Itzuli orri osora

Mirandako gaztelua

FITXA

Udalerria: Miranda de Arga

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Mendi baten goialdean ikusten dira gazteluaren aztarnak, eta herria, berriz, mendi horren ekialdeko magalean hedatzen da. Gaztelua eta herria dauden mendiaren iparraldean amildegia dago, Arga ibaiak egina.

Gaztelua herriari lotuta egon da historian, eta ia herriko gaztelutzat jo daiteke, nahiz eta egitura aldetik bereizirik egon betidanik herria eta gaztelua. Gazteluak talaia lana egiten zuen, eta horrez gainera, herriarekin batera, itxi egiten zuen Arga arroko igarobidea. Hegoaldetik etorrita, Ebroko ingurutik, oztopo handirik gabe Gareseraino joan daiteke ibai ondotik.

Gazteluaren aztarnen ondoan, Gazteluko Andra Mariaren baseliza dago, eta izenaz gain, harriak ere hartu zizkion gazteluari. Gainaldeari ¿Mairuen kaskoa¿ esaten diote herritarrek, eta Karlistaldietan eginiko dorreari ¿Mairuen gela.¿

Mirandako gaztelua

Gazteluaren barrutia, ipar-mendebaldeko izkinako dorretik begiraturik. Ur biltegia eta dorrea ikusten dira. (2000)

Historia

Altadillen ustez, musulmanek gotorleku bat eraiki zuten muino horretan, eta horren gainean dago egina ezagutzen dugun gaztelua, baina ez dago agiririk edo indusketa lanik hori frogatzeko. Gazteluko Andra Mariaren baselizaren gainean, berriz, zenbaitek idatzi du 1080. urte inguruan eraiki zutela, musulmanen aurrean lortutako garaipena ospatzeko, baina hori ere ezin da frogatu.

Nafarroako gaztelu garrantzitsuenetako bat bihurtu zen bere garaian Mirandakoa; gazteluaren lehenengo aipamenak berandu samarrekoak dira, XII. mendekoak. Nafarroako Erresumaren banatzeko eta berregituratzeko, Nafarroako eta Gaztelako erregeek Soriako ituna izenpetu zuten, 1153an, eta Artaxo, Larraga, Miranda eta beste hainbat toki gehiago gaztelarren eskura igaro ziren, barruti gisa. Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) konpondu zuen arazoa, 1158an, bere koinatuarekin, Gaztelako Antso III.arekin, hil baino lehen. Urte bereko uztailean Mirandan gazteluzain edo arduradun zein zegoen badakigu, Gonçalvo Copelin. 1174an Eneko Almorabit zen arduraduna, eta XII. mende horren bukaeran, 1195ean, Aibarko Semen.

Erdi Aroan, gazteluaren historia eta herriarena nahastu egiten dira (herria bera ere gotortua zuten). Baina horretaz gain, Mirandako gazteluaren historiak lotura berezia dauka Nafarroaren historiarekin (gaztelarrek hiru aldiz hartu zuten gaztelua, Nafarroako Erresumaren hiru une larritan).

Calatayudeko ituna (1198-5-20): Aragoi eta Gaztela elkartu egin ziren, Nafarroa euren artean banatzeko berriro. Aragoiko Pedro II.ak Erronkari ibarra eta Oibar herria hartu zituen, eta Gaztelako erregeak, Alfontso VIII.ak, berriz, Inzura (Ameskoazar zena) eta Miranda de Arga. Gero 1199/1200. urteetako gertaerak datoz, eta horiekin, Nafarroaren Erresumaren murrizketa. Bakea lortzeko, nafarrek Trebiñu eta Zabalate gaztelarrei eman zizkieten, eta Inzura eta Miranda berreskuratu zituzten nafarrek. 1201eko martxoan, Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) forua eman zien Inzurako herritarrei, eta agirian, lekuko gisa, Mirandako gazteluzaina ageri da: Garzia Oriz. Hurrengo arduraduna, 1202tik 1208ra, gutxienez, Martin Txipia izan zen, errege horrekin hainbat gaztelutan ibilitakoa, iparraldean hasita (Garazin eta Rokabrunan). Errege horrek eman zizkion foruak Mirandako herriari, 1208ko urrian.

1211n, Sancho Gartzeiz ibili zen gazteluko arduradun lanetan, eta Lupo Oriz geroago, 1217tik aurrera. Antso Azkarraren erregealdiaren amaieran, Gil Bidaurrek zuen gazteluaren ardura.

1259an, Erriberako ibar-jaunaren esku zegoen gaztelua, Pedro Gabardaren esku; berak bere buruari ordaintzen zion soldata, Arazielgo gazteluaren, Caparrosoko dorrearen eta Andosillako leize gotortuen zaintzari zegokienaz gain. 7 urte geroago, 1266an, ibar-jaun horrek jarraitzen zuen, 8 libera eta 40 kaizako soldatarekin, eta Mirandaz gain, beste hainbat gotorlekuren ardura ere bazuen.

1328an, konponketa handiak egin zituzten Mirandako gazteluan; beheko harresia erortzear zegoen, eta bota eta berreraiki egin behar izan zuten. Horretaz gain, dorre nagusiaren barrualdea eta estalkia berregin zituzten, eroriak baitzeuden, eta beste konponketa batzuk egin zituzten kaperan eta 4 dorre laguntzailetan. 1361ean, berriz, inguruko harresi baten zati bat berreraiki behar izan zuten, eta, bide batez, oinarriak toki sakonagoan jarri, erorita baitzeuden.

Javier Martinez Agirre ikerlariak Pedro Andreok gaztelura eginiko bisitaren berri jasotzen du. 1366. urtea zen, eta 1346 eta 1349. urteetan orduko gazteluzainak, Migel Ortiz Mirandak, konponketa lanetan zenbat diru gastatu zuen egiaztatzera joana zen, gazteluzainaren semeak eskatuta. Dirudienez, bere garaian, hainbat gastu sail ez zituzten sartu, eta hogei urte geroago ordaindu zizkioten. Martinenak gertaera bera kontatzen digu, baina bisita eta ordainketa 1361ean egin zituztela dio.

1378an, gaztelarrek Mirandako gaztelua hartu zuten, bigarren aldiz, eta hurrengo urtean Brionesen egin zuten hitzarmenean jasotzen zen bezala, herria eta gaztelua gaztelarren esku geratu ziren hamar urtez, beste hainbat herri eta gaztelu bezala (Viana, Lerin, Larraga, Bernedo¿). Herri eta gaztelu talde hori hitzartutako baino lehenago itzuli zieten nafarrei, gehienak 1386ko otsailean. Mirandako, Carcarko eta Andosillako gazteluetan Tello Gonzalez Aguilar zen gaztelarrek jarritako gazteluzaina.

XV. mendearen hasieran, Miranda ez zen mugako gaztelua, eta horregatik, gastuetan lehentasunik ez zuen. Ez zen igaro herriaren eskura, baina ez zuen gazteluzain berezirik, eta mende hartako bigarren hamarkadan Estellerriko ibar-jaunak egiten zuen gazteluzainaren lana. Behin-behineko egoera hori 1407an hasi zen; Erriberriko merinaldea eratu berria zen, eta arauek zioten ibar-jaunak Tafallako gazteluzain ere izan behar zuela, merinaldeko espetxea gaztelu hori izan zedin. Baina orduko Tafallako gazteluzaina, Andreo Dehan, erregearen aholkularia eta laguna zenez, hari gaztelua ez kentzeko, Erriberriko ibar-jaunari Mirandako gazteluko ardura eman zioten.

Martinenak konponketen inguruan aurkitutako agiriak 1309 eta 1370. urteen artean kokatzen dira. Martinez Agirrek, berriz, beste 1418an beste konponketa bat izan zela adierazten digu.

1421ean, Arnalt Lup zen gazteluzaina, Lukuzeko jauna, eta ohiko zenez, ordezko bat jarri zuen, Murugarrengo Joan. Hau hil egin omen zuten, 1435. urtea hasieran. 1460ko gazteluzaina, Alfontso San Per, Santakarakoa ere bazen. Geroago, Mauleongo Ladron izan zen gazteluzain, Arradako jauna izandakoaren familiakoa.

XV. mendeko gerra zibiletan, Gaztelako Enrike IV.ak hartu zuen gotorlekua, 1463an, baina herritarrek eurek berriz eskuratu zuten jarraian. Sari gisa, 1466an, Leonor gobernadoreak -15 egunez erregina izango zen, 1479an-, 10 urtez cuarteles izeneko zerga kendu zien mirandarrei, 10 urterako. Sari gehiago ere jaso zituzten askoz geroago, 1512an.

Fernando Katolikoaren konkistan, azkenetako bat Mirandako gaztelua bereganatu, Mauleongo Ladron gazteluzainak etsi zuenean, irailaren erdialdean. Esartek idatzitakoaren arabera, irailaren 20an gaztelua hartzeko agindua eman zuen aragoiarren erregeak, eta bi egun geroago Joan Nafarroa Mendoza izendatu zuen gazteluzain, 50.000 marabediko soldatarekin. Dirudienez, lehenago ere izana zen Mirandako gazteluzain.

Nafarroako Erresuma hartu ondoren, errege konkistatzaileak Leringo kondearen laguntza eskertu nahi izan zuen. Leringoen sendiari hainbat ondasun kendu zizkioten 1507tik aurrera, Joan III.a Albretekoak hala erabakita; errege berriak horiek guztiak bertan behera utzi, eta Leringo III. kondeari itzuli zizkion haren aitari kendutakoak. Horrela, 1514an, Viana eta Miranda, herriak eta gazteluak, eskuratu zituen Leringo III. kondeak. 1520an, Karlos V.ak, ordu arte emandakoa ontzat hartzeaz gain, hiru herri eta gaztelu gehiago eman zizkion. Konde hori, Luis Beaumontekoa, herritarrek Txikirikandi goitizenez ezagutzen zuten, handinahiz betetako gizon txikia izan behar zuen eta.

Leringo konde hori gazteluzain izendatuta (1514an), aurreko gazteluzainari urteko soldata urtarrilaren 1etik martxoaren 28ra mugatu zioten, eta proportzio horretan jaso zuen ordaina: 208 libera, 13 sos eta 4 diru. Beste 120 dukat zahar ere eman zizkioten (752 libera, agirian zehazten den bezala) berarekin zeuden 20 gerrariei ordaintzeko, 2 dukat hileko bakoitzari.

Ziurrenik, Karlos V.a enperadoreak 1521ean emandako aginduaren ostean, Mirandako gazteluari defentsa nagusiak kenduko zizkioten, nahiz eta Leringo kondearen ondasuna izan.

Ohikoa ez den gauza bat gertatu zen 1764an. Herritar talde batek alkatea eta bikarioa salatu zituzten, hargin bati gazteluaren harriak erabiltzeko baimena eman ziotelako (Gazteluko Andra Mariaren baseliza egin zezan). Herritarrek helburua ontzat zuten, baina ez zuten gogoko baimena, herriaren izen ona gazteluari lotuta zegoela baitzioten (herriaren izen ona hari zor zaio), geroago alkateak berak aitortu zuen bezala. 300 urte igaroak ziren, baina artean gogoratzen zuten 1463an gertatutakoa, herritarrek gaztelua hartu eta gaztelarrak handik bota zituztenekoa.

II. Karlistaldian liberalek herria gotortu zuten, baina bereziki goialdea; gotorleku bat eraiki zuten 1874-1876 urteen inguruan. Oraindik, dorre zirkular bat ikus daiteke, su-leihatilez josia.

Mirandako gaztelua

Dorrearen goialdetik, gazteluaren mendebaldea; izkinetako dorreen aztarnak eta ur biltegia ageri dira erdian. (2000)

Egitura eta aztarnak

Gazteluak inguruan bi harresi zituen, Erdi Aroko agirien arabera, eta 1764an oraindik aipatzen ziren (¿gazteluaren harresiak, paretak eta zimenduak, eta bere eremu hesitua¿). Harresi horietan, dorre laguntzaileak zeuden, eta horietako bi, gutxienez, zirkularrak ziren. Dorre laguntzaile bat atari gainean zegoen, eta beste bat jauregia deitzen zuten eraikinaren gainean. Agirien arabera, dorre nagusia ere oin biribilekoa zen, eta gazteluaren barrutian kapera bat zegoen.

Egun, aztarnak mendiaren goialdera mugatzen dira, eta hedadura osoa hartzen dute. Mendiaren norabidean hedatzen dira, ekialdetik mendebaldera, eta bi muturretan aztarnak ikusten dira. Mendiaren gainaldea 72 metro luze da, eta 20 zabal, eta, gutxi gorabehera, angeluzuzen bat da. Kaskoaren edo gainaldearen zati bat erori egin da eta, beraz, oina estutu egin da baselizaren inguruetan, hego-ekialdean.

Ekialdeko muturreko aztarnak harri multzo batzuk dira, besterik ez. Mendebaldeko muturrean, berriz, bi dorre zirkular ikusten dira, izkinetan. IM-ko dorreak horma zati bat ere badauka.

Ur biltegi gangadunaren aztarnak ere ikusten dira, oso garbi, gainera (harriz egina dago). 4 x 2¿8 metrokoa da biltegiaren barrualdea, eta ganga galdu du.

Hegoaldeko maldan, harresiaren hiruzpalau horma zati daude, gainaldearen luzeran batzuk eta beste bat goitik behera. XIX. mendean egin zuten gotorlekuarenak izan daitezke zati batzuk.

Liberalek eginiko gotorlekuaren dorrea da aztarnarik ikusgarriena. 1998. urte inguruan zaharberritu zuten, eta igotzeko atondu. Estalkirik ez dauka, baina behatoki gisa utzi dute. Behealdea ikusita, Erdi Aroko dorre nagusiaren oinarriak erabili ote zituzten pentsa daiteke.

Mirandako gaztelua

Gaztelua, baseliza, herria, Arga ibaia eta zubia¿goitik. (2002)

Iristeko

Herrira hurbildu ahala, gazteluaren aztarnak ikusten dira mendian (II. Karlistaldian eraiki zuten dorreak itsasargia dirudi). Herrira iritsita, kalean gora joan behar da, eta autoz irits daiteke Gazteluko baselizaraino. Handik goraino bide bat atondu dute oinezkoentzat, baita beste bide bat ere kaskoa inguratzeko.

Mirandako gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk