Itzuli orri osora

Gaztelu berri

FITXA

Udalerria: Baiona

Herrialdea: Lapurdi

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Hiriko gaztelua da, eta hiri-defentsaren antolaketako parte ere bazen bere garaian. Baina hirigunetik ondo bereizturik zegoen. Hiria defenditzeko egin zuten, baina hiritarrak mendean edukitzeko ere bai, dirudienez, hirira begira baitzituen dorre handiko kanoiak. XV. mendean eraikia da. Egiteko handia izan zuen hasieran seinalatu zitzaion esparrutik kanpora ere. Lehen zenekotik oso aldatua dago, erdiko loriotik begiratuta iparraldera eta mendebaldera dagoena batik bat.

Euskal herriko beste hainbat gaztelu bezala, kultura eta ikaskuntza sustatzeko ere erabiltzen da gaur egun. Euskal Museoak han ditu zenbait zerbitzu. Badira erakustaretoak ere, eta informatikako fakultatea, besteak beste.

Gaztelu berri

Gaztelu Berriko mendebaldeko ikuspegi orokorra, hiritik ikusten zena, eta eskuinean, kuartelaren hasiera. (2001)

Historia

Frantziaren eta Ingalaterraren arteko Ehun Urteko gerra bukatzear zela hasi ziren Frantziako gudarosteak Baiona setiatzen, 1451ko abuztuaren 6an, hain zuzen. Abuztuaren 21ean sartu ziren hirian, bezperan honek amore emanda.

Baiona hartu zutenean, gaztelu berria eraikitzeko agindua eman zuen Karlos VII.a Frantziako orduko erregeak, eta Baiona Ttipiko Mokorron deritzan mendixkan eraiki zuten gaztelua, Baiona Handian zena nahikoa baitzen alde hura defenditzeko eta kontrolaturik edukitzeko. Ingelesen garaiko harresiak angelu zuzena eratzen zuen, dirudienez, kaskoaren alde horretan, Mokorroneko atea zen lekuan, alegia; eta oraindik ere ikus daiteke ate hori. Lehendik zegoenaz baliatuz gero, bi alde gehiago egitea aski zen gaztelu berria osatzeko, baina bi dorretzar erantsi zizkioten hirigunearen goiko aldean.

Nicolas Faucherre-k eta Philippe Dangles-ek 1990ean argitaratu zuten lana da Eraikuntza horri buruz idatzi direnetarik osoenetakoa. Argibide eta datu asko dakartza liburuak, eta agirietan bermatuak gainera. Ordu arteko zenbait ideia oker zuzendu ere egin zuen, berebat, argitaratu zenean. 1462an gaztelua amaiturik zen horien arabera. Jacques Villenoix omen zen maisu-igeltsero,1455ean. Badakar, bestalde, han lanean aritu behar izan zutenen lan-baldintzei buruzko daturik ere. Hain zuzen ere, behartu egiten baitzituzten baionarrak gazteluan lan egitera. 1455eko apirilean, 53 sos eta 6 diruko soldata omen zuen maisu-igeltseroak. 1456ko urrian, 35 edo 38 igeltsero ari ziren lanean, eta 3 sos eta 9 diru irabazten zuten egunean.

1462ko otsailaren 15ean, gaztelurako hartutako lurrak baloratzeko agindua eman zuen Luis XI.ak Frantziako orduko erregeak, eta zenbat lur eta etxe hartu zituzten jakin dezakegu, beraz, oraindik bada-eta erregeren agindua betetzeko egin zuten txostena. Txosten horri esker dakizkigu jabeen izenak, eta 28 etxe, 109 baratze eta lur-sail hartu zituztela guztira.

1470eko agiri batek dioenez, ordurako gaztelu zahar izenez ezagutzen zuten Baiona Handian zena, castet bielh. Berria geroagoko lana zela adierazteko-edo.

Mokorroneko muinotik, Baiona Ttipia baino 15 bat metro gorago zegoenez, ederki kontrolatzen zuen berari zegokion esparrua, eta baita bere atzeko aldea ere, hain zuzen, Baiona Ttipira zuena eta atzekoa baitzituen bere alderik luzeenak edo zabalenak. Defentsa kontuan garrantzi handia hartu zuen Errobi ibaiaren eskuin aldearentzat, eta baita Baionarentzat berarentzat.

Baina bukatuta bezain laster zen erdi zaharkiturik, izan ere artilleria zabaltzen hasia zen, batetik, eta defentsa alorrean molde berriko arkitektura asmatzen hasiak baitziren, bestetik. Zernahi dela ere, gazteluaren beheko aldea Notre Dame izeneko gotorlekuz indartu zuten XVI. mendearen lehenengo herenean, espainiarren 1523ko setioaren ondoren, beharbada. Eta Errobi ibaiaren eta Gaztelu Berriaren artean beste gotorleku bat eraiki zuten geroago, Donejakue deritzana, hain zuzen. Defentsari zegokionez garrantzia azkeneko horiek hartu zuten gero, eta gaztelua bera atzeragoko mailan geratzen hasi zen.

Gaztelu Berri eta Baiona, haren eta honen garrantzia, eskutik ibili izan ziren, Euskal Herria bera bezala, Baiona ingurua ere Frantziako eta Espainiako Erresuma indartsuen arteko borroka leku bilakatu zenez geroztik behintzat. Gaztelu Berrik, ordea, baliabide txikiak zituen defentsarako, eta militar azpiegituretarako atondu zuten azkenean: kuartel, armategi, bolborategi, ofizialen ostatu, aletegi, espainiar gudarosteen eta ingeles marinelen presondegi izateko, alegia; baina kanoiak jartzeko moldaketa batzuk ere egin zituzten, geroago. Beste eraikuntza militar batzuk ere altxatu zituzten, mende horietan, gazteluaren eta Errobi ibaiaren artean, eta haien artean bat gehiago baino ez zela geratu zen azkenean.

Gazteluaren ardurari dagokionez, berriz, kapitain kargua zuen bat jarri zuten hasieratik. Baionako gobernadorearen ordezko edo gazteluzain lana egiten zuen. Agirietan agertzen denez, Saint-Estèpheko jauna edo Senpereko jauna eta Pedro Urrutia, Altzürüküko jauna (1527) izan ziren, besteak beste, Gaztelu Berriko kapitain. Frantziako erregearen gusturako ahalmen handiegiak zituzten horiek eta 1565eko Cognac-eko arautegian gehiago zehaztu zituen Karlos IX.ak Baionako herriko agintariei eta gobernadoreari zegozkien eskumenak eta ardurak. Aurrerantzean aldian aldiko kapitainak hartuko zituen lehen gobernadoreari zagozkion eskumenak. Orduko kapitainak edo gazteluzainak 400 liberako soldata zuen urtean.

Fontenay-ko jauna, gero Treignan-go jaun bilakatuko zena, izan zen egoera berri horretako lehenengo kapitaina. Joan Lur, Uzako bizkondea, izan zen hurrengoa. 1610ean, 6.000 ezkuturen truke Agramont kondeari edo Antonio II.ari saldu nahi izan zion horrek bere kapitain kargua, baina Baionako udalak ez zion halakorik egiten utzi, ziren kargu militar guztiak Agramont kondearen eskuetan geratuko zirela-eta bestela; izan ere, gobernadore ez ezik, alkate ere bazen-eta, 1595az geroztik. Konde askonahiak berean jarraitu zuen, ordea, eta, 1620an, Luis XIII.arengandik lortu zuen lehen ukatu izan zitzaiona: kargua erostekoa baimena eta, udalak salmenta onartzen ez bazuen, gaztelua suntsitzekoa eman zizkion, gainera. Hura txantxetarako ez zegoela ikusita, Parisa ordezkari bat bidali zuten herriko agintariek eta agindua geldiaraztea lortu zuten, 1621ean.

Baionako defentsaren ardura kontuak zebiltzan udalaren eta gobernadorearen arteko lehia horren atzean. Baionarrek zaindu behar zituzten hiria eta harresiak, eta, gazteluetan izan ezik, ez zen Frantziako gerrariik hirian. Gobernadorearen agindupean zeuden horiek. Harresien barnean eta kanporako irteerarik ez zutela zeuden, bestalde, bi gazteluak. Gauzak zeudenean jarraitzea nahi zuten hiriko agintariek, eta aurre ere behin baino gehiagotan egin behar izan zien hirian gerrariak sartu nahian zebiltzanei. Luis XIV.aren garaian hasi ziren hirian sartzen, eta ohitura bihurtu zen gero. 1665ean, Normandia erregimentuko hiru konpainia etorri ziren eta bi gazteluetan banatu zituzten, bertan geratzeko. Gaztelu Berri kuartel bihurtu zen, beraz. Lehendik ere, gerra zela, mehatxuak zirela, Baionan eta inguruetan soldadu asko ibiltzen zen baina Frantziaren eta Espainiaren arteko joan-etorrian. Ofizial gehienek herritarren etxeetan hartzen zuten, gainera, ostatu.

Baionako hiritarrek defentsa kontuan nolako garrantzia zuten, Gaztelu Berrik berak erakusten zuen ondoen, Mokorroneko sarrera Notre Dame gotorlekuarekin itxi zutenetik, erabatekoa izan zen gazteluak harresiarekiko zuen mendekotasuna, ez baitzuen hiritik irteteko ate propiorik. Ahalegindu ziren garaian garaiko gobernadoreak gazteluak ere bere atea izan zezan: 1653an, 1665ean. Vaubanek berak ere aurkeztu zuen proposamen bat 1680an.

Frantziako Iraultza garaian ere gobernadore batek zuen Gaztelu Berriko ardura nagusia; komandante bat eta maior bat zituen laguntzeko, eta 10 soldaduk zaintzen zuten gaztelua. Gerrari gehiago ibiltzen zen arrisku garaietan. 1572an, esate baterako. Erlijio Gerren garaia zenez, ohikoez gainera beste 200 zaldun egon omen ziren, eta 11.000 libera bideratu zituzten soldatak ordaintzeko eta kanoientzat plataformak moldatzeko. XVI. mendea bitartean, berriz, 100 gerrari zituzten gobernadoreek beren aginduetara, eta berek erabakitzen zuten, bi gazteluetara eta Santespiritu dorrera, bakoitzera zenbat soldadu destinatu.

Ezbeharren zerrendarik egin beharko balitz, 1793an, Konbentzioko gerran, gertatu zena agertuko litzateke handienen artean. Bolborategi bat lehertu omen zen uztailaren 10ean, goizeko 11etan, eta 40 bat hildako eta zauritu izan omen ziren.

Gorago esan den bezala, nahikoa aldaturik dago gaztelua, eta XIX. mendean aldatu zuten gehien. 1808ko uztailaren 20ko Enperadore Dekretuan agertu ziren Napoleonek Baionarako zuen aurreproiektua. Gaztelu Zaharra Baionako udalari emateko asmoa zuen berak, hura suntsiarazi, eta haren lekua aprobetxatuz Gaztelu Berrin edo inguruetan 200 gerrarientzat kuartel bat eraiki ahal izan zedin. Ez zen aurreproiektuak zioen guztia zertu, baina kuartela bai, egin zuten geroago, 1828an hain zuzen. Gazteluan bertan eta hegoaldeko plataforman zen kuartela. Eta horren jarraian beherago zen Errobiko kuartela, lehen Armategi izandako lekuan egin zutena.

1921ean, Frantziako armadak udalari saldu zizkion Gaztelu Berri inguruko 76 hektarea, eta 9 geratu zituen beretzat: Gaztelu Berriri eta Errobiko kuartelei zegozkienak, alegia. 1993ko martxoan saldu zizkion beste 9ak. Erosketa 25 milioi libera kostatu zitzaion udalari.

Gaztelu berri

Gazteluaren ekialdeko ikuspegi orokorra eta geroagoko hiri-harresi eta baluartea. (1994)

Egitura eta aztarnak

Oraindik ere erraz bereiz daiteke gaztelua, goiko alde batean behintzat. Lehengo eraikuntzak trapezio egiturako oinplanoa zuen, eta kanpora alderako horma lerroz lerro jarraitzen zitzaion hiriko harresiari, 70 metroan. Alde hori eta hiri barnera begirakoa zituen luzeenak. Zabalera, aldiz, 60 metrokoa zuen, zabaleneko gunean. Ondo agerian daude, halaber, Erdi Aroan eginiko bi dorre, gazteluaren esparruko mendebaldean; hego-mendebaldeko izkinan, bata, eta mendebaldeko hormatalaren erdian, bestea: Pannecau dorrea eta Fortena edo Fortuna dorrea. Horiez aparte, beste hiru dorre ditu, bat izkina bakoitzean.

Pannecau dorrea hego-mendebaldeko izkinan dago; zilindrikoa da. 20 metroko garaiera du eta 14 metroko diametroa. Oinplano biribila du, eta oso horma lodiak. 4 metro inguruko lodiera dute. Sabaiak ojiba egiturako gangaz burutuak dituzte lehenengo bi solairuetan; habez egina, berriz, hirugarrenean. Era guztietako leihoak eta zuloak ditu gazteluak, baina kanoientzat eta bestelako su-armentzat egin zizkiotenak dira harrigarrienak.

Fortena dorreak besteak baino zabalagoa dirudi, 16 metroko perimetroa baitu (egituraz ferra itxurakoa), eta garaieraz, berriz, berdintsuak baitira biak. Oso sendoa du herri alderako horma, ia 3 metro lodia. Defentsa lanetarako leihoz eta bestelako zuloz beteta dago lau solairuetan. Fortena dorreko solairuek habea dute sabaian. Azpimarratzekoak dira, hala ere, habe horietan diren apaindura gotikoak. Poterna edo ezkutuko ate baten aztarnak ere baditu kanpoan hiri aldera. XVII. mendean itxi bide zuten hori.

Gazteluaren ipar-mendebaldeko izkinan beste dorre bat dago. XVII. mendean moztu egin zutela esan izan da beti eta horregatik duela gaur zirkulu laurden baten oinplanoa. Baina horrela jasorik geratu zen Turinen dagoen 1550. urte inguruko plano batean. Ingelesen harresiak, Gaztelu Berriko ekialdea eta iparraldea edo Mokorroneko muinoa zeharkatu ondoren, beste angeluzuzen bat egiten zuen, dirudienez, Aturri aldera hartzeko. Dorre horrek eta ondoan zuen beste dorre karratuak, gaur egun eraikuntza berean integraturik dagoenak, zaintzen zuten nonbait Mokorroneko sarreraren atzeko aldea. Dena dela, argitzeko dago inguru horrek zer egitura modu zuen, baita lur azpian agertu den galeriaren kontua ere.

Hiriaren kanpoko aldera, ekialdean beraz, beste bi dorre daude, berez ingelesen harresiari zegozkionak, baina gazteluak bereganatuak. Hego-ekialdekoak edo gaur egun Dorre Karratua izenez ezagutzen dutenak ere baditu oraindik harresiaren aztarna batzuk hegoaldean eta, horietan ikus daitekeenez, ez zuen irtengunerik edo aurreratzen zen muturrik. Alde bakoitzak 11¿5 metro luze do zabal zituen/ditu; lau solairu. Ingelesen garaian harresiko dorrea zenez gerra-tramankulu bat zuen goian, alde hura defenditzeko, dorre-balezta handi bat ¿cornelhatz¿, 1336an eginiko inbentarioan ¿l¿engin de Mocoron¿ izenez agertzen zena.

Ipar-ekialdekoa, berriz, bi dorrek osatzen dute; XIV. mendean eraikiak dira, erdian duten ojiba egiturako ataria defenditzeko eginak. Hor den Mokorroneko atariko aztarnena da, hortik baitzuen hiriak ekialdeko sarrera gaztelua eraiki arte. Gero Muserolako ataria egin behar izan zuten.

Ikusi ahal izan ditugun marrazkien arabera, orain baino garaiagoak ziren dorreak, eta arbel xaflaz kono edo piramide itxuran burutua zuten estalia.

Dorreen arteko hormatalak kuartelak egiteko moldatu zituzten gero, erdian lorio zabal bat utzita, baina mendebaldekoek bakarrik dituzte jatorrizko oinarriak eta itxura. Bi dorretzar biribilen arteko hormatala bi metro lodi da eta 15 metro garai. Gaur egun, berriz ere hegoaldean edo hego-mendebaldeko dorretik gertu dago loriorako sarrera nagusia, Vaubanek hormatalaren erdira aldatu zuenez geroztik.

Gaztelu berri

Vincennes-ko agiritegiko 1694ko planoaren xehetasuna. Gaztelu Berri ikusten da, hiri-harresiaren defentsan. (Sendoa argitaraldia. Hiri Buruak. Baiona)

Iristeko

Baiona Ttipiko San Andres elizaren ondoko plazatik gora joan behar da, ¿Gaztelu Berriko kuartelaren¿ atarirako sarrera zuzena baita alde horretatik; eta oraindik irakur daiteke 1826ko data. Errobiko kuartelarena izandako eremutik ere joan daiteke, nahiago izanez gero.

Gaztelu berri

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk