Itzuli orri osora

Ocio

FITXA

Udalerria: Zanbrana

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta egitekoak

Toloño mendiaren ipar-mendebaleko zabaldian dago herria, Lanos de Ocio, Zanbranatik Urizaharrarako errepidearen eta Inglares ibaiaren ondoan, mendi bat eta han den gaztelua eskuinetara bizkar zain dituela, 631 metrora. Behatoki paregabean zegoen gaztelua, eta ibarra zaintzea zen bere egiteko nagusia. Igarobide ona izateko ezaugarri guztiak ditu Inglaresen ibarrak: ibiltzeko nahikoa leku laua da, eta ibaiaren ondoan jarraituz, Toloño mendikatearen iparraldetik, Urizaharrara iristen da, eta nahi izanez gero, Lagranera eta Bernedora, dagoeneko Ega arroan. Bestalde, gaztelua dagoen mendiaren ekialdetik igarotzen da Buradon Gatzagarako bidea, inoiz erromatarren bide ere esan izan diotena, eta Antoninok aipaturiko galtzadarekin-edo Beranturi aldean bat egiten omen zuena.

Ocioko gaztelua

Gotorlekuaren ikuspegi orokorra, ipar-ekialdetik. (1997)

Historia

Astulezko gazteluaren inguruan bezala, Ociokoaren inguruan ere bada Burdin Aroko, erromatarren garaiko eta Goiz Erdi Aroko bizileku eta harrixka gotortu gisa sailkaturik dagoen aztarnategi bat. Hain zuzen ere, gaztelutik hegoaldera diren terraza edo zabaltzetan da aztarnategi hori.

Asko idatzi izan da Ocioko gazteluak musulmanen garaian, hau da, VIII. mendetik X. mendera bitartean izan zuen garrantziaz. Batzuen arabera, Ociokoa gaztelua ere, Ebro ibaiaren inguruko beste hainbat bezala, Asturiasko Alfontso I.ak (739-757) eraikiarazi izango omen zuen. Baina, jakin nahi eta ezin jakinaren lanak baino ez dira horiek, ez baita oraindik gaztelua aipatzen duen dokumenturik inon aurkitu, garai haietakorik behintzat; eta Ocion gaztelua zenik ere ez da ez musulmanen ez kristauen kroniketan agertzen. Ocio 1110eko Leireko agiri batean aipatzen da lehenengo aldiz, baina garai hartako gizon baten jatorria adierazteko orduan ere (Gonzaluo Didaz Ozio jauna), eta Leireko monasterioari egin zioten dohaintza batean lekuko izan zelako.

Aintzakotzat hartua izateko leku paregabean zegoen arren, oso gerora eta bakanka agertu ziren Ocioko gazteluari buruzko aipamenak. Garrantzia handiagoa izan zuen nonbait Buradongoak, eta hark hartu zuen mendean, eta ez izenari zegokionez bakarrik, baizik baita ahalmenari zegokionez ere, garai batean behintzat haren barrutiko izan baitzen Inglares ibaiaren inguruko eskualdea. Eta, XII. mendetik aurrera, berriz, entzute handiagoko bihurtu ziren Zabalateko gaztelua eta herria.

Herria bera ere nahikoa atzera ibili zen aipamen kontuan. Inguruetako herriak hasiak ziren XI. mendearen erdialderako, salerosketaren bat zela, dohaintzaren bat zela edo trukaketaren bat zela, hango eta haragoko agirietan agertzen; edota, 1025 urtean dataturiko Donemiliagako zerga zerrendan, gutxienez, Arabako hainbat eta hainbat herri bezala. Baina ez, zerrenda horretan ere ez dira Ocio eta Inglares ibaiaren inguruko herriak agertzen, eta ez dakigu ziur zergatik agertzen ez diren.

1288an Gaztelako Antso IV.ak Lope Diaz Haro hil zuen eta matxinatu egin zitzaion jendea. Gero, Antso IV.ak banan-banan hartu behar izan zituen hainbat gaztelu, eta orduko gerra-tramankulu guztiak erabiliz. Villamontekoa, Ociokoa eta Zabalatekoa jarraian hartu zituen; Zaitegikoa, berriz, lehenagotik hartua zuen.

Ocioko herria eta gaztelua erregearen ondasunak ziren artean. XIV. mendeko bigarren erdialdean, ordea, erabat aldatu ziren horien eta beste hainbaten jabetza kontuak, 1354an, Gaztelako Pedro I.a Ankerrak Diego Perez Sarmientori eman baitzizkion Añastroko eta Bergantzuko jaurgoak, eta Urizaharra eta Ocio ere bai, 1358an. Bestalde, 1369an Gaunatarrak egin ziren Zabalateren jabe, eta, artean mendea bukatu gabe zela, Diego Lopez Zanbranak bereganatu zituen Beranturi eta haren mende zeuden herriak.

Sarmientotarrek, gero, eutsi egin zioten dohaintzan emandakoari, Enrike II. Trastamarakoaren alde jarri baitzen Enrike II.aren eta Pedro I.a, haren ugazanaiaren arteko gerran (1366-1369), eta, Du Guesclin-en laguntzarekin, lehenengoa garaile irten baitzen Montielgo gatazkan.

Aljubarrotako batailan (1385) hil zen Diego Gomez Sarmiento, Gesaltzako lehenengo jauna, baina testamentua egina zuen orduko, Urizaharran, 1384ko uztailaren 15ean, egin baitzuen. Testamentuak dioenez, seme zaharrenari, edo, Garzia Fernandez Sarmientori utzi zion ondasunen zatirik handiena, Ocioko gaztelua barne. Gesaltza Añanakoari esker hartu zuen Diego Gomez Sarmientok Gesaltzako jauna titulua, eta ez Buradongo Gesaltzari esker, hau ere berea zen arren.

Gesaltzako bigarren jauna Garzia Fernandez Sarmiento izan zen, beraz. Seme-alabarik izan gabe hil zen Garzia Fernandez hori (1393), eta bere anaia Diego Perez Sarmientori utzi zizkion bere titulua eta ondasunak. 1408an hil zen Diego Perez, Gesaltzako hirugarren jauna. Horri zor diogu gaur egun Ocioko gazteluan ikus dezakegunaren parte handi bat. Bestalde, horrek berak eraikiarazi omen zuen Miranda de Ebroko gaztelua ere.

Gesaltzako jaunak bertako konde bilakatu ziren gero (1462). Pedro Ruiz Sarmiento izan zen Gesaltzako lehenengoa. Gero ere urte askoan Sarmiento leinuarena izan zen Ocioko gaztelua. XVII. mendean, ordea, Hijarko dukeek berenganatu zuten, herentzia baten bidez.

Kondearen Lurrak esaten zioten Ocioko eskualdea eta horretatik eman zioten gero, haran horretan zen udal antolakuntza bati ere izena: Kondearen Lurretako Anaidia.

Gazteluari berari dagokionez, dio Landazurik, egoera txarrean zegoela XVIII. mendean. Ocioko gazteluan ere, seguru asko, Arabako beste mendi-gaztelu pribatuetan bezala, (Astulezen, Korresen¿) kondeak guarda bat jarriko zuen, XVII. edo XVIII. mendera arte, bere ondasunak zaintzeko, eta horri esker daude gaur egun gazteluaren aztarnak hain egoera onean.

Non edo non irakurria dugu karlistaldietan ere erabili zutela, baina ezin izan dugu hori baiezta diezaguken agiririk aurkitu, eta ez dugu, halaber, XIX. mendeko moldaketarik ere sumatu gazteluan.

Ocioko gaztelua

Herria eta gaztelua, iparraldetik begiraturik. Inglares haranaren bukaera da, Ebro ibaira iritsi baino lehen. (1997)

Egitura eta aztarnak

Leku ikusgarrian dago gaztelua, eta ikusgarriak dira berorren aztarnak ere, oraindik argi ikus baitaiteke zer egitura zuen. Mendi zorrotz baten goiko aldean dago, baina hiru harresi lerro dituenez, maldan behera ere puska dezentea hartzen du, ekialdera, hegoaldera eta mendebalera, izan ere iparraldean amildegia du mendiak. Labur bilduz, hiru harresik ixten zuten goialdea amildegiak ez zeuden aldeetan, dorre laguntzailez edo kuboz hornituak, eta dorre handi bat hirugarren barrutian dago, mendiaren tontorrean, eta horri atxikirik, mendebaldean, bizileku izango den eraikin luze bat.

Gaztelurako bidea ekialdeko sarreran bukatzen da, garairen batean kanpoko harresiaren ate izan zenaren aurrean, orain, harriak beste eraikuntzaren batean direlako edo, zulo handi bat baino ez baita. Ate edo delako horren jarraian den hormak metro pasatxoko lodiera du, eta bi gezi-leiho ere bazituen. Alde horretan 6-7 metroko garaiera du harresiak. Gazteluaren gehiena landu gabeko harriz egina da.

Harresi luzeak, behetik hasita lehenengoak, alegia, hogei bat metro ditu agerian, ekialdean, hegoaldera luzatzen doan eran landarediak azpian hartzen baitu. Bigarren harresia ere ekialdeko eta hegoaldeko irispidea galarazteko egin zuten. 1¿50 metro lodiko hormak ditu honek, harkaitzaren gainean bermaturik, bestalde. Hau ere tarteka kubo formako dorrez gotorturik dago. Lau dorre bederen nabari daitezke oraindik.

Horietan lehenengo dorrea 2¿40 metro ateratzen da aurrera harresitik, eta 5¿35 metro luze da. Hurrengoa handiagoa da oraindik. Lehengo dorretik hurbil bada igaro gune bat eta han zeharka daiteke harresia. Beste aldean, bigarren eta hirugarren harresi lerroen arteko esparrua dago, ekialdetik hegoaldera L bat eratzen duela. Hirugarren harresi horrek ere baditu bere dorreak: bat ekialdera begira, bi hegoaldera begira eta beste bat ekialdeko eta hegoaldeko atalak elkartzen diren gunean. Dorre horietako baten azpian zulo bat dago harkaitzean, gaur egun aterpe edo korta izateko moldatua.

Bigarren barrutiak iparraldeko muturrean atari baten aurrean du bukaera. Harresien ataririk osoena da, eta hirugarren harresiaren igarobidea, berebat. Atariaren eskuinaldean barbakana antzeko bat dago, harresi horren eta bigarrenaren lotura egiten duela. Hirugarren edo barrueneko harresiak esparru itxi bat eratzen zuen, mendiaren gain osoa hartzen zuelarik. Esparru horretan dira dorre nagusia eta bere garaian bizileku izandako eraikina. Hori zen gazteluko esparru nagusia.

Dorreari nagusia ia karratua da: 10,15 x 9¿30 metro luze-zabalean. Eta, oso horma lodiak ditu: 1,70 metro gutxi gorabehera. Erabat desberdina da dorrearen goiko aldea, eta matxinelek areagotu egiten dute ezberdintasuna. Hormak ere ez ditu hain lodiak goiko aldean. Goian zein behean, lau izkinak harlanduz eginak ditu, baina behealdetan eroriak, harlandu batzuk. Iparralderako horman leiho bakarra du; zulo handiagoren bat ixterakoan egina dirudi; egurrezko eremu gotortu baten atea ixterakoan, beharbada. Sarrera mendebaldean du, harkaitz baten gainean. Barrualdea hutsik du gaur egun, baina gezi-leihoak, habe-zuloak eta beste hainbat zulo ere agerian ditu, baita habe kukulak (habe-buruak) ere. Dena dela, gaur egun zaila da dorrea benetan nolakoa zen jakitea: nola zituen teilatua aldea eta teilatua bera; nolako zur egitura zuen barruan; solairuak eta barruko eskailerak non ziren etab. etab.

Dorre nagusiaren zabalera bera du horren kontra dagoen eraikinak (9¿3 m), baina dorre nagusia baino luzeago da (19¿9 m). Dorrearen ondoan ditu sarrerak, bat iparraldera begira eta bestea hegoaldera begira. Hiru leiho ditu guztira, bat alde bakoitzean. Solairu bakarrekoa zen, dirudienez, eta bizileku erosoagoa izateko asmoz eraiki zuten. Egitura bertsua eta berdintsua dute goiko bi harresiek. Kaxkarragoa da behe-behekoa. Gaztelua aldi desberdinetan eta puskaka eraiki zutela uste dute Agustin Azkarate Garai-Olaunek eta berarekin gaztelua ikertzen aritu zirenek. Hau litzateke ordena, lehenen egin zenetik orainen egin zenera.

- Dorre nagusia

- Goiko harresiaren hegoaldea eta ekialdea.

- Dorre nagusiari erantsirik dagoen eraikina eta goiko harresiaren mendebaldea eta iparraldea, ipar-ekialdeko barbakana edo defentsa berezia barne.

- Erdiko edo bigarren harresi lerroa.

- Behereneko harresi lerroa.

Ocioko gaztelua

Eraikuntzaren bost faseak, Agustin Azkarate Garai-Olaun ikerlariaren arabera (Eusko Jaurlaritza: Arkeoikuska-99)

Iristeko

Zanbrana aldetik edo Urizaharra aldetik iritsi, Ociora ezkero ez dago galbiderik. Autoz ia goraino joan daitekeen arren, hobe da autoa errepide ondoko plazan edo udaletxe zenaren aurrean uztea. Zubi txiki bat igaro, eta gaztelurako bidea hasten da. Bide asfaltoduna da, berria (1998an egina), baina aldapatsua. 700 metro dira errepidetik goraino, beheko harresi lerroaren sarreraraino.