Itzuli orri osora

Cortesko gaztelua

FITXA

Udalerria: Cortes

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Lehen herriaren mutur batean zen arren, hiriko gaztelua da Corteskoa, eta egon ere herriaren erdian dago gaur egun. Etxalde bat babesteko asmoz egin zuten, baina hiriko harresia eraikitzean, defentsa sistemaren parte bilakatu zen. Bi sarrera zituen herriko hesiak, eta gaztelua perimetroan zegoen, bere garaieraz nabarmentzen zela.

Mugako beste hainbat gaztelu bezala, herriko edo inguruko biztanleak babesteko eta muga zaintzeko eraiki zuten gaztelua, baina beste herrialde batzuetako ordezkariekin elkarrizketak izateko eta itunak sinatzeko ere erabili izan zuten tarteka. Jaurgo baten egoitza eta markeserri baten buru eta bizileku ere izan zen gero, eta horien ospearen ezaugarri ere bai, era berean.

Cortesko gaztelua

Gaztelua eta egungo parkea, goitik begiraturik. (2002)

Historia

Cortestik urruti ez diren herri handi eta txiki asko hartu zituen Alfontso I.a Borrokalariak (1104-1134) 1119an, Tutera besteak beste, baina Cortes bera hartu zuela dioen paperik ez da inon azaldu. Hartu ez zuela esateko frogarik ere ez dago, dena dela.

Garai haietan etxalde koxkor bat baino ez zen, egia esan, eta horregatik agian, baina, musulmanen hirigintza ereduak ezagututa, pentsa daiteke, gaztelu bat edo gotorleku bat izan behar zuela ere, are gehiago 1128an tenente bat bazela jakinda: Ramon Fortuñones.

Gero, ez dakigu noiz eta nola, jaun batek erosi edo beretu zituen gaztelua eta herria, eta jaurgo bihurturik egon zen mende batez. Garai horretako azkeneko urteetan Abarka leinukoak izan ziren Cortesko jaun, eta 1234an Toda Ruizek Teobaldo I.ari (1234-1253) eman zion dena gaurko Nafarroako erdialdeko hamaika herriren truke (Urrotz, Gorrizluzea, Orindain, Muzki¿). Dena dela, gaztelua erregearena zen 1228an, urte horretako ekainean egin zen salerosketa bateko agiriak hau baitio lekuko bati buruz: ¿¿eta Antso Lupo jauna, Cortes deitzen duten herrixkako tenentea, zeina Nafarroako erregearen jabetza baita...¿

1259an Joan Perez Mallen zen gazteluzain. 1276ko azaroan, eta Imberto Belpuch Frantziako kondestablearen aurrean egin zion leialtasun zina Joana I.ari (1274-1305). Handik hiru hilabetera, Nafarroako gobernadorearen aurrean berritu behar izan zuen. Urte horietan, 8 libera eta 40 kaiza gari zen Cortesko gazteluzainaren soldata arrunta. Mugako gaztelua zenez, herria babestea eta muga zaintzea ziren gazteluak zituen egiteko nagusiak. Muga hobeto zaintzeko jendea pagatu behar izaten zuten batzuetan. 1266an 13 libera eta 3 sos eman behar izan zizkioten Pedro Gabarda ibar-jaunari, gerrari talde batekin 21 egunez Cortesen egoteagatik.

1280an Johan Ultrasage zen gazteluzain. Urte horretan labe berria egin zuten, eta esku-errota bat eta gaztelurako harria erosi zituzten; 65 sos kosta izan zitzaien dena. 1290ean Pedro Barillas (¿Pero Uarieyllas¿) zen gazteluzain.

Gero ere errege gaztelu izaten jarraitu zuen 1377ra arte behintzat. 1345 inguruan Arnault Ganaverro baitzegoen gazteluzain; 4 libera eta 20 kaiza gariko soldata arrunta omen zuen horrek, eta 48 liberako eskupekoa edo osagarria. Baina 1377an, Karlos II.ak (1349-1387) Ramon Alaman Cervellon-i bere zerbitzariari eman zion herria. Baina, atzera errege ondasun bihurtu zen herria, 3.000 florin ordainduta.

Zernahi ere, gerrak zirela edo izurriteak zirela, urte gogorrak izan ziren XIV. mendearen erdialdeko eta ondorengoak; gazteluzainari ere lan bereziak eman zizkioten. Herriko musulmanak berak ere, urteko eta etxeko bi diru ordainduz gero -zerga berezia zen, noski- 1231tik gaztelua zaindu behar izatetik libre zeuden arren, 1366tik aurrera gehiago eskatu izan zitzaien. Honela laburbiltzen du Florencio Idoatek Martin Sanchiz Erespuruk urte horretan emandako agindua:
¿Martin Sanchiz Erespuru Kortesko gazteluzain eta handikiak agintzen dut kristauek, juduek eta mairuek berdin ordaindu behar dituztela hautatuenak [zerga mota bat, hamarrenak bezala], nahiz eta azken horiek ez duten hala egin ohi; gainera, bost gizon bakoitzeko, 2 soldatako peoi bat jarri beharko dute gotorlekuak azkarrago eraikitzeko, eta, ondorioz, Tuterari ez diote laguntzarik eman beharko.¿

Martin Sanchiz Erespuruk berak ere hartu zuen beste bat erregearengandik:
¿Erregeak agintzen dio Kortesko gazteluzainari ez diezaizkiela utz biztanleei beste erreinuetara joaten, eta egin nahi duenari zigor handiak ezar diezazkiola; halaber, aragoiarrei gerran kendutako ondasunak itzul diezaiela agintzen diot, ordainsaria ordaindu ostean.¿

Baina 1413an Karlos III.ak (1387-1425) Nafarroako Godofre bere seme sasikoari eman zizkion Cortesko herria, bere gizon eta emakume, zerga, etxe eta justizia ahalmen guztiekin, eta gazteluarekin. Handik aurrera Cortesko konde eta Nafarroako mariskal ere izan zen Nafarroako Godofre, baina ez denbora luzeko, 1429an Joan II.ak (1425-1479) konfiskatu egin baitzizkion Cortesko ondasun guztiak, eta 1462an Blanka erregina, bere emaztearen testamentuaren kontra, Aragoiko Alonso Villahermosako dukeari eman zizkion ondasun horiek. Joan II.ak sasiko semea zuen Aragoiko Alonso. Urte berean Cortesko sailetan iturri bat aurkitu zuen Joan Agerre gazteluzainak, eta lurrak ureztatzeari ekin zioten iturri hartako eta Huetxe ibaiko urekin.

1481ean Pedro Martinez Luna Illuecako jaunak erosi zituen herria, gaztelua eta horiei zegozkien ondasun eta eskubide guztiak; urrezko 900 florin ordaindu zuen guztia. Baina 1489rako, berriz ere Villahermosa dukea zen ondasun horien guztien jabe.

Aragoiko Leonor zen Villahermosako dukesak, berriz, bere biloba Salernoko printzea egin zuen Cortesko ondasunen oinordeko, 1522an, eta bilobak, Karlos V.a enperadorearen baimenarekin, Nafarroako Pedro mariskalari saldu zizkion 1532an, urrezko 22.000 dukaten truke. Handik zazpi urtera Cortesko markes titulua sortu zuen Karlos V.ak eta Cortes markeserri izan zen XIX. mendea arte. XVIII. mendeaz gero behintzat Granada de Ega dukeak du Cortesko markes titulua, eta gazteluaren jabetza.

Aragoiko mugatik hurbil zegoenez, gorago esan bezala, Nafarroaren eta Aragoiren arteko elkarrizketak egiteko eta itunak sinatzeko ere erabili izan zuten gaztelua. Gaztelu horretan izenpetu zuten Joana Nafarroako oinordekoaren eta Pedro Aragoiko oinordekoen arteko ezkontza-hitzarmena, 1333an. Blanka printzesaren eta Siziliako Martin printzearen arteko ezkontza ere gaztelu berean zehaztu zuten Karlos III.a Nafarroako erregeak eta Aragoiko Martin I.ak, 1402an. Dena dela, Karlos III.ak ondo baino hobeto ezagutzen zuen gaztelua, askotan joaten baitzen ehizaldiak zirela eta.

1464an, Zaragozako Gorteetarako ordezkari nagusi izendatu zuten Fernando Katolikoa, gazteluan zegoela aprobetxatuz.

Gazteluan egin izan ziren konponketez Martinenak argitaratu dituen agiriak ere aberasgarriak dira, era berean, gazteluaren historia zehatzago jakiteko. Hona, beraz, data eta konponketa batzuk:

- Dorre nagusia erortzeko zorian omen zegoen 1354an; puska handi bat bota egin behar izan zuten, beraz, berriro eraikitzeko gero: ¿¿gazteluaren arrisku handiarekin.¿

- Beste harresi atal bat eraiki zuten 1356an, gaztelua alde guztietatik itxita uzteko: ¿Gaztelua harresiz inguratu: goian hiru tapia lerro jarri, eta bat gutxiago behean; eta aldamioak egin inguru guztian.¿ Aipamen interesgarria da hori, materiala eta neurria adierazteko erabiltzen baitu tapia hitza.

- Aurrekoa bezain interesgarria da 1365eko beste hau ere: ¿¿urak hormaren tapia zulatu eta jaten zuela.¿ Berek tapia esaten zietenak buztinezkoak zirela, eta urarekin arazoak zituztela adierazten da agiri horretan. Gaina aldamioz edo egurrezko egituraz estaltzea beharrezkoa zela, beraz.

- 1360ko lanei buruzko agiriaren arabera, bi harresi lerro ziren gazteluaren inguruan, ¿barruko harresia¿ baitio agiri horrek.

- 1372an, oholesi bat egin zuten gazteluaren inguruan, txakurrak terraza edo zabaltzetara sar ez zitezen: ¿Adarrez eginiko itxitura gazteluaren inguruan, txakurrak terrazetara sar ez zitezen.¿

- Dorre nagusiaz aparte beste hainbat txikiago ere baziren, dirudienez, inguruko harresian, Dorre zuria esaten zioten bat ere agertzen baita agirietan.

Cortesko gaztelua onik atera zen nonbait, Nafarroa konkistatu ondorengo suntsiketetan, ez da behintzat suntsituen zerrendetan agertzen.

Dena dela, Erdi Aroak berekin eraman zuen orduko gotorlekuaren garrantzia. Baina, harritzekoa bada ere, gazteluak gorde egiten zituzten, mugatik urrun egon arren.

Ana Nafarroa Benavides, Cortesko markesa, ondorengorik gabe hil zenez, herentzia kontuak argitu bitartean Felipe II.a erregea egin zen gazteluaren kargu, eta 1580an Aibarko Garzia noblea izendatu zuen gazteluzain. Maiatzaren 5ean egin zion Felipe II.ari leialtasun zina. Hona zer zioen bere zinean:
¿Nik, Aibarko Garziak, zaldun eta handiki nobleak, zin egiten dut gure Jainko Jaunaren, Santa Maria haren amaren eta gurutzearen izenean, Kortesko gotorleku hau nire ahalmen guztiekin zainduko eta babestuko dudala errege jaunaren izenean, gazteluzain leial izango natzaiola, menpeko fidel eta esaneko, eta haren agindu oro beteko dudala.¿

Leialtasun zinaren agirian agertzen denez, nahikoa egoera txarrean zegoen gaztelua, 1562an lan handiak egin zituzten arren: zurajeak ustelduta, itoginak¿. Berritzen hasi behar izan zioten, beraz, eta 1614 urtera arte iraun zuten konponketa lanek. Hori izan zen gaztelua jauregi edo erosoago bihurtzeko lehenengo urratsa. Baina aldaketarik handienak XIX. mendearen bukaeran egin zituzten, eta horiek dira gaur egun agerien dituen aldeak.

Cortesko gaztelua

Gaztelua eta inguruko jauregiaren hegoaldea. (1999)

Egitura eta aztarnak

Ez dago gaztelua barrutik bisitatzerik, baina kanpotik ikustea ere merezi du.

Dorrez eta harresiz inguraturik dago gaztelua, eta gezi-leihoz zulaturik, harresia eta dorreak. Harriz egina da harresia; Erdi Aroa baino geroagokoa, ordea. Adreiluz eginak, berriz, dorreak, eta zilindrikoak, egituraz. Bi sarrera ditu gazteluak, iparraldetik edo elizako plazatik, bata, eta hegoaldetik, bestea; iparraldekoa baino txikiagoa, hori, baina armarridunak dira biak.

Ekialdeko partea, XIX. mendeko eraikina, estiloz neogotikoa da, baina XX. mendeko ukitu batzuk ere baditu.

Dorre nagusia da gazteluko multzoan diren eraikuntzetan garaiena, ikusgarriena eta interesgarriena. Behetik goraino berdina da, prisma egiturakoa, beraz, eta almenaduna. Hiru horma-bururen gainean eginiko buharda, txapitula edo gaztelu-begi bat du hegoaldeko horman. Hego-mendebaldeko izkina hondatzen hasia zuen, eta konpontzen aritu ziren 2002an.

Hegoaldetik begiratuta mendebaldeko muturrean dago dorre nagusia; oinarriak bakarrik ditu Erdi Arokoak. Atzean patio bat du, eta jauregia osatzen zuten eraikuntza atalak haren inguruan. Erdi Arokoa da patio horretatik dorrerako edo sarrera zaharrerako igarobidea ere, Nafarroako Monumentuen Katalogoa liburuan dioenaren arabera. Bada garai hartako soto bat ere. Erdi Aroko agiriek diotenez, putzu bat, labe bat eta hainbat bizileku ere baziren dorrearen inguruko esparruan.

XVI. mendetik XIX. mendea bitarteko izara sail handia da gazteluan, eta horien artean aipatzekoa da XVI. mendearen azken hereneko bat. Rolan de Mois-ek margotua da, eta Aragoiko Alonso Villahermosa dukea irudikatzen du, 1462an Cortesko gaztelua eta herria jaso zituena.

Catalogo Monumental de Navarra I. liburukian, 159/161 orrialdeetan agertzen dira deskribaturik izararik garrantzitsuenak, eta 8 argazki dakartza liburuak.

Hegoaldean, jauregiko lorategia parke publiko bihurturik dago gaur egun.

Cortesko gaztelua

Dorre nagusiaren konponketa lanak hego-mendebaldeko izkinan, dorrearen hainbat xehetasunen artean. (2002)

Iristeko

Cortesko herrian bertan dago gaztelua, elizaren ondoan.

Cortesko gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk