Itzuli orri osora

Herrera gaztelua

FITXA

Udalerria: Urizaharra

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Haundia

Txikia

Kokapena eta egitekoak

1.222 metro garaiko tontor baten gainean, San Leon mendian zen gaztelua. Urizaharratik Errioxarako bidean dago mendi hori, Herrera mendatearen mendebalean; Urizaharra eta Abalos udalerrien artean, gaur egun. Ez da Toloño mendilerroan den/zen gaztelu bakarra, eta denek zuten beren egitekoa; bereziki Herrera mendatea zaintzea zen Urizaharrako gazteluaren eginkizuna. Toloño mendilerroaren iparraldea edo Urizaharra eta hari loturik zeuden herriak behin betiko gaztelarren esku geratu zirenetik, muga zaintzeaz aparte, beste egiteko bat ere izan zuen gaztelu honek. Errioxa aldearen eta iparraldearen arteko lotura lanak ere egin behar izan zituen, San Vicenteko, Toloñoko eta Buradongo gazteluekin.

Herrera gaztelua

Goiko barrutia, hormaz (ezkerretan) eta haitz landuz egina. Atzerago, Arabako Errioxa. (1997)

Historia

Herrera mendateko gotorlekua eta gaztelua Ferrera izenez agertzen dira Nafarroako agiri gehienetan. Lizarrako merinaldeko mugapean zegoen, eta hari lotua, baina bazen izen bereko beste bat ere Tuterako merinaldean, Moncayo mendiaren magalean, eta Herrera harkaitzetan, hain zuzen.

Araba musulmanengandik defenditzeko harresirik onena Toloño mendilerroa zela esan izan da askotan, eta hala izango zen, zeren ez baitute esaten orduko kronikariek, ez musulmanek ez eta kristauek, musulmanak mendilerro hori igarotzen inoiz saiatu zirenik. Musulmanek eraso bizkorrak egiten zituzten, eta Nafarroa aldetik sartzen ziren, ibai ondoak aprobetxatuz, edo Ebro ibaiaren eskuinaldean gora etortzen ziren, Buradondik, Cellorigotik edo Pancorbotik sartzeko.

Izan ere, oso agerian etorri behar zuen Errioxa aldetik zuzenean Toloño mendilerrora zetorrenak, eta aldapa igo, gero. Ez da harritzekoa, beraz, erasoak mendilerroaren bi muturretatik bideratzea. Bestalde, VIII. mendetik X. mendera bitartean ez omen zen Assako zubia igarotzeko moduan egon. Erosoagoa zen Ebro ibaiaren eskuinaldeko ibarrean barrena ibiltzea, han baitzen, halaber, erromatarren galtzada ere. Horrek ez du esan nahi mendate horretan leku gotorturen bat edo behatokiren bat izango ez zenik, igarobideren bat ere izango zen-eta, seguru asko.

Altadillek dioenez, gaztelu hau Alfontso VIII.ak (1158-1214) aipatu zuen lehenengo aldiz, 1176an Haroko monasterio bati eginiko dohaintza agiri batean, hain zuen. Aipamen horrek ematen du aditzera, aldi berean, 1199-1200 urteetako eginik zegoela gaztelua, eta hartu ere egin zutela gaztelarrek, Arabarekin eta Gipuzkoarekin batera. Zernahi dela ere, Ximenez Radak ez du bere kronikan aipatzen (1236), ez eta Alfontso VIII.ak berak ere, 1204an eginiko aitorpenean.

Dena dela, Toloño mendikateko gazteluak eta Errioxako gaztelu eta herriak Nafarroako Erresuman zeuden berriro geroxeago, XIII. mendeko bigarren hamarkadan, baita Urizaharra ere, epe labur batez behintzat. Urizaharra berriro Gaztelari lotu zitzaionean, zegokion garrantzia orduan hartu zuen Herrerako gazteluak, Nafarroak Gaztelako Erresuman sarturik utzi zuten ziri edo adar moduko bilakatu baitzen.

1259an Migel Perez Paganos zen Herrerako gazteluzain eta Ferrant Yuaynes, handik sei urtera, 1265eaa. 10 libera eta 50 kaiza gariko soldata zuen, urtean. 1266an, Ferrant Yuaynes gazteluzain zela, konponketa txiki batzuk egin zituzten, eta 45 sos kostatu zitzaizkien.

1277ko urtarrilaren 30ean Joana I.ari (1274-1305) Iruñean eginiko leialtasun zin batean ere aipatzen da Herrerako gaztelua: “…Ni, Remiro Gil Urantzioa, Guardiako, Ferrarako, Asako, Marañango eta Labrazako zaldun tenentea…” Baina testu horretan dioenak ez du esan nahi, seguru asko, Remiro Gil Urantzikoa zalduna bost gaztelu horietako arduradun edo gazteluzain zenik. 1280an dorre nagusiaren estalia edo teilatua eta defentsarako aldamioak berritzeko oholak eta hiltzeak erosi behar izan zituzten, eta 6 libera eta 8 sos kostatu zitzaien materiala.

Mugako gaztelua zenez, eta erregearena, gainera, askotan agertzen da Nafarroako agirietan. 1290etik 1460ra bitartean gaztelu horren ardura izan zuten izenik gehienak ezagunak dira gai honetan aditu direnentzat. 1290ean, Eneko Gil Baños zen gazteluzain eta Guillen Viridario, haren ondoren, 1294tik aurrera. Alvaro Gonzalez Samaniego, Guardiako San Meder etxeko jauna ere egon zen, eta 13 urtez (1355-1368). Alvaro Gonzalez hori gazteluzain zela 10 gerra gizon edo gerrari ziren Herrerako gazteluan, 1364an behintzat.

Herrerako gazteluzainen soldata ez zen handienetakoa, baina erdikotik gorakoa izan zen, XIII. mendearen lehenengo erdi partean behintzat: 10 libera eta 50 kaiza gari, hain zuzen. 1350ean soldaten beherakada izan zen, eta orduan bai handienetako bilakatu zen Herrerako gazteluzainen soldata arrunta: 8 libera eta 40 kaiza garikoa.

Hainbat konponketa eta eraikuntza lanen berri ere iritsi zaigu. 1291n, esate baterako, harresiaren parte batzuk berriz egin behar izan zituzten, erorita baitzeuden; bestalde, bi dorre txiki, labea eta etxe batzuk ere konpondu zituzten. Konponketa horietan 67 libera gastatu zituzten. 1335ean, berriz, 37 libera, 6 sos eta 10 diru ordaindu zuten zalditegia, ur biltegia eta harresien gaineko zurezko egiturak konpontzeko. 1354an, dorre nagusiaren barruko habeak eta zoruak berritzeko eta kanpoko aldean erortzear zituen harriak sendo lotzeko txanda izan zen, eta pagatu ere, egin zituzten lanen arabera pagatu behar izan zuten: 79 libera eta 10 sos. 1383ko lanak arinagoak izan izango ziren, 17 libera eta 16 sos ordaindu zituzten eta. Nolanahi ere, 1330etik 1383ra Nafarroako administrazioak 11 urtez egin omen zituen konponketa lanak, Javier Martinez Agirrek dioenez.

Nafarroaren eta Gaztelaren arteko gorabeherak nabariko ziren mugako gazteluetan. Jendea, zaldiak eta gurdiak hara eta hona sumatzen zirenean, orduan seinale txarra, behintzat. 1309an, gaztelua gotortzeko agindua hartu zuten Herreran. 1372. urtearen inguruan, gaztelarrek hartu zuten. 1378an, konponketa bereziak egin zituzten, gerraren okerrak erremediatzeko. 1429-1430ean, Nafarroaren eta Gaztelaren arteko giroa gaiztotu zela-eta, gerrari taldea handitu egin zuten eta gaztelua jakiz hornitu, badaezpada ere.

1423an, Karlos III.ak (1387-1425) Vianako Printzearen tituluari lotu zizkion eskualde horretako herriak eta gazteluak ere. Gaztelarren 1460ko erasoaren ondoren, ordea, Buradon, Guardia, Marañon, Viana, Labraza eta eskualde bereko beste hainbat gaztelu eta herri bezala, haien mende geratu zen Herrerako gaztelua ere. Mugak aldatzean, ia egitekorik gabe geratu zen, eta dirudienez, gazteluzainik ere ez zuten jarri gaztelarrek. Orduko, gainera, garrantzi handiagoa zuen herriak eta lurraldeak defenditzeak, eta horiek kontrolatzeko eta defenditzeko ezer gutxi egin zezaketen mendietako gazteluek.

Nafarroako erregeek ez zuten Errioxako eta Toloñoko herriak itzultzeko eskatzeko aukera galtzen, baina alferrik. 1505ean eskatu zuten azkeneko aldiz.

XIX. mendean, gazteluaren aztarna lekua gotortu, eta gerrarako prestatu zuten karlistek, eta gaur egun ikus ditzakegun zenbait aztarna garai hartakoak dira. Mendiaren izena bera ere, San Leon, Leon Fortun buruzagi karlistarengatik datorrela diote.

Herrera gaztelua

Gazteluaren kokalekua antenaz josia, Herrara mendatearen beste aldetik begiraturik (ekialdetik). (2000)

Egitura eta aztarnak

Gazteluaren aztarnak berez hego-ekialdetik ipar-mendebalera begira dauden arren, ekialdetik mendebalera begira baleude bezala agertuko ditugu hemen. Beraz, hegoaldea Errioxa aldea izango da eta iparraldea, Urizaharra aldea. Horren arabera, Toloño mendilerroa ere ekialdetik mendebalera luzatuko litzateke, edo atzekoz aurrera.

Nahikoa gaztelu luzea zen, Herrerako gainean diren aztarnen arabera. Eta egitura, oinplanoari dakionez, itsasontzi baten itxurakoa zuen.

Nafarroako beste errege gaztelu askoren kasuan bezala, honenean ere guganaino iritsi dira konponketa lanen agiriak, eta horiei esker jakin ahal izan dugu gazteluaren egiturari buruzko zenbait xehetasun: dorre nagusia bi solairukoa zela, eta barruko egitura zurezkoa zuela, esate baterako; dorre nagusiaz aparte, zurezko beste bi txiki ere bazirela, teilaz estaliak, biak.

Etxe batzuk ere baziren harresi barruko esparruan, eta horien artean bazen bat besteak baino itxura hobekoa; jauregia esaten omen zioten. 1366an, etxeetako teilatuak konpondu behar izan zituzten, eta 1.000 teila erabili omen zituzten erreteila horretan. Labeak ere bazuen bere eraikin edo etxola propioa. Harresiak, berriz, aldamio moduko bat edo zurezko egitura bat zuen gainean, harlauzaz eta karez sendotua. Ur biltegia eta hara ura bideratzeko hodiak konpondu behar izan zituztela ere jakin ahal izan dugu, bestalde. Agirietan agertzen denez, ez aldamioak eta ura bideratzeko hodiak bakarrik, beste zenbait parte ere zurezkoak zituen edo izan zituen gazteluak, XIV. mendera arte behintzat.

Harresietatik kanpora eta harkaitzaren beheko aldean zen zalditegia. Egurrezkoa zen hura ere, eta goitik behera berritu behar izan zuten 1335ean; eta handitu ere egin zuten bide batez.

Gorago esan bezala, ekialdean eta harkaitza zulatuz egindako lubanarro batean hasten dira gazteluaren aztarnak. Ia bost metro zabal da/zen lubanarro hori. Nabari da ondo egiten saiatu zirela. Gaur egun antena bat eta dagokion trasteria dago lubanarro horretan. Gazteluaren barruko esparru nagusia, eta goren dagoena, lubanarroaren jarraian hasten da, 4’5 bat metro gorago. 20 x 10 metro luze-zabal da esparru hori. Harkaitz landu, eta iparraldeko partea harresi bat eraikirik egina dago. Erdian, telebistako antena bat dago. Iparraldeko harresiaren atala da parterik ikusgarriena, nahikoa behetik ikusten baita.

Esparru nagusiaren mendebalean ere nabari dira hainbat aztarna belar artean. Handik aurrera ere badira bidearen bi aldetara harkaitzetan harri ilara batzuk, mendebaleko lubanarroraino. Batez beste, hiru metro zabal da lubanarro hori, behealdean eta esparru nagusitik hogei bat metrora dago. Hortik aurrera, harri soilez egindako harresiak daude tarteka. Hormatal horiek karlistek egindakoak dira agian, egituraz erabat ezberdinak baitira.

Mendebalean diren leize-zuloek ez dute, dakigunez, gazteluarekin edo gazteluan izandako gorabeherekin zer ikusirik. Iparraldeko maldan eta hegoaldeko maldan dira leize-zuloak. Badira horietara joateko bidezidorrak.

Herrera gaztelua

Barruti nagusiko iparraldeko horma, kanpotik begiraturik. (2003)

Iristeko

Herrera mendatean bertan, hasten da igotzeko pista, Errioxara bidean goazela eskuinetara; Herrera igarobidearen mendebaldean, 120 bat metro gorago. 15 bat minutu behar dira goraino igotzeko. Azkeneko zatia porlanezko eskaileretan gora da: 257 eskailera-maila.