Itzuli orri osora

Mirapeix

FITXA

Udalerria: Tutera

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Murillo de las Limastik -egun etxe talde bat da- hego-ekialdera zegoen gaztelua, Barranco de las Limasen gainean. Mendiaren goialdea laua eta estua da, eta ipar-ekialdetik datorren mendilerro txiki baten amaiera da. Mendiaren norabidea IE-tik HM-rakoa da, eta alde guztietan, Bardeako mendiekin lotzen den aldean izan ezik, malda aldapatsuak daude.

Administrazio aldetik, gaztelua eta ingurukoak ez dagozkio Bardea, Tuterako udalerrian baitaude. Errege Bardea Parke Naturalean ere ez dute sartu (mugatik 600 bat metrora geratu da).

Gaztelu honen historia eta egitekoak Bardeako gazteluenei lotu dizkiete beti, geografia fisikoaren aldetik Bardea baita. Baina Bardea aldera oso ikuspegi mugatua du gazteluak, alde horretako mendiak garaiera handiagokoak baitira. Mendebaldera, berriz, ikuspegia oso zabala da: hasi Tuterako ingurutik (hego-mendebaldean) eta Valtierraraino (ipar-mendebaldean). Eta tartean, Ebroko erribera, Murillo de las Limas, Pullera¿ Gazteluak bere balizko egitekoetan Bardearekin zuen lotura bakarra Tauste-Andia errege abelbidearen adar bat zaintzea izan zitekeen, gazteluaren hegoaldetik eta ekialdetik igarotzen baitzen, 500 bat metrora, Bardean abelbide nagusiarekin elkartu baino lehen.

Bestalde, Murillo de las Limas 1846an behin betikoz Tuterako udalerriari lotu zioten. Herri hori 1119. urte inguruan aipatzen da, Alfontso I.a Borrokalariak Tuterari emandako foruan.

Mirapeix

Kokalekuaren ikuspegi orokorra, goitik begiraturik. Aurrean, dorrea eta, atzerago, gazteluaren eremua. (2002)

Historia

Agirietan, izenaren aldaera asko ageri dira: Mirapiex, Mirapex, Mirapeys, Mirapeiss, Mira peiss, Mirapisce, Mira pisce, Mirapege¿ Geroztik, Mari-Joan gaztelua edo Mari-Joan dorrea izenez ere ezaguna da, gehienbat azken bertsioa, dorre gisa alegia.

Gazteluaren kokalekua ikertu dute, eta Hasierako Brontze Aroko eta Berant Erdi Aroko aztarnategi gisa sailkatu dute tokia, Mirapeix I izenez. Gertu, gainalde berean, badago beste aztarnategi bat, Mirapeix II izenekoa, Bukaerako Brontze Arokoa, eta, harago, beste lau aztarnategi daude, Marijoan izenekoak; Jesus Sesmak eta Maria Luisa Garziak egin dituzte ikerketak.

Erdi Aroari dagokionez, gaztelu honen historia beharbada berridatzi egin beharko da, eta ikusi egin beharko da Murillo de las Limas herriari atxikitzen dioten gaztelua, Mirapeix eta Mari-Joan, hirurak, gauza bera ote diren. Batzuetan aztarnen hego-mendebaldean dagoen dorrea albarrana, autonomoa izango balitz bezala aipatzen da, eta hortik dator gazteluari Mari-Joan dorrea deitu izana.

Mirapeix izenez ezagutzen den gaztelua ikertzeko eta bere sorrera aipatzeko, beti Bardeako gainerako gazteluei lotu izan zaie, eta, Bardeako gaztelu gehienak bezala, Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) 1220. urte inguruan eraikiarazi zuela esaten da.

Dena den, gaztelu hau lehenagokoa dela froga daiteke: 1214ko maiatzean, ¿Falcon, Mirapeixko gazteluzaina¿ ageri da idatzi batean. Antso Azkarra erregeak Domingo Sanchori Mirapeixen lur sail bat erosi ziola adierazten zuen agiri horrek (urte hartan Mirapeixko ¿Requeissa¿¿n erregeak erositako lau lur-sailen agirietako bat da).

Beraz, 1214. urtean bazegoen gaztelu bat Mirapeix izenekoa. Baina urte hartan gazteluzain zena, Falcon deiturakoa, 10 urte lehenago, 1204ko urtarrilaren 29an, Murillo de las Limiasko ordezkari gisa agertzen da, Los Arcos izeneko beste batekin, Nafarroako eta Aragoiko hainbat herriren arteko anaidia sortzekorakoan, Bardeako Estakan.

Toponimoa ere lehenago agertzen da, Mirapiscem, Tuterako hiriak eta Antso VII.a Azkarrak Ebro ibaiaren ezkerraldean, Tuterako zubitik harago, hainbat lan egitea hitzartu zutenean, 1203ko otsailean. Eraikuntzen artean, ubide bat egin nahi zuten, Arguedastik Cabanillasko Kongostora, gazteluaren egungo kokalekuaren azpitik. Errege horrek, Bardea eta ingurukoa gotortzeaz gain, biztanleak hara eramateko ahaleginak egin zituen bere erregealdian.

Mirapeix gazteluari buruzko berri zuzenak oso urriak dira, gainerako errege gazteluekin alderatuz gero. Agirietan geratu diren lanen artean azpimarratzekoak dira 1290. urtekoak. 12 libera erabili zituzten gazteluaren barrutian etxe bat berregiteko, ogi-labe bat eraikitzeko eta eraikinen zabaltzak konpontzeko. Geroxeago, 1315ean, dorre nagusia erortzear zegoen, eta habez eutsi behar izan zioten hormak konpondu baino lehen.

Agiritegiak miatu dituzten ikerlariek alkaide gutxiren izenak aurkitu dituzte. Garzia Fernandez Monteagudo zen gazteluzaina 1341. urtean, eta Migel Oroz, 1351n. Gaztelua zegoen mendiaren beheko lur sailak eta belardiak erregearenak ziren, eta 1345ean, behintzat, gazteluzainak ondasun horien errenten bidez jaso zuen soldata. Azken gazteluzain ezagunak, Migel Oroz horrek, berak ere zerga edo errenta horien bidez jaso zuen soldata 1351n. Lehenago, gazteluzainaren soldata 4 libera eta 4 kaizakoa gari zen, zerga horien zati bat, besterik ez.

Mirapeix XIV. mendean egitekorik gabe geratu omen zen. Izan ere, Mirapeixen eta Aragoiko mugen artean beste gaztelu batzuk ere bazeuden. Bestalde, hor zeuden Tutera, 7 kilometrora hegoaldera, eta Arguedas, 7 kilometrora iparraldera, herri eta gaztelu biak, edozein hutsune betetzeko edo gerrariak babesteko. Beraz, ez da harritzeko 1359. urtean Karlos II.ak (1349-1387) gazteluzaina kentzea. Errege horrek diru asko xahutu zuen gerrak egiten eta gazteluak atontzeko, baina dirua aurrezteko ahaleginak ere egin behar izan zituen. Behar berriei egokitzeko asmo horretan, errege horrek gazteluari buruzko ordenantza berriak onartu zituen 1351n, eta gaztelu batzuk itxi egin zituen (Carcar, Izaba, Ongotzarria¿). Mirapeix eta Leringoa etorriko ziren gero.

Dena den, Mirapeix gazteluaren gainbehera lehenagotik hasia zen. Adierazgarriak dira eginiko konponketa eta hobekuntza eskasak. Konponketetan ere, alde handiak zeuden gaztelutik gaztelura. Martinenak, konponketa lanen ordainagiriak aztertuta, Mirapeixen 5 urtez bakarrik egin zituztela esaten du, eta oso diru gutxiko lanak gainera: 1290. urtean (12 libera), 1314.an (6 libera eta diru 1), 1315ean (3 libera eta 10 sos), 1345 (76 sos) eta 1346. urtean (11 libera, 12 sos eta diru 1). Javier Martinez Agirrek, bestalde, beste konponketa bat aipatzen du, 1349an egina.

Geroztik, berriak oso nahasiak dira, eta Agramondarren esku zegoela ere idatzi da, Peraltako Martin zela jabea.

Gazteluaren inguruak Tuterako San Jaime parrokiarenak ziren 1538n (egun desagertua da parrokia hori). Gaztelua dagoen menditik hego-mendebaldera geratzen den soro zabal bati San Jaime esaten diote oraindik.

Gazteluaren berri liburuetan agertu izan da gerora, Mari-Joan izenez hain zuzen. Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegiak ¿Torre de Mari-Juan¿ izena jasotzen du ¿Mirapex¿ gazteluaren aztarnez ari dela. Hiztegi horren arabera, XVIII. mendean gotorlekuaren harriak erabili zituzten errepidea konpontzeko. Beharbada, 1785. urte inguruan gertatu zen hori, Tuterako errepidea egiteko.

Orain arte idatzitako historiaren arabera, 150 urteko bizitza besterik ez du izan Mirapeix gazteluak: Antso VII.a Azkarrak 1359an eraiki eta Karlos II.a erregeak 1359. urtean gazteluzaina kendu. Baina, ziurrenik, Antso Azkarra baino lehen ere egongo zen gaztelu edo talai bat, eta Karlos II.ak agindutako itxieraren ondoren ere jarraituko zuen Murillo de las Limasi atxikirik.

Mari-Joan eta Mirapeix gauza bera zirela badakigu, eta baliteke Murilloko gaztelua deitzen dutena eta Mirapeix gauza bera izatea. Geroago, Tuterako hiria eta San Jaime parrokia ere tartean ageri dira, eta toponimo berriak sortu dira (Marijoan, Valdetellas, Olibete¿). Baina teoria hori zaildu egiten dute 1277 eta 1278. urteen artean Joana I. adingabeari (erregina: 1274-1305) gazteluzainek eta nobleek eginiko leialtasun zinek. 1277ko urtarrilaren 28an, Iruñean, jaun batzuek egin zuten zina, euren artean, Ximeno Monteagudok: ¿...eta Semeno Montagut jauna, Montaguteko eta Mirapeixko gazteluzaina...¿ Hilabete bat geroago, 1277ko otsailaren 28an, Lizarran egin zuten leialtasun zinaren agirian, honela ageri da: ¿¿nik, Pero Morentek, Iohana andre gehienaren atezain eta Murilloko gazteluzainak...¿ Aipamen horiek zaildu egiten dute Mirapeix eta Murilloko gaztelua bakarra izan zitezkeelako teoria, baina ez dute ixten eztabaida.

Mirapeix

Dorre albarranaren erdigunearen xehetasuna, eta atzerago, gazteluaren gainerako guztia. Iparraldeko muturreko horma zatia nabari da. (2000)

Egitura eta aztarnak

Aztarnak mendiaren goialdean hedatzen dira. Berez, bi aztarna multzo bereizi behar dira: gaztelua bera eta dorre bat.

Gaztelua deitu dugunaren aztarnak harresi eta murruen zatiak dira gehienbat, eta mendiaren goialdean eta ekialdeko maldan daude. Goialde horrek mendiaren norabidea jarraitzen du, eta ia 100 metro da luze. Goialde estu horren ekialdean zabaldi bat dago, harresi aztarnez inguratua ezponda aldean. Zabaldiaren ekialdeko muturretik goialdean dagoen mendebaldeko harresiraino 50 metro inguru daude. IE-ko muturrean, mortairuz eginiko puska bat dago, eta oso ikusgarria da gainerako aztarnekin alderatuz gero. Harrizko oinarri baten gainean egina da, 4¿4 metro da luze eta 2 metroko garaiera du.

Gainaldean harresiaren lerroa ikusten da, metro bateko lodierakoa; etxe batzuei zegozkien murru batzuekin nahasten da harresia une batean. Tokirik garaienean, harresiak dorre angeluzuzen bat zuen. Konponketa lanen agirien esker, badakigu barrualdean labea, zalditegia eta beste etxeren bat ere bazuela gazteluak. Eraikin gehienen estalkiak zabaltzak ziren, 1290ean behintzat.

HM-ko muturrean, bakartuta dagoen beste tontor batean, dorre baten aztarnak ikustendira. Karratua zen, eta harlanduzkoak ziren izkinen ingurukoak; behealde gisa, harri ilara bat zuen, eta gero, espaloi moduko bat.

Mendiarenmaldetan zeramika puska asko aurki daitezke.

Dorrean garbiketa lanak egin behar izan zituzten Vianako Printzea erakundekoek, indusketa klandestino larri bat egina baitzegoen (geuk jakinarazi genien, 1997-10-7).

Mirapeix

Gazteluaren hegoaldeko eta mendebaldeko murruen oinarriak. Atzerago, dorre albarranaren tontorra. (2000)

Iristeko

Tutera-Iruñea N-121 errepideko 87 kilometroaren zedarritik gertu, Tuteratik 6 bat kilometrora. Limas errekaren ondotik pista bat hasten da mendien aldera, eta handik autoz Mari Joan izeneko bordara joan daiteke, zoruaren egoerak uzten badu. Dena dela, ez dago galtzerik errepidetik bertatik borda begi bistan baitago, eta horren gainean, gazteluaren aztarnak.

Mirapeix

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk