Itzuli orri osora

Garaño

FITXA

Udalerria: Ollaran

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Gaztelu izeneko muinoan zegoen gaztelua, 591 metroko garaieran, Saldise herritik 900 bat metrora. Gaztelu Txiki izenez ere ezaguna da; izena, alde batetik, gazteluaren oroitzapenaren lekukoa da, eta, bestetik, haraneko beste Gaztelu izeneko mendi batekin lotuta dago, Orarregi gazteluari dagokionarekin, hain zuzen. Muinoa, nahiz eta nahiko laua izan goialdea, bereizi egiten da inguruko lurretatik, eta kono moztu baten itxura hartzen du. Malkartsua da, baina amildegirik gabekoa; iparraldeko eta ekialdeko maldak Arakil ibaian bukatzen dira, 200 bat metro beherago. Ipar-ekialdean, berriz, Udarbe ibaia eta berak eginiko igarobidea ikusten dira.

Gaztelua Astorga-Bordele erromatar galtzadaren ondoan zegoen, bide nagusi baten bazterrean, beraz. Horretaz gain, gertuko bidegurutze batean, Ollo, Goñi eta Andia-Urbasarako bidea hasten zen. Egillor-Saldise bidea, berriz, hegoaldean dagoen mendatetik zihoan. Bide horiek abelbide ere bazirela du agiriren batek. Iparraldera, Oskia mendizintzurrak mugatzen du harana, eta Orarregi gazteluaren mendia ere han dago. Goialdetik, Iruñerria ere ikusten da.

Bide horiek zaintzeaz gain, beste egiteko bat ere bazuen gazteluak lehen milurtekoaren bukaeratik aurrera: eskualde administratiboaren buru zen, Garaño haraneko buru alegia. Eskualde horretan monasterio ugari zeuden (XI eta XIII. mendeen artean sei monasterio zeudela ageri da eta bost monasterio-herri).

Garaño

Ezkerretan, lehenengo harresiaren mendebaldeko aldea. Eskuinean, bigarren harresia eta dorre nagusiaren tontorra. (1998

Historia

Idatzietan aldaera asko ditu Garaño izenak (ñ hizkiak eta bukaeraren bokalak aukera asko ematen dituzte): Garainu, Garaino, Geranio, Guerano, Guerayno, Garanno, Garaynnu, Garayno¿ 12 aldaera bai, gaztelutik hegoaldera zegoen herriaren izena sartuz gero.

Garaño herria idatzietan agertzen da, 1024an, Guaragno izenarekin, eta bi errota zituela esaten da. Herriaren izena eta haranarena berdinak ziren; 1032an agertzen da lehen aldiz unitate administratiboa gisa, Garanio idatzirik. Data horiek bi agiritan ageri dira, biak ere Antso III.a Nagusiak (1004-1035) eginiko dohaintzen ingurukoak (Albeldako San Martin monasterioari eta Leirekoari eginikoak hurrenez hurren), eta bietan Arakil ibaiari Arga esaten diote.

Haranaren antolakuntzan, gaztelua izango zen egoitza nagusia, eskualdearen erdi-erdian. Garaño harana egungo Olloaranen ekialdeko erdia zen, eta XI eta XIII. mendeen artean 18 herrik edo monasterioak osatzen zuten.

Berri horiek guztiak Berant Erdia Arokoak dira, baina merezi du atzera egitea; oso adierazgarria da, adibidez, Egillorgo monasterio bati Zeia zaharra (Cei zarra) deitzea 1023an. Musulmanek Sajrat Kais izeneko gaztelu bat aipatzen dute 803, 843 eta 924. urteetan, eta baliteke gaztelu hori Garaño izatea, nahiz eta Orarregi gaztelua ere izan zitekeen.

Garaño gaztelu hau adibide gisa jartzen da Nafarroako gaztelu askok izan duten bilakaera adierazteko. Hasieran, oin biribileko dorre xume bat izango zen, talaia lanak egiteko besterik ez. Egun ageri duen dorrea X. mendekoa dela dirudi. Geroago, osatu egingo zuten gaztelua, gotortu, inguruan harresiak, etxeak¿ eraikiko zituzten.

1105ean, Ollo eskualdean Diaz Alvaro izeneko tenente edo arduradun bat zegoela jasotzen dute agiriek, baina ez dago jakiterik Garaño gazteluarekin zerikusirik ba ote zuen. Lehenago zer izan zen ez dakigu, baina ziur esan daiteke, 1266an, Ramiro edo Ramiro Sanchez Asiain zela gazteluzaina, Asiaingo gaztelukoa. Gazteluzainak 6 libera eta 30 kaiza gari jasotzen zituen urtean; gazteluzain honek beste 30 libera jaso zituen urtean, gerrari talde bat mantentzeagatik Asiaingo sortetxean.

Guilhem Anelierrek Nafarroako Gudua okzitanieraz idatzitako bertsoetan irakur daiteke Garaynno gazteluaren defendatzaileek amore eman zutela, 1276an, Beaumarchais gobernadorearen gerrariek eta haren aldekoek Iruñeko Navarrerria auzoa birrindu ondoren. Gaztelua setiatu zutela esaten da, iturria moztu, eta elkarri irainka aritu zirela; erasoa gauzatzeko frantziarrek jarritako tramankuluen berri ere jasotzen da. Horma zati bat eta ataria pitzatzea lortu zuten erasotzaileek, bigarren tramankulua jartzeari ekin ziotenean, etsi egin zuten gaztelukoak. Bertso guztiak euskaraz irakur daitezke, Xabier Kintanak eginiko itzulpenari esker. Fortun Iñiguez Uriz zegoen gazteluzain.

1360an, lau hilabete eta erdiz, gerrari gehiago jarri zuten gazteluan, eta 1366an, defentsarako tramankulu bat egin zuten; 40 libera gastatu zituzten eginkizun horretan eta gazteluan hainbat konponketa egiten.

Gaztelu askotan bezala, kokalekua ez zen batere lagungarria egoera onenean gordetzeko. Gaztelu hau haizeak, urak eta suak astindu zuten. 1347an, adibidez, haizeak eraman zuen dorre nagusiaren estalkia. 1369an, berriz, euri zaparrada batek sortutako lubiziak beheko harresiko horma zati bat eraman zuen, ataria barne, eta herriko batek, Lope Martiniz Garañok, konpondu behar izan zuen. Urte batzuk geroago, 1390ean, tximista batek erre egin zuen dorre nagusia eta, 1405ean, beste tximista batek erdiko dorrearen estalkia hondatu zuen.

Gaztelu hau espetxe ere izan zen. Hala, bertan eduki zituzten erregearen asmoak eta eginak ikuskatu nahi zituzten Obanosko Infantzoien batzarretako kide batzuk. Besteak beste, Garañoko ziegetan ibili ziren Corbaran Torres (Iruñeko ibar-jauna), Otsoa Perez Eraso, Martin Periz Ianariz (1313an heriotza ezarri zioten) eta Remigio Beortegi.

1372ko gazteluzaina, Garzia Migel Elkarte, elizgizon eta erregearen aholkularia zen, ordezko gisa jarria gazteluan.

1378an, gaztelarrek bereganatu eta suntsitu egin zuten gaztelua. Ondoko konponketan, 1381ean, Azantzatik eta Urdanoztik konponketa lanak egitera etorritakoei, 16 lagun eta 17 zamariri, ogia, gazta eta ardoa eman zizkietela esaten dute agiriek. Herri horiek urruti samarrekoak dira, Goñibarkoak, eta hori gazteluaren garrantziaren beste adierazle bat da.

Karlos II.aren (1349-1387) Lancelot sasikumea, urtebete zuela, 1387an, Garaño gaztelura eraman zuten, bere amak ¿Maria Migel Esparza, Otsagiko abadearen alaba-, inudeak eta sei zerbitzarik lagunduta. Orduko gazteluzainak, Garzia Lopez Lizasoainek, gazteluko bizitokia utzi behar izan zien. Handik, 1388an, gazteluzainak zuen jauregira eraman zuten umea, Lizasoain herrira. Lancelot hori 34 urterekin hil zen, (tituluen artean, Alejandriako Patriarkarena ere bazuen). Ama, berriz, moja sartu zen, Bargotan. Gazteluzaina 1379tik zegoen postu horretan, eta Erresumako diruzaina ere bazen.

1411n, Karlos III.ak (1387-1425) Garañoko gazteluzain izendatu zuen bere seme sasiko Nafarroako Godofredo, Erresumako mariskala. Hara bizitzera joan nahi ez, eta ordezko bat jarri zuen, Pedro Perez Bertiz.

Dirudienez, izen handiko gaztelua zen Garaño, eta han zirenei ospea ematen zien; Ibañez Sarastik 1427an idatzitako agirian, baina ¿Karlos Beaumontekoa noblea gazteluzainaren ordezkari izan zedin idatzia-, gaztelua eta dorrea erortzear zeudela irakur daiteke. Arbizuko Bertran izan zen beaumondarraren hurrengo ordezkaria, 1428tik aurrera. Hurrengo gazteluzaina Luis Beaumontekoa izan zen, 1432an. Erasoko jauna ere han ibili zen geroago, 1460an.

1429an, Gaztelarekin gerra piztu zela eta, 7 gerrari gehiago jarri zituzten, nahiz eta muga ez zegoen gertu. XV. mendeko gerra zibilen hasierako garaian, 1450-1451. urteetan, 16 gerrari zeuden gazteluan.

Martinenak jasotako agiri baten arabera, 1494an, Iruñea inguruko hainbat herritan ordaindutako zenbait gauza bildu eta gazteluan gorde zituzten: ¿60 erregu irin, 12 zama muztio ardo, 2 behi, 20 buru azienda xehe, 25 legatz, 70 libra olio, 4 zama gatz, eta, gainera, 4 su argi eta 25 kandela.¿

Altadillek esaten du erregeak Martzillako abadesari saldu ziola gaztelua, baina ez du ematen bestelako xehetasunik. XV. mendeko bigarren erdialdean, 3 gazteluzainen izenak soilik ageri dira, eta XVI. mendean, 1512. urte arte jakina, ez da ageri gazteluzainen izenik. Zer dela eta hain aipamen gutxi gazteluzainen inguruan Agian, Altadillek adierazi bezala, erregeak gaztelua saldu zuelako. Dena dela, giro nahasia baretzeko asmoz Agoitzen 1479an eginiko itunean, Nafarroako erregeak onartu zuen, besteak beste, Leringo kondeak zuela Garañoren ardura, eta bestelako jabego batzuk ere harenak zirela. 1485ean Pauen berretsi zuten ituna, eta gauza bera adierazi zuten.

1512ko uztailean, Albako dukeak hartu zuen gaztelua. Erresuma berreskuratzeko ahaleginetan, Nafarroako Joan III.a Albretekoaren gerrariek berriz hartu zuten Garaño urte hartako udazkenean, Iruñerako bidean; hiriburua setiatzen zutenean, gerrariei aterpe emateko erabiltzen zuten gaztelua. Gazteluaren aurkako joan-etorri horietan, ondoko bi herri birrindu zituzten, Egillor eta Beasoain.

Dirudienez, 1516an suntsitu zituzten gazteluen artean, Garañokoa ere bazegoen.

Garaño

Bigarren harresiko xehetasun bat, hegoaldean. (1998)

Egitura eta aztarnak

Gazteluaren egitura: oin biribileko dorre bat zuen erdian, tokirik garaienean, eta inguru osoan bi harresi. Dorre nagusia oso estua zen, barruko diametroa ez zen iristen 3 metrora, eta solairuen arteko eskailera, egurrezkoa, kanpoan zegoen.

Dorreak gertuen zuen harresia bera ere nahiko biribila zen, eta 10 metro inguruko diametroa zuen barruan. Harresi horren zati bat -14 beserdi luzekoa (7 metro)- erori egin zen 1381ean, eta konponketa lanen inguruan eginiko agiriei esker dakigu zenbateko garaiera zuen, 14 beserdi (7 metro inguru), eta zenbat zen lodi, 3 beserdi (1¿5 metro). Harresi honek (goikoa) besteak (behekoa) baino garaiera gutxiago omen zuen, beheko.

Beheko harresiak gutxienez hiru dorre zituen, eta bakoitzak egurrezko etxola bat zaindarientzat. Goiko harresian eta dorre nagusian ere baziren zaindarientzako etxolak. Beheko harresi horrek, gutxienez, bi atari zituen. Altadillek XX. mendearen hasieran idatzi zuen berak ikusi zituela hegoaldeko atariko arku-harriak. Etxeak zeuden bi harresien artean. 1377an, 3.000 pago ohol erabili zituzten estalkiak konpontzeko, baina 1385ean berriro konpondu behar izan zituzten (2.200 haritz ohol erabili zituzten orduan). Gazteluzainak etxebizitza bat zuen gazteluaren barrutian, berarentzat eta bere familiarentzat. Etxeen artean gela bat bazen, bizilekuko tokirik erosoenetako bat (1363an berritu zuten): 30 beserdi zen luze (15 metro) eta 12 zabal (6 metro). Harrizko tximinia zuen. Sukaldea eraikin berezi batean zegoen, eta egurrezkoa zen 1370ean ere. Zalditegia ere egurrezkoa zen, baina berria egin zuten 1363an, harrizkoa, 30 zaldirentzat. Ardandegia, berriz, beste eraikin handiago bati atxikirik zegoen. Ur biltegiren aipamen asko geratu dira, gehienak ura biltegira bideratzeko ubideetan eta hodietan egin behar izan zituzten konponketen ingurukoak dira. Egurrezkoak ziren, baina ubide bat lur azpitik zihoan. 1333an kaperako teilatua atondu zuten, handik euri ura biltegira eramateko. Dirudienez, ur biltegia ez zegoen dorre nagusiaren azpialdean.

Aztarnategiaren hiru laurdenak landaretzak (sasiak, elorriak¿) hartu ditu egun. 1996 eta 1997. urteetan eginiko garbiketa batzuei esker, aztarnak ageriago geratu dira apur bat. Lehenengo harresiaren zati bat hego-mendebaldean ikusten da, iristeko bidezidorretik gertu. Bigarren harresian, pixka bat osatuagoak dira aztarnak, harri ilara batzuk baitaude. Aztarnarik ikusgarrienak dorre nagusiarenak dira, harlanduz eginiko biribil bat.

Baten batek esaten du zulo edo sakonune bat ere bazela gazteluaren inguruan, maldek egiten zuten defentsa laguntzeko. Ur biltegiaren aztarnak ere badaude; angeluzuzena zela ikuste da, aztarnak, bi metro sakonekoa. Landarerik gabe aztarnak hobeto ikusiko lirateke, baita altxor bilatzaileek beraiek ere. Salaketa batzuk jarri ditu jendeak, baina egun, benetako babes bakarra landaretza da.

Garaño

Oin biribileko dorre nagusiaren oinarria. Atzerago, Saldise herria. (1998)

Iristeko

Egillorko eliza ondoko pista bihurtzen den kaletik 900 metrora dago mendiaren hegoaldeko ataka. Handik oinez, 10 minutu baino gutxiago behar dira iristeko, bidezidor batetik.

Garaño