Itzuli orri osora

Beloaga

FITXA

Udalerria: Oiartzun

Herrialdea: Gipuzkoa

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Arkaleko haitz baten gainean eraikita zegoen, haitzik garaienetako batean (265 metro.), ekialdeko muturretik gertu. Gaztelu honen egitekoa ez dago batere garbi, ez Erdi Aroan ezta lehenago ere. Txingudi badia zelatatzeko talaia zela esan izan dute batzuek. Beste batzuen iritziz, Erdi Aroan eskualdea kontrolatzea izango zuen helburu, eta inguruko igarobideak, besterik ez. Erromatarren garaian Arditurriko meategien eta Txingudiko kaien arteko bidea zaintzeko eraikia izan ote zuten ere frogatzeke dago; gainera, mea Pasaia aldera eramango zuten, beharbada, Oiartzun ibaitik. Dena den, Erdi Aroaren bukaeran erresumen arteko gotorleku bihurtu zen.

Gazteluaren hegoaldetik, Irunera joateko egungo biderik arruntena doa, Oiartzungo Elizalde auzotik datorren bidea. Erromatarrek erabili zuten, eta gero ere komunikazio ardatz nagusi izan da; aro modernoan, Errege Bidea zen, N-1 errepidea Gaintxurizketa aldera eraman zuten arte.

Beloaga

Goiko barrutia, kanpotik begiraturik, mendebaldetik. (1995)

Historia

Gotorleku erromatartzat jo izan da Beloagakoa edo Feloagakoa, Oiasso hiri erromatarraren eta Arditurriko meategien artean. Koldo Mitxelenaren arabera, Beloaga toponimoak berak ere latinezko jatorria izan zezakeen, Bellona hitzetik. Bestalde, Beloaga aldaera onetsi da, gazteluaren lehenengo aipamen idatzian horrela ageri baita, eta gehien erabiltzen dena ere hori da, nahiz eta inguruan dauden baserriek Feloaga izena gorde duten: Feloaga, Feloaga Berri, Feloaga Txiki eta Feloaga Zarra.

Jatorria erromatarren garaian izatea sinesgarria da, eta horren adierazgarri izan daiteke Andrearriaga hilarri erromatarra handik gertu aurkitu izana, Anderregi baserri ondoan. Hilarria K.a. I mendeko azken urteetan datatu dute adituek, Oiasso hiria eta Arditurriko meategiak baino zerbait lehenago. Soldadu erromatar bati eskainia omen da, bazter horietan hil ondoan.

Erdi Aroan, Nafarroako erregeek zeukaten Beloaga gaztelua, harik eta Gaztelako Alfontso VIII.ak 1200ean eskuratu zuen arte, Ximenez Radak idatzitako kronikan adierazten duenez. Oraingoz, hori da gazteluari buruzko lehenengo aipamena. Gaztelua eskuratu zuenean, berebiziko garrantzia zuen Gaztelako erregearentzat, Donostiakoarekin eta Hondarribiakoarekin batera; izan ere, Gaztelako erregea Akitaniako Leonorrekin ezkonduta zegoen, eta honek hainbat eskubide zituen Gaskonian.

1203an, errege gaztelar horrek hiri-gutuna eman zio Hondarribiari, eta zenbaiten aburuz, Beloaga aipatzen da udalerriaren mugarri gisa, Belfa toponimoarekin: ¿Oiartzundik Hondarribiraino, eta Aiako harritik itsasoraino, eta Lesakatik itsasoraino, eta Belfatik itsasoraino eta Irungo barruti guztia, bere biztanleekin.¿ Antzina, Belfa Bera herriarekin lotu zuten, baina, egun, Beloagaz ari zirela uste da, eta han jarri zutela Oiartzunen eta Hondarribiaren arteko muga, Bidasoa eta Oiartzun ibaien arroen ur-mugan.

Nafarroatik gertu zegoen gaztelua, eta Nafarroako eta Gaztelako Erresumen arteko liskarrek eragina izango zuten bertan. Gazteluari dagokion aipamen zehatzik ez badugu ere, aztarna arkeologikoek adierazten dutenez, XIII-XIV. mendeetan erabili zuten. 1366an, Libourneko hitzarmenean zeharkako beste aipamen bat dago, Nafarroako erregeari emandakoari buruz ari denean: ¿Tolosako, Segurako, Arrasateko, Oiartzungo, Hondarribiko, Donostiako, Getariako, Mutrikuko herri eta gazteluak.¿ 1368an, Nafarroako tropak Gipuzkoan sartu ziren, eta agintariak ezarri zituzten; Oiartzungo eskualdean, Huart jaun kapitaina jarri zuten buru.

Bestalde, mugari lotutako liskarrak ez ziren gutxi izan Oiartzungo haranean, eta horren adierazle garbiak dira, batetik, Errenteriaren sorkuntza, 1320. urtean, biztanleak biltzeko asmoz, ¿Nafarroaren eta Gaskoniaren arteko mugan bizi izaten baitziren¿, eta, bestetik, 1328an Irungo eta Oiartzun haraneko olagizonei eskaini zizkieten eskubideak. Agirian zera esaten da: ¿Ingalaterrako erregearen lurren eta Nafarroako Erresumaren arteko mugan dago, eta beste aldetik itsasoa du, eta zenbait eremu basa ere bai; gure jaurerriko jende gaiztoek eta kanpotik etorritakoek bat egiten dute, eta indarkeria ekintza ugari gertatzen dira: lapurretak, gaiztakeriak, kalte eta heriotzak, eta jendea zauritzen dute, laidotzen, azpikeriak egiten dizkiete eta beste hainbat bidegabekeria.¿

Muga arazoek, beharbada, garrantzia emango zioten gazteluari, baina lurraldea antolatzeko zereginean, gazteluek ordurako galdua zuten beren egitekoa, hiriguneek hartu baitzieten lekukoa. Oiartzungo haranak berak ere Donostiako hiri-forua eskuratuko zuen, 1453an. Hala eta guztiz ere, ezin ditugu baztertu gotorlekuak beste egiteko batzuk eskuratu izana, frogatua baita mende horietan gaztelua erabili izan zutela.

Izan ere, Enrike IV.aren eta nobleen arteko gatazketan, Garzia Lopez Aiara mariskala -Gipuzkoako ibar-jaun nagusia zen-, Alfontso erregegaiaren alde jarri zen (11 urte besterik ez zituen haurra), eta Beloaga gaztelua eskuratu zuen; handik aurrera, inguru haietatik igaro behar zuten merkatariei lapurtzeari ekin zion. Eginkizun horretan, Nafarroako eta Gaztelako gaizkileek laguntzen zioten, eta, azkenik, Gipuzkoako Anaidiak hala eskatuta, Enrike IV.ak ahalmena eman zion erakunde horri gaztelua hartu eta suntsitzeko. Horrela adierazten zuen 1466ko aginduan: ¿Nire borondatea da Beloagako gaztelua eskura dezazun; egun Garzia Lopez Aiara mariskalaren esku dago, zeina nire mendeko baita. Gaztelu hori baliatu dute eta baliatu nahi dute ur honetan hainbat gaiztakeria eta kalte egiteko, eta nahi nuke har dezazun eta lurrarekin berdindu dezazun, eta inori ez diezaiozun utz berriz eraikitzen, ez, behintzat, nire baimenik gabe.¿ Ondoren, gaztelua eraitsi omen zuten.

Gaztelua suntsitua, kokalekua, beti estrategikoa, hainbat gerratan erabili zuten, Konbentzio gerran eta Karlistaldietan bereziki. II. Karlistaldian eginiko gotorlekuari Arkale esaten zioten.

XIX. mendearen bukaeran, Pirinioetako muga gotortzeko ¿Lubakiz babestutako Oiartzungo Eremua¿ izeneko egitasmo handizalea onartu zuten. Horren arabera, 7 gotorleku eraiki nahi zituzten Gipuzkoako ekialdeko muturrean, Arkalen bat. Azkenean, diru falta zela eta, hiru besterik ez zituzten egin (Guadalupe, San Marko eta Txoritokieta) eta beste bat hasi (Erlaitz).

1936ko gerra bukatu ondoren, Pirinio guztian babes lerro berri bat eraikitzeari ekin zioten, gehienbat lur azpiko eraikinez osatua. Asmo horretan, gazteluaren hegoaldeko magalean errepide zabal bat egin zuten militarrek, eta bere bazterrean hainbat eraikin geratu dira. Horietako ikusgarriena magal horretan hasi eta mendiaren ipar magalean zabaltzen den tunela da. Bi sarrera ditu, eta egin zituzten galeriek bazterrak eta eskailerak dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko mapetan Fuertia toponimoa jasotzen da; Karlistaldi garaitik dator izendapen hori, Arkaleko fuertea deitzen zutenetik, eta ez, noski Erdi Aroko gaztelutik.

Beloaga

Arkaleko harkaitza eta Gurutze auzoa, hegoaldetik. Eskuinaldeko hiru mailatako haitza zen gazteluaren kokalekua. (1994)

Egitura eta aztarnak

Karlistaldiko aztarnak ageri dira gehienbat. Erdi Aroko gazteluak hiru barruti omen zituen jarraian, mailakatuak, 80 metro omen zen luze, eta Arrizabala izeneko haitzaren gainean zegoen. Gazteluaren muturrak haitzarenak izango ziren. Haitz hori ez da Arkalen daudenetatik garaiena, Belekabita baizik; 272 metro ditu, eta gaztelua zenaren mendebaldean da.

Egun, gazteluaren ekialdeko barrutian -garaiera gutxieneko aldea- ez dago aztarna arkitektonikorik, haitz landuaren arrastoak besterik ez. Harresien aztarnak dituzten bi barrutiak erraz bereiz daitezke euren artean: goikoa edo mendebaldekoa, haitzaren tokirik garaienean, eta behekoa edo erdikoa, ekialdera.

Dena den, aztarnategia ikertu duten arkeologoek Erdi Aroko gaztelua barruti batera mugatzen dute, hiruretatik garaienera alegia. Horien arabera, Karlistaldietan eginiko eraldaketetan hedatu omen zuten gotorlekua beheko esparrura, eta oin angeluzuzeneko barruti zabalago bat sortu omen zuten (20 x 12 metro). Esparru horretan 1983an eta 1984an egin zituzten indusketetan, Erdi Aroko gauzak aurkitu zituzten, baina goiko barrutitik eroriak izango ziren, testuingurutik kanpo baitzeuden. Teoria hori ontzat emanez gero, pentsatzeko da gaztelua oso txikia izango zela: dorretzar bat besterik ez zen izango, eta hori ez da ohikoa garai hartako gazteluen artean (1200. urte ingurukoak).

Goiko barrutia 10 metro zabal da, eta 12¿5 luze. Barruti nagusi edo garaienak dorre itxura hartzen duen arren, hego-mendebaldeko izkinari atxikita beste 2¿5 metroko luzapen bat ageri da, eta mendebaldean, plataforma antzeko esparru bat. Mendebaldeko harresian sarrera bat dago, eta hor murruak bi metroko lodiera hartzen du behealdean. Barruti horretan, murruek bi metro eta erdiko garaiera dute, barrualdetik neurtuta.

Indusketetan Erdi Aroko aztarnak aurkitu zituzten: hezurrak, zeramika puskak, XIII-XIV. mendeen arteko gezi-puntak eta XV. mendeko txanponak. Hainbat gaztelurekin gertatzen den bezala, oraingo honetan ere indusketa lanen txostenak aipatzen du leize bat zegoela gertu, nahiz eta ez zuten ezer nabarmentzekorik aurkitu. Gazteluak xumeagoak zirenean, dorre soilekoak eta egurrezkoak gehienbat, leizeak gela laguntzaile gisa erabiltzen zituztelakoan gaude.

Beloaga

Goiko barrutiaren barrualdea. (1995)

Iristeko

Oiartzungo Gurutze auzoan autoa utzita, Arkale alderako errepidea hartu; haitzen hegoaldeko maldaraino (300 bat metrora) oinez joan daiteke. Handik gora, militarrek eraikitako errepidetxotik igotzen da, bi haitzen arteko mendatera iritsi arte. Atakan pixka bat jaitsi behar da, ezkerretara jo aurretik, gaztelua zegoen haitzera iparraldetik igotzen baita.

Haitz horretara mendebaldetik ere igotzen da; aukera hori utz daiteke gaztelutik jaisteko edo Arkaleko gailurreria osoa zeharkatzeko.

Beloaga

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk