Itzuli orri osora

Toloño

FITXA

Udalerria: Bastida

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Toloño mendilerroan zen gaztelua, izen bereko mendiaren ondoan den harkaitz zorrotz, estu eta luze batean; itsasoaren mailatik 1.250 metro gora. Ez da Toloño aldean zen gaztelu bakarra. Gaztelua zen lekutik begira jarrita, Bastida herria eta Errioxa osoa ikusten dira hegoaldera, eta Buradongo arroila, hego-mendebalera. Inglares ibaiaren ibarra du mendebalean eta iparraldean, Ebrotik Urizaharra alderako bidea, alegia; Gasteizko mendiak eta hango gazteluak, iparralderago, eta Toloño mendilerroaren jarraipena, ekialdera.

Bastida eta Urizaharra herrien arteko muga harkaitz horren gainean zehar doa gaur egun.

IX. mendearen erditik X. mendea bitartean, eta musulmanei aurre egiteko eraiki zutela esan izan du zenbait historialarik, baina ez da hori seguru baiezta ahal izateko adinako frogarik aurkitu oraindik. Dauden aztarnak eta hondakinak XIII. edo XV. mendekoak dira, eta muga zaintzea zen han zen gazteluaren egitekoa.

buradon gaztelua

Barrutiaren ekialdeko muturra kanpotik begiraturik. (2000)

Historia

Toloño izenaren ñ hori dela eta, jatorriaren bila ere ibili dira adituak, baina, Tolonio, Tholoyno, Tholoynno, Toloyno, Toloynno, Tolonno, Tullonio¿, nola ote zen, ez datoz denak bat.

Iruñeko lehenengo edo bigarren erregeak, Eneko Aritzak (824-852) edo Garzia Iñigezek (852-882) egin zuela zioten lehengo historialariek. Toloño hau eta Ptolomeok eta Antoninok aipaturiko Tulonio barduliarren hura bat direla diote, gainera, horietako batzuek. Ezin izan dute frogatu, halaber, Toloñoko santutegiak edo monasterioak eta gazteluak harreman estuak zituztenik, edota, ingurua musulmanen aurkako gerra garaian gune erlijioso-militarra zenik frogatu, 1275ekoa dugu monasteriori buruzko aipamen bat: ¿Maisu Martin, Toloñoko abadea¿ agertzen da.

XI. eta XII. mendeetako agirietan ez da Toloño izeneko gaztelurik agertzen. Ximenez Radak ere ez du, 1199an eta 1200ean Gaztelako Alfontso VIII.ak hartu zituenen artean aipatzen; ezta erregeak berak ere, 1204ko gaixoaldian egin zuen aitorpenean.

Baina, Nafarroako Erresumaren barnean iraun zuen handik aurrerako 250 urteetan; Toloño mendilerroa ardatz zuela, Gaztelako Erresuman lur-adar bat bezala sarturik, izan ere, Urizaharra (iparraldean) eta Bastida (hegoaldean) Gaztelako parte ziren. Ez dakigu 1199an zer gertatu zen, ezta Toloñon gaztelurik bazen ere, baina 1279rako egina egongo zen, urte horretan eraiki baitzuen inguruko harresia Sancho Martinez Leibak eta lana ontzat eman omen zuen, Renalt Rourai orduko Nafarroako gobernadoreak, Ribas herrian sinatutako agiri batek dioenez. Izugarrizko dirutzak gastatu zituzten hurrengo urtean ere. Lope Garzia zen orduan gazteluzain. Ur biltegia, sotoa, jauregi berria eta lau etxebizitza egin zituzten urte hartan. Harkaitza berdindu behar izan zuten horretarako, 70 libera ordainduta.

1279 eta 1280. urteetako lanak ikusita, urte horretarako gaztelua bazegoela esan daiteke, baina goitik behera eraldatu zuten, askoz gotortuago eta erosoagoa eginez. Behin betiko itxura emango zioten gazteluari ziurrenik. Lan egiten zuten bitartean, ibar-jauna eta hainbat noble oinezko eta zaldunekin ibili ziren inguruan babesteko asmoz, gaztelarrak gertu baitzebiltzan. Zaldi bat, 4 liberetan baloratua, ostu zuten gaztelarrek.

Joan Ortiz San Millan izan zen hurrengo gazteluzaina, 1290etik aurrerako agiriek diotenez. 20 libera eta 100 kaiza gariko soldata zuen honek, urteko. Txikixeagoa, 16 libera eta 80 kaiza garikoa zuen XIV. mendearen hasieran zegoenak. Baina hori zen sistema horren arabera orduan kobra zitekeen handiena. Mende horren bigarren erdialdean ere, ziren handienetakoa zuen Toloñoko gazteluzainak: 8 libera eta 40 kaiza garikoa. Garai horretan (1351) Joan Garzia Otazu (edo Ianiz) zen Toloñoko gazteluzain. Gazteluzainaren soldatak adierazten zuen gaztelua mugakoa zen ala ez.

1354an, labe berria egin zuten horretarako zegoen eraikinaren barruan.

1355ean, teilatuetako ubideak eta ura biltegira eramateko zorrotenak aldatu egin behar izan zituzten.

1372ko urtean Toloñoko eta inguruko gazteluetan egin ziren konponketa lanak Kalagorriko gotzaindegiak ordaindu bide zituen, florinetan.

Hurrengo urtean, gaztelarrek gaztelua hartu zuten eta ¿eraikin asko desegin eta erre zituzten.¿ Berreskuratu zutenean, Joan Fernandez Toverari, orduko gazteluzainari ordainarazi zizkioten konponketako lanak, gaztelua behar bezala defenditu ez zuelako.

1404ko uzta txarra izan zela-eta, hurrengo urteko lehenengo soldata, Kandelarioetakoa, alegia, garitan eman beharrekoa ere dirutan eman zieten Nafarroako Erresumako gazteluzainei. Erreginak agindu zuen hala egiteko. Torok, Toloñok eta Guardiak bakarrik jaso zuten soldata aurreko urteetan bezala. Horiek mugako gazteluak baitziren, eta ondo tratatu beharrekoak. 1429ko estualdian, berriz, Sancho Diaz Abalos Toloñoko gazteluzainak lortu zuen, San Vicenteko apaizengandik, Toloñoko eta Herrerako soldaduentzat garia: 70 kaiza.

1430ean ¿artean Sancho Diaz Abalos zen gazteluzain¿ gaztelarrek hartu zuten Toloño. Eta 6 urtez Gaztelako Erresumarena izan beharko zuen, gainera, urte bereko uztailean Mejanon sinatu zuten itunaren arabera, bai Toloño gaztelua, eta baita mugako beste zenbait gaztelu eta herri ere. Toledoko itunaren ondoren, Nafarroako erregeari itzuli zioten atzera. 1436ko azaroan, errege-erreginek Joan Gomez San Vicente izendatu zuten gazteluzain, eta urtean 8 libera eta 30 kaiza gari emateko konpromisoa hartu zuten.

Martinenaren arabera, 1280tik 1447ra bitartean 20 gazteluzain izan ziren Toloñon, eta aipatzen dituen izenek adierazten dutenez, San Vicenteko adarretik zetozen bost, eta Abalosko adarretik, lau. Garai horretan Toloñoko gazteluak Errioxarekin harreman estua izan zuela erakusten du horrek.

1450 inguruan, ohiko gerrariez gainera, 10 baleztari ere baziren Toloñoko gazteluan, XV. mendea gerra zibilen mendea izan baitzen. Handik hamar urte ingurura, gaztelarrak sartu ziren, Vianako Printzearen aldekoek deituta, eta Toloño eta Arabako Errioxa alde guztia hartu zituzten, 1461eko udan; behin betiko eta gatazkarik gabe, gainera, seguru asko. Handik hara, pixkana-pixkana apalduz joan zen gaztelua.

Bitxikerien artean aipa daitekeena, zein urtetan ez dakigun arren, Joan Phença, Ribas herriko San Migel elizaren ardura zuena, Iruñera preso eraman zutela Toloñoko gazteluaren inguruetan altxor bila azterketan hasi zelako.

Toloñoko Andre Maria santutegiaren eta monasterioaren parte batzuk egiteko, XVII. mendearen bukaeran eta XVIII.aren hasieran eraberritu zituztenak egiteko, behintzat, gazteluko harriak erabili zituzten, seguru asko. Elizaz aparte, 22 gelako ostatua, 5 sukalde, han bizi zirenentzako gelak eta ziega bat ere bazuen eta XVIII. mendean.

buradon gaztelua

Santutegiaren aztarnak, ezkerretan, eta gazteluaren kokalekua, haitzik garaienean. (2000)

Egitura eta aztarnak

Egiturari buruz gauza gutxi jakin daiteke, diren aztarnak ikusita behintzat. Dena dela, harkaitzetako gaztelu deritzaten horietakoa izango zen, eta eredu gisa hartzekoa, seguru asko, harkaitzaren ia gain guztia hartzen zuen eta. Estua eta luzarana zen. Ekialdeko muturretik gertu zuen dorre nagusia, seguru asko. Aztarnen lodiera eta forma ikusita, beste dorretzar bat ere bazuen mendebaleko muturrean. Ekialdeko lubanarroa dagoen lekuan ez ezik, beste leku batzuetan ere ebaki zuten harkaitza, zorrotzago egiteko, batetik, eta sarbidea erosotzeko, bestetik.

Zenbait harri ilara geratu zaizkio oraindik mendebaleko muturrean, eta ikusi ere ikus daitezke hegoaldetik edo mendebaletik begiratuta. Hegoaldean ere bereiz daiteke hormatalen bat edo beste, harkaitzean. Iparraldetik edo ipar-ekialdetik begiratuz gero, garbi ikusten da goialdea ez dela batere laua; baita gazteluaren luzera zenbatekoa zen ere. Ekialdeko muturrean dagoen harresiaren zuloa ere ederki ikusten da alde bi horietatik. Teila puska asko dago, bestalde, harkaitzaren inguruan.

Gazteluak edo harkaitzaren goiko aldean dagoen esparruak 43 metro ditu, zuloa duen hormatik mendebaleko muturrera. Mutur horretatik gertu du zabalerarik handiena: 8 metrokoa. 1¿70 metro lodiko eta metro bete altuko hormatal bat ere nabari da mendebaleko muturrean; dorre baten beheko aldea da, inondik ere. Zabalerako neurria ikusita, gezurra dirudi 1280ko lanen ordain-agiriek diotena, Jauregi deitutako eraikina goialdearen inguruan eraiki zutela ¿gaztelu guztia haitzaren inguruan egiteagatik.¿

Gazteluaren ekialdeko muturrean hormatal luze baten aztarnak daude, ipar-ekialdean, eta gaztelua ekialdetik ixten zuen horma, sarbide arkudun batekin. Ipar-ekialdeko hormatal hori harlanduz egina zen, hormaren barruko aldea izango zen, seguru asko, baina gaur egun galduak ditu landutako harriak.

Gazteluaren barruko esparruan bizpahiru sakonune daude; eta harkaitz bat, erdi-erdian, dorre nagusia zen lekua, agian. Harresiko hormatalak ez dira goitik ondo ikusten, kolore bera baitute harresiak eta harkaitzeko harriak. Eta harresiaren arrastorik ere ez dago leku askotan.

Harkaitzaren goiko aldean, ekialdeko muturrean, baina harresiaren kanpoko aldetik, pitzadura bat dago; garaietan lubanarro gisa erabilia, itxura denez, angelu zuzen handi bat eratzeko ebakia baitago harkaitza. Baina zaila da zertarako ebaki zuten ziur jakitea.

XVIII. mendearen bukaeran Espainiako Historiako Errege Akademiaren hiztegirako bidali zuten idatzian honako hau irakur daiteke: ¿...Iparraldean eta Hegoaldean egitura gotortuen eta dorretzarren arrastoak ageri dira, eta ikusten da oso sendoak eta gotorrak zirela.¿

buradon gaztelua

Peña del Castillo haitza, hegoaldetik begiraturik, beharbada Urizaharrako Villamonte gazteluaren kokaleku izan zen, 1288an. (2000)

Toloñokoaz aparte

Beste gaztelu txiki baten aztarnak ere aurkitu genituen Urizaharra edo Ribas mendatean goian, ekialdera. Peña del Castillo deritzan harkaitz zorrotz baten gainean daude aztarna horiek: harri ilara batzuk, harkaitza landua, leku batzuetan, eta lubanarro baten aztarna, behean. Inguruko gazteluen egiteko bera izango zuen horrek ere. Urizaharrako sailetan dago harkaitza, baina ez dugu gazteluaren aipamenik aurkitu. Urizarreko Villamonte gaztelua izan daiteke, agian, 1288an Gaztelako Antso IV.a Bipilak herri horretan hartu zituen 4 gazteluetatik non den ez dakigun bakarra baita (Urizaharra, Mendiluzea eta Herrera dira besteak). Mendatea, berriz, Erdi Aroan Bolunbalatxe zeritzana izan daiteke, beharbada.

Iristeko

Toloño izeneko bi tontorren artean dago gaztelua zen lekua, edo harkaitza, 1.271 metroko altuera dute bi tontorrek. Santutegia zen lekuko aztarnategitik mendebalera dago. Bide asko dira harkaitzaren beheko aldera iristeko, baina bi abiapuntu nagusi daude. Bastidan hasten dena da erabiliena (550 m), baina askoz erosoagoa da Urizarra edo Ribas mendatetik barrena doana (945 m).

Gaztelua dagoen harkaitzaren iparraldean, landutako bide batetik ere igo daiteke aztarnategiraino, eta sokarik gabe ere bai, baina oso arriskutsua da. Bidea bukatzen den lekuan, 1¿5 metroko salto bat eginda pasa beharra dago, gaur egun zubirik ez dago eta. Harkaitzaren goiko aldean erants leku edo uztai moduko bat ere badago, rappel egiteko, hegoaldeko ertzean.

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk