Itzuli orri osora

Santxikorrota

FITXA

Udalerria: Bardea

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Beheko eta Goiko Bardea Zurien mugan den tontor batean daude Santxikorrota gazteluaren hondakinak. 495 metro ditu mendiak, eta ondo bereizirik dago ingurukoetatik. Erronkariko artzainek erabiltzen zuten abelbidea igarotzen da mendiaren iparraldetik eta ekialdetik. El Rallon mendi ikusgarriak ditu Ipar-mendebaldean, eta Piskerra mendiak harago, Bardea Zurien arteko muga egiten dutela, biak; eta lautada zabala du mendebaldera eta hegoaldera. Espainiar gudarosteek tirorako erabiltzen duten eremuan da lautada horren parte bat.

Hiru abelbide elkartzen dira mendiaren ekialdean: Erronkariko eta Rallasko artzainek erabiltzen zituztenak, eta Aragoitik zetorrena.

Alde horretan 800 bat metrotara da Nafarroaren eta Zaragozako probintziaren arteko muga. Muga kontuan ez da, bestalde, Nafarroako eta Aragoiko erreinuak sortu zirenez geroztik aldaketarik izan. Mugak eta abelbideak zaintzea zen, beraz, Santxikorrota gazteluaren egiteko nagusiak.

Santxikorrota

Aztarnen erdigunea, ekialdetik mendebaldera. Ur biltegi gangaduna ikusten da, eta Bardeako Tiro-Eremurako behatokia ere bai, bota baino lehen. (1995)

Historia

Arkeologiarako eta historiarako jakin-min pixka bat dutenentzat ezagunak dira gaztelu honen aztarnak, baina Erdi Aroan gazteluari nola zeritzaten ez du oraindik inork argitu ahal izan. ¿¿eta izenik gabeko bestea Bardea Zurian¿ dio Altadillek Bardeako gazteluez ari dela. Bardeako beste birengatik ere Atadillek zioena esan beharko litzateke: Pui Agilagatik eta Cabezo de los Ladronesengatik, alegia. Eta lanak emanda gero aurkitu edo erabaki zituzten beste batzuenak. Euskal Herrian horrelako kasu gutxi geratzen da.

Dakigunez, Foz da, Aragoiko Fernando infanteak bere 1230eko inguruko gutunean aipatzen zituen gazteluetan, oraindik non zen aurkitu ez duten bakarra: ¿...Bardean eraikiarazi zenuena: Agilar, hau da, Antso Abarkaren gaztelua, Fozeko gaztelua, Estakako gaztelua, jakinik¿¿

XIX. mendera arte Bardean babestu izan zen, gudateen ondoren bizimodu arruntera ezin itzulirik-edo, gero harrapaketatik bizitzea erabakitzen zuen inguruko herrietako jendea. Nafarroako mugak gotortzeko eta zaintzeko ez ezik, gerrari ohien mugimenduak kontrolatzeko ere eraikiarazi zituen, beraz, Antso VII.a Azkarrak Bardeako gazteluak.

Beharbada bidelapurrak kontrolatzeko eraikiko zuten Santxikorrota ere, eta horretarako eraiki baldin bazuten ondo jarria du egungo izena, XV. mendean bizi izan zen bidelapur batenetik hartua baitu, hain zuzen. Sancho Rota zen bidelapurraren izena. Nafarroan gerra zibila zela aprobetxatuz 30 bat zaldizkorekin Bardea aldean lapurretan eta bahiketak egiten ibiltzen zen bat zen Sancho Rota hori. Izan zuen jokaera zuritu nahiz-edo, Agramondarra zela ere esaten dute batzuek. XV. mendeko bigarren erdialdean (1452an?), 200 zaldizko bidali zituen Joan II.ak (1425-1479) haiek harrapatzera. Inguratu zituztenean sastakai batez bere burua hil omen zuen bidelapurren buruzagiak. Herritarrek diotenez Santxikorrota gazteluan eta handik gertu den leize-zulo handi batean gordetzen ziren. Sancho Rotaren gorpua Tuterara eraman zuten gero, eta urkabean zintzilikaturik egon omen zen egun batzuez.

Ez da Santxikorrota gazteluari buruzko dokumenturik agertu, ez konponketei buruzkorik, ez gazteluzainei buruzkorik eta ez bestelakorik. Bertara joanda ikus daitekeenarekin eta zenbait adituk idatzitakoarekin etsi beharko dugu, beraz. Eta badira lan interesgarriak. Blas Taracenak Vianako Printzea erakundearen aldizkarian argitaratu zuena da bat (26 zkia., VIII. urtea, 1947, 13-19 orr.). Taracena 1946an izan baitzen han, eta orduan gaur baino aztarna gehiago baitzegoen, gero egin zuen krokisean eta idatzi zuen artikuluan aditzera ematen duenez. Aipatu gabe ezin utz daiteke Jesus Sesma eta M. Luisa Garzia ikerlariek beren tesiak laburbilduta argitaratu zutena ere. Horien ustez bi aztarnategi edo bi aztarna sail dira Santxikorrotan, Erdi Arokoa eta Brontze Arokoa.

Agiritegietan aipamenik ez izateak nahi ezta ere zergatik ez da? galdera egitera garamatza. XIII. mendean higadurak gaztelua uztera behartu zituelako beharbada? Dena dela, aspaldidanik zegoen alde batzuetan harresirik ez zuela. Eraiki zutenetik izango zituzten higadurarekin arazoak, eta ez zen, bestalde, inguruan duen amildegiarekin konpontzea lan erraza izango. Eta, herritarrek dioten bezala, Sancho Rota han ibiltzen baldin bazen, XIV. mendean errege administrazioak alde batera utzia izango zuen.

Badira sortze ondoko izenik eta historiarik edo paperetan aipamenik ez duten beste bi gaztelu ere Bardean: Pui Agila eta Cabezo de los Ladrones. Eta hemen ere historia propiorik gabe geratuko direnez, Santxikorrota gazteluaren ondoan aipamentxo bat egitea merezi zuela uste izan dugu. Jesus Sesmak eta M. Luisa Garzia ikerlari eta senar-emazteek aurkitu zituzten, beste zenbait aztarnategi berri bezala, beren tesiak egiten ari zirela, eta Erdi Arokoen artean sailkatu zituzten

- Pui Agila: Aragoiko mugan zen, izen bereko tontor batean. Zeramika puskak badira inguruan, baina gazteluaren arrastorik ez da, esateko.

- Cabezo de los Ladrones: Balcon de Pilatos deritzaten mendian zen gaztelua. Gaur egun mendebaldeko muturrean bakarrik dira aztarnak: lubakia, harresia izandako lekuan pendiz bat eta 5 metroko diametroa zuen ur-biltegi zirkular bat, hori da aurkitu zuten guztia.

Santxikorrota

Inguruko harresiko iparraldeko hormaren oinarriak. (2000)

Egitura eta aztarnak

Mendiaren batera gazteluaren hondakinak ere behera daramatza higadurak eta gero eta aztarna gutxiago da Santxikorrotako gainean. Tamalez mendiaren maldan eta barrenean ikus daitezke gaur gazteluaren harri asko, baina buztinik eta igeltsurik ez, noski.

Lehen gain guztia zuen laua, baina orain erdian, ipar-mendebaldean eta hegoaldean bakarrik dira zelaiguneak, eta nahiko txikiak. Hormatalik luzeena iparraldean da gaur egun. Alde horretan 75 bat metro ditu guztira, eta gainaren luzera osoa hartzen du ia. Bestalde, 24 metroko tartea dago atal horretatik hegoaldeko muturrean diren harresi aztarnetara. Zelata-leku soila baino gehiago zen, beraz.

Mendiaren ertzari jarraitzen ziola izango zuen harresia, eta hori edo horren puskak erori izango ziren lehenengo. Mendebaldea da higadura gehien jasan duen aldea.

Hegoaldeko atalak 2 metroko luzera du eta 0¿80 metroko zabalera.

Iparraldeko harresia ikusten da ondoen, higadura gutxiago izan delako-edo puska luze samarrak geratu baitira alde horretan. 10 metro ditu atalik luzeenak, eta 0¿80 metroko zabalera; metro betekoa ere bi, erdi aldera. Baina ez dakigu zeinek eutsi dion zeini, mendiak harresiari edo harresiak edo horren oinarriek mendiari. Ipar-mendebaldeko izkinatik gertu irtengune bat du, dorre angeluzuzen baten horma-kantoia zelako-edo. Ekialdeko ertzean ere badira aztarna batzuk, izkina egiten dutela.

Blas Taracenak ekialdetik begiratuta egin zuen krokisa. Erdiko hiru aldeak marraztu zituen, eta bi izkinak biribilean eratuak agertzen dira krokisean. 1946an hori guztia ikusi bazuen, aldaketa handiak izan dira 50 urteetan.

Ur biltegia da harresi-barruko eremuan den aztarnarik interesgarriena. Gangaduna da, eta gaur egun gangaren gorena bistan du, baina hori ere lurpean izango zuen lehen, seguru asko. Landutako hareharriz egina du ganga eta 29 harri ilarak osatzen dute alde batetik besterako buelta. Zulo karratu bat du gainean; ura ateratzeko egina, beharbada. 5¿70 x 4¿70 da luze-zabalean. Ez dakigu jaisteko eskailerarik bazen ala ez; beheraino behintzat ez zuen izango, hormak zorutik hasten baitira bi aldeetan. Itxieraz aparte beste horma bat ere badu iparraldeko muturrean.

Blas Taracenaren ustez dorre nagusiaren sotoa zen hori, ziegaren bat-edo. ¿Ahanzturaren ziega¿ baitio berak. Beharbada horren gainean egongo zen dorre nagusia, baina ur biltegi izateko egin zuten; horretan ez dago dudarik. Herritarren ustez, Sancho Rotak bai, erabili zuen ziega gisa.

Haraxeago, tiro eremuko behatoki izandako eraikuntzaren hondakinak daude, ur biltegitik gertu. Ez ziren, dirudienez, behatokia egiteko material bila gehiegi nekatu, adreilua eta gazteluaren hondakinetako harri landua erabili baitzuten.

Bada harriz eta lurrez osaturiko pila bat ere. Zaila da azpian zer dagoen ikusi gabe zerena den jakitea. Beste eraikuntzaren baten aztarna dela dio Taracenak.

Santxikorrota

Blas Taracenak 1946. urtean marraztutako aztarnen krokisa: (Principe de Viana, XXVI. Zkia., 8. urtea, 1947)

Iristeko

Bardeako tiro eremuaren ipar-ekialdean daude Santxikorrota gaztelua eta mendia, Erronkariko artzainen abelbidearen ondoan. Mendi barreneraino joan daiteke autoz. 5 minutu besterik ez da behar goraino igotzeko. Mendiaren ekialdeko ertzetik doan bidexkari jarraitu, eta gainera iritsi baino apur bat lehenago, eskuinera joan behar da, amildegia alde batera uzteko.

Santxikorrota

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk