Itzuli orri osora

Butroe

FITXA

Udalerria: Gatika

Herrialdea: Bizkaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Gaztelua muino batean kokatuta dago, harkaitzen gainean. Butroe ibaiaren isuri batek, lubanarroa bailitzan, hiru aldetatik inguratzen du. Ibai berak Plentzia izena hartzen du beherago segituz gero. Antzina, itsasgoran, ia gazteluaren tokiraino iristen zen ura, eta horrek garraio asko errazten zituen. Bizkaiko golkoko zenbait gaztelu eta dorretxe bezala, Butroe gaztelua leinuari ospea emateko eraiki zuten. Baina horrez gainera, eginkizun ekonomikoetarako, eta defentsarako balio izan zien. Butroe gaztelua, itsasotik gertu eta ibaitik gertuago, leinu handi baten egoitza izan zen Berant Erdi Aroan. Lekuko ekonomia feudalaren ardatzetako bat izan zen, ibaiertzean burdinolak eta errotak zituelako. Sendiak lortutako aberastasunak eta indarrak dorretxea gaztelu bihurtzea ahalbidetu zuten. Gazteluak jaurgo baten ohiko egitekoak zituen, baina bertako leinuak beste batzuekin izandako gorabeherak medio liskarrak ere sufritu behar izan zituen. Horrela, gaztelua Bizkaiko historian sartu zen.

Butroe

Aurrealde nagusiko ikuspegi orokorra. (1995)

Historia

Iturrizaren arabera, Butroe leinuaren gotorlekua VIII. mendean eraiki zen, Gantzurritz haitz-toki gainean. Ildo beretik, Teodosio Goñiren emazte Konstantza Butroe Biandra aipatzen zuen Navarro Villosladak VIII. mendeko euskaldunei buruzko eleberri historikoan. Nahiz eta egia ote zen ez den frogatu, aipamen hutsa bada leinuak eta gazteluak zuten ospearen eta sortzen zuten liluraren adierazgarria. Bestalde, Butroe leinukoak leinuen arteko hainbat borroka odoltsutako protagonista izan ziren.

Lope Garzia Salazarrek Bienandanzas e Fortunas liburuan leinuen sorreraz dioena kontuan hartuz gero, Butroe familia Joan Perez Butroerengandik hasi zen. Joan Perez Butroe Ajangizko jaunaren biloba zen, eta berak eraikiarazi omen zuen gotorlekua XIII. mendean. Uste denez eraikinak XIV. mendearen erdialdean hartu zuen gaztelu izaera. Hain zuzen ere leinuen arteko liskarrak areagotu ziren garaian. Katea osatzen hasiz gero, hauek dira XII. eta XV. mendeen arteko Butroe leinuaren katebegiak: Joan Perez Butroe - Otxoa Ibañez Butroe (1275ean hila) - Gomez Gonzalez Butroe I.a - Otxoa Butroe - Gonzalo Gomez Butroe Zaharra - Gonzalo Gomez Butroe Gaztea - Gomez Gonzalez Butroe II.a (1448an hila) - Joan Alonso Muxika - Gomez Gonzalez Butroe III.a.

Butroe leinua Oinaztarren burua zen Bizkaian. Oinaztarren gidaritza hartzeko asko lagundu zuen Muxika sendiarekin ahaidetu izanak. Butroekoek, hasieran batean, Ibaizabalen eskuinaldea eta Asua bailara kontrolatzen zituzten. Inguru horietako leinu gehienak Butroeren menpe zeuden. Hala nola, Getxo sendia, Martiartu, Asua, Sopela, Sangroniz, Lezama, Zugasti eta Meñaka. Leinu nagusiaren eta menpekoen artean elkartasun sare trinkoa eratu zen eskualdean. Leinu nagusiko ahaide bat zen sare horren erdigunea, burua. Beste taldeek ere antzeko egitura zuten, eta horien aurka borrokatzen ziren Butroekoak.

Butroekoen arerio nagusiak Abendaño leinukoak ziren. 1393an hasi ziren bien arteko ezin ikusiak, Gonzalo Gomez Butroe Zaharra-k Joan Sanchez Billela hil zuenean. Orduan, Butroek, erbesteraturik zegoela, Gaztelako Enrike III.aren gudarosteak zazpi hilabetez setiatu zuen gaztelua. Alfer-alferrik, ordea. Baina hiltzailea ez harrapatu arren nahikoa kalte egin zuten, inguruko ondasun denak suntsitu baitzituzten. Gonzalo Gomez Butroe Zaharra-k, 1407ko testamentuan, Butroeko maiorazkoa sortu zuen; aitak izen berdina zeraman Gonzalo Gomez semeari utzi zion oinordekotza. Ordurako Gonzalo Gomez Butroe Gaztea Maria Alonso Muxikarekin ezkondua zen. Euren seme zaharrenari, Joan Alonso Muxikari, zegokion Muxikako premugoa, baina hau, 1425ean, frantziskotar komentu batera joan zen. Orduan, seme bigarrenak, Gomez Gonzalez Butroek Gazteak, eskuratu zituen Muxikako eta Butroeko oinordekotza.

Gomez Gonzalo Butroe Gaztea Arrasaten sartu zen Aramaio hartzeko intentzioarekin. Hasierako asmoak gaizki atera zitzaizkion ordea, eta Ganboatarrek hil egin zuten herria setiatu eta erre zutenean, 1448an. Bere seme-alabak, liskarrekin nekatuta, bakea lortzeko bideak zabaltzen hasi ziren. Bere alaba Joan Martin Ruiz Ganboakoarekin, Olasoko jaunarekin, ezkondua zegoen lehendik, eta aita Ganboatarrek hil bazioten ere bere izeba-osabei jaramonik egin ez eta senarrarekin jarraitu zuen. Bertso honetan azaltzen du bere erabakia:

¿Dardoak egin arren bere aldia

Olason da ene egoteko aulkia¿

1470ean Butroeko leinuburua zen bere anaiak ere, Joan Alonso Butroe eta Muxikak, bakea sinatu zuen Ganboatarrekin Carrionen. Bakeak batasuna ekarri zuen, eta Bizkaiko leinu guztiek, elkar harturik, Harokoaren alde zeuden gaztelarrak garaitu zituzten Mungiako batailan, 1471eko apirilaren 27an. Gaztelarrek, aurrez, Butroeko gaztelua setiatu zuten, baina gerra inguruko basoetara zabaldu zenean gerrari gaztelarren zalditeri astunak ezin izan zion segitu bizkaitarren infanteria arinari, eta amore eman behar izan zuten.

Leinuen arteko liskarrak amaitzeak ez zuen bakerik ekarri Bizkaiko nobleentzat. Handik aurrera Gaztelako erregearen gudari bezala joan behar izan zuten gerretara. XVI. mendean Butroekoak Gaztelako gortean sartu ziren. Orduan, Gomez Gonzalez Butroe zen leinuburu, eta Gaztelako erregea defendatzeko Noaingo batailan (1521ean) eta Hondarribiko setioan (1522an) egon behar izan zuen. Hurrenez hurren 2.500 eta 2.200 gerrari zituen berekin, eta nola batean hala bestean Martin Ruiz Abendaño ganboarra izan zuen laguntzaile.

Butroekoak, apurka-apurka, Bizkaiko gaztelua uzten joan ziren, eta leinuaren gidaritzan ere beste deitura batzuk hasi ziren agertzen: Idiakez, Villela, Martara¿ XVII. eta XVIII. mendeetan defentsarako ziren gazteluaren zatiak desagertuz joan ziren, eta bizileku bezala balio zutenak bakarrik gelditu ziren. Horiei nekazaritzarako pentsatutako eraikinak erantsi zizkioten.

XIX. mendeko zenbait grabatuk, argazkik, eta deskripziok, gazteluak orduan zer nolako itxura zuen erakusten dute. Dorre nagusia eraikin xumeek inguratzen zuten, eta gaur egunekoak bezalako teilatua zuen. Harresiaren kuboak, aldiz, noizbait ezbeharren bat izan zen seinale, ez zeuden osorik. Eta Lehenengo Karlistaldian ere kaltetua izan zen gaztelua.

XIX. mendearen bukaeran, Narciso Salabert Pinedo jaunak (1830-1885), Torrecillako markesak, gaztelua zaharberritzeko asmoa agertu zuen. Baita obra maisu batzuei lanerako agindua eman ere. Delako Narciso Salabert Pinedo hori Josefa Arteagarekin ezkondua zegoen. Azken hau Eugenia Montijo Frantziako enperatrizaren ahaidea zenez, nolabait, Frantziako enperatriza eta Torrecillako markesa ere familiakoak ziren, eta enperatrizak ekin zion Arteagako gaztelua berritzeari, hain zuzen.

Butroe gaztelua zaharberritzeko ardura Francisco Cubas arkitektoak hartu zuen. Eta bai hartutako ardura fin bete ere. 1878an bururatu zituen zaharberritze lanak. Garai hartan, Erdi Aroko eraikinak zaharberritzerakoan Viollet le Duc-en estiloa zegoen modan. Alegia, arkitektuaren sormenari askatasun osoa ematen zitzaion, eta jatorrizko eraikinaren itxura ez zen gehiegi errespetatzen. Butroeko gazteluan lanean hasi zirenean, lehen egin beharra nekazaritzari lotutako eraikinak eraistea izan zuten. Hasierak bukaera zor, azkenean, 1885ean bukatu ziren zaharberritze lanak. Baina gaztelua kanpotik zein barrutik ongi konponduagatik, handik aurrera ez zen bizileku bezala gehiago erabili.

1989an bigarren berritu bat eman zitzaion gazteluari. Orduko hartan arkitektura lanak egiten dituen Estudios Arriaga elkarteak hartu zuen lana beregain. Lanak erabat bukatu gabe egon arren, 1994an, turismo eta kultur zentro bilakatu zen garai batean jauregi izandakoa. Zentro horri esker, orain, gaztelua eta parke bihurtutako gazteluaren inguruak lasai asko bisita daitezke. Ikus-entzunezko sistemaren, manikien, dekoratuaren eta eszenatokien bitartez gazteluaren historiaren berri ematen zaie bisitariei. Inguruan dagoen basoa ere ezin da aipatu gabe utzi, XIX. mendekoa baita.

Butroe

Sarrera ondoko antzinako hainbat adierazgarri. (2001)

Egitura eta aztarnak

Cubas arkitektuari esker ezagutzen dugu eraikina. Zortzi hamar bat metroko garaiera izan du, eta nahiz eta Euskal Herrian arrotz samarra izan, XIX. mendeko arkitektura erromantiko eta eklektikoaren erakusgarri bikaina da.

Gaur egun duen kanpoko itxura, dotorea da. Zaharberritzearen emaitza den arren, berriak Erdi Aroko gaztelu zaharraren antz gutxi du. Oina da berdin mantendu den bakarra. Aldiz, zaharrak dorrea motzagoa eta sendoagoa zuen. Hasierako gazteluak, garai hartako dorretxeen eredua jarraitzen zuen. Baina inguruan harresiz josia zuen, harresiaren lau ertzetan dorre zilindriko bana zegoen.

Dorre nagusiaren hasierako oina karratua zen eta 9¿5 metro neurtzen zituen alde bakoitzak. Dorre nagusiaren garaiera 45 metrokoa da. Apaindurez hornitua ikus daiteke, eta hainbat eraikin erantsi zaizkio (kapera, sukaldea¿). Lehen, 28 metro omen zen luzean. Dorrea ez dago harresien barrutiaren erdian, hego-mendebaldeko hormatalari loturik baizik. Ez ohiko banaketa asimetriko honen zergatia, Butroeko Erdi Aroko gazteluan ere hala omen zegoela da.

Harresiak 4¿6 metroko lodiera du. XV. mendean, kanoiak erabiltzen hasi zirenean gotortu omen zituzten, hasieran ez baitziren bi metro zabal (1,8 metro eskas). Lau izkinetako dorreak ezberdinak dira guztiz. Bai itxura aldetik eta baita garaiera aldetik ere. Ataria hego-ekialdeko hormatalean kokatzen da eta su arma leihoez ongi babestua dago. Lehenago ataririk dorre nagusira zuzentzen zen zubi altxagarri bat zegoen. Hormatal horretan harri egitura ezberdinak nabari dira, zaharberritzearen emaitzak denak ere. Haitza ere agertzen da tarteka, eta haitz horrek Erdi Aroko gaztelura garamatza, haren oinarria baitzen. Inguruko harresian eta dorre nagusiko maila guztietan, XIX. mendeko almenak daude, gezi-leihoak dituztenak, ertz barbakanatuen gainean.

Erdi Aroko gaztelu zenari dagokionez, mendebaldeko dorrearen azpian 9 metro sakoneko ur biltegia zegoen. 1864an, Delmasek erdi estalirik zegoen lubanarroa eta lur azpiko pasabidea aipatzen zituen. Pasabideak kanpora irteera zuen hasiera batean, baina Delmasek ikusi zuenerako guztiz itxita zegoen.

Gazteluko sarreratik gertu zegoen Magdalena baseliza 1907an berreraiki zuten Gatikarako errepide bazterrean.

Butroe

Eraikinaren egoera, zaharberritu baino lehen (Juan Eustaquio Delmas: Guía historico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya (1864))

Iristeko

Mungiatik datorren BI-634 errepidean Gatika igaro eta 3¿8 kilometrora gaztelurako bidegurutzea dago. Bidegurutzea erraz aurkitzen da, Magdalena baselizaren ondoan baitago. Errepide horretan beste aldetik etorriz gero, Urduliztik, beste sarbide bat dago aipatu bidegurutzea baino lehenago. Udan eta neguan egun osoan dago zabalik bisitatu nahi duenarentzat.

Butroe

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk