Itzuli orri osora

Gorriti

FITXA

Udalerria: Larraun

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

853 metrora dagoen muino luze baten goialdean zegoen; Malkoraundi izena zuen, baina egun Santa Barbara izenez ezagunagoa da, santa horri eskainitako baseliza baitauka. Larraun eta Araitz udalerrien arteko muga goialdetik doa, eta aztarnak bi udalerri horietan hedatzen dira, nahiz eta Gorriti herriaren gain-gainean egon.

Gaztelua dagoen mendiaren behealdetik igarotzen ziren artaldeak udako eta neguko txangoetan: Aralarren ematen zuten uda, eta itsasertzetik gertuago negua. Peña Santiagok Gorriti 7 bide handiren bidegurutzea dela esaten zigun.

Ez dakigu abelbide eta bidegurutze horien gainean gaztelu bat noiztik zegoen, baina Gipuzkoaren eta Nafarroaren artean muga jarri zutenetik, Gorritiko gaztelua aipatzen hasten dira aipatzen; muga inguruko mendi eta haranak bi erresumen artean banatu zituzten. Mugako gaztelua zen, mota horretako gazteluen egiteko guztiekin, mugako gaizkileak zaintzea barne.

Gorriti

Goialdea eta hegoalderako luzapena, indusketa egin ondoren. (2002)

Historia

Historialariek gaztelua 1200. urtea baino geroagokoa dela esan ohi dute; batetik, ondorengo urteetako gazteluaren egiteko nagusiak hala pentsarazten duelako, eta bestetik, ez dagoelako aipamen zaharragorik. Badakigu 1205eko maiatzean Aibarko Eximino zela gazteluzaina, Antso VII. Azkarrak (1194-1234) eginiko dohaintza-truke baten ondoren. Eta, egia esan, 5 urte lehenago bidegurutze horretan ezer ez zegoela pentsatzea zaila da.

1208ko urritik aurrera, Garzia Espinel agertzen da gazteluzain; agirietan izen askorekin ageri da: Garsia Hospinel, Garçie Hespinel, Espiniel, Ospinel¿ eta 1205 eta 1211 urteen arteko agiri askotan Gorrite idazten dute.

Ondoren, mugako arazoak hasi ziren. Leinuek eta pobreziak bultzatutako liskarrak ziren, baina 1261eko agiri baten arabera, Nafarroako hiru errege gaztelutako arduradunen jokabidea ere salatzen zuten gipuzkoarrek. Urte hartako maiatzaren 1ean, Burunda ondoan, Eznatea inguruan, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkariak bildu ziren, kexak elkarri emateko; batzarrerako idatzian arabarrek eta gipuzkoarrek erreklamazio zerrenda luze bat ekarri zuten. Horien artean zegoen Corbaran Bidaurrek gerrari talde batekin eginiko erasoa: Lizartza herrira joan ziren, eta 7 upel sagardo bota zituzten eta hainbat gauza lapurtu; 100 marabediko kalte egin zuten. Handik Machala tokira (Maala baserria izan daiteke) joan ziren, eta beste 5 upel sagardo bota eta gero, baleztak, aiztoak, bi kapa eta 45 sos eraman zituzten; 100 marabediren kalteak egin zituzten. Halaber, bi gizon bahiturik eraman zituzten Gorritiko gaztelura, eta 400 sos ordaindu behar izan zituzten askatzeko.

Beste erreklamazio batean, Gorritiko gazteluzaina aipatzen ziten, izenik esan gabe; lapurreta batean nahasten zuten zuzenean: Fortun Sanchez Oriar gipuzkoarrari 54 txerri ostu zizkioten eta Lekunberrira eraman zituzten, lapurretan parte hartu zuen beste baten etxera.

1259an, Mendialdeko ibar-jaunaren esku zegoen gaztelua, Martin Ortizen esku, Irurita, Orarregi eta Ozkorrotz gazteluekin batera. 1265ean, Pedro Gartzeiz zen gazteluzaina (10 libera eta 50 kaizako soldata zuen), eta 1266an, Pedro Aznariz Gorriak hartu zuen ardura. 1272an, Garzia Almorabid zalduna ibili zen gazteluzain lanetan, eta 1297an, Pedro Ximenez Mirafuentes ibar-jaunaren esku zeuden Gorritiko, Ausako eta Ozkorrozko gazteluzaintzak.

1305ean, gipuzkoarrek gazteluzaina, Diego Sanchez Garriz, eta haren bi adiskide harrapatu zituzten, txerri lapurretan zebiltzala edo. Mendialdeko ibar-jaunak, Johan Martinez Necuesak, joan behar izan zuen askatzera. Diego Sanchez Garriz ez da gehiago agertzen Gorritiko gazteluzain lanetan, bai, ordea, Johan Martinez Necuesa ibar-jauna. Dena den, Kanpionek argitaratutako agirien arabera, 1306an Garrizkoak ordezkatu zen Necuesa ibar-jaunaren postuan, baina urte horretan bertan, Diego Sanchez Garriz hori, bere seme gerraria eta eurekin zihoazen hainbat gerrari hil zituzten gipuzkoar gaizkileek baso batean eginiko segadan.

Mugako egoera gaiztotzen joan zen urte horietan guztietan. Eznateako, Uliko eta antzeko bilerek ez zuten ezertarako balio, eta ibar-jaunei bidalitako mezuek ere ez (nafarrek Gipuzkoan lapurretarik ez zezatela egin eskatzen zieten).

1309an, orduko Mendialdeko ibar-jauna, Joan Lopiz Urroz, Oinaztarren atzetik ibili zen, eta Leitzaren eta mugaren artean Martin Periz hil zuen, eta Pedro Periz preso hartu. Bi hilabetez egon zen Gorritiko gazteluan, seneskalak askatzeko agindua eman arte.

1321eko irailaren hasieran, Gorritiko gaztelua hartu zuten Gipuzkoako Oinaztarrek. Joan Lopiz Urrozek jarraitzen zuen ibar-jaun, eta Gorritiko, Aitzitako eta Iruritako gazteluzaina ere bazen. Egun batzuk geroxeago, Lekunberrin bildu ziren gerrariak gaztelua berreskuratzeko eta, Mendialdeko ibar-jaunaz gain, Nafarroako sei edo zazpi handiki (Agramondeko jauna, Medranotarren burua¿) eta Estellerriko ibar-jauna zeuden, Dru de Saint-Pol. Gerrarien burua orduko gobernadorea zen, Ponz Mortaigne, Aunay-ko bizkondea. Pere Arnalt Urtubia jauna ere joan zen, 200 gerrarirekin.

Lekunberritik abiatuta, Gorriti bost egunez hesitu eta hartu ondoren, Gipuzkoa aldera jo zuten gerrari gehienek. Berastegi erre eta gero, Tolosarako bidean segada batean erori ziren Beotibarren, 1321eko irailaren 19an. Amasako Larrea dorretxeko jauna zen garaileen buruzagia, Gil Lopez Oñaz. Bertan nafar asko hil ziren, besteak beste, Mendialdeko eta estellerriko ibar-jaunak.

Dirudienez, Pere Arnalt Urtubiak, Urtubiako jaunak, hartu zuen ibar-jaunaren kargua, eta Gorritiko, Iruritako eta Leitzako gazteluzain ere bera jarri zuten, (Ozkorrozen ere bera zegoen). Gorritin 40 gerrari jarri zituen irailaren 22tik aurrera. Urte hartan, gerrari baten soldata 20 sos eta 5 kaiza garikoa zen urtean.

1328ko gazteluzaina, Joan Garzia Reta, Mendialdeko ibar-jauna eta Iruritako gazteluzaina ere bazen. Garai hartan, Gorritiko gazteluzainaren soldata 10 libera eta 50 kaizakoa zen; ez zen handienetako bat, baina bai batez bestekotik gorakoa.

Kanpionek bere 7. Euskarianan, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko mugan 1335ean bereziki jarritako gerrarien errolda bat eskaini zigun, eta Gorritiko gazteluan 50 oinezko zeudela esaten du, 2 buruzagirekin, Martin Garssiez Bergara eta Johan Garssiez, Azpilkoetako (¿Ezpilcoeta¿) jauna.

XIV. mendearen erdialdean, Gorritiko gazteluan konponketa asko eta handiak egin zituzten, agirien arabera. 1345ean zera idatzi zuten: ¿Gazteluzainari estalpe emango zion lekurik ez zen.¿ Horrela, 1345 eta 1355 artean, hiru urtetan izan ezik, urtero gotortzeko edo konpontzeko lanak egin zituzten. 1352an, esate baterako, dorre nagusia 3 metro (6 beserdi) garaiago egin zuten, almena berriak jarri aurretik, eta estalkia eta bi zaindarien bi etxola konpondu zituzten. 1381ean, kanpoko harresia berregin zuten zati batean. Agiriak esaten du 10 besoko garaiera zuela (16 metro inguru), oinarriak barne, eta 3¿5 beserdi zela lodi (1¿7 metro).

Erosoago bihurtu zuten gaztelua, eta soldata ere dezentekoa omen zen; hala, ibar-jaunaz gain, garaiko jaun batzuk egon ziren urte horietan: Erasokoa (1360-1362; 1379-1385; 1420-1427), Narbartekoa (1362-1371; 1372-1374), Azpilkuetakoa (1409-1420). Azpilkuetako jaunari, Joan Garzia Hualderi, 1414an soldatatik 6 libera eta 30 kaiza kendu zizkioten, egin ez zituen konponketak egiteko. Geroago, 1418ko lanetan bera kontratista gisa ibili zen, inork ez baitzuen lan hori egin nahi finkatutako prezioarekin (120 libera gastatu zituzten).

1427an, Erasoko jauna hil zenean, bere alarguna izendatu zuten gazteluzain, Zarauzko Teresa. Bera gazteluzaina zela, eta nahiz eta 50 gerrari eduki, 1429-1430eko gerran gipuzkoarrek berriro hartu zuten gaztelua. Herria ere erre egin zuten 1430. urte hartan, eta Joan II.ak (1425-1479) biztanleei zortzi urtez zergak gutxitu behar izan zizkien. Gerra horren ondoren, Mejanoko tregua izenpetu zuten, eta gaztelarren esku jarraitu zuen gazteluak. 1436an, Toledon izenpetutako hitzarmenari esker, gaztelarrek itzuli egin zioten gaztelua Nafarroako Erresumari.

Hala, 1439an, Joan Lopez Eraso ageri da Gorritin gazteluzain, Larraun haraneko alkatea. 1444-1452 urteen artean, Araizko Martin Martinez Errazkunsagasti izan zen gazteluzaina, eta hurrengoa Migel Agorreta izan zen, Luis Beaumontekoak ordezko jarria, bera ez etortzeko Gorritira bizitzera. 1453an, beste arduradun bat izan zuen gazteluak, Martin Migel Zurutuza, hau ere Luis Beaumontekoak izendatua. 1460an, Michel Ezker edo Ezkerra izan zen gazteluzain, eta 1464an, Otsoa Leiza.

Geroztik, gaztelua desagertu zen paperetatik, eta ez dago jasotzerik inolako berririk agiritegietan edo idatzietan. 2001. urtean hasi dira indusketa lanak egiten.

Gorriti

Baseliza eta harresia, goialdeko mendebaldean. (2002)

Egitura eta aztarnak

Aztarnak ez dira batere ikusgarriak, horma zatietako harriak lurrean sartuak baitaude, edo pilaturik. Dena dela, oso ondo nabari dira zulo edo erreten batzuk beharrezkoak ziren tokietan, hain zuzen, maldarik ez zen tokietan, haitz landuz eginak baitira; goialdean geratu diren maila ere bereizten dira. Magaletan harri erori asko daude, gehienbat mendebaldean.

Dirudienez, oinak ¿L¿ bat egiten zuen; alde luzea I-H norabidean egongo zen, eta motza E-M norabidean, eta biak iparraldeko muturrean elkartuko ziren. Alde luzea 50 metro ingurukoa da, eta 40 metro ingurukoa bestea, betiere zulo edo erreten gisa jarri zituzten ebaketatik hasita, horiek sartu gabe.

Ekialdeko maldan harresi lerroak ikusten dira, eta haitza landua dago. Goiko horma zatia, baselizaren oinetan, gazteluko barruti nagusiari zegokiola dirudi. Hegoaldeko muturrean erreten baten aztarnak eta barruti batenak daude. Iparraldera joz gero, sakonune bat dago, harri ilarekin. Bertan, haitz landuz eginiko angeluzuzen bat dago, zeina ur biltegia izan baitzitekeen, harresiz itxita mendebaldetik.

Barruti nagusia, tokirik garaiena eta ¿L¿ horren bi besoen abiapuntua, 12 metro luzekoa (I-H) eta 10 metro zabalekoa da (E-M). Esparru horren erdi-erdian Santa Barbara baseliza txikia dago (6¿6 x 5¿6 m), haitz eta aztarnen gainean egina. Kaskoaren hegoaldean, ekialdean eta iparraldean, harri ilarak. Aztarnarik aipagarrienak 3 metroko horma zati bat eta 3 metroko dorre zilindriko baten beheko aldea dira, ipar-ekialdeko izkina izango zena. Horma zati horren gehieneko garaiera 1¿10 metrokoa da egun.

Mendebaldeko barrutia ¿L¿ horren beso txikia izango zen. Luzera (E-M) 14 metrokoa da, eta zabalera (I-H), 8 metrokoa. Erreten baten aztarnak daude IM-ko izkinan, eta harriak ageri dira barrutiari eutsiz mendebaldean eta iparraldean.

Baliteke dorre nagusia egun baseliza dagoen tokian egotea, eta ur biltegia handik gertu, hegoaldeko sakonunean. 1345ean, dorre nagusiaren estalkiaren inguruan ubide bat jarri zuten, ura biltegira eramateko. Ur biltegirako ubideak lehenago ere konpondu zituzten, 1315ean, eta ur biltegia bera ere bai. Dorre nagusiaz gain, beste harrizko dorre berezi bat zegoen, Sugar Torr izenekoa, eta 1354an erori egin zen. 1417an etxe bat berreraiki zuten; 12 x 12 beserdikoa zen oina (6 x 6 metro), eta gela batzuk zituen ¿euskaraz ¿guelgas¿ [gelak] deituak.¿ 1345ean, eraikin bati jauregi esaten zioten, eta pago oholez 3 alde itxi zizkioten. Ziurrenik, laugarren aldea gazteluko harresia izango zen.

1259an, konponketa txiki bat egin zuten harresi aurreratua. Horren arabera, ondo erabili bazuten hitza, urte hartan bazegoen gazteluaren barrutitik at esparru gotortu bat. Aipamena goiztiarra da, eta beharbada, geroago eremu hori barneratu egin. 1381eko agiri batek harresi bati ¿kanpokoa¿ esaten dio, harresiak bat baino gehiago izango balira bezala. Agirietan askotan zaindarien etxolak aipatzen dira.

Malkoraundi izenez ere badago Gorritin erroldatua leize bat, baina ez dago egun gazteluarekin lotzerik.

Gorriti

Goiko barrutiko ipar-ekialdeko izkinako dorre biribila eta, atzerago, ekialdeko horma zatia indusketa egin gabe. (2002)

Iristeko

Herritik gaztelua dagoen mendi aldera autoz joan gaitezke, autobidearen ondoan doan errepidetxo/pista batetik gainalde bateraino. Han, bide bat hasten da igotzen, eta tokia dago auto bi edo hiru uzteko. Abiapuntu hori autobidearen irteeratik 700 bat metrora dago, eta herriko pilotalekutik 1¿2 kilometrora. 10 minutu nahikoak dira pagadia zeharkatzeko eta tontorrera iristeko.

Gorriti

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk