Itzuli orri osora

Gerga

FITXA

Udalerria: Untzue

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Gure ustez, Untzue haitzaren goialdean zuen kokalekua gazteluak, 990 metroko garaieran. Haitza inguruetatik bereizia dago, eta handik ikuspegi luzeak daude, gehienbat hegoaldera eta mendebaldera. Iparraldean eta ekialdean, Alaitz mendilerroak mugatzen du apur bat paisaia.

Gazteluaren mendebaldetik Nafarroako ardatz nagusietako bat doa, Iruñetik Tuterarakoa alegia (egun, errepideak, autobideak eta trenbideak lotzen ditu); handik gertu Carrascal mendatea dago, Iruñerriko sarrera bat. Ardatz hori baino haratago, besteak beste, Gazteluzar izeneko hiru muinoak ikusten dira, hirurak mendi lerro berean (Oloritz, Añorbe eta Artaxoako udalerrietan). Hegoaldean, Tafallarako bidean, Pueioko talaia ikusten da, eta harantzago Tafalla bera eta hango gaztelua zegoen mendia. Ekialdean, Elomendi agertzen da, Nafarroako beste ardatz nagusi baten gainean, Iruñea¿Zangoza¿Aragoi lotzen dituen ardatzaren gainean, alegia.

Gazteluak inguruko herritarrei babesa ematen zien, eta larrialdiren bat suertatzen bazen, bertara jotzen zuten, beren ondasunak hartuta.

Gerga

Ekialdeko muturreko horma zatiaren xehetasuna, hareharrizkoa, inguruko kareharritik ondo bereizirik. (2001)

Historia

Gazteluaren lehenengo aipamenak, Gerga izenez, berantiarrak dira XIII. mendearen bigarren erdialdekoak, baina ezin da baztertu agirietan beste izen batez agertu izana lehenago. Aro edo garai guztietako gudatarako talaia paregabea zen goialde hori, eta zalantzarik gabe, lehenagotik eraikinen bat izango zen.

Erga gaztelua al zen? Erga gazteluaren aipamenak XIII: mendea baino lehenagokoak dira, baina XIII. mendean agirietatik desagertu egin zen. Dena den, izen bereko mendian dagoen Trinitate baselizaren haitza ere toki aproposa da Erga gazteluaren kokalekua izateko. 907 edo 908. urteetan agertzen den Horeyz gaztelua zein zen ere jakiteke dago; beti Carrascaldik gertu kokatu izan dute, eta baliteke Gergakoa izatea.

Felipe III.a Frantziako erregeak, Nafarroako Joana I.aren (erregina: 1274-1305) begiraleak, 1277ko abuztuaren 9an kondestableari eta gobernadoreari eskatu zien Garzia Gil Arruizen eskaera bat azter zezatela (honek eskatzen zuen Gergan gazteluzain aritzeagatik berari eta bere aitari, artean hila zen, zor zietena ordain ziezaietela). Beste agiri bati esker, badakigu 1265ean ere Garzia Gil Arruiz zebilela gazteluzain (Teobaldo II.aren erregealdian (1253-1270) izendatu zuten).

1294an, gazteluko ur putzua eraiki zuten, eta 20 libera ordaindu zituzten.

Nafarroako hainbat gaztelutan gertatu zen bezala, XIII. mende bukaerako eta XIV. mende hasierako gazteluzainak frantziarrak ziren. 1294an Raolin Chamblon zen, eta 1300ean 12 liberako eta 60 kaiza gariko soldata jasotzen zuen, gazteluzainen soldataren batez beste baino handiagoa. Hurrengo gazteluzaina Renalt Le Chat izan zen, 1306tik 1328 urte ingurura. Horren ondoren, Joan Savaynni aritu zen (gazteluko presoek hil zuten), eta 1335etik aurrera, Gil Renalt Le Chat. 1348an, Izurako leinuko Per Arnalt Latsaga ageri da gazteluzain.

XIV. mendetik aurrera, Gergako gazteluzainari, ohiko betebeharrez gain, Alaitz mendilerroa zaintzea egokitu zitzaion. Zaintza lan horretan, isunak eta zigorrak jartzea ere bazegokion. Zeregin horretan, erregeak izendatutako arma sarjentu bat izaten zuten laguntzaile. Bestalde, Alaitz mendilerroko haritz basoetatik behin baino gehiagotan eskuratu zituzten enborrak eta oholak Gerga eta Tiebas gazteluak konpontzeko. Ziurrenik, diru sarrera berezi bat izango zuen gazteluzainak isunei eta zigorrei esker, 1350eko arautegi berriarekin soldata arrunta asko murriztu baitzen. 1300ean 12 libera eta 60 kaizako soldata izatetik, 4 libera eta 20 kaizakoa izatera igaro zen 1350etik aurrera.

Gaztelu horretan atxilotutako batzuen berriak iritsi dira, eta 1335 eta 1345 urteen arteko gertaera batzuk argitaratu egin zituen Arturo Kanpionek. 1335ean, esate baterako, Lizasoaingo Johaneti mingaina moztu zioten, testigantza faltsua egiteagatik. Gil Renalt Le Chat gazteluzainak Leormandia eta Guillemot izeneko bi lapur urkatu zituen 1338an. Dirudienez, atzerritarrak ziren, Mauflauquingoak, ibar-jaunaren arabera, eta Donejakue bidea egiten zuten erromesei lapurtzen eta iruzur egiten aritzen ziren. Urte horietan bertan, Eloko gazteluan ere -Alaitz mendien beste aldean zegoen- hil zituzten preso batzuk erromesei lapurtzeagatik.

1340an, ibaian ito zuten Alliko Mikaela, Aralarren gizon bat hiltzeagatik, eta Maria Zabiel erre egin zuten. 1345. urte inguruan, Zangozako ibar-jaunak Pedro Ximenez Oloriz, Garzia Ximenez eta honen semea sartu zituen gazteluko ziegan, lapurretan ibiltzeagatik. Lehenengoa urkatu egin zuten, eta bigarrena ibaian ito. Hirugarrena, adingabea-edo izango zen, ez zuten hil.

Baina Gergan presoen inguruan izaniko gertaera bitxiena lehenagokoa da, 1335eko abuztukoa. Elgorriagako Migel eta Oizko Migel beste preso batzuekin, matxinatu egin ziren, eta gazteluzaina hil eta ziega suntsitu zuten. Matxinatuak harrapaturik, bi buruzagiak Iruñera eraman zituzten arrastaka, idi larruz estalitako ohol bati lotuta, agiriaren arabera, eta gero urkatu egin zituzten.

1319an, gazteluko dorre nagusiaren estalkia eta zaindarien etxolak konpondu behar izan zituzten. Dorre nagusiarekin arazoak izan zituzten 1349an ere: ertzeko harri bat sukaldearen gainean erori zen, eta sukalde berri bat egin behar izan zuten. Urte hartan, konponketa eta berrikuntza sakonak egin zituzten (84 libera, 13 sos eta 3 diru ordaindu zituzten). Besteak beste, inguruko harresiaren gainean egurrezko egitura edo aldamio berriak eraiki zituzten -defentsarako eta igarobide moduan erabiltzen zituzten-, eta ur putzua konpondu zuten, ura galtzen baitzuen, Iruñean erositako 3 kintal betun (130 kilo inguru) erabilita.

Agiriek erakusten dute gaztelu askok arazoak izan zituztela haizearekin. Kokalekua ikusita, ez da harritzeko Gergan ere arazoak izatea. 1356an, estalkia ez ezik, jauregi nagusia deitzen zutena ere bota zuen haizeak. Egurrezkoa omen zen, eta arotzak berregin behar izan zuen (12 libera ordaindu omen zioten). Lau urte geroago, 1360an, dorre nagusiko zabaltzan hainbat harlauza berri jarri zituzten, haizeak bota eta puskatu egin baitziren. Urte hartako lanen faktura 22 sos eta 6 dirukoa izan zen. 1366koak dira konponketa lanei buruz agiritegietan aurkitutako azken berriak.

1366an, Karlos II.ak (1349-1387) gazteluzainari agindu zion, Otsoa Perez Artiedari, Untzueko, Etxagueko, Olorizko eta Muruko biztanleak gaztelua konpontzera eta gotortzera behartu zitzala, han babestu behar baitzuten larrialdietan, euren ondasunak hartuta. Agindu horrek informazio jakingarria ematen digu; batetik, gaztelu horren egitekoetako bat zein zen erakusten digu, eta, bestetik, zein eremu biltzen zuen zehazten digu. Idatzi horretan Guerge deitzen zaio gazteluari.

XIV. mendearen bukaeran eta XV. mendean, Uroz edo Urroz sendikoak ibili ziren gazteluzain; 1465ean, baina, Arnaut Ozta zen gazteluzain, Olkotz herriko dorrearen jauna. Leinu berri horretako batekin bukatu zen gazteluaren bizitza, Joan Oztarekin (gutxienez, 1494tik izan zen gazteluzain). Dagoeneko Untzue izenez ezagutzen zen gaztelua.

Nafarroako konkista gertatu eta gero ere, gazteluak bere lanean jarraitu zuen; hala, 1514an, gaztelarren erregeak agindu zuen Joan Oztari 185 dukat ordain ziezazkiotela, Elo eta Untzueko gazteluetako gazteluzainaren soldataz gain, bertako gerrariei emaniko jaki, jantzi eta ahariak ordaintzeko. Ez dago jakiterik noiz suntsitu zuten Gerga gaztelua, baina urte horretakoa da azken berria, 1514koa, alegia.

Gerga

Haitza, hegoaldean, landua dago, harresia gainean eraikitzeko. Atzerago, Untzue herria. (2001)

Egitura eta aztarnak

Egun bi konkorrek osatzen dute Untzue haitzaren gainalde luzea, ekialdetik mendebalderako norabidean. Ekialdeko kaskoak -garaiena eta motzena da-, apur bat biribildua du oina. Mendebaldekoa, berriz, luzexeagoa da. Gazteluaren hedadurak gainalde osoa hartuko zuen; 65 metro izango zen luze, eta gehienera, 18 metro zabal. Gutxi gorabeherako kalkulu horiek ateratzeko, haitza leundua dagoen tokiari erreparatu diogu, gainerakoan ez baitago beste modurik oinaren ezaugarriak zehazteko.

Oso gutxi dira gazteluaren arrastoak. Historia atalean banan-banan aipatzen diren hainbat eraikinek (dorre nagusia, putzua, sukaldea, jauregi nagusia, inguruko horma¿) ia ez dute utzi arrastorik tontorrean. Sukaldea (1349) eta jauregi nagusia deitzen zutena (1356) gehienbat egurrezkoak zirela gogoratu behar da. Inguruko harresiko aldamioak eta dorre nagusian zaindariek zituzten etxolak ere egurrezkoak ziren.

Egun, gazteluaren aztarnarik argienak harresi baten aztarnak dira, ekialdeko muturrean. Lauzpabost harri ilarak osatzen dituzte murruaren aztarnak (4 metro dira luze aztarna horiek)k. Gehieneko garaiera 0¿70 metrokoa dute, eta lodiera ere 0¿70 metrokoa da. Hareharriek osatzen dute murrua, eta ongi bereizten dira inguruko kareharritik. Beherago, 2¿5 metrora, bi harri landu ikusten dira; beharbada, beste murru baten aztarnak izango dira.

Nonahi haitza landua agertzen da, eta lekuen batean haitza eta murru baten harriak nahasten dira. Ekialdeko konkorra, garaiera eta oina ikusita, dorre nagusiaren kokalekua izan zitekeen, eta oraindik harearrizko zorua gorde du, eta murru bat izan zitekeenaren oinarriak. Gainaldea 10 metro da luze (E-M) eta 6 metro zabal (I-H).

Mendebaldeko muturretik gertu, sakonune bat dago (4 metro luze eta 3 metro zabal), eta baliteke ur putzuaren hondoa izatea.

Iparraldeko bidezidorrean, hiruzpalau harmaila landu ikus daitezke, eta horrek adierazten du sarrera nagusia alde horretan zegoela. Haitzaren behealdean harri pila batzuk ageri dira, eta horiek ere aztarna gisa aipatu behar dira, gaztelutik eroritako harriak dira eta. Harrien artean Erdi Aroko zeramika puskak jaso daitezke.

Gerga

Bidean landutako harmailak. (2001)

Gazteluaz gain

Gazteluaren kokalekuari buruz hainbat gauza esan dute: ¿Orba haranean Etxague eta Untzue aurrean¿ zegoela; ¿Untzue gainean, tontor batean¿ zegoela¿ Bestalde, Erdi Aroko agiri batean zehaztasun osoz esaten da ¿ cabo Unzue .¿ Tomas Lopez Sellesek idatzitakoari jarraituz, Orizin herritik 700-800 metro ekialdera dagoen Kastillo mendia hartu dute gazteluaren kokalekutzat hainbat historialarik.

Ezpondaz osatutako angeluzuzen handi bat da dago han; ekialdean eta mendebaldean lunabarro edo erretenak ditu, gainerako gailurreriatik bereizteko. Barrutian bi eremu ageri dira. Aztarna horiek gotorleku bati dagozkiola uste dugu guk; ziurrenik, II. Karlistaldikoa izango zen, liberalek Iruñeko inguruan eginiko lerrokoa. Lerro horretan badira beste batzuk ere: Erreniegako batzuk, Añorbeko San Martin baselizakoa eta Gazteluzar izeneko tokian eginikoa. Dena den, Orizingo inguruetan bataila bat izan zen I. Karlistaldian, 1834-12-12, liberalek irabazitakoa, eta denbora luzez gerrariak ibili ziren eskualdean.

Iristeko

Untzue herriaren erdian, udaletxea igarota, kale-errepidearen eskuinetik hasten den kale batetik abiatu behar da; gero Arkaitz kalea izena hartzen du kale horrek. Geroxeago, ezkerretan, etxe baten ondoan pista bat hasten da, zeina haitzera zuzen joaten baita (aurrerago bidezidor bilakatzen da). Herritik hiru ordu laurden behar dira igotzeko.

Gerga

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk