Itzuli orri osora

Tudejen

FITXA

Udalerria: Fitero

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Alhama eta Añamaza ibaiak elkartzen diren gunearen eta horiek ureztatzen dituzten lur emankorren gainean zen gotorlekua, El Castillo deritzaten mendian. Alhama ibaiaren ibarra estutu egiten da gune horretan, eta Fitero eta Cintruenigo herrien ondotik igaro ondoren hasten da zabaltzen.

Gaur egun, mendebaldean 0,8 kilometrora du Errioxako muga. Mugan Peña del Saco edo, zeramika puska asko zenez, Quiebracantaros eta Crebacantaros (XII. mendean) esan izan zioten antzinako herrixka baten aztarnategiaren muinoa dago. Bainuetxe berria eta zaharra, erromatarren garaia geroztik erabilia, ditu aurrean, Alhama (bainua arabieraz) ibaiaren beste aldean. Bainuetxe berria baino gorago da zaharra.

Gaur ikus ditzakegu aztarnak musulmanek eraiki zuten gazteluarenak dira herritarren ustez. Tujeden-go herria babesteko eta lekua bera -estrategikoa baitzen-, zaintzeko eraiki izango zuten. XIV. mendean biztanlerik gabe geratu zen Tudejen, baina garrantzi handiko gotorlekua zen ordurako, hiru erresumaren arteko mugan baitzegoen. Dena dela, aurkikuntza berriek adierazten digutenez, lehen erabili izan ei zuten mendia, militar eginkizunetarako.

Tudejen

Gazteluaren ekialdeko itxiera, dorre nagusiaren aztarnekin (eskuinean). (2002)

Historia

Erdi Aroan zen gaztelua musulmanek egina zela esan izan da, baina bada hizkuntzalariek eta arkeologoek eginiko ekarpen berririk eta aztarnategi horren historia nahikoa konplexua dela dirudi. Fiteroko monasterioan zituzten 1141etik 1200a bitarteko agirietan bakarrik ere badira Tudejen izenaren hogeita hamar bat aldaera, Tudejen-go bainuak, herria edo gaztelua adierazteko: Tutugen, 1141ean, balnea de Tudeion 1146an, forum de Tudullom 1153an, cova maior de Tutullem 1155ean, de castro quod uocitant Tudegun 1157an¿ Inguruetan ibili edo bizi izan zen jendearen hizkuntzetatik datozkio aldaera horiek guztiak. Adituek diotenez, ¿¿en¿ bukaera latineko fundus adieraren atzizkia litzateke, etxalde baten jabegoa adieraziko luke alegia, eta ¿Tud-¿, ¿Tut-¿, ¿Tod¿-, ¿Tot-¿ hasierek, berriz, germaniar kutsua omen lukete.

Arkeologoen arabera ere, gaztelua baino lehenagokoa litzateke Tudejen, eta fraideen elur-zuloaren inguruan izango omen zen, gazteluaren edo mendiaren oinean, alegia. Burdin Aroko zeramika puska asko aurkitu eta bildu zituzten leku horretan, baina ondoan zen Peña de Saco herrixkan bizi izan zen jendeak erabili zituzten ontzien hondakinak direla uste dute. Eta erromatarren eta bisigodoen garaiko aztarnarik ere aurkitu zuten, bestalde.

Manuel Medrano Marques fiteroar arkeologoaren idatzietan agertzen denez, herrian bertan baino zeramika puska (sigillatta) gehiago aurkitu zuten mendiaren maldan, eta gainean ere bizi izan zirela adierazten du horrek. Ikerlari horien iritziz, IV. mendearen bukaerarako edo V. mendearen hasierarako bazen erromatarren gotorlekua mendian, Brigantium-Pompaelo galtzada zaintzeko eta babesteko egina, besteak beste. Erromatarrek garai hartan erabiltzen zituzten gerrariak germaniar jatorrikoak ziren, bestalde. Hori eta herrian bisigodoen aztarnak aurkitu izana Tudejen izenaren hasiera behintzat germaniar jatorrikoa izatea indartzera letozke. V. mendean bisigodoek harkaitzetako eraikuntzaren izan zezaketela han, dio Medranok, baskoien aurka erabiltzeko.

Tutelgen aldaera ere bada agirietan. Horrela idatzirik agertzen da 1073an, Zaragozako Al-Muqtadir erregeak eta Nafarroako Antso IV.a Peñalengoak (1054-1075) Caparrosoko eta Tudejen-go gazteluak -aurrez elkarri kenduak- trukatzeko sinatu zuten itunean. Musulmanak Alhama gaineko giltzarri hori berreskuratzerakoan saihesten zuen Tuterarentzat arrisku bizi bat, ezustez galdu berria zuena.

1119an, Tutera eta inguruetako herriak konkistatu zituen Alfontso I.a Borrokalaria (1104-1134) Aragoiko, Sobrarbeko eta Iruñeko erregeak, eta eskualde hura antolatzeari ekin zion gero. Tudejenen igaro zituen 1128ko abendua eta 1129ko urtarrila, baina Tuterako forutik eta elizbarrutitik kanpora utzi zituen Tudejen eta inguruak, gaur egun Fiteroko udalerriak hartzen duena, gutxi gorabehera. Testamentua egin zuenean ere (1131) eskualde hartako administrazio barrutitik kanpora geratu zen Tudejen, Santiagorako utzi baitzuen. Baina, haren testamentuko beste nahi asko bezala, bete gabe geratu zen hori ere.

Aragoiko eta Iruñeko erreinuak bereizteak (1134) ere izan zuen ondoriorik Tudejen-en eta ondoko mugetan. Han sinatu zuen Gartzia IV.a Ramirez (1034-1150) Iruñeko erregeak, 1146ko urrian, Gaztelako Alfontso VII.arekin bake-ituna, baita Aragoiko erregearekin ere, handik hilabetera. Baina errege euskalduna hil zenean, banandu egin nahi izan zuten erresuma, eta, nola egin erabakitzeko, Tudejen-en bildu ziren, Gaztelako Alfontso VII.a, Antso bere semea eta Ramon Berenguer IV.a, Bartzelonako konde eta Aragoiko erregeorde zena. Tudejen-go Ituna izenez ezagutzen da han 1151ko urtarrilaren 27an izenpetu zutena. Hurrengo urteetan ere izan zen bilerarik Tudejenen eta Fiteron. Dena dela, zaila izango litzateke Tudejen-go gazteluaren historia eta Fiteroko monasterioarena bata bestea gabe ulertzea. 1140 inguruan zistertarren ordenako Escaladieu-ko (Pirinio Garaiak) fraide batzuk iritsi ziren Errioxako Niencebas izeneko lekura, eta monasterio bat sortu zuten, Gaztelako erregeak lagundurik, dirudienez. San Raimundo abadeak (1141-1158, abade), Calatrava-ko Ordena Militarraren sortzaileak, trukeak, itunak, erosketak eta dohaintzak medio, ondasun pilatxoa bereganatu zuen Alhama ibaiaren ibarretan ¿Nafarroa gaur egun-, eta 1144 Castellongo abade bilakatu zen, hala aurkezten zuen behintzat bere burua. 1152rako han zuen egoitza nagusia, eta handik hurbil eraiki zuten Fiteroko monasterioa.

Tudejengo udalbatzak eta herritarrek asko lagundu zioten aipatu diren ondasun horiek pilatzen (1141-1157), ondasunak salduz, dohaintzak eginez edo itunak sinatuz. Agirietan geratu dira, bestalde, garai hartan herrian izan ziren agintarien eta gazteluan izan ziren arduradunen izenak (alcaid edo alchaid): Fortunio Gartzes edo Gartzeiz, 1148tik 1151ra; don Rodrigo, 1153tik 1157ra.

Fiteroko monasterioaz baliatu ziren Gaztelako erregeak piriniar erresuman sartzeko, eta Nafarroako erregeek aurre egin behar izan zieten. Lehia horretan ikaragarrizko indarra hartu zuen monasterioak, eta eliza-jaurgo bilakatu zen, herritarren kalterako. Aita Sainduengandik ere lortu zituzten beren pribilegioak.

1157an, Gaztelako Antso III.ak, bere aita Alfontso VII.a enperadorearen onespenarekin, Tudejengo gaztelua eman zion Sancte Marie Castellonis monasterioari, eta bide batez hango abadeari, eta agintari berriak jarri zituzten, dirudienez, ¿alcaid Lupo de Mendocia¿ (Mendoza, agiri batzuetan) edo ¿Tudejengo jauna, Fiteroko abadea izanik, eta haren mendean Luppus de Mendocia¿, 1177an. 1168an, emandakoa berrestu eta beste ondasun batzuk eman zizkien Alfontso VIII.a Gaztelako hurrengo erregeak.

Ez zuten Nafarroako erregeek atzera geratu nahi izan, eta dohaintzak eta pribilegioak ematen hasi ziren berak ere; Antso VI. Jakituna (1150-1194), aurrena, 1157an, 1164an¿ Eta Antso VII.a Azkarrak (1194-1234), gauzak argi gera zitezen, Tudejen, Niencebas eta Villa Desierta eman zizkien 1211n, lehendik ere monjeenak ziren arren.

Mugako gerrekin aberastu egin zen monasterioa, baina pixkana-pixkana hustu egin ziren inguruetako herriak, Tudejen, besteak beste. Fernando III.a Gaztelako eta Leongo erregeak muga indartu nahi izan zuen orduan, eta Tudejen-era bizitzera joan zuten musulmanei pribilegioak eskaintzen hasi zen 1222an. Baina hori ez zen nahikoa izan, dirudienez, 1266an, Alfontso X.ak Tudejen-era biztanleak eramatera behartu baitzituen Fiteroko monjeak, eta hara joan nahi zutenei eragozpenik ez jartzeko eskatu zien. Erabaki bera hartu zuten Fernando IV.ak 1308an eta Alfontso XI.ak 1315ak. Hala eta guztiz ere, XIV. mendearen lehenengo erdian hutsik geratu zen Tudejen.

Gazteluari buruzko garai horretako berri zuzenik ez da agirietan, Tudejen eta gaztelua biak monjeen jaurgoko baitziren. Nahi ahal, aldiz, monasterioa erresumen arteko muga-arazo izan zen garaikoak. Gaztelaren eta Nafarroaren arteko mugak zehazterakoan sortu zen gerra (1334-1336), Fitero zein erresumatakoa zen ezin erabakiak, ¿Fitero dela eta¿, sortarazi zuela diote garai hartako testuek eta Moret XVII. mendeko historialari nafarrak.

1335ean, gaztelarrek zauzkaten Tudejen-go gaztelua eta Fiteroko monasterioa. Gero Sulli Nafarroako gobernadoreak kendu zizkien, aragoarren laguntzarekin, baina atzera gaztelarrek kendu zien gaztelua, eta han geratu ziren, hurrengo urtean, berriz ere Sulli gobernadoreak bidali zituen arte.

Monasteriokoak ere zein bere ¿hiritartasunaren¿ aldera okertu omen zen, gertaera horiekin, eta dirudienez fraide batek lagundu zien gaztelarrei gaztelua bigarren aldiz hartu zutenean. Eta garai hartako agiriek diotenez, gaztelarrak Tudejen-go gazteluaren behean eraikitzen ari ziren herria desegin zuten nafarrek, Tudejen seguru asko.

Baina, bi liskar-iturri haiei zer irtenbide eman eztabaidatzera eseri ziren azkenean. Cuevasko Ituna (1336-2-28) deritzaten hartan sinatu zutena, ordea, ez zen Guy Boulogne frantziar kardinalak 1373an Nafarroaren aldeko epaia eman zuenean arte gauzatu ahal izan. Hurrengo urtean Nafarroako erregeak izendatu zuen gazteluzaina Tudejen-en, Pedro Sanchez Monteagudo, hain zuzen, eta handik aurrera errege gazteluen artean agertzen da Nafarroako agirietan. 1378-1379 urte bitartean egindakoak dira paperetan agertzen diren lehenengo konponketak.

XV. mendearen hasieratik aurrera gero eta sarriago agertzen dira fraideak gazteluan. 1408an Joan Añon abadea zen gazteluzain eta Pedro Garzia Añon anaia jarri zuen ordezko. Dirudienez, mugako gaztelua zela-eta, ez zuen inork hara bizitzera joan nahi. Ondoko urteetan ez zuten fraideek zenbait zerga pagatu beharrik ere izan, nahikoa egiten zuten nonbait konponketarako lehengaiak ematearekin, gaztelua zaintzearekin gerrariak mantentzearekin.

1405ean, 1408an eta 1412an, hiru urteetan aritu ziren konponketetan, baina 1412an egin zituzten handienak, 213 libera eta 7 diruko gastua izan baitzuten urte horretan, egurra abadeak berak eman zuen arren. Martinenaren ikerketetan agertzen diren lanetatik dorre nagusiari garaiera gutxitzea da aipagarriena.

Gaztelarren aurkako 1429-1430ko gerra zela-eta, abadeak gerrariak jarri zituen gazteluan, baina 1430ko martxoan behintzat errege-administrazioak ordaindu zituen 2 armagizonen eta 8 baleztarien gastuak. Hartan ere hartu zuten gaztelua, eta beste hainbat hiri eta gaztelu bezala, berek eduki zuten Mejanoko Ituna arte, 1436a arte alegia.

XV. mendeko Nafarroako gerra zibiletan Agramondarren alde jarri ziren Fiteroko fraideak. 1444etik aurrera Peraltako Joan abadea (1443-1451) zen Tudejen-en gazteluzain, agirietan agertzen denez horri ematen zioten behintzat soldata. Gerra aprobetxatuz eta Kanpezu galdu izanak beroturik, 1448an gaztelua hartu zuten gaztelarrek. Baina gero gertatu zen handiena. 1465eko irailean, Migel Magallon abadeak Peraltako Pedro Nafarroako kondestable eta Agramondarren buruzagi zenari utzi zion gaztelua, baina ordainetan agindutako 40 kaiza gariak ematen ez zizkiotenenez, 1467an, hark jarritako Joan Eraso gazteluzaina kargutik kendu zuen abadeak, basailu talde batekin joanda. Eta libre utzi zutenean, monasteriora joan, eta abadea hil zuen Joan Erasok, abadeak egin zion iraina garbitzeko.

Gazteluak Peraltako Pedroren esku jarraitu zuen gero ere, baina monasterioaren jaurgoko, era berean. 1482tik aurrera, Peraltako Migel Pedroren anaia abade zela (1480-1503) monasterioaren inguruko etxaldea gotortzen eta jendea hara eragiten hasi ziren monasterioa babesteko asmoz, eta Tudejen-go gaztelua gainbehera joan zen orduan, eta agirietan gehiago ez azaltzeraino, gainera.

Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegian badira -1802an argitaratu zen hori- bi edo hiru informazio berri interesgarri gazteluari eta Fiteroko monasterioari buruz: ¿Oraindik badira haren aztarna batzuk eta gazteluak biltzen zuen herriarenak ere bai, eta Fiteroko monasterioan gordetzen da zin egite dorreko giltzarrapoa, edertasun handiko lana.¿

1835ean estatuak komentua kendu zien fraideei, eta han bukatu zen jaurgoa ere. Fraideek zituzten eskubideen eta ondasunen inbentarioa egin zuten gero, eta elurzuloaz aparte, Erdi Aroaz geroztik zuten castillaje izeneko zerga-eskubidea kendu zieten, Gaztela aldera edo Nafarroa aldera igarotzen zen artalde bakoitzeko bi buru hartzeko eskubidea alegia.

Tudejen

Hegoaldeko eraikin gangaduna. Argazkiaren ezkerraldean, Tudejen herriaren kokalekua eta, atzerago, Errioxako lurrak. (2002)

Egitura eta aztarnak

Ez da Gustavo Adolfo Becquer idazle andaluziarraren idatzirik ezagunena eta ederrena agian, baina historia Tudejen-en kokatu zuenez, ez litzateke La Cueva de la Mora (1863) aipatu gabe uztea zuzena. Lekua ezagututa idatzitako historia izanik, bestalde, 1861tik 1866rako urtetan bat huts egin gabe izan baitzen Fiteroko bainuetxean.

Harkaitz batean dira gazteluaren aztarnak, eta gain guztia hartzera 80 metro luze izango zen gaztelua, baina gaur egun 40 metro luzeko eta 25 metro zabaleko eremuan bakarrik aurki ditzakegu.

Martinenak aztertu eta bildu zituen agirietako batean barreras hitza agertzen da, 1412ko konponketez ari delarik. Gazteluko eremutik kanpora ere barbakanak edo¿ beste eraikuntzaren batzuk bazirela adierazten du horrek: ¿Gazteluaren inguruko hesien ate batzuk harriz eta igeltsuz itxi.¿

Iparraldean, eraikin gangadun bat da lehenengo ikusten dena. Harkaitzean eginiko ebaketa batean dago. 2,5 metro zabal eta 4 metro luze da. Handik gertu, horma aztarna xume daude, tontor aldera, eta aurrerago, dorre nagusiaren hormak, mendiaren gunerik garaienean. 2 metro lodiko 4 horma sendo, hori da Erdi Aroko dorre nagusi hartatik geratu dena. Gaur egun 3,30 x 4,50 metro luze-zabaleko zulo bat eratzen dutela daude. Galeria batzuk ere badira ondoan, altxor biltzaileek eta Becquer-ek berak arkeologoek bezain ongi ezagutuko lituzketenak. 5 metroko garaiera duen hormatal bat dago dorrearen ekialdean, kanpoaldera, eta ekialdeko harresiaren beste zati eder bat, gero, amildegiaren gorenean irtenune bat egiten duela, 5 metroko hormataletik hegoalderantz joanda.

Dorrearen inguruan aztarnak pilatuago daude aztarnak eta zaila zer non hasten den eta non bukatzen den antzematea, oraindik nahikoa osorik geratu den gangadun bat izan ezik. 4,5 metro luze eta 3,5 metro zabal da barruan. Iparraldeko muturrean gorainoko ganga du oraindik. Ezer gutxi geratu da hegoaldean zuen harresitik. Harkaitza ebakirik dago alde horretan. Horiek dira hegoaldean ikus daitezkeen azken aztarnak, harkaitzak beste 20 bat metro luzatzen den arren.

Alde horretan eta mendebaldeko maldan dauden hormatalak, harri eta kareorez eginak dira, ia aztarna guztiak bezala, eta gune batzuetan zaila da horma-lerroak non jarraitzen duen igartzea. Dena den, gaina inguratzen duten bi harresi nabari daitezke malda horretan.

Inguruan nonahi aurki daitezke zeramika puskak, eta mota askotakoak. Alhama ibaiko alde horretan leku bat baino gehiagok du Dehesa del castillo izena, eta gazteluaren hego-ekialdean den kortari Corral del Castillo esaten diote herritarrek.

Tudejen

Dorre nagusiaren aztarnak. Atzerago, Alhama ibaiko ibarra eta, atzerago, Fitero eta Cintruenigo. (2002)

Iristeko

Valverdera doan NA-6991 errepidea hartu behar da, eta errepide horretan 200 metro egin ondoren, baratzeetan barrena doan pista bat hartu behar da. Handik 2,1 kilometrora kokatu zuen Becquer-ek Cueva de la Mora historiaren bukaera. Leize horretan gaztelurako eskailerak ikusi zituen Bequer-ek. Gazteluaren behealdetik jarraituz, pistan 3,1 kilometro eginda dagoen bidegurutzean utzi utz daiteke ibilgailua. Bi bideen artean gora doan tontorretatik igotzen da gaztelura. 10 bat minutu behar dira goraino igotzeko. Bide horren beste aldean dira elurzuloa eta Tudejen herriaren lekua.

Tudejen

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk