Itzuli orri osora

Buradon

FITXA

Udalerria: Bastida

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Bilibioko eta Buradongo gazteluak Conchas de Haro edo Buradongo arroila kontrolatzeko eraiki zituzten: Bilibiokoa Ebro ibaiaren eskuinaldeko haitzean, gaur egun baseliza dagoen lekuan Errioxa Autonomia Erkidegoan; eta Buradongoa ibaiaren ezkerraldekoan, Toloño mendikatearen ekialdeko muturrean. Bilibiotik Pancorvoraino luzatzen dira mendikatea edo Obarense mendiak, eta Cellorigo mendiartea da bidean. Erdi Aroan hiruzpalau gaztelu baziren inguru horietan. Arabarako sarrera kontrolatzeko eta galarazteko egin zituzten.

Buradongo gazteluaren egiteko nagusiak Buradongo igarobidea eta Toloño aldea zaintzea ziren, eta inguruko biztanleak babestea ere bai, bide batez. Zegokion eskualdeko administrazio egoitza ere izan zen, bestalde, administrazio barrutiak, batzuk bederen, herriaren aztarnak gazteluen inguruan antolatzen ziren garaietan. Mugako gazteluen egiteko guztiak zituen, bada, labur esanda.

Baina, Erdi Aroa baino ondo lehenago ere bizi izan zen jendea gaur Buradon deritzagun horretan. Hain zuzen ere, Burdin Arotik Erdi Arora bitarteko (V.-X. mendeak bitarteko) herrixka baten aztarnak aurkitu zituzten, duela zenbait denbora, harkaitzetik hegoaldera, behean. Hango biztanleak babestea ere gazteluaren egitekoa izango zen garairen batean.

buradon gaztelua

Mendizintzurra Ebro ibaiarekin. Buradon gaztelua tokirik garaienean zegoen. (1999)

Historia

Gaztelu gutxik izan izango du Buradongoak adinako garrantzia, hainbeste denboran, behintzat. Hiru garaitan bana daiteke gaztelu honen Erdi Aroko historia. Musulmanak inguruetan ibili zirenekoa litzateke lehenengo garaia, Bilibioko gazteluarekin Buradongo igarobidea kontrolatzen zuenekoa. Leongo Ordoño II.ak eta Nafarroako Antso Gartzes I.ak Errioxa Garaia eta Erdia konkistatu zituztenetik (923. urtearen inguruan) 1200. urtea aldera bitartekoa litzateke bigarrena; gaztelua eskualde administratibo garrantzitsu baten egoitza bilakatu zenekoa, alegia. Gaztelako eta Nafarroako Erresumak lehia bizian ibili ziren garaikoa hirugarrena, 1200. urtetik aurrerakoa. 250 urtez, etsaiez inguraturik zegoela, Nafarroako Erresumaren mendebaleko beso eta eusle izan zen Buradon.

Gaztelua aipatzen duen lehen dokumentua X. mendekoa da, baina ordurako egina zegoela eta ezaguna zela esan nahi du horrek. Bestalde, V. mendean jadanik ezagunak ziren Bilibioko gaztelua eta herria, eta pentsa dezakegu Buradonen ere izango zela zerbait. Neurri batean, hipotesi hori baieztatzera eta indartzera datoz gorago aipatu diren aztarnak.

Arabiarrek ez dute, garai hartako kroniketan, ez Buradon eta ez gaztelurik aipatzen, eta bai, Pancorvokoa eta Cellorigokokoa. Bestalde, gauza jakina da, orduko hasiak zirela iparraldexerago berak Araba eta al-Qila (Araba eta Gazteluak) zeritzaten bi eskualde eratzen. Kristau kronikarien idatzietan bai, agertzen da, bai cronicon burgens-en eta baita anales compostelanos-en ere, musulmanek 939an erretako herrien eta gazteluen artean.

Arabiarrak inguruetatik urrunarazi zituztenean, pixkana-pixkana gizartea antolatzen hasi zen berriz ere, eta 954rako administrazio barruti bilakaturik ageri da Buradon, Gaztelako Fernan Gonzalezekin (932-970). 1012rako, Terminoko eta Lantarongo gazteluetako jaun (¿senior¿) ere bazen Beila Ovecoz, Buradongo jauna. Nafarroako Erresumari lotua egon zen gero, 1029/1076 eta 1123/1199 urte bitarteetan, baina administrazio aldetik nortasun propioa zuela. Gaur egun ezagunak dira garai horietan Buradongo gazteluzain edo jaun izan ziren familia edo leinu batzuen izenak; Lopez Bizkaiko jaunena, besteak beste. Hauek Diego Lopezekin utzi behar izan zuten Buradon, eta beste hainbat eskualde, eta Alfontso I.ari, 1104-1134 bitartean Iruñean eta Aragoin errege izan zenari aurre egiteagatik, hain zuzen.

Bien bitartean, XI. eta XII. mendeetan alegia, gehituz joan ziren administrazio eskualdeak, eta garai horretan sortu ziren, halaber, lehenengo hiribilduak ere. XII. mendean behin baino gehiagotan agertzen da Buradon aipaturik, baina ez zuzenean berari zegozkion dokumentuetan, Buradonekin muga egiten zuten herriei buruzkoetan baizik. Alfontso I.a Borrokalariak Marañongo herriari forua eman zionekoan (1124/1127 inguruan) eta Antso VI.a Jakitunak Guardiari (1164an) eta San Vicente de la Sonsierra-ri (1172an) hiri gutuna emateko egin zituenetan, besteak beste. Azken nafar errege horren administrazio aldaketen ondoren ere ez zuen Buradonek bere administrazio barrutia galdu, baina ondoan zenbait tenentzia edo barruti (Zabalatekoa, esate baterako) eta hiribildu sortu zirenez, mugape murritzagoetara bildu behar izan zuen. 1181ean, Gomiz Martini agertzen da gazteluburu gisa Buradonen, Gasteizko forua izenpetu zenean.

Rodrigo Ximenez Radak ez du, Gaztelako Alfontso VIII.ak 1199an eta 1200ean beretu zituen gazteluen artean, Buradongoa aipatzen, baina erregeak berak bai, 1204an, aipatzen du, castella de Buraon, San Vicente de la Sonsierrakoarekin eta Torokoakin batera.

Hartutako gaztelu horiek, ordea, Nafarroako erregeari itzuli zizkion gero, Navas de Tolosako guduaren ondoren (1212an). 1214ko dokumentu baten arabera, San Vicente de la Sonsierran behintzat, Nafarroako tenentea baitzegoen, eta kontrara, 1215ean Buradongo gazteluak gaztelarren eskuetan jarraitzen zuela dirudi, Ferrandus jauna, Burandongo komendadore baitio urte horretako dokumentu batek. 1217an, iraileko Nafarroako agiri batean, Martin Iñiguez ageri da Buradonen agintari, baita Larragako gazteluan ere. Eta 1219ko apirilean ere agintari berak jarraitzen zuen, baina Buradonen bakarrik. Dirudienez, epeka berreskuratu zituzten Nafarrek eskualde horretako gazteluak eta herriak.

Buradongo gazteluaren Erdi Aroko historia hiru alditan bana daitekeela esan da gorago. Beste bietako baino hirugarren honetako aipamen gehiago iritsi zaizkigu. Izan ere, aldi horrek iraun zuen bi mende eta erdian, Nafarroako errege-gaztelu nagusietako bat izan zen Buradongoa, egon ere, orduko Gaztelako mugan zegoen eta. 1259an, Sancho Ortiz Baynnos zen gazteluzain, eta 1266an, Ferrant Martinez Meraion.

Baina, 1277an, Rodrigo Seco Manjon joan zen Lizarrara Joana I.aren ordezkariari leialtasun zina egitera. Urte horretarako Buradongo gazteluzain bera zela esan nahi du horrek. Soldata onak ez ezik, sariak eta opariak ere jasotzen zituzten gazteluetako buruek. Gaur egun erretiroko pentsioa-edo esango genukeen laguntza eman zioten, esate baterako, Martin Lopez Muga gazteluzain ohiari: 10 kaiza (gaitzeru, anega) gari, urtero.

Buradon gaztelua

Dorre nagusiaren aztarnak. Behealdean, ezkerraldean, ur biltegiaren arrastoak. (1999)

Aurrerago, zuzenean Errege Diruzaintzatik ordainduko zioten soldata Buradongo gazteluzainari. Zortzi edo hamar gaztelutakori bakarrik ordaintzen zioten horrela, eta dirutan bakarrik, gainera, ez dirutan eta garitan, beste batzuei bezala.

1319an eta ondoko urteetan, Errioxako gazteluei eman zieten Ebroko ibiak eta zubiak kontrolatzeko ardura. Horrez gainera, Ebro ibaiaren eta Toroko gazteluaren arteko atakak zaintzeko ardura ere bazuen Buradongo gazteluzainak, izan ere, Nafarroaren eta Gaztelaren arteko mugan zegoen orduan. Handik Marañongo gaztelurainokoa zaintzea, berriz, Toroko gazteluzainari zegokion.

Beste bi edo hiru laguntzaile ere izan zituen Buradongo gazteluzainak bere eginbeharretan, Toloñoko eta Herrerako gaztelu ezagunak, batetik, eta Peña Rojan, Gatzaga Buradonen goialdean, zen eraikin bat, bestetik, aurkitutako aztarnen arabera.

1200. urteaz gero, Nafarroako Erresumaren mugan geratu zen Buradon, eta etsaiz inguraturik, gainera. Eta are bakartuago geratuko zen 1367tik aurrera, Enrike II.a Trastamarakoak Diego Gomez Sarmientori eman baitzizkion inguruko lurrak, eta gaztelarren aldeko konderri batek uztai bat eratuz bezala inguratzen baitzuen Buradon: Urizaharra - Inglares harana - Buradon Gatzaga - Bastida.

Buradongo gaztelua, 1199. urtekoa aparte utzita ere, gutxienez lau bider erori zen gaztelarren eskuetan, 1373an, 1429an, 1451n eta 1454an, eta nafarrek indarrez edo itunez bereganatu izan zuten gero. 1373ko gazteluzainak, Lope Jimenez Davalosek, berak ordaindu behar izan zituen konponketa lanak, gaztelua galdu zuelako. Horretarako, bi alditan pagatu ahal izatea eskatu zion diruzainari, eta hala pagatu zituen gastuak. Horrelakoetan, era guztietako eragozpenak izaten zituzten. 1410ean, esate baterako, Joan Martinez Ziordia, orduko gazteluzaina, Buradon Gatzagan gaztelurako ardoa erosita zetorrela, Haroko batzuk ardoa eta zamaria lapurtu zizkioten. 1340an, Guardiako gazteluzaina, gobernadoreordeak bidalita, gazteluaren egoerari eta armei buruzko txosten bat egitera joan zen; arazoren bat izan omen zuten identifikazioarekin eta, badaezpada ere, ez zioten bertan sartzen utzi; beraz, beste egun batean itzuli behar izan omen zuen.

Gutxienez bi bider bahitu zuten Buradongo nagusiek beren gaztelua: Santa Gurutze Kanpezuko itunean (1367) eta Majanokoan (1430). Bestalde, Nafarroako mutur hura guztia Vianako Printzearen ondasunetan sartu zuen Karlos III.ak, bere bilobarentzat printze titulua sortu zuenean (1423).

1460tik aurrera, Gaztelako erregearenak izango ziren Toloño mendietako gaztelu guztiak, baita gaur Errioxa aldeko Arabako deritzagun horretako herriak eta San Vicente de la Sonsierra ere. Eta orduan desagertu zen Buradongo gaztelua bera ere.

Egitura eta aztarnak

Buradongo gazteluaren egituraz dakigun zenbait gauza Nafarroako Agiritegi Nagusiari esker dakigu, han baitaude XIV. eta XV. mendeetan gazteluan egindako konponketa lanei buruzko agiri-paperak. Paper horietan dioenaren arabera, bi harresi eta bi esparru zituen gazteluak; eta bi esparruetan ziren etxebizitzak eta bestelakoak; baina goikoan, dorre nagusia, jauregia eta ur biltegia. Zurezkoak ziren ura biltzeko eta ur biltegira bideratzeko hodiak eta zorrotenak. Eraikin bereizietan zeuden labea eta zalditegia. Batik bat horien gainean bildutako ura bideratzen zuten ur biltegira. Kapera bat ere bazen gazteluan. Bi behatoki edo garita zituen gutxienez, ate nagusiaren gainean, bat, eta Ebro aldera begira, bestea. Eta beste dorre almenadun bat ere bazela diote agiri-paper horiek.

Mendebaletik ekialdera luzatzen da gaztelua, eta harkaitza ebaki zuten horren kokalekua gailurretatik bereizteko, lubanarro bat egiteko bezala. Goiko esparrura joateko harrian egindako harmaila batzuk igo behar dira, beraz. Ekialdera dagoen harkaitza aparte dago, ur biltegia egiteko moztu baitzuten. Harkaitz hori da aztarna gehieneko lekua. 11 x 4¿5 luze-zabaleko gaina du, eta hiru aldetan ditu hormak. Kanpoko aldetik 2¿5 metroko garaiera du harresiak. Itxura denez, hor zen dorre nagusia, eta angelu zuzenetan elkartzen ziren hormak zituen.

Parte bat behitzat, harkaitza zulatuz egin zuten patina edo ur biltegia, eta oraindik ere gainean ditu 0¿25 metro lodiko bi estaldura puska harrizko.

Aurrera jarraituz gero, bi gauza ikusiko ditugu: harkaitza landua dagoela, eta iparraldera terraza edo zabaltza bat zuela. Harkaitzean beheraka hartzen bada, berriz, bi horma zatirekin egingo dugu topo; gaztelua mendebaletik ixten zuten hormak, seguru asko. Hasierako aztarnetatik hona 52 metro inguru egongo da.

Beheko barrutiari edo esparruari ¿la era¿ esaten diote orain. Nabari da esparru bat bazela, gaur egun, ordea, mendebaleko hormaren bi atal baino ez dira ageri. Dena dela, oso aldatua dago alde hori; eta geroagoko elurzuloren bat-edo izan daitekeen sakon gune bat ere bada bazter batean.

Adineko jendeak dioenez, ¿Los Castillos¿ esaten zaio behean, gaztelua zen lekutik hego-ekialdera dagoen muino bati. Toponimo bera du Ebro ibaiaren bestaldeak, Bilibioko behealdeak, alegia.

Buradon gaztelua

Beheko barrutia. (1999)

Iristeko

Errioxatik gatozela, pista bat dago eskuinetara, arroilara baino kilometro bat lehenago. Pista hori, eskuinetik datorren beste pista batekin elkartzen da gero. Pista harkaitzaren oineraino doa, eta autoz ere joan daiteke haraino, baina handik gora, ez. Harri bide bat eta bidezidor bat daude gero, goiko harkaitzera eta harkaitza ebakiz eginiko lubanarrora bitartean. 20/25 minutu behar dira goraino joateko.

Araba

Bastida

Buradon gaztelua