Itzuli orri osora

Marañon

FITXA

Udalerria: Lapoblación-Meano

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Nahiz eta Marañon izena izan, gaztelua Lapoblacion-Meanoko lurretan kokatzen da, izen bereko mendi tantaiaren mendebaldeko muturrean. Marañon mendiaren tontorra itsas mailatik gora 1.245 metrora dago.

Mendiaren hegoaldean Errioxaren eta Ebro ibaiaren ondoko lur lauak daude, eta iparraldean, Arabako Bernedo eta Nafarroako Marañon herriak. Alde bietara ikuspegiek ez dute mugarik. Marañongo gailurretik bista mendebaldera luzatuz, Toloñoko mendikatea ikusten da, begiak ekialderantz itzuliko bagenitu, aldiz, Joar mendiak ikusiko genituzke. Horretaz, Marañon mendiak bi mundu bereizten ditu, eta gaztelua bi horien arteko pasabidearen zaintzarako talaia paregabea zen. Hiru mendez bi erresumaren arteko muga ere Marañondik gertu egon zen.

Marañon

Gailurra, dorre nagusiaren kokalekua, antena kendu ondoren. Atzerago, Ebro ibaiaren arroa eta Errioxa aldea. (2003)

Historia

Marañon gaztelua erromatarrek eraiki zutela esaten dute batzuek baina oraingoz, erromatarren garaiko aurkikuntzak behealdeko lurretara mugatzen dira. Beraz ez dago hipotesi hori baieztatzerik. Gaztelua X. mendean eraiki zuten. Hori ziurtzat jo daiteke, XI. eta XII. mendeetan tenentzia garrantzitsua baitzen.

Garrantzia horren erakusgarria da 1121 eta 1123 urteen artean Aragoiko eta Iruñeko erregea zen Alfontso I.a Borrokalariak (1104-1134) Marañon herriari emandako forua. Agiri horretan erregeak hiribildu berriari emandako lurren mugak aipatzen dira: Guardia, Punikastro (Joar harkaitzetako gaztelu eta tenentzia bat), Mendiluzea (Urizaharrako gaztelu bat) eta Buradon. Beraz, Toloño osoa, gaur egungo Arabar Errioxa eta Joar mendiak Marañongo mugen barruan sartzen ziren. Gerora, Nafarroako Erresumako mendebaldea gotortzeko asmoz, Guardia (1164), San Vicente de la Sonsierra (1172), Bernedo (1182) eta Labraza (1196) herri burujabe izendatu zituzten erregeek. Horrekin Marañongo lurraldea asko murriztu zen.

Marañongo tenentzia herriari forua eman baino lehenagokoa da. San Juan de la Peña, Iratxe, Valvanera, eta Donemiliaga Kukula monasterioetako agiriek 1030. urte ingurutik 1200. urtera arteko jaun, gazteluburu, dominator edo tenenteen izenak dakarzkigute. Agiri horietan datozen aipamenek garai hartan gaztelua izango zuen garrantzia erakusten dute.

1040an, beste ondasun batzuekin batera, Nafarroako Gartzia III.a Sanchez Naiarakoak (1035-1054) bere emazte Estefaniari, Gaztelako kondearen alabari, eman zion Maragnione. Lehenago, 1020. eta 1030. urteen arteko San Juan de la Peñako agiri batean ¿Marañongo Santio Fortunionis¿ aipatzen da. 1056an, delako Fortungonis hori edo izen berdineko ondorengo bat zen gazteluburu Marañonen. Maranione esaten zioten orduan. Gero, Ramiro Sanchez Arabak hartu zuen gazteluburutza. Baliteke 1063. urtean hartu izana, handik urte betera ¿On Marcelo jauna, zeina Marañonen bizi baitzen¿ aipatzen baitzuten. Don Marcelok, edo Don Marcelo Arabak, Alvaro Diaz zuen izena eta Arabako tenentea zen. Oso aberatsa eta boteretsua izan behar zuen, berak eta bere ondorengoek 27 monasterio eman baitzizkioten Leirekoari. Baina 1072an hil zen, eta orduan, Fortun Albaroizek hartu zion lekukoa, 1074 edo 1075 arte.

Euskal Herriko ekialdea Aragoiri lotua zegoen garaiko (1076-1134) tenente batzuen izenak ere ezagutzen ditugu: Lope Lopez Calahorra zen horietako bat, eta 1082tik 1108ra arte izan zen tenente. Honen ondoren Lopiz Marañongo jauna etorri zen eta 1115. urte arte iraun zuen. Bestalde, 1095ean Logroñoko hiriari forua eman eta mugak zehaztu zireneko agirian beste aipamen interesgarri bat dator: ¿(¿), eta Vegueratik Marañoneraino eta Guardiaraino.¿ Horrek esan nahi du, Marañon eta Guardia, hiribildu izendatzen zituen agiria jaso gabe zeudela oraindik. Baina tokiak edo gotorlekuak aipatzen ziren behintzat.

1134an Iruñeko Erresuma indarrean jarri zuten berriz, eta hortik aurrerako tenente batzuk ere ezagutzen ditugu. 1135ean Martin Sanz zen tenentea, eta 1138an, Marañonekoa izateaz gainera Logroñoko tenentea ere bazen Martin Sanz hau. 1147 eta 1149 urteen artean Ramiro Sanz izan zen Marañoneko gazteluburua. Antso VI. Jakituna (1150-1194) Nafarroako errege zen artean, berriz, honako hauek izan ziren gazteluburu: Rodrigo Nuñez (1153-1157); Rodrigo Martinez (1157-1177); Sancho Remiri (1181-1188) eta Aibarko Martin. Izenak eta urte horiek osatzeko agirietara joan beharko genuke eta izenpetzaileen datuak bilatu.

Kasu batzuetan gazteluburuek gaztelu bat baino gehiagoren ardura zuten. Aipatutako Rodrigo Martinez, 1164an Marañon eta Pierolako tenentea izateaz gainera, Guardiakoa ere bazen erregeak herri horri foruak eman zizkionean. Gero, 1171n, ¿Marañonen eta Bonicastron¿ (Punikastro) ibili zen.

1177an, arbitraje ingelesa betetzeko, Lizarrakoarekin eta Funeskoarekin batera, bahi gisa erabili zuten Marañongo gaztelua. Gaztelako erregeak, bere aldetik, Naiara, Arnedo eta Cellorigo eskaini zizkion Nafarroako erregeari.

1200. urteko urriaren 11ko agiri baten arabera, Arabaren zati handi bat eta Gipuzkoa eskuratu ondoren, Alfontso VIII.a Gaztelako, Arabako, Kanpezuko, Marañongo, Gipuzkoako eta Donostiako erregea zen. Diego Lopez Haro, aldiz, Bizkaiko III. jauna, eta Soriako, Naiarako, Marañongo eta Donostiako tenentea zen.

Marañon Alfontso VIII.ak 1199an hartu zituen gazteluen artean zegoen. Horregatik zioen Alfontso VIII.ak, bera zela Gaztelako, Arabako, Kanpezuko, Marañongo, Gipuzkoako eta Donostiako erregea 1200eko agirian. 1204. urteko gaixoaldian, egindakoaz damutu eta Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa Nafarroako erregearenak zirela aitortu zuen Gaztelako erregeak. Nafarroako erregearena zen, beraz, Marañon ere; ¿(¿) Zin egiten dut, halaber, Jaungoikoak osasuna ematen badit, Nafarroako erregeari itzuliko dizkiodala gauza guztiak (...) eta Marañongo gaztelua (...) bai baitakit esan dudan guztiak Nafarroako Erresumarena behar duela izan eta hari dagokiola.¿ Ez dakigu noiz eta nola, baina gerora, Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) berreskuratu zuen Marañongo gaztelua. 1217ko irailaren 20an lekuko gisa hauxe izenpetu zuen Mues herriaren salerosketaren agirian: ¿Johane Petriz, Marañongo eta Artasoko tenente.¿

1266an Lizarrako ibar-jaunak zuen gazteluaren ardura. XIV. mendearen hasieran, beste gazteluzainenarekin alderatuz, Marañongo gazteluzainak soldata handia zuen: 10 libera eta 50 kaiza gari. Baina handik aurrera gaztelua garrantzia galtzen joan zen. Horren lekuko Marañongo gazteluzainak ez ziren jada hain ospetsuak izango eta inguruko herrien eta gazteluen beharra zuten arerioei aurre egiteko. Hain zuzen ere, horixe zuten egiteko nagusia, etsaiak menderatzea. Esate baterako, 1319. urteko agiri baten arabera, muga inguruko lapurrak zirela eta 40 gerrari jarri behar izan zituzten Buradongo gazteluan Toro gaztelurainoko mendateak kontrola zitzaten. Handik Marañongo gaztelurainoko eremuaren zaintza, aldiz, Toroko gazteluzainaren ardura zen.

1266. eta 1460. urteen artean hainbat konponketa egin zituzten gazteluan, baina ez ziren garestiak izan. 1266an bi ordainketa egin ziren, baina kontuetan ez zuten zehaztu egindakoa. 1280an, berriz, dorrea konpondu eta garita estali zuten. Biak ere singularrean aipatzen dira. Patina edo ur biltegia ere konpondu zuten geroago, eta orotara 9 libera, 4 sos eta 3 diru ordaindu zituzten haregatik. 1431n, aldiz, burdinazko bi kanoi jarri zituzten.

Martinenak bi dohaintza bereziren berri eman zuen: 1381eko irailean, seme-alaba txikiak behar bezala hazteko Marañongo gazteluzain hilberriaren anaiari 20 kaiza gari ordaintzeko agindu zuen Karlos II.ak (1349-1387). Gonzalo San Millan zen hildako gazteluzaina, eta hil aurretik, 1379an, gerra garaia zenez 60 florineko dohaintza jaso zuen.

Karlos III.ak (1387-1425) Vianako Printzea izendatu zuen bere biloba. Titulu horri hainbat ondasun zegozkion. Eta inguruko hainbat herri eta gaztelurekin batera, titulu horri zegozkion ondasunen artean zegoen Marañongo gaztelua ere.

Marañongo azken gazteluzaina Fortuño Ocariz izan zen. Bera 1457tik aurrera izan zen gazteluzain, baina 1460 inguruan baztertua gelditu zen gaztelua. 1460 eta 1461 urteen artean gogor eraso zuten gaztelarrek, eta eraso haren ondorioz, Toloño mendilerro osoa eta geratzen zitzaion Arabako Errioxako zatia behin betikoz galdu zituen Nafarroako Erresumak. Baita Urantzia herria ere 1753. urtera arte. Ez dakigu zehatz-mehatz Marañonen zer gertatu zen, baina ziurrenik, Guardiak egin zuen bezala gazteluzainak borrokatu gabe emango zuen amore. Geroztik ez da inongo agiritan Marañonik aipatzen.

II. Karlistaldian, karlisten kontrolpean egon ziren gaztelua eta mendia. Gerra bukatzean, amore eman gabe, bertan jarraitu zuten 1876ko martxoaren 2ra arte. 76 gerrarik, 5 ofizialek, apaizak, eta medikuak osatzen zuten azkenera arte etsi nahi ez zuen karlisten taldea.

Haitzaren beheko aldean dagoen Mairuen leizean, Lapoblacionen, errege kristauak kanporatu arte musulmanak bizi izan omen ziren. Kondairak dio urrez betetako zahagi bat utzi omen zutela lurperaturik.

Marañon

Multzoa, ekialdetik begiraturik. Erretena zenaren gainean pasabide bat atondu dute barrutian sartzeko. (2003)

Egitura eta aztarnak

Haitzaren gainean eraikitako ohiko gaztelua zen Marañongoa. Ekialdetik mendebaldera 65 metro inguruko luzera zuen, eta gehienezko zabalera, berriz, mendebaldeko ertzetik gertu hegoaldera hedatzen zen terraza edo zabaltza batean lortzen zuen, 22 metro hain zuzen ere.

Oraindik orain, iparraldetik ez beste alde guztietatik gailurra inguratzen duen harresi bat ikus daiteke. Bere aurpegirik ederrena ekialdeko bidetik ikusten zaio gazteluari. Sarrera lubaki gainean du, haitza landuz egina. Hegoaldean, berriz, 25 bat metro luze den hormatal eder bat du. Sarreraren iparraldean zortzi bat metro luzatzen diren harri ilara batzuk daude haitz ebakiaren gainean.

Zubirik ez dagoenez, bide bat atondu zuten lubanarroa gainditu ahal izateko.

Barrualdean, harresiak eusten dio zabaltza bati. Harantzago, hegoaldera zabalik eta beraz eguteran, haitza landuz egin zuten esparru bat dago. Esparru hori hegoaldeko murruak mugatzen du. Bertan, ezpelen eta beste landare batzuen artean, eraikin zahar baten aztarnak ikusten dira.

Hegoaldean, hormatala bukatzen denean beste lubaki bateraino luzatzen da harresia, mendebalderantz. Aztarnen arabera, beste sarrera bat zegoen alde horretan.

Haitzaren gaineko aldea zabaltzaz inguratua dago hiru aldetatik. Agirietan aipatzen den dorre nagusia tokirik garaienean egongo zen. Gainalde lau hori, 25 metro luze eta 12 metro zabal dena, oin irregularrekoa da. Iparraldeko muga harresi batek egiten du. Zoruan ez da bestelako aztarnarik ikusten, baina gainaldeko mendebaldeko ertzean, aztarnategiaren heren bat bete-betean harrapatuz antena erraldoi bat eta bere ondoko eraikina egon ziren 2002. urtera arte.

Aztarnak ikusiz halakorik zehazterik ez dagoen arren, agirietan ur biltegia, dorre nagusia, etxeak, kapera, eta sukalde bat azaltzen dira.

Gazteluaren eremutik kanpo, mendiaren gailurrean, bestelako harrizko lanak ere badaude, izan murruak edo izan harrizko ilarak. Gaztelura iristeko bidea egokitzen ere jardun ziren, eta mendebaldetik datorren bide zidorra nahiko ongi atondua dago.

Marañon

Hegoaldeko harresiko aztarna luzeak, eta ekialdeko zuloa (eskuinetan). (2000)

Iristeko

Ohiko bidea Lapoblacionen hasten da eta 40-45 minutu nahikoak dira gora iristeko. Sigi-saga luzea eginez pasabide bateraino iristen da. Pasabide horretatik abiatu eta ekialdetik egiten da gailurrerako bidea.

Beste aukera bat La Aldea edo Bernedo mendatetik (1.000 metro) igotzea da.

Marañon