Itzuli orri osora

Bernedoko gaztelua

FITXA

Udalerria: Bernedo

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Toloño mendilerroaren iparralderako maldaren behean dago Bernedo, Ega ibaiaren ibarrean. Betidanik bidegurutze izandako lekua da, Logroñotik Gasteizako eta itsasalderako bidean baitago. Eta herriaren atzean, hegoaldera dago gaztelua, tontor baten gainean.

Ez dakigu noiz eraiki zuten lehenengo gotorlekua edo gaztelua, baina garrantzia handia hartu zuen Nafarroaren eta Gaztelaren arteko liskarrak gogortzen hasi zirenean, bi mende eta erdiz hurbil baitzuen bi erresuma horien arteko muga. Bernedo herria babestea zen gazteluaren egitekoetako bat, gazteluaren babesean antolatu eta zabaldu baitzen hori. Gaztelutik behera herria ere barnean hartzeraino luzatzen ziren harresiak.

Bernedoko gaztelua

Gaztelua eta herria, ekialdetik begiraturik. (1997)

Historia

Alfontso I.a Borrokalariak (1104-1134) Tuterako juduei Naiarako forua eman zienean, Lope Joanes, Bernedoko jauna (Seynnor Lope Johannes in Verneto) agertzen da lekuko gisa, han egin zen agirian. 1119koa izan daiteke agiri hori.

Nafarroako Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) Nafarroak Gaztela aldera zituen mugak indartzea erabaki zuenean, eskualde eta herri batzuei eman zien, noski, lehentasuna, eta Arabakoen artean Antoñana eta Bernedo agertzen dira, besteak beste. Bai batentzat eta bai bestearentzat, 1182ko urtarrilean eman zien hiribildu titulua; eta orduko, biek zuten gaztelua. Izenpetzaileen artean Gomez Martinez agertzen da, Antoñanako eta Punikastroko gazteluzain zena; eta ez da Bernedokorik agertzen, ez tenente, ez gobernator, eta ezta bestelakorik ere.

1199an hasita eta 1200a bukatu baino lehen, Gasteiz eta Arabako lurraldearen parte handi bat Gaztelarrek hartu zuten, eta Bernedo egin zen inguruetako muga aldeak zaintzeko kargu. Beraz, garrantzi handiagoa ere hartu zuten Bernedoko gazteluak eta herriak. Dena dela, gorabehera militarrak ere eragiten zituen mugatik gertu egoteak, baina ez ziren horiek izan ohi okerrenak, arazo larriagoak, eta gehiago, izaten baitzituzten mugaren bi aldeetako gaizkileekin eta haien bortizkeriarekin. 1335ean, 1334-1336ko gerra bitartean, alegia, herria inguratu zuten gaztelarrek, eta inguruetako herrietatik 200 arma-gizon etorrarazi zituzten laguntzera. Gero, jantzi berriak eta oinetako berriak erosi behar izan zizkieten ¿30 libera, guztira¿ puskatu egin zitzaizkien-eta ekarri zituztenak.

Nahiz eta mugatik gertu egon, eta erregeena izan, Bernedoko gaztelua oso gutxitan agertzen da Nafarroako agirietan; izan ere, gazteluzainak ez baina, udalak zuzentzen zituen gazteluko gorabeherak; eta dirudienez, ondo betetzen zituen bere egitekoak. Hala dio, behintzat, 1306ko agiri honek: ¿...Bernedeko herriak ongi egin du lana eta ongi egiten ari da hango gaztelua eta harresiak konpondu eta gotortzeko.¿ Eta horren truke, Bernedoko biztanleek ez zuten Urantziko aduanan zergak ordaindu beharrik.

1413an, Martin Periz Gaztelako erregeren konponketa lanetarako arduradunak (¿maestro real¿) ikusirik, Bernedoko gaztelua eta harresia berritu baten premian zeudela, eta erregeri hala aholkaturik, Bernedoko eta Kabredoko sarreretan biltzen ziren zergak Bernedoko udalari eman zizkion Karlos III.ak (1387-1425), haiek konpon zitzan.

Beste zenbait dokumentutan ere aipatzen da udalak zer egiteko eta zer eskubide zituen gazteluan. 1427an, erregeak gazteluko gorabeherak udalaren kargu utzi zituenean, gastuei aurre egiteko, Bernedoko biztanleek pagatu behar zioten fonsadera zerga (¿12 kaiza [12x150 Kg] eta 3 erregu [2 x 28 Kg] gari, eta beste hainbeste garagar¿) berak eskuratu ahal izateko eskubidea eskatu zion udalak.

Baina, erregerenak ziren Bernedoko herria eta gaztelua, eta Erdi Aroko ohituretara makurtu behar izaten zuten gauza askotan. Karlos II.ak (1349-1387), Brionesko Itunean erabakia bermatzeko, 1379an Gaztelako koroaren esku utzi behar izan zituen hainbat herri eta gaztelu, 10 urterako. Bernedoko herria eta gaztelua ere haien artean zeuden; Bernedoko biztanleak Gaztelako bilakatu ziren, beraz, eta hango erregeri leialtasuna aitortu behar izan zioten.

Halaber, 1423an Karlos III.ak Vianako Printze titulua sortu zuenean, tituluaz aparte zenbait lurralde ere eskuratuko zituzten haren jabe egingo zirenek. Karlos III.aren biloba Karlos izan zen lehenengoa. Vianatik Buradona arteko hainbat herri eta gaztelurekin osatu zuen bere Printzerria.

Justizia kontuak ere ez ziren Erdi Aroan erabat gaur bezala. Gaztelu askok zuen bere espetxea edo ezarritako zigorra betetzeko lekua. Horri dagokiola ere agertzen da Bernedoko gaztelua zenbait dokumentutan: ibar-jaunen ¿justitia facienda¿ atalean, adibidez. Normalean mugetako eta merinaldeen hiriburuetako gazteluetan ziren espetxeak. Bi adibide, anekdota gisa: Bernedoko gazteluan urkatu zituzten Biguriako Joan eta Otxoako Joan: lapurretan ibiltzeagatik, lehenengoa eta Lizarran, Zaragozan eta Hondarribian lapurreta egiteagatik eta hilketak egiteagatik, bigarrena.

XV. mendean, ez dakigu ziur zer urtetan, gaztelarrek hartu zituzten Bernedoko herria eta gaztelua. Honako hau dio Garzia Lopez Aiara Gaztelako mariskal eta Aiarako jaun zenak 1485eko uztailaren 16ko bere testamentuan: ¿Bernedeko herria eta gaztelua odol eta arrisku handiekin eskuratu dugu nik eta nire jarraitzaileek, eta nire gain hartu ditut babes eta mantentze lanak; gerran irabazia baita, aginpide erabatekoa dut bertan; beraz, agintzen dut Aiaran dudan maiorazkoari gehitzeko Bernedekoak, betiko, eta nire ondorengoen eskuetara igaro daitezela. Agintzen dut, halaber, bertako errentak balia daitezela meza egin dadin egunero-egunero hango elizan, nire arimaren eta bertako biztanleen alde, eta berdin egin dadila Ama Birjinaren egunetan eta San Migel egunean.¿

Testamentu horrek, ordea, ez zuen bost urterako ere balio izan, 1489ko azaroan, gaztelutik eta herritik bota baitzuen Pedro Aiara, haren semea, Errege Katoliko deritzanak.

1490ean, Gasteizi lotua geratu zen Bernedo, eta Araba familiakoa jarri zuen Gaztelako eta Aragoiko erregeak gazteluzain. Komuneroen gerran Karlos I.a enperadorearen alde atera zen Araba familia. Azkeneko gazteluzainak Gasteizen bizi izan ziren. Baina, munduan zehar gerran ere ibiltzen ziren, dirudienez, gazteluan ordezko bat utzita.

1570ean, Bernedoko udalak 500 marabedi gastatu zituen gaztelua eta harresiak ikuskatzera diputatu bat ekartzeko.

Micaela Portillak (¿Fortalezas alavesas en 1592. Boletin de la institucion Sancho el Sabio. XVII urtea, 1973) aztertua du urte hartan eginiko txosten bat, eta, biztanleek ziotenez, azken 15 urteetan ez omen zen inor bizi izan Bernedoko gazteluan. Frances Araba azkeneko gazteluzaina hil zenetik ez zuten besterik izendatu, dirudienez. Pedro Gauna, Arraiako jauna, joaten omen zen gazteluzain karguari zegozkion errentak jasotzera. Eta ordurako gaztelua nahikoa hondatua zegoenez, bi gari kutxa berekin eraman omen zituen, haiek ere gazteluaren atarramentu bera izan ez zezaten.

Herritar batek, Joan Ibañez Chavinok, omen zeuzkan gazteluko giltzak (¿bi giltza txiki, makiltxo bati lotuak¿), eta hark, txostena egitera joan zenari, Luiando eskribauari eman omen zizkion, martxoaren 18an, eta Luiandok, berriz, herriko alkateari, Espainiako erregeari leialtasuna zin egin eta gero.

Egin zituzten aurrekontuen arabera, 2.000 dukat kostatuko omen zen gaztelua berritzea, baina, itxura denez ez zen konponketarik egin azkenean. Geroztikako gauza handirik ez dakigu gazteluaz. Landazuri historialariaren arabera, XVIII. mende hasieran Gasteizko Eskisabel familiakoa zegoen gazteluzain. Tomas Rivas Berastegi eta haren oinordekoa ere, Legardako markesa, izan ziren gazteluzain.

Bernedoko agiritegian den akta batek dioenez ¿1878ko abenduaren 25ekoa da akta¿, Bernedoko eta Lantziegoko agintariek bilera egin zuten, Maeztutik errepidea egitekotan zein baldintza jarri jakiteko; eta baldintzen artean honako hau agertzen da: ¿Arkitektuak gazteluko harria erabiliko balu errepideko lanetarako, ez luke deus ordaindu beharrik izango harri horren truke.¿

Bernedoko gaztelua

Aztarnak, haitzaren gainean. Mendebaldetik edo hegoaldetik zulo eta erreten batek inguratzen ditu. (1997)

Egitura eta aztarnak

Gorago aipatu den 1592ko txosten horri esker dakigu nolakoa zen gaztelua, gutxi gorabehera.

Harkaitz baten gainean zegoen, eta harresi almenadun bat zuen inguruan. Harresiaren barruan zegoen dorre nagusia, mendebaldeko muturrean. Dorreak zurezkoa barruko egitura, eta teilazkoa, estalia. Eta beste zenbait eraikin ere aipatzen ditu txostenak: logelak eta zalditegiak, besteak beste.

Bi sarrera omen zituen gazteluak; hegoaldean, sarrera nagusia, lurretik ¿hamar oin eta erdira¿. Atearen parean, bidea aldapan iristen zen lubanarroaren kanpoaldeko ertzera, eta han bermatzen zen zubia jaisten zutenean. Egitura bertsua zuen iparraldeko sarrerak ere. Herrira begira zegoen sarrera hori. Harkaitz batean hasten zen zubia, zurezkoa hura ere. Zubi finkoa zen, dirudienez. Normalean handik sartzen ziren herritik zihoazenak.

Aipatu dugun txostenak dioenez, zureria guztia erorita zegoen ordurako: teilatuak, zubiak, etab. Zureria pila bat baino ez ziren dorre nagusia eta gaztelu barruko esparrua. Urte batzuk lehenago, tximistak bota omen zituen iparraldeko kantoia eta hormatal bat, eta konpondu gabe zeuden.

Gaur egun, dorre nagusiaren hondakinak ikusten dira ondoen. Oraindik ere nabari da trinkoa zela, harlandu sendoz egina. 8 x 7¿5 metro zen luze-zabalean.

Landu gabeko harri handiz egindako hormatal batzuk ikusten dira iparraldetik begiratuta, 1¿60 metroko zabalera dutenak. Dorrea eta harresia elkarri erantsita daude alde horretan. Dorrearen mendebalean ere nabari dira harresi aztarna batzuk, baina beheko aldean bakarrik. Alde horretan, dorrearen azaleko harria kolore desberdinekoa da maila batetik gora. Harresia haraino iristen zen seinale, seguru asko.

Lubanarroaren sakonunea ere igartzen da oraindik, mendebalean eta hegoaldean, batik bat. Gaztelutik herrira tunelak daudela diote batzuek.

Bernedoko gaztelua

Barrutiko iparraldeko harresia, eta atzerago, dorre nagusia. (2000)

Iristeko

Herritik joan nahi izanez gero, gazteluaren ezkerreko aldetik igotzea da hoberena, horrela hegoaldetik sartu ahal izateko. Herritik zuzenean, maldan gora ere igo daiteke, bide faltarik ez dago eta. Dena dela, 1592an ohikoa esaten zioten bide zaharra orain ez da nabari malda horretan.

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk