Itzuli orri osora

Marutegi

FITXA

Udalerria: Asparren

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Panoramika 2

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Gazteluaren aztarnarik ikusgarrienak kareharrizko harkaitz baten goialdean daude, itsasoaren mailatik 837 metro gora. Talaia paregabea da, hegoaldea eta mendebaldea zaintzeko. Nafarroako Erresumaren eta Gaztelakoaren arteko muga alde horretara aldatu zenean eraiki bide zuten gaztelua, batzuek diotenez. Horrela izatera, ordea, beste zelata-lekuren bat beharko zuten, San Migel harkaitzean (873 m.) edo, hego-ekialdea zaintzeko, gaztelutik bertatik ez baita Nafarroa aldera ezer ikusten. Marutegi gaztelua Nafarroaren eta Gaztelaren arteko muga aldatu zutenean egin zela dioen teoria zalantzan jartzekoa izango litzateke, beraz. Eta lehenagoko historialariek izango lukete arrazoi. Marutegi edo Araxa gaztelua X. mendean eta Iruñeko Erresuma defenditzeko eraiki zutela dio teoria horrek.

Marutegi gaztelua

Gazteluaren goialdea, eta atzerago, Arabako Lautada. (1986)

Gaztelu honen beste eginkizunetako bat Gasteiztik San Adrian aldera zihoan bidea zaintzea zen, garai batean behintzat, hain zuzen ere, bide hori Araia aldetik igarotzen zenean, San Migel haitzaren eta gaztelua zegoen harkaitzaren artean pasatzen baitzen. Laburtzearren, Zalduondotik igaro izan zen gero, eta Galarretatik, geroago.

Historia

Ez dugu gaztelu hau aipatzen duen dokumenturik, eta ez dakigu ziur Erdi Aroan nola zeritzaten. Hala ere izan da, XVII. mendeaz gero, historialarik, leku horretan Araxa izeneko gaztelu bat bazela dioenik. Gaur egun bost izen ere baditu gaztelu hondakinak dauden lekuak: Murutegi, Morotegi, Marotegi, Morutegi, Marutegi… Eta harkaitzari Morumendi esaten diote batzuek, gaztelua eta mendia bat direla adierazi nahiz edo. Handik gertu dagoen baserri, gaur egun jatetxe bihurturik dagoen batek ere Marotegi edo Morotegi du izena. Bestalde, gaztelu izenak ere sorrarazi ditu bi toponimo inguruetan: Gastolepo eta Gasteloste.

Izan dituzten eginkizunek egin dute gazteluen historia; eta, hain zuzen ere, bideak eta haranak zaintzea izan da honen eginkizunetako bat. Burundako Haranean zegoen/dago Marutegi, eta haran hori antzinatik da jendearen ibilbide. Badakigu Astorga-Bordele erromatarren galtzada gaur egun Burunda deritzagun horretatik igarotzen zela, baina Araia herriko goialdetik San Adriango tuneleraino behintzat, ez dute arkeologoek erromatarren garaiko aztarnarik aurkitu.

Marutegi gaztelua

Haitzaren goialdea: dorre nagusia. Inguruko harresia nabari da. (2000)

Horrela, mendi aldea zeharkatzen zuen galtzada; lehenengoa, XIII. edo XIV. mendekoa izan zitekeen, baina dauden aztarna eder eta ikusgarriak XVI. eta XVIII. mendekoak omen dira. Araiako zatiak ez du galtzada zorurik.

Nafarroaren eta Arabaren arteko bereizketa egin zen garaian egin bide zen Marutegiko gaztelua. Arabako Lautadatik itsasaldera eta Frantziara joateko, Nafarroako Erresumatik pasatu beharrik ez izateko hasi ziren San Adriango alderako bidea erabiltzen, eta bide hori babesteko eraiki zituzten Marutegiko eta San Adriango gazteluak. Geroago, bidea Galarreta aldera aldatu zuten, eta Lazkao leinukoek beste gotorleku bat eraiki zuten inguru hartan. Marutegiko inguruan eta, batez ere, San Adriango tunelean aurkitu diren aztarnak (txanponak, gerriko-belarriak, botoiak, etab.) teoria hori sendotzera datoz, XII. mendean sortu zela, gutxi gorabehera, nahiz eta San Adriango gazteluaz dauden aipamenik zaharrenak 1362koak diren.

San Adriango gaztelua XVII. mendean utzita zegoen nonbait, aipatu ere ez baitute egiten bidaiariek, (1612an 100 soldadurentzako tokia zegoela esaten zuen bidaiari batek). Erresumen arteko muga handik nahikoa urrun zegoen orduko, eta, militar aldetik begiratuta ere, zereginik ez zuen, batetik, eta, garai hartarako bide egokiagorik ere bazen, bestetik, Leinz-Gatzagatik igarotzen zena, besteak beste.

Marutegikoa are lehenago utzi zuten, dirudienez, aipatu ere ez baitute egiten, 1592an Arabako gotorlekuak ikuskatzean, San Adrianaino joan, eta planoa egin zutenek. Bideak eta erresumen arteko mugak aldatzean, egitekorik gabe geratu zen hura ere, eta bidea zaintzeko San Adriango gaztelua nahikoa baitzen, bestalde. Harkaitz gaineko gaztelua zenez, eraberritzen zaila, azkenean ez zen baseliza edo jauregi bilakatu. Lazkao leinukoek Galarreta herriaren gainean zutena ere bazterturik zegoen XVI. mendea bukaerarako.

Oso azterketa gutxi dute Marutegin; egin dituztenak ere oso azalean, eta ez dute ezer askorik aurkitu, zilarrezko gerriko-belarri bat, 13 milimetroko botoi bat eta gutxi gehiago. Harkaitzaren puntan dagoen dorrearen hormak, aldiz, kalitate handikoak dira, harlanduz eginak; XIV.-XV. mendekoak, seguru asko.

Dena dela, Araba eta Nafarroa bereizi baino lehen ere izango zen gotorlekuren bat-edo harkaitz horretan, Burundako harana eta inguruko maldak betidanik izan baitira jendearen ibilbide; eta artzaintza-leku, gainera. Bestalde, neolitiko-brontze garaitik Burdin Aroko II. aldira arte jendea bizi izandako herrixka baten aztarnak ere badira urruti gabe, gaur egun Txuriturri deritzan lekuan, San Migel haitzaren magalean. Inguruetan ere bada antzinako beste zenbait herrixka; erromatarren garaiko aztarnak dituztenak batzuk; Aistra eta Amamio, Erdi Aroan hustu zirenak, etab. Hori guztia inguruan izanik, beharbada beste egitekoren bat izango zuen Marutegi gazteluak, eskualdea antolatzekoa eta babestekoa, esate baterako.

Gaur egun onartua dago Araxa edo Araia gaztelua Marutegi zela. XX. mendearen hasiera arte, gaztelu hori Iruñeko lehen erregetza garaian, hau da, Eneko Aritza errege zela (824-852), egin zutela uste izan zen; 839. urtean, hain zuzen.

Eztabaidagarriagoak dira horri buruz historialari zaharrek dituzten aipamenak. Joan Lazarraga historialariak, adibidez, “kantabriarrek” (euskaldunek) egina dela dio, bere liburuan, 1593an idatzia bera. Zaitegi, Zaldiaran, San Adrian eta Marutegi gazteluei (“Lau Eskuak”) esker menderatu-edo zituztela erromatarrak. Araia gaztelua deitzen dio Marutegikoari, eta Aratz mendilerroaren behealdean hegoaldera dagoela dio; Nafarroako mugarritik legoa erdira.

Aztarnak eta egitura

Harkaitzaren goiko aldean dauden aztarnak aipatu izan dira beti, ikusgarriak izaki, eta urrutitik ikusten direnak baitira, baina ez dira Marutegiko bakarrak. Terraza moduko esparru bat ere bada harkaitzaren behealdean, hego-mendebaldera, amildegian zintzilikaturik bezala. Aldi eta molde ezberdinetako horma batzuen gainean dago delako esparru edo horma hori. Hamar bat metro luze eta bi metro garai da hormetako bat. Hormak ez doaz, gainera, plano berean. Angeluzuzena eratzen dute, adibidez, terraza edo zabaltzaren mendebalean elkartzen diren biek; harlanduz eginak dira. Alde horrek Erdi Arokoa dirudi. Gainontzekoak gerokoak dira, atal batzuen oinarriak izan ezik.

Haitz osoa, hego-mendebaldetik begiraturik. Beheko esparrua nabari da erdialdean. (2003)

Terraza horretan gora hasten da gainerako bidea, eta une batzuk moldatuak daude errazago igotzeko. Hiruzpalau harri ilarako harresi bat dago goraino iritsi baino lehen.

Dorrea da, hala ere, Marutegin den eraikuntzarik deigarriena. Ez da oin biribilekoa, ezta guztiz angeluzuzena ere. Elkarrekin angelu zuzenean elkartzen direnak ditu hiru alde, eta biribilean eratua laugarrena, ekialdekoa. 6 metro luzeak gutxi gorabehera. 1’30 metroko lodiera dute oinean. Hegoaldeko horma ia erabat eroria dago. Dirudienez, alde horretan zuen sarrera. Hiru maila bereiz daitezke hormetan. Gorago eta lodiera txikiagoa dute. 5 metro ditu hormatalik garaienak. Harlandu txikiz eginak dira lau hormak.

Goraino iritsi baino lehen dagoen horma, dorrearen inguruan zegoen harresiaren puska bat da. Goiko esparrua inguratzen zuen. Zati batzuk baino ez dira geratu harresi horretatik.

Malda guztia zeramikaz eta teila puskaz beteta dago. Bildu genituen zeramika puskak XIV. eta XV. mendeetakoak dira.

Iristeko

N-1 errepidetik ederki ikusten da, Araiako herriaren ezkerretara. Herria eta Ajuria lantegi ohia igaro eta gero, azken eraikinak ere atzean utzirik, Otalar baserria aurrean dela, aparkaleku txiki bat dago eskuinetara, haritz artean. Handik gora abiatu behar da, eta beti ezkerreko bideak eta bidezidorrak hartuz, San Migel harkaitza ezkerretatik inguratu. 15 bat minutu nahikoa dira, goraino joateko.

Marutegi gaztelua