Itzuli orri osora

Eloko gaztelua

FITXA

Udalerria: Elo

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Elo herriaren ondoan den muinoan zen gaztelua. Muino horren ekialdeko eta hego-ekialdeko malda barrenak hartzen ditu Elok, eta Elortz ibairaino hedatzen da gaur egun. Bi mendilerroren artean dago, eta betidanik igarobide izandako lekua da hori.

Aragoitik Iruñerako bidea zaintzea zen gazteluaren egitekoetako bat. Gaur egun N-240 errepideak duen ibilbide bertsua zuen garai hartako igarobideak. Iruñea aldetik goazela, iritsi baino 10 bat kilometro lehenagotik ikusten da gaztelua zeneko muinoa, Aragoi edo Zangoza aldetik gatozela, berriz, berriz, 5 bat kilometro lehenagotik. Donejakueko bidea ere bazen era berean.

Untziti, Elortz eta Ibargoiti haranetako biztanleak babestea zen gazteluaren egitekoetako bat, eta behin-behineko beste zenbait ere izan zituen. Nafarroako erregeen jauregi izan zen garai batean, eta Nafarroako gaztelurik garrantzitsuenetako izan zen garai horretan.

Eloko gaztelua

Gaztelua zegoen mendia, herria eta ingurukoak, goitik begiraturik, (iparraldetik). Maldetan, inguruan, hiru harresi zituen, eraztun gisa. (2001)

Historia

Burdin Aroko 1eko, Goiz Erdi Aroko eta Berant Erdi Aroko aztarnak aurkitu dituzte gaztelua zegoeneko muinoan, eta hiru garai horietako aztarnategietan sailkaturik dago muino, baina ez dakigu gaztelua noiz eraiki zuten.

1149rako behintzat eraikirik zeuden bai herria eta bai gaztelua, Elori Gartzia IV.a Ramirezek (1134-1150) urte horretan eman baitzion forua, Lizarrakoaren eredukoa, eta forua ematerakoan Semen Aznareiz izeneko tenente bat agertzen baita gazteluaren aldetik lekuko: ¿Semen Aznaeriz, Tafallan eta Elon.¿ Agiri horretan ikus daitekeenez Elok aspaldikoa du Mont-Real edo Monte Realle izena. 1171n ere pertsona baten agindupean zeuden Tafalla eta Elo, Eneco Oriz izeneko bat baitzen bietako tenente.

1184ko maiatzaren 1ean Eloko gazteluan zen Antso VI.a Jakituna (1150-1194), han izenpetu baitzuten Atarrabiako herriari emango zion forua: ¿Eloko gazteluan idatziriko gutuna...¿

1210eko apirilean Johan Perez Baztan zegoen Elon gazteluzain; 1214an, Lupo Oriz eta 1216an, Eximinio Oriz.

1236an, Teobaldo I.ak (1234-1253) Elo gotortu nahi izan zuen dirudienez, hango gazteluaren ondoan etxeak egiteko baimena eman baitzien Garitoaingo herritarrei, eta hara aldatzen baziren zerga kontuan Elokoen pribilegio berak izango zituztela agindu zien, gainera.

Gaztelu ona, sendoa eta ongi defendatua zuen Elok Guilhem Anelierrek bere Nafarroako Gudua izeneko bertso sortan dioenez. 1276ko urtea zen. Garaño gaztelua orduko hartua zuten frantziarrek, baina ¿¿; Elokoak buruko mina ematen zien, gaztelu ona, sendo eta ongi defendatua baita; eta hura setiatuko balute, ergelkeria handia litzateke.¿ Xabier Kintanak euskaratu zituen bertsoak, baina itzulpena egiteko erabili zuen liburuan, jatorrizkoan, ez zegoen hurrengo bertsoak inola ere irakurtzerik, eta ez dakigu zer gertatu zen. 1276ko abenduaren 22ko agiri baten arabera, Eloko gazteluzainak, Roldan Perez Eransus Gaztea-k, erabaki zuen gobernadorearekin eta beste hainbat noblerekin ez gaztelura sartzen uztea Gaztelako erregeari eta aipatzen ziren beste matxinatuei. Agiri horretan Eransus Gaztea agertzen bada, izen bereko zaharrago bat izan zelako da noski. Eransus Gaztearen aita, hain zuzen, Eloko gazteluzain izana bera ere, 1259tik 1266ra gutxienez; 8 libera eta 40 kaiza gariko soldata zuen 1266an.

1280an Iohan Faurays edo Iohan Ferrais zen gazteluzain.

Eloko gazteluaren egitekoak aipatzerakoan esan gabe geratu da espetxe edo presondegi bat ere bazuela, eta atxilotuak edukitzeko ere erabili izan zutela. Han atxiloturik zegoela hil zen, esate baterako, Martin Alzorriz, Obanosko batzarkidea, eta ez zen han geratu, edo handik pasatu behar izan zuen bakarra, Zangozako ibar-jaunak behintzat hara bidaltzen omen zituen-eta bere eskumeneko gaizkileak, edo halakotzat jotzen zituenak. Hona Altadillek aipatzen dituen XIV. mendeko zenbait atxiloturen izenak eta zigorrak: ¿...Maria Simonis Yasa (Esa), behin eta berriz lapurretak egiteagatik, eta Zaraguetako Toda, lapurreta asko egiteagatik; lehena urkatu egin zuten, eta bigarrena bizirik lurperatu (...). Martin Torralba zigorkatu egin zuten, eta belarriak moztu zizkioten, Zangozan eginiko lapurretengatik. Maria Vitoria zigorkatu egin zuten, eta gero urkatu, lapurreta asko egin zituela frogatu ostean. Irunberriko Elbirari, Orreagako Todari bezala, belarriak moztu zizkioten, biei delitu berarengatik. Martin Enekoitz, lapurreta bat baino gehiago egina, Erronkarira eraman zuten, eta Erronkariko herrian, bere herrikideek ikasbidea har zezaten, urkatu egin zuten.¿ Interesgarria da, era berean, zer delitugatik nolako zigorrak ematen zizkieten jakitea, baita, bestalde, gaizkile batzuk lapurretarako ze trikimailu klase erabiltzen zituzten jakitea ere. Domingo Ferrandiz de Burgiren kasua dakar Atadillek: ¿¿Domingo Ferrandiz Burgi lapurra ustekabean harrapatu zuten, erromes batzuei -Elotik pasatzen baitzen Santio-Bidearen Aragoi aldeko adarra- lo harrarazteko edabe batzuk eman nahian ari zela, gero, lotan zeudela, lapurreta egin ahal izateko.¿ Gaztelutik ihes egin zuen gero, baina hurrena harrapatu zutenean, Erronkariko basoetan, torturatu, gaztelura eraman, eta urkatu egin omen zuten. Hark baino zorte hobea izan zuen Milagroko Lopek 1403an, Alesbestik Caparrosorako bidean erromes bat hil arren, Eloko ziegan bi urte eta erdi egin zituenean libre utzi baitzuen Karlos III.ak.

¿Ostalari¿ ospetsuagorik ere zaindu behar izan zuten tarteka: on Fadrike Benaventeko dukea, adibidez. 1412ko ekainetik 1413ko maiatzera bitartean eduki zuten hori, Gaztelako Enrike III.a erregeak eskatuta; baina, Nafarroako Leonor erreginaren neba zenez, hala eduki ere. Lukuzeko jauna, bestea; 1394tik 1395era egon zen hau. Baina, ez zuten bestea bezain gozo tratatu nonbait: zerbitzariak gehitu omen zituzten Benaventeko dukea zaintzako eta neurriak gogortu, Lukuzeko jauna zaintzeko.

Gudan hartutakorik ere egon zen, 1362an 9 gipuzkoar besteak beste.

1351a arte soldata kobratzeko modu berezia izan zuten gaztelu batzuetako gazteluzainek, ¿a gajes¿ edo kotxo gisa kobratzen baitzuten, eta Errege Diruzaintzatik zuenean, gainera. Horrela kobratzen zutenen artean zegoen Elokoa, eta soldatarik apalenetakoa zuen; 60 liberakoa, 1351ean.

1360an Migel Ruiz Iziz zen gazteluko alkate, eta urte berean Eloko amiralgoko buru izendatu zuen Karlos II.ak (1349-1387). Amiralak alkateak jarritako isunak bildu behar izaten zituen, eta haietatik bederatzi bat izaten ziren berarentzat; eta ordena publikoaz ere berak arduratu behar izaten zuen.

1366an Migel Garro zegoen gazteluzain. Urte horretan herriko kapitain izendatu zuen Karlos II.ak, eta judutegiko eta gaztelu ondoko esparru gotortuak prestatzeko agindu zion, Eloko biztanleak ez ezik, Getzeko, Idotzingo, Zabaltzako, Altzorritz, Ekisoain, Naxurieta, Zorokiain, Zabaltzeta eta Aziaingo herritarrak joaten baitziren hara babes bila. Aldi larrietan judutegiko harresiak ere erabiltzen zituzten babesleku gisa, Karlos II.ak 1381ean zioenez, bere erresumako gotorlekurik bikainenetako bat zen, izan ere.

XIV. eta XV. mendeetako agirietan dira Eloko eta beste lekuetako gazteluak eta harresiak konpontzeko inguruko herrietan egin izan zituzten zerga-bilketa berezien kontuak. 1434an, bildutako diruaren parte bat Zangozako harresia konpontzeko erabili zuen Españolet Oreguer Eloko orduko gazteluzainak. Blanka erreginak jakin egin zuen zertarako erabili zituen, eta diru gehiago ez eskatzeko esan zion.

Dirudienez, 1379rako kanoiak jarrita zeuden Elon, Iruñean erosiak, eta kanoietako batek 7 librako harribalak botatzen zituen (2¿6 kilokoak).

Erregeak hango jauregira joaten hasi zirenetik zer egin gehiago izan zen Herrian. 1383ko ekainaz gero gazteluan eta judutegian txanpona egiten jardun ziren hamabost hilabetez. Nafarroako Gortea ere bildu zen 1401ean, Karlos III.a buru zuela. Dena dela, erregeek Elon zuten jauregia ez zen onenetakoa edo garrantzitsuena, baina, XIV. mendetik aurrera erabili izan zuten; Erriberrikoa eta Tafallakoa eginda gero ere bai, tarteka. 1397an hiru hilabete igaro zituen Karlos III.ak; hori omen da errege batek han egindako egonaldirik luzeena.

Joan II.a eta Vianako Printzea aita-semeen arteko borroketan, bai baten aldekoek eta bai bestearen aldekoek, behin baino gehiagotan izan zen gatazka gai. Joan II.a Agramondarraren alde zegoen herria, eta Vianako Printzearen alde, berriz, gaztelua. 1452an erregearen aldekoek hartu zuten, baina Printzeak ez zuen etsi; Valladolideko ituna bertan behera utzi, eta herria hartu ondoren gaztelua setiaturik eduki zuen denboraldi batez, 1453tik 1454ra bitartean. Setio luzea izan zen, eta artilleriak txikizio handi samarra egin zuen hormatal batzuetan, baina ez zuten Printzearen aldekoek gaztelua hartzea lortu.

1488an Azpilkuetako Martin San Frantzisko Xabierkoaren aitona zen gazteluzain.

1512ko gerran, abuztura arte iraun zuen Elok nafarren esku, eta 1513ko urtarrilean, Fernando Katolikoak Karlos Gongora beaumondarra, Gongorako jauna, izendatu zuen gazteluzain, konkista garaian eskaini izan zion laguntza eskertzeko. 80.000 marabediko zuen horrek, eta berrogeita hamar bat oinezko gerrari zituen bere agindupean. Konkista ondoko urteetan 77.678 marabedi gastatu behar izan zituen gaztelua konpontzen, judutegiko esparrua zalditegi bihurtzeko prestatzen eta herriko harresiko ateak kentzen; eta aurreko gazteluzainek eginiko zor batzuk ere ordaindu behar izan zituen, bestalde. 1518an, Gongorako jaunak jarritako ordezko bat zegoen Elon gazteluzain.

Noaingo gatazkaren ondoren, eta Nafarroa berreskuratu nahi zutenen erasoei hobeto aurre egiteko, gazteluaren garaiera apaltzea erabaki zuen Karlos V.ak 1521eko irailean, eta Gongorako jaunari soldata ez jaistea. Geroago jaitsi egin zioten baina.

Gaur egun Elon den eliza, San Martini eskainitakoa, XVIII. mendean handitu zuten, eta gazteluko harriak erabili zituzten horretarako.

Clausel jeneral frantziarrak gaztelua zen muinoan gotorleku bat edo gerrako eraikuntza moderno bat egitea pentsatu zuen 1808an, baina ez zuen egin azkenean; herria kuartel bihurtu zuen horren partez.

1810eko abenduaren 24an, Espoz Minak prestatutako segada batean erori zen frantziar gudaroste talde bat, Getzeko herritik gertu. Frantziarrak atzera egin behar izan zuten, eta Eloko gaztelu aztarnetan babeste ziren, handik, ahal izan zutenean, Iruñera itzultzeko.

Eloko gaztelua

Goiko barrutia: oin biribileko dorre nagusiaren oinarriak eta hainbat murru eta aztarna. (2002)

Egitura eta aztarnak

Aritu ziren 1970a aldean, Migel Zabalza Eloko bikarioaren zuzendaritzapean, aztarnategia garbitzen eta aztertzen, eta 1998an ere bai, berriro garbitzen, tontorraren plano bat egin ahal izateko gero, baina ez zuten dena txukuntzea lortu, eta oraindik ere, mendebaldeko partean behintzat, aztarna asko da lurpean.

Baina, garbitu zuten lekuan ere bada gauza interesgarririk, dorre nagusiaren oinarriak, adibidez, goreneko harresia igarota berehala. Oinplano biribilekoa zen, 1¿40 metro lodiko horma zuen, eta 4 metro zabala barrua, oinarrietan ikus daitekeenez. 1358ko agiri batean agertzen denez, zorua baino goragotik zuen sarrera, ondoko hormatal batetik zubira igota. Zubia konpontzeko 7 beserdi luzeko 2 habe erabili behar izan zituztenez, 3¿5 metro inguru luze izango zen zubia. Dorre nagusitik gertu beste hormatal batzuk daude, bestalde, dorre apalagoekin; biribilak dira horiek ere.

Ikustekoak dira ur biltegiaren aztarnak ere. Aipatu diren aztarnetatik iparraldera daude horiek. Gangaduna zen eta gangaren partetxo bat osorik dago oraindik. Ez zen, egituraz, erabat angeluzuzena, harresiaren kontra baitzuen muturretako bat, eta zeharka mozten baitzuen hark. 7 metro inguru da hormarik luzeena, eta bi metro baino gehixeagoko zabalera du ur biltegiak. Nahikoa osorik iraun dute ur bila jaisteko erabiltzen zituzten eskailerek, baita, urari eusteko, hormetan zuen kareoreak ere. Ura biltegira bideratzeko hodiak edo askak, berriz, nonahi aurki daitezke aztarnategian; harrizkoak ziren gehienak, eta horiek iraun dute gaur arte, baina bazen zurezkorik ere. 1421ean harrizko hodietan zer edo zertarako beruna erabili izanaren berri ere bada orduko agiri batean.

Hiru harresitaraino zituen gazteluak, hiru eraztun, nolabait esateko, mailaz maila muinoa defenditzeko eraikiak, eta nahiko garbi nabari da non ziren. Metro batzuetako luzera edo 2¿5 metroko garaiera duen atalik ere bada, tarteka, lehen harresiak ziren leku horietan; baita dorre angeluzuzenen baten horma izandako itxura duenik ere. Beheko harresiaren ekialdean bi metroko lodiera duen harrizko egitura bat dago, bestalde. Ez dakigu zeren aztarna izan daitekeen; Burgoko Andre Mariarena edo eliza zaharrarena ez da, behintzat.

Sarrerei dagokienez, hirugarren bat ere aipatzen da XIV. mendean, 1332ko konponketa-agirian.

1513an -gaztelarrek zeukaten orduan- kaperan, ur-biltegian, dorre nagusian, gela batzuetan eta hiru dorre lagungarritan egin zituen konponketak Orendaingo Martin harginak. Amasako Garzia izeneko bat jardun zen, berriz, egur-lana egiten.

1380an bi dorreko barbakana bat eraiki zuten gazteluaren sarrera aurrean, lehenengo harresiko sarreraren aurrean, seguru asko, gazteluko esparrutik kanpora, alegia.

Ez dakigu Erregeek XIV. eta XV. mendeetan izan zuten jauregia non zen ziur, baina gailurreko eta maldetako aztarnak ikusita, goian izango zela uste dugu, han baitzen San Migelen kapera. Oso jauregia erosoa omen zen, bere lorategia eta guzti.

Eloko gaztelua

Ur biltegiaren ikuspegi orokorra, goiko barrutiko iparraldean. (2002)

Iristeko

Errepide ondoko etxeetatik edo herriko kale nagusitik abiatu behar da, eta mendiaren iparraldean den hilerriraino joan daiteke beribilez. Handik gora oinez joan beharra dago.

Eloko gaztelua