailean, erregeak Uharteko herria eta gaztelua eman zizkien Iruñeko Antso Larrosa gotzainari eta kalonjeei. Dohaintza horretan, onuradunek erregeari 41 marko eman zizkioten. Aita Santuak baieztatu zuen dohaintza 1137an. Errege horren semeak, Antso VI.a Jakitunak (1150-1194), 1150eko beste dohaintza batean baieztatu egin zuen lehenago emandakoa, Guoze eta Uharteko herria eta gaztelua.

Gazteluari buruzko gertaera militarren berririk ez zaigu iritsi, zeharkako bat besterik ez. Aragoiko Erresumaren aurkako gerran zebilela, 1176an Antso Jakituna erregeak Iruñeko apezpikuari, Parisko Pedrori, laguntza eskatu behar izan zion Gaztelak eginiko erasoaldiari aurre egiteko. Honek Legin gaztelu aldera jo zuen, baina laguntza ematerik ez zegoenez, dagoeneko setiaturik baitzegoen, Uharteko gaztelura joan zen Iruñerriaren defentsa prestatzera. Gaztelarrek Legin hartu zuten, baina ez zuten iparraldera jo.

Antso VII.a Azkarra (1194-1234), hainbat gaztelu eginarazteaz gain, saiatu zen elizaren esku zeudenak berriz eskuratzen; Aragoitik ere hainbeste gaztelu lortu zituen maileguei esker (maileguak itzultzen ez zizkiotenean, gazteluekin kitatzen zuen zorra).

Dirudienez, Iruñeko gotzainak, Tarazonako Joanek (1205-1211), kapituluari ezer esan gabe, Azkarra erregeari eman zizkion Deio eta Uharteko gazteluak. Kapituluak mehatxu egin zuen, Aita Santua ere sartu zen tartean, erregea eskomikatu zuten, gotzainak aldatu¿ baina bi gazteluek erregearen esku jarraitu zuten. 1120an, Nafarroako Remiro ageri da Iruñeko apezpiku berri gisa (1120-1128), Antso VII.aren seme sasikoa, eta 1223ko apirilean, bi gaztelu eta Uharte herria koroari eman zizkiotela baieztatu zuen, kapituluaren onespenarekin, gainera ¿(...) Uharteko gaztelua, Uharteko herriarekin.¿ Erresumako administrazioan Nafarroako erromanikoz idatzitako lehenengoetako agiri bat da hori.

Hurrengo gotzainak, Pedro Ramirezek, ahalegin txiki batzuk egin zituen gazteluak berreskuratzeko. Ahalegin handiagoak egin zituen Pedro Gazolaz (1242-1266) apezpikuak, erregetzaren ahultasuna aprobetxatuz; Aita Santuaren aurrean Teobaldo I.a (1234-1253) salatu zuen, baina ez zituen gazteluak eskuratu.

Dena dela, gazteluaren lehenengo aroa amaitzen ari zen. Joana I.ak (erregina: 1274-1305) 1281ean emandako agindu batean erregeak Uharteko gaztelua suntsitu zuela aitortzen du, eta agindu horretan gotzainari berreraikitzeko baimena eman zion. Baimena bazuten, baina Iruñeko katedralekoek ez zuten berregin.

Migel Periz Legaria Iruñeko gotzain zela (1288-1304), 1291ko itunaren bidez, Iruñeak elizaren eremu izateari utzi zion, elizak Deioko eta Oroko gazteluak galdu zituen behin betiko, eta Uharteko gaztelua berreraikitzeko baimena bertan behera geratu zen. Deio, Oro eta Iruñerako ituna 1319an gauzatu zen behin betikoz.

XV. mendearen bigarren erdialdearen hasieran, Joan II.aren (1425-1479) eta bere seme, Vianako Printzearen arteko liskarrek eragindako gerra zibilean, gaztelu batzuk berregin zituzten, hainbat eliza gotortu eta gaztelu berri batzuk eraiki. Azken horien artean zeuden Deikaztelukoa (2. arokoa), Eslabakoa, Irunberrikoa eta Uhartekoa, Miravalles izenez oraingo honetan. Uhartekoak bizitza oso motza izan zuen, eta berri gutxi ditugu. 1459ko ekainean, Joan Beaumontekoak, San Joan Ordenako prioreak, onartu zuen eraikuntza lanetan aritu zirenei gariz ordainketa bat egitea, Villalbako Lope gazteluzainaren bitartez. 1460an, Frances Olloki zen gazteluzaina, 6 libera eta 25 kaiza gariko soldatarekin. Dirudienez, 1460. urte hartan gaztelua baztertu zuten.

Dena dela, herriak ez zituen gazteluak ahaztu. 1554an, lur sail bati gazteluondoa esaten zioten agiri batean; 1665ean, berriz, ¿Buena Villa¿ izendatu eta Gorteetan partaide izateko onartu zutenean, uhartearrek beren burua defendatu behar izan zuten gainerako Buenas Villas-ek bultzatutako auzian, eta argudio gisa erabili zuten Uhartek bazuela gaztelua eta 1090ean Uharten egin zirela Iruñeko, Aragoiko eta Sobrarbeko Erresumetako Gorteak.

XVIII. mendean, luzatu egin zuten gazteluaren kapera izandako San Migel baseliza, eta gela eta sukalde bat atondu zituzten ermitauarentzat. Bertan ermitau bat izateko baimena 1585ean eman zuten. Konbentzio Gerra deitutakoan, gerrari frantziarrak Uharteraino iritsi ziren 1793an, eta baseliza hondatu zuten. 1796ko, maiatzean orduko gotzainak baseliza bisitatu zuen, eta konpontzeko agindu eman zuen, baina agindua ez omen zen gauzatu.

Karlistaldietan, mendiak eta aztarnek gerrarien ibilerak jasan behar izan zituzten, Iruñea setiatzeko ahaleginetan. Mendi hau berezia da oso, eta balio handikoa estrategikoki, bai Iruñeari erasotzeko (Iruñearen kontrako hesia estutzeko), bai Iruñea defendatzeko (arerioak Iruñetik behar bezain urrun edukitzeko, kanoi tiroak hara irits ez zitezen);.

Uharte

Gainaldeko konkorrak, mendebaldetik ekialdera begiraturik. (2002)

Egitura eta aztarnak

Miravalles sarreran, Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegiak, 1802an argitaratua, zera esaten zuen: ¿...tontorrean gaztelu bat izan zen, eta oraindik ikusten dira erretenaren aztarnak eta harresi zatiak; gaztelu barruko eremuan kapera zegoen (egun, San Migelen ermita dago).¿ Deskripzio xumea da, baina Erdi Aroko egitura eta aztarnei buruzko zaharrena. Dena den, geroago XIX. mendeko gerrak etorri ziren, eta mendiaren goialdea eraldatu zuten.

Oso urriak dira aztarnak. Tokirik garaienean gizakiak atondutako bi kasko daude, ondo bereizirik; ekialdeko konkorraren behealdean daude aztarnarik garbienak: 6 metroko luzerako eta 0¿80 metro garaierako harresi bat, hegoaldetik iparraldera hedatua, eta, angelu zuzen baten ondoren, 5¿5 metroko beste harresi zati bat, zenbait tokitan harlanduz egina. Hori guztia ageriago utzi dute 2001eko garbiketa lanek. Egitura eta tokia ikusita, beharbada, oin angeluzuzeneko dorre nagusiaren aztarnak dira. Gainaldeko mendebaldeko kaskoan, sakonune batean horma zati bat ikusten da gutxienez, bidezidorraren ondoan (gainerako guztia landaretzak hartua dago). Tontor horien iparraldean, mailakatuta dagoen maldan, landatutako pinuen artean, goialdeari eusten dion harresi bat ere agertzen da.

Han-hemenka, aztarna batzuk ikus daitezke, baina gehienetan elkarrekin dauden hiruzpalau harri besterik ez, murruen oinarriak. Horretaz gain, sakonuneak, ezpondak eta terrazak edo zabaltzak daude; gehienak Karlistaldiek utzitako aztarnak dira.

Herrian uste dute galeria bat zegoela gaztelutik Arga ibaiaren bazterrera Atea errotaren inguruetara (986ko dohaintzan erregeak Iruñeko katedralari eman zion hura bera), Oihana eta Urbizkain mendien arteko ibaiaren igarobide estuan. Beste batzuk uste dute gaztelua eta eliza lotuko zituela galeriak.

Uharte

Ekialdeko konkorrak; batzuen aburuz, dorre nagusiaren kokalekua zen. Bi horma gorde ditu. (2002)

Iristeko

Mendiaren bi muturretatik igo daiteke. Mendebaldeko muturrean, Arreko Trinitatetik abiatu behar da, Ultzama ibaia igaro eta mendia igotzeko. Tarte laburrean 150 metro egiten da gora. Ekialdeko muturretik ere igo daiteke, Uharte-Arre errepidearen bazterretik (N-135). Dena den, bide bakarra da; alde batetik igotzen da eta, goiko aldea zeharkatu ondoren, beste aldetik jaisten.

Uharte

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk