Itzuli orri osora

Mendikute

FITXA

Udalerria: Albiztur

Herrialdea: Gipuzkoa

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Mendikute mendiaren goialdean zegoen gaztelua, 815 metrora, Ernio mendilerroko hego-mendebaldeko tontor batean, Albiztur eta Tolosa gainean. Erdi Aroko izena ziurtasun osoz jakiterik ez dagoenez, mendiarena ematen zaio.

Gaztelutik gertu, abelbide bat igarotzen zen; Aralartik zetorren, eta Zarautz eta Donostiako inguruko itsasertzeko belardien artetik pasatzen zen; galtzada zahar baten aztarnak ere badaude. Baina zaila da gazteluaren egitekoari buruzko zehaztasunak ematea, aztarna eta iturrien urritasuna dela eta. Zertarako eraiki eta mantendu ote zuten gaztelu bat inguru horretan? Hala eta guztiz ere, antzina zilarrezko meategiak izateak zerikusirik izan dezake gotorlekuaren kokapenarekin eta, noski, abelbideak ingurutik zeharkatzeak ere garrantzitsu bihurtuko zuen gaztelua; izan ere, abeltzaintza zen aberastasun iturri nagusia garai haietan, eta artaldeen urteroko joan-etorriak kontrolatzeko modua izango zuten, Aralartik Zarautz alderako bidean. Segur aski Ernio mendiko belardiak zaintzea ere gazteluaren betebeharra izango zen.

Mendikute

Goiko edo barruti nagusiko ipar eta ekialdeko harresiak. Atzerago, Ernio mendiko larreak. (2000)

Historia

Mendikuteko inguruetan erromatarren garaiko aurriak daudela esaten da. Mendikute izena bera ere latinetik dator, Koldo Mitxelenaren iritziz: Mons acutum, ¿mendi zorrotza¿. Albiztur izenean ere -tur bukaera ageri da; ¿turr-etik omen dator, ¿dorrea¿. Beraz, ¿Albiz dorrea¿ esan nahiko luke Albizturrek. Bestalde, erromatarrek zenbait meatoki txiki sakabanatuta zituzten Euskal Herrian, eta horietako bat Mendikute inguruan zeukatela esaten da, zilarra ateratzeko hain justu, nahiz eta orain arte ez den ezer aurkitu. Horrez gain, Intxaurbe baserritik gertu aurkitu diren Erdi Aroko galtzada baten aztarnak, aditu batzuen ustez, erromatarren garaikoak dira.

Erdi Aroan gotorleku gisa erabili omen zuten (XII-XIV. mendeen artean, gutxienez). Aro honetan Gipuzkoa historiara sartu zela esaten da: gizarte antolakuntzan aldaketa handia gertatu zen, feudal kutsukoa. Giro berri horretan, gotorlekuek garrantzi handia hartu zuten lurraldea egituratzeko eta jaunen ezinbesteko botere tresna gisa.

Gai eztabaidatua izan da adituen artean ea Ximenez Rada kronikariak aipatzen duen Arzorociam gaztelua Mendikutekoa den,(1200ean Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Arabako eta Gipuzkoako hainbat gaztelu eskuratu zituen, Arzorociam delakoa horien artean). Gertu dagoen Aitzurtzi erreka erabiltzen dute Arzorociam eta Mendikute elkartzeko.

Gerta zitekeen Ximenez Rada artzapezpiku nafarrak, orduan Gipuzkoan eta Araban zeuden beste gotorleku batzuk bezala aipatu gabe uztea Mendikutekoa, garrantzi gutxiagokoak iritzirik edo ahaztu izanik, eta Arzorociam oraingoz zehaztu gabeko beste gaztelu bat izatea. Izan ere, kontuan hartu behar dugu artzapezpikuak kronika 1236an idatzi zuela, Gaztela eta Leongo errege Fernando III.aren aginduz, gertaerak izan eta 36 urte geroago, beraz. Bestalde, Ximenez Radak idatzitakoari Hinojosak eman zion jarraipena 1327an; gaztelaniara itzuli zituen Radaren esanak, ez hitzez hitz, era kritikoan baizik Horrela itzuli zituen Ximenez Radaren ¿Arzorotiam, Victoriam Veterem¿ hitzak: ¿Axcorrocia, Gasteiz Zaharra esaten diotena.¿ Ikusten denez, aipamenari beste xehetasun bat eman zion.

Arazo hori gutxi ez balitz bezala, Gipuzkoako monte acuto gaztelua aipatzen duen 1234ko agiri bat ekarri zuen gogora Isaac Lopez Mendizabalek. Bertan, Gaztelako Fernando III.a eta Nafarroako Teobaldo I.ak (1234-1253) seme-alaben arteko ezkontza hitzarmena egin zutenean, gaztelarrak nafarrari eman behar zion ¿Gipuzkoa guztia, Hondarribia, Donostia eta Mendikuteko gaztelua.¿ Antz fonetikoa badago ere, ikerlariarentzat aipamena Mendizorrotzi dagokio, Donostiako mendebaldean kokatutako mendiari. Iritzi horrek itsasertzeko defentsa sistema bati koherentzia ematen dio. Donostia eta Orio artean, Mendizorrotz gainean (411 metro), XIX. mendeko karlistaldietan gotorleku gisa erabilitako eraikin bat dago, baina harlanduak ikusita, lehenagokoa izan daitekeela zioen tolosar ikerlariak.

Hala eta guztiz ere, Isaac Lopez Mendizabal eta Emilio Rotondo jaunek 1911n eginiko indusketatik Mendikuteko gainean dauden aztarnak Berant Erdi Aroko gaztelu bati dagozkiola onartzen dute, eta Gipuzkoan dauden beste batzuen antzekoa dela neurri, bai ezaugarrietan, bai egin diren aurkikuntzetan.

1992. eta 1997. urteen artean sei indusketa aldi egin ziren, Iñaki Padillak zuzenduak. Lehenago, hamarkada horren hasieran, zenbait garbiketa eta ikerketa egin zituzten Miren Aierberen gidaritzapean. Aurkitutakoen artean nabarmentzekoa da txanpon multzo txiki bat, Erdi Aroko gotorlekuaren iraupen luzeari buruzko erreferentzia baita. Txanponen datak XII. mendetik XIV. mendearen erdialdera doaz.

Txanponez gain, Mendikutetik ateratako 2.000 hondakin baino gehiago zerrendatu dituzte. Militar arrastoak (lantzak, geziak, sastakaiak, balezten gakoak¿), eraikuntzakoak (mota batzuetako iltzeak¿), janzkerakoak (gerriko-belarriak, grapak, apaindurak¿), tresnak (zeramikoak, hezurrezkoak¿), astialdikoak (fitxak, dadoak¿) eta jakien hondakinak (hezurrak) jaso egin dituzte. Metal nobleko apaingarrien artean bereziki aipatu behar dira aurkitutako 8 milimetroko iltze buruxapal edo botoiak, erliebean landutako armarri batekin. Ziurrenik, janzkera militarrei dagozkie, eta grabatutako ilgora etzana lagungarri izan daiteke argitzeko garai batean zein leinuren esku egon zen gaztelua.

Material arkeologiko hauek, askotan testuinguru estratigrafikotik kanpo azaldu badira ere, arestian esan bezala, gotorlekua XIV. mendearen bigarren laurdenean baztertu zela adierazten digute. Dirudienez, XIII. mendearen bukaeran edo XIV. horren hasieran, berregituratze sakon bat egin zuten goiko barrutian.

Beraz, ez dakigu gaztelu honen historia zein den, ezta Erdi Aroko izena ere. Arkeologiak gaztelua zela baieztatu digu, eta gotorleku gisa zein mendetan erabili zuten jakiteko ere balio izan digu. Indusketak barrutietara mugatu direnez, aztarna zaharragorik ez dute aurkitu, eta ez da harritzeko, haitz batean gotorleku berri bat eraiki baino lehen ¿garbitu¿ egiten baitzuten tokia. Zerbait baldin badago, inguruetan eroria egongo da. Aurrerantzean, iparraldeko maldan dauden hesiak gaztelua egin zuten garaikoak diren ala ez argitu behar digu arkeologiak, eta bestelako miaketek erakutsi beharko digute meategien aztarnak egiazkoak diren. Gazteluan egin zuten indusketa lanetan beste arazo bati aurre egin behar izan zioten, alegia, indusketa klandestinoek eginiko eraldaketei.

Gaztelu honen azken gerra-gertaera 1936koa da. Han jartzen ziren zelatariak Espainiako errepublikaren aurka matxinatu zirenen hegazkinen etorrera jakinarazteko, eta lubaki bat egin zuten goialdean. Arma laburren eta mosketoietarako munizioaren arrastoak eta kargadore batzuk aurkitu dituzte indusketetan.

Kondaira mitikoek ere arrastoak utzi dituzte Mendikute inguruan. Ondoan omen zegoen zilarrezko meategiari Jentilen meatzea deitzen diote. Berriro ere, jentilen aipamenak aurkitzen ditugu gaztelu inguruari atxikiak, gazteluko gerrariak arrotzak izango balira bezala.

Hegoaldeko leizea Mariren bizilekua omen zen. Bertaratu zen gizon baten pasadizoa kontatzen dute Errezil herrian. Marik sagardoa edatera gonbidatu zuen leizera, eta edaria nondik ateratzen zuen kontatu ere bai: bildutako uztaren inguruan gezurra esaten zuten sagardogileei kentzen zien.

Mendikute

Beheko barrutia eta bi barrutien arteko gunea. (1995)

Egitura eta aztarnak

Ez dago jakiterik nolakoa zen gazteluaren egitura osoa, nahiz eta indusketa lanak egin dituzten. Baina aztarnen arabera, handi samarra zen, haitzetako gazteluen eredutik urrun, gutxienez erabili zuten azken mendeetan.

Egun, bi barruti agertzen zaizkigu, goikoa edo nagusia, eta behekoa. Goikoa tontorraren goialde osoan hedatzen zen, eta oina heptagono irregular bat du. Gehienera, 23 metro zen luze, inguruko harresia barne (Ekialde-mendebaldea), eta 16 metro zabal (Iparralde-hegoaldea). Inguru osoan harresiak iraun du, eta kanpotik begiraturik, 3 metroko garaiera hartzen dute aztarnek oraindik. Harriak eustorez helduak daude, eta indusketa lanek ageriago utzi dute harresia barrualdean. Horma baten aztarnek erakutsi dute 2 metroko lodiera zuela. Bi sarrera omen zituen esparru horrek, ekialdeko eta mendebaldeko muturretan.

Mendebaldeko esparruan, patina edo ur biltegi angeluzuzenaren aztarnak ikusten dira, lur azpikoa ia oso-osorik baitago. Haitzean egina, lau aldeak harriz estalirik zeuden. Zuloa lau metro luze zen, eta 2¿2 metro zabal, baina eraikin osoa handiagoa zen. Barrutiko bazter batean, sukalde arrastoak aurkitu dituzte. Haitz landua ikusita, barruti horren erdian egon zitekeen dorre nagusi bat, oin biribilekoa.

Beheko esparrua, oin angeluzuzena, xumeagoa da aztarnen ikuspuntutik ere. Harresi batek biltzen du gaztelua, gainerako guztia gaztelua bera eta haitz bat baitira. Harresi hori, gaztelua iparraldetik ixten duena, 12 bat metro da luze, eta 1¿30 metroko lodiera du. Beharbada, baliteke beheko esparru hori laguntzailea izatea bere garaian, zalditegiari eskainia edo, baina gazteluaren barnean zegoen, dena den.

Bi esparru horien erdian zer zegoen ez dakigu. Ez dakigu, halaber, haitzaren hegoaldera gaztelua nola zegoen itxia.

Bestalde, mendiaren iparraldeko maldan hiru hesi, ezponda edo murru daude. Horietako bi zaharrak izan daitezke. Malda horretan gazteluak babestutako herrixka bat ote zegoen, edo gazteluak sortutako etxe talde bat, hori arkeologoek argitu beharko dute.

Gaztelutik lehenengo hesia igaro ondoren, eskuinetik jaitsita, Erdi Aroko galtzada zatiak ageri dira (izena Intxaurbe baserritik hartua dute). Handik gertu, gazteluko haitzaren oinetan, hegoaldean, kobazulo luze bat dago. Gipuzkoako hainbat gaztelutan bezala, leize bat ageri da gertu, gazteluaren inguruko hainbat kondairarekin. Oraingo honetan, larrialdietarako irteera zela esaten da, eta ur biltegiaren zuloraino doala.

Mendikute

Ur biltegia, indusketa egin berritan, goiko barrutian. (1994)

Iristeko

Tolosako Urkizu auzoan autoa utz dezakegu, edo kilometro bat gorago, errepidea jaisten hasi baino zerbait lehenago. Eskuinetara doan porlanezko pista aldapatsua hartu behar da.

Mendikute aurrean egonda, ezkerretan Intxaurbe baserria geratzen da. Aurreraxeago, bihurgune handi bat egin ondoren, bidea utzi behar da, eta ezkerreko bidea hartu. Geroxeago, ataka batera iritsiko gara, mendiaren iparraldean. Handik tontorrera 10 minutu daude, eta lehen aipatu ditugun hiru hesi edo murruak zeharkatuko ditugu.

Mendikute

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk