Itzuli orri osora

Irunberriko gaztelua

FITXA

Udalerria: Irunberri

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Herria eta gaztelua elkarrekin zeuden mendi zabal batean, gainaldea Zaraitzu eta Irati ibaiek eraturik. Herriaren hego-mendebaldera dira gazteluaren aztarnak. Herria defenditzeko eta une larrietan bertako eta hara babes bila joaten ziren biztanleak eta haien ondasunak babesteko egin zuten gaztelua eta gotortu herria. Leku estrategikoan zenez, inguruko haranak eta igarobideak kontrolatzeko ere erabili izan zuten. Herriak eta gazteluak historia bertsua izan zuten beraz.

Aragoiko mugatik gertu zuen Erdi Aroan, eta izan zuen alde hartara zer begiratua eta kontrolatua, baina gaztelarrek Nafarroa hartu zutenean, beste alde batetik etor zitekeen arriskua, Zaraitzu ibai ibarrean behera, eta ez zuten badaezpada gaztelua suntsitu, kontrara baizik, gotortu zuten bakanetakoa izan zen.

Dena dela, 1460ko agiri batean, ordainketa batzuk zirela eta, aipatzen den gaztelua beste gaztelu bat dela uste dugu. Agiri horretan agertzen denez, Martin Albiasuriri, eraiki nahi zuen gaztelua egiteko, 660 libera emateko eskatu zion Joan II.ak bere diruzainari. Ordu arte hiriko harresiak eta herriaren defentsa aipatzeko bakarrik agertu izan zen Irunberri paperetan. Gaztelurik bazen edo ez, ez dakigu seguru, esparru gotorturen bat-edo izan behar zuela, baina¿.

Irunberriko gaztelua

Hegoaldeko aztarna sendoak, ekialdetik begiraturik. (1999)

Historia

Arib Ibn Saad Abd ar-Rahman III.aren kronikariak badu musulmanen buruzagiak Irunberri eta Legin hartu zituen egunari buruzko pasarte interesgarri bat. 924ko erasoaren kroniketan agertzen da pasarte hau:

¿Emirra gero iritsi zen Irunberriko etapara. Gero Legingora; tropek bidean aurkitzen zuten guztia txikitzen zuten, uztak suntsitzen zituzten, herrixkak eta gazteluak hondatzen.¿

Batzuen eta besteen kronikak eta idatziak aztertu ondoren Alberto Cañadak historialariak atera zuen ondorioaren arabera, Abd ar-Rahman-en gudarosteak 924ko uztailaren 22an iritsi izango zirela Irunberrira, eta Zangozatik hiru egun lehenago irten zirenez, hiru eguneko hutsunea legoke Arib Ibn Saad-en kronikan. Horietako egunen batean gerta zitekeen, beraz, Erronkariko gatazka entzutetsua.

XI. mendearen bukaeraz gero tenentzia bihurturik azaltzen da Irunberri, eta tenenteren baten edo besteren izenak ere agertzen dira paperetan: Garzia Jimenez, 1095etik 1111ra eta Jimeno Gartzes 1111tik 1135era, esate baterako. Eta tenentzia horrek bere egoitza ere izango zuen seguru asko.

Mende horretan hazi zen Irunberri: XIII. mendean bazituen foruak, 1319az geroztik Nafarroako Gorteetako partaide zen eta, 1396an, Karlos III.ak (1387-1425) aitonen seme egin zituen hango biztanle guztiak.

Baina, gazteluaren berririk ez da bitarte horretan; 1280an Ichusco Guarro-ri hainbat diru ordaindu ziotela, besterik ez: Irunberriko etxearen tenente ez ezik eta Ozkorrozko gazteluzain ere bazen Ichusco Guarro. ¿Ichusco Guarrori [Garrori], Richarten eskutik, Irunberriko etxea zaintzeagatik.¿ 1280ko agiri horren egileak etxe hitza darabil Luzaideko eraikuntza adierazteko, baina, askotan dorre eta gaztelu erabiltzen ditu gero, baita Irunberrin zen erakuntza adierazteko ere.

Herriko harresiez bai, badugu berririk, eta, Nafarroan ohiko zenez, Hiri- herriak zuen horiek konpontzeko ardura, gastuen parte bat gero errege administrazioak ordaintzen bazuen ere, zerga batzuk barkatuz gehienbat. 1361ean hesia konpontzen aritu ziren. 1366an, Zangozako agintariek hango gazteluan lan egitera behartzen zuten nonbait inguruko herrietako jendea, eta bi gutun hartu zituzten ez jendea behartzen ibiltzeko esanez, Irunberrin ere harresiak gotortzen ari zirela eta premiazkoagoa zelako Irunberrikoa gotortzea. Urte bereko otsailaren 21ean Ferran Gil Asiain izendatu zuten Irunberriko kapitain, berak baitzuen herriko defentsen ardura, eta 10 zaldun eta 20 oinezko jarri zizkioten bere aginduetara. Agiri beraren bidez, herriko harresiak gotortzeko eta larrialdietan Longidako haraneko herritarrei Irunberrira babes bila joaten uzteko agintzen zioten Irunberriko eta inguruko jendeari.

1418an, zerga batzuk barkatu egin zizkieten Irunberriko biztanleei, harresiko 6 dorreak eta dorre horien arteko hormatalak beren kontura eraiki zituztelako.

Harresiei eta herriko defentsari buruzko aipamen batzuk baditu beraz, baina ez da gaztelurik, gaztelu esparrurik eta dorre nagusirik aipatzen inon.

Joan II.aren (1425-1479) eta Vianako Printzearen arteko gatazketan, behin baino gehiagotan izan zen Irunberri orain honena eta hurrena harena. Irunberri liskar horietan murgildurik zebilela agertu zen gazteluari buruzko lehenengo aipamena. 1460ko apirilean, Joan II.a erregeak agindu zion bere diruzainari, eman ziezazkiola Martin Albiasuri 660 libera, gaztelua eraiki zezan; baina erregearen obra-maisuak egindako planoen arabera eraiki behar zuen gaztelua.

Oso gaztelu apala egin omen zuten, zegoena zaharberritu, batzuen ustez. Urte horretan Joan Garro zegoen gazteluzain, eta 8 libera eta 40 kaiza gariko soldata zuen. Zangozako merinaldeko kontuetan agertzen denez, gaztelua itxi egin behar izan zuten gero, gazteluzainari soldatarik ematen ez zietelako, eta handik hara herria edo udala egin zen gazteluaren kargu, 1476tik 1492ra bitartean. Migel Sanz Irunberri ere izan zen gazteluzain, geroagoko batean.

Joan III.a Albretekoak Irunberrin igaro zituen egun batzuk, erbesterako bidea hartu aurretik. Albako dukea gertu zenez, 1512ko uztailaren 23an Iruñetik Zangozara alde egin zuen eta handik Irunberrira. Irunberritik mezulariak bidali zizkion Albako dukeari, errenditzeko baldintzak zein ziren galdetzera. Baldintzak zein ziren jakin zuenean, Orthezera joan zen familia eta zaldun batzuk lagun zituela.

Abuztuaren 10ean Albako dukeraen mezulari bat iritsi zen eta 16an Irunberrik men egin zuen, hitzartutako baldintzak betetzekotan. Ohiko baldintzaz gainera (lehengo eskubideak ez galtzea, azoka egunak mantentzea¿) herrian zen artilleriak han jarraituko zuela adostu zuten, mugan baitzegoen lurrez. Aragoiko mugaz ari ziren oraindik.

1512an Donamariako Migel beaumondarra izendatu zuten gazteluzain eta 1523ra arte egon zen karguan. Gaztelako 60.000 marabedi zuen urteko soldata. 1514ko ordainketaren agirian adierazten denez Gaztelako 60.000 marabedi edo Nafarroako 500 libera, lehenago ordaintzen ziotena, dirutan berdin zen. Gazteluari garrantzi handia eman zioten arren, ez zitzaien Gaztelako edo Aragoiko bat gazteluzain jartzea beharrezkoa iruditu, Nafarroako errege gaztelu izandakoetan utzi zuten bakanetakoa.

Erresuma berreskuratzeko lehengo ahalegina egin zenean, hirurehun arma-gizon zeuden Irunberrin, 100 oinezko eta 200 zaldun, eta 1513aren bukaeran, berriz, 15 zeuden guztira.

Irunberri hartuta berehala hasi ziren gaztelarrak herria gotortzen. 1515eko txosten batek dioenez artean ere defentsa ahuleko (flaca) gaztelua zen Irunberrikoa, eta hurrengo urteetan ere indartze lanetan jarraitu zuten, arma eta gerra-jantzi berriak erosiz-eta. 1516an Zangozako harresiari kendutako harria erabili zuten Irunberriko gaztelua gotortzeko. Hona konponketa lanei buruz zer zioen Cisneros Kardinalak Joan Rena ordaintzaileari, 1517ko gutun batean (1517-8-9): ¿Irunberriko gotorlekuan, kuboetako obra kareorez egitea hain garestia bada, harri lanez egin beharko zenukeela iruditzen zait, hemen hitz egin genuen bezala, eta saiatu horretan ari den maisuak beharrezko lekuetan bakarrik jar dezala.¿

Nafarroa berreskuratzeko hirugarren ahaleginean (1521), aldi batez behintzat nafarren esku egon ziren gaztelua eta herria. Esako zubian izan zen gatazka, eta Zangozatik etorri zen jendea mende hartu baitzituen gaztelarrak. Gero etorri ziren bestalderakoak: Asparrosen atzera egin beharra, Noaingo gatazka eta Esako zubian gaztelarrak mende hartu zituzten zangozarren epaiketa.

Nafarroako erregearen aldekoak berriz eta berriz altxatzen zirela ikusirik, ziren gaztelu eta hiri-harresiak desegiteko agindua eman zuen Karlos V.a enperadoreak (1521-11-22). Baina, hartan ere zutik geratu ziren Irunberriko gaztelua eta harresia.

1541ean, Karlos V.a enperadoreak mugak ikuskatzera bidali zuen Albako dukea, Frantziak erasoa emango ote zuen beldur baitzen Karlos V.a. Pizaño injineruarekin etorri zen Albako dukea, eta Iruñea, Lizarra, Tafalla eta Irunberri bisitatu zituzten Nafarroan. Bisita horren ondoren, 1542an-edo, bazterrera utzi zuten Irunberriko gaztelua.

Baina, berriz ere tarteka-tarteka haren beharra sentitzen zuten, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan egindako mugaren defentsari buruzko txostenetan, sarri agertzen da Irunberri indartzeko aholkua (1569an, 1571n, 1636an, 1641ean¿), baina Irunberri ziotenean herri osoaz ari ziren, herria leku bortitz bihurtzeaz, ez bakarrik gaztelua.

Pentsatu ez ezik gotortu ere egin zuten frantziarrek Napoleonen garaian, eta zenbait gertaeraren lekuko ere izan zen. Gregorio Krutxaga gerrillaria, Aurizko gotorlekua hartuta laster (1810-2-20), Irunberrikoa hartzera joan zen. Frantsesak 70 gerrari ziren eta amore eman behar izan zuten, gerrillariek haien aldameneko etxeari sua eman ziotenean. Gazteluan edo gaztelu ohian egongo ziren seguru asko.

Baztertua egon arren, militarren morroi izateko prest egon behar berriz ere. Liberalek eduki eta erabili zuten II. Karlistaldian. Gaztelua ez ezik, lehengo hiri-harresia ere erabili omen zuten, eta gaztelu zarpailduaren ¿gaztelu hondatua¿ hormetan su-leihoak handitzen aritu omen ziren, 1874ko maiatzaren 31ko agiri batek dioenez.

Irunberriko gaztelua

Aztarnen hegoaldeko multzoa, mendebaldetik begiraturik. (1999)

Egitura eta aztarnak

Herriko jendeak ¿mairuen harrobitxoa¿ esaten diote gazteluaren aztarnak dauden lekuari eta horrek berorrek adierazten du nolakoa den horien egoera. Cisneros kardinalak eta XIX. mendean gertatuak izan zuten horrela egotean beren eragina.

Oso aztarna apalak dira, beraz: bi horma paralelo tartean kale bat dutela. Kare mortairuz eginak dira bi hormak. Hegoaldekoak baditu landu gabeko harri koskor samarrez eginiko atal batzuk ere. Ez du etxerik eta bestelako eraikuntzarik erantsita. 14,5 metro da luzean, eta 10 metro gora, kanpoko aldetik neurtuta.

Iparraldeko hormatala, berriz, komentuak zuen harresiaren puska bat da, eta bere garaian herriko harresiaren parte izan zela dirudi. 3¿5 metro ditu gora, gunerik garaienean, eta 16¿5 metro luzean.

Harresiak 1,2 metroko lodiera zuen.

Irunberriko gaztelua

Aztarnen bi multzoen ikuspegi orokorra, Canterica de los Moros izeneko tokian. (2000)

Iristeko

Venta de Judas-tik Zaraitzu aldera doan NA-150 errepidea utzi, eta mendebaldeko muturrean herrian gora hartu behar da. Kale Nagusira iritsi baino lehen eskuinetara hartu behar da gero, gazteluaren aztarnak dauden lekura joateko.

Irunberriko gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk