Itzuli orri osora

Labraza

FITXA

Udalerria: Oion

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta egitekoak

Mendi edo muino baten goiko aldean eta maldetan behera hedaturik dago Labrazako herria. Gotorleku baten inguruan eratu zen, XII. mendean. Gaztelua herriaren barnean geratu zen, baina ez, eliza bezala, harresiaren kontra. Herria sortu baino lehen ere izan zituen, beraz, gaztelu honek bere egitekoak. Gero, herria hiribildu bilakatu zen, 1196an, hain zuzen. Antso Azkarrak eman zion hiri forua. Nafarroako herri izan zen 1463a arte, eta erresuma horren mendebaleko mugak zaintzea eta defenditzea zuen betekizunetako bat.

Labraza gaztelua

Horma zatia eta dorrea, San Roke kaletik aztarnak ezkutatu baino lehen, etxebizitza batzuekin. (2000)

Historia

Labrazako herrian lur gainean den eraikinik zaharrena da gazteluaren lehen horma. Aitaren, Antso VI.a Jakitunaren (1150-1194) ildoa jarraitu zuen Antso Azkarrak ere (1194-1234). Nafarroako mugak hobeto defenditu ahal izateko, herriak indartzen eta harresiz inguraturik hiribildu bihurtzeari ekin zion. 1196ko irailean, Tuteran zegoela, eman zion Labrazako herriari hiribildu agiria. Foru horretan ez da gotorlekurik aipatzen, baina hiribildu foruarekin batera, lau auzunetako biztanleen ardura eta haietako lurrak eman zizkion Antso Azkarrak Labrazako herriari: Gorrebusto (herria, gaur egun), Castellon (gazteluren bat edo gotorlekuren bat bazela, adierazten du izen horrek), Expisano eta Cerran.

Antso Azkarrak sinatu zituen agiri batzuei esker dakigu haren garaian zein izan ziren Labrazan gazteluzain, horien izena eta lekukotza ere agertzen baita zenbait agiritan. Horietako agiri batek dioenez, Diego Alvarez izeneko bat zen 1206ko martxoan, eta Sancho Gartzeiz zeritzan bat, berriz, 1208ko azaroan, erregeak Burundakoei eman zien foruan agertzen den sinaduraren arabera. Izen bera agertzen da 1211ko maiatzean Ultzamako haranekoei eman zien foru-agirian ere: ¿Sancio Garceyz, Labraçam.¿ Alabaina, beste gazteluzain batek sinatu zituen 1219ko apiriletik 1222ko abuztura bitartekoak; sinaduraren lekuan Garzia Gartzeiz Ianiz (Yhaniz, Ihanis eta Ianiz, jatorrizkoan) diote Tuteran datatutako hiru agirik.

1277ko urtarrilaren 30ean, Joana I.ari (1274-1305) leialtsun zina egiten agertzen da Labrazako gazteluzaina. Baina, Labrazakoaz aparte, beste gaztelu batzuk ere bazituen honek bere kargu: ¿¿Ni, Remiro Gil Urantzikoa, Guardiako, Ferrarako, Asako, Marañango eta Labrazako zaldun tenentea¿¿ 1280an, 6 libera eta 10 sos gastatu zituen gazteluan konponketa txiki batzuk egiteko eta harako zenbait gauza erosteko (8 upel eta 5 kutxa, besteak beste). 1290ean, Rodrigo Fernandez Medrano zen gazteluzain eta Guillem Besançon, mende bukaeran. XIV. mendearen hasieran, 7 libera eta 35 kaiza gari zen Labrazako gazteluzainaren urteko soldata arrunta. Soldata txikiagoa zuen 1355ean gazteluzainak (4 libera eta 20 kaiza gari); Alvaro Bakedanok, alegia.

Gero, Diago Lopez Oion egon zen gazteluzain 1340tik 1348ra arte; 1348an Remiro Gil Sarasaren eta bien artean eraman zuten gazteluaren ardura, eta 1350ean, berriz, Remiro Gil Sarasa egin zen guztiaren kargu.

Nafarroako agirietan nahikoa gutxi aipatzen da, hala ere, Labrazako gaztelua, izan ere, garrantzia handiagoa izan zuen herriak, Erdi Aroko azken mendeetan behintzat, eta garai horretako erregeen laguntzak dira lekuko: 1385ean, Karlos II.ak (1349-1387) 900 libera eman zizkion herriari, harresia konpontzeko, erorita baitzegoen atal bat. 1422an, beste hainbeste egin zuen haren semeak, Karlos III.ak (1387-1425). 7 urteko zergak barkatu zizkion herriari (1.000 libera baino gehiago, seguru asko), harresia konpon zezan. 1431n, kanoi bat erosi zuten, eta harresian jarri zuten, ez gazteluan.

Bada gaztelua Nafarroako agirietan sarriago ez agertu izateko beste arrazoi bat ere: 1380tik aurrera herriak bere gain hartu zuela haren ardura.

Dena dela, izan zen lehenago ere konponketa lanik. 1280koetan, adibidez, dorre nagusian aritu ziren, batik bat; ate berria egin zuten beste zenbait gauzaren artean, eta 9 libera eta 10 sos ordaindu behar izan zuten, guztia. 1354koak, 10 libera kostu ziren, eta labea harlauzaz estaltzea izan zen lanetako bat. Bada kontu bitxirik ere konponketei dagokienez: herriak dorre nagusia konpondu nahi izan zuen 1366an, baina, dirua aurrezteko asmoz, erori gabe beste urtebete iraungo zuela uste bazuten, konponketa ez egiteko agindu omen zuen erregeak, eta, urtebete iraungo ez zuela uste bazuten, berriz, herriak berak konpon zezala, esan omen zuen gero, bi agirietan agertzen denez.

Harritzekoa bada ere, ez da Labraza, 1423an, Vianako Printzearen tituluari zegozkion herrien eta gazteluen artean agertzen, ezta hiribildua ere.

Logroñoko hiritik irten zen erasoa. Enrike IV.a zen Gaztelan errege. 1460-1461ean, Burandon aldea, Arabako Errioxa osoa, San Vicente de la Sonsierra eta Toloño mendilerroko gazteluak hartu zituzten gaztelarrek. Guardiak aurre egin gabe amore eman zuen, eta gauza bera egin zuten inguruko herriek eta gazteluek. 1461eko udan hartu zuten Labraza. Rodrigo Mendozari eman zion Guardiako gazteluaren ardura, eta Labrazakoarena ere hari eman zion gero. Baina, Rodrigo Mendozak ordezko bat jarri zuen Labrazako gazteluan eta, berrogei urtez ¿hil arte¿ handiki eta jauntxo gisa bizi izan zen. Hura hil zenean, 1501ean, Antonio Mendoza Acebedo, haren semea, izendatu zuten Guardiako eta Labrazako gazteluzain. Honek ere ordezko bat jarri zuen Labrazan, Diego Fernandez Moreda; eta 1506an, ez dakigu zergatik, Labrazako sarrera galarazi zioten herritarrek. Handik aurrera gazteluzain bana izan zuten Guardiak eta Labrazak.

1501ean, Arabako Anaitasunean sartu zuen erregeak Barriobustoko herrixkarekin, eta agindu bidez gainera. Nafarroatik behin betiko aldendurik geratu zen horrela. Gero, mugako herri izateari utzi zion 1512an, eta gainbehera hasi zen.

Gazteluaren gainbehera lehenago hasi zen, dirudienez, eta bada arrazoirik hori baieztatzeko. Batetik, bada herrian Gobernadorearen Etxea esaten dioten eraikuntza bat, hiri-harresiarekin bat eginik dagoena; hura omen zen erregeek jartzen zituzten ordezkarien egoitza. Defentsarako ere, bestalde, gazteluari baino garrantzi handiagoa eman izan zitzaien harresiei. Gaztelua, beraz, egitekorik gabe geratu zen Erdi Aroko azken urteetan.

Labraza gaztelua

Labrazako Goiko Plaza: dorre eta horma zati baten aztarnak. (1999)

Egitura eta aztarnak

Herria gazteluaren inguruan sortu eta hazi zenez, gaur egun herriaren erdian dago gaztelua edo gaztelutik geratu zena. Gaur egun Goiko Plaza dena, seguru asko gazteluaren barruko esparrua izango zen garai batean. Kale estu batetik iristen da plaza horretara, eta gazteluaren ekialdeko harresiaren gainean eginak dira kale horren alde bietako etxeak.

Dorre angeluzuzen baten barrualdea eta ondoko hormatala dira plaza horretan ageri diren hondakinak. Horixe bera ikusten da San Roke kaletik ere, baina bestaldetik, gazteluaren kanpoko aldetik, alegia. Landutako harriz edo harri xumez egina da dorrea, eta baita hormatzarra ere. Gaur egun nahikoa hondatua dago hormaren alde hori. Berez ez zegozkion egitekoetarako ere erabili zuten, seguru asko; hala dirudi, behintzat, dituen zuloengatik eta beste markengatik. 11 metro luze da alde horretatik ikusten den hormatala, eta horietatik 1¿70 metro dorrearen barrualdeari zegozkionak dira.

Hormatzarrak harri-mutur edo erlax ilara bat du goiko aldean. Bere garaian zurezko egituraren bat ere izan zuela adierazten du horrek.

Kale-etxez itxirik daude Plazako beste bi aldeak. Gazteluak zuen harresiaren gainean eginak dira etxe horiek, eta gazteluko harriak erabiliz eginak, gainera, seguru asko. Aurrean den etxea ostatua da eta alde bat, San Roke kalekoa, gazteluaren hormetako bat zen.

Gazteluaren San Roke kale alderako horma eta dorrearen ondoko orubeak garbituta daude orain. Etxe bat baino gehiago bota dute horretarako, baina etxeen markak harresian geratu dira, eta hormatal horren beheko aldean zuloak agertu dira (ardandegiak? gazteluaren ate ezkutua?¿).

Dorre angeluzuzena eta hormatala bakarrik ez, beste hormatal bat ere ikusten da San Roke kaletik. Etxe pareta da orain, Goiko Plazako ostatuarena, hain zuzen. Horri Gaztelua esaten diote herrian. Ikusten diren bi hormatal horiek elkarren jarraian daude, baina ez lerroan zuzen, bigarrena iparraldera okertzen baita, gaztelua itxi nahiz bezala. Guztira 22 bat metro luze izango da horma. Bestalde, nolako garaiera duen ere hobeto ikusten da San Roke kaletik, mailaz beherago baitago kale hori.

Hurrengo etxe sailak kale bat osatzen du Plaza Nagusiraino. Etxe horiek eta Plaza Nagusikoak gazteluaren mendebaleko eta iparraldeko hormen gainean edo haien kontra eginak daude. Plaza Nagusiaren beste aldean parrokia dago.

Hainbat indusketa lan egin zuten 1995ean, gazteluaren eta San Roke kalearen artean, baina ez zuten ezer interesgarririk aurkitu. 2001ean, berriz, etxebizitzak egiten hasi ziren, eta gazteluaren alde horretako aztarnak etxe berrien atzeko aldean geratu dira.

Labrazako eta inguruetako jendeak dioenez, sotoak eta galeriarik ere ba omen dira lurpean. Aurkitu eta ikusteko eran jarri ere egin dute bat: herritik Mairuarena deritzaten iturri gotikora zihoana. Etorkizunean sotoek eta etxeek ezusteren bat eman dezakete.

Labraza gaztelua

Hiriguneko etxeen behealdeak, San Roke eta San Migel kaleen mailan. Erdialdeko marra lodiak gazteluaren aztarnak adierazten ditu (Eusko Jaurlaritza: Monumentos Nacionales de Euskadi, 1. liburukia, 1985. urtekoa)

Iristeko

Arabako mapa zehatz samar bat izanez gero, ez da zaila Oion eta Labraza aurkitzea, eta Labraza, berriz, herri txikia da gaztelu baten aztarnak ez aurkitzeko.

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk