Itzuli orri osora

Ataun

FITXA

Udalerria: Ataun

Herrialdea: Gipuzkoa

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Jentilbaratzako gaztelua izena ere ematen zaio. Arrateta arroilaren gaineko mendi zorrotz eta luze baten gailurrean, Hartxabaleta mendilerroaren hasieran dago Jentilbaratz haitza, 460 metrora itsas mailaren gainetik.

Arratetako igarobide estua zein Aralarko belazeetara doan bidea kontrolpean zituen gazteluak. Handik, Erdi Aroko bide nagusi batera zihoan beheko bidea, Ausa gaztelutik gertu igarotzen den Enirioko galtzadara. Hasieran, abereak eta bazkalekuak zaintzea omen zen gazteluaren zeregin nagusia, baina Aralarko mendilerroaren inguruko gazteluetako bat izaki, geroago Gipuzkoaren eta Nafarroaren artean ezarri zen mugan zegoenez -¿gaizkileen muga¿ deitutakoa-, horri lotutako egitekoak eman zizkioten gazteluari. Mugako gaztelua izan zen XIII. mendetik aurrera, baina gehienbat mugako bi aldeetan bizi ziren abere-lapurren eta bidelapurren aurka borrokatzeko. Behin baino gehiagotan ibili ziren nafar eta gipuzkoar agintariak bileretan, eta askotan elkarrekin aritzen ziren lapurren aurka, Lazkaoko edo Amasako Larrea dorretxearen setioetan bezala.

Ataun

Jentilbaratza haitzaren ikuspegi orokorra, Aralarrerako bidearen, Arrateta arroilaren gainean. Eskuinean, Agauntza ibaiko harana. (1995)

Historia

Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak 1199 eta 1200. urteetan Gipuzkoan eskuratu zituen zenbait gazteluren izenak ezagutarazten dizkigu Ximenez Rada kronikariak. Ez da pentsatu behar zeuden gotorleku guztiak ageri direla, urte batzuk geroago idatzi baitzuen. Aipatutakoen artean, Athavit daukagu, eta Jose Migel Barandiarani zor diogu gotorlekuaren kokalekua zehaztu izana, aurreneko egileek egungo San Gregorio elizaren tokian zegoela uste baitzuten.

Alfontso VIII. horrek 1204an, gaixotu eta hilko zen beldurrez, testamentua idatzi zuen, eta bertan, Nafarroako erregeari kendutako zenbait jabego itzuliko zizkiola agindu zuen, baina ez zuen osorik bete ondoren. Ataungo gaztelua ez zuen aipatu, baina XIII. mendean berriro Nafarroako erregearen menpean zegoen, ziurrenik bigarren hamarkadatik aurrera, Ausa gazteluarekin batera.

Geroztik mugako gaztelua izan zen, eta Iruñeari edo Mendialdeko merinaldeari atxiki zioten, merinaldeak sortu zituztenean. Mugako arazoak laster hasi ziren, eta lapurretak, hilketak, erreketak eta bortizkeriazko ekintzat ugaritu egin ziren. 1261eko maiatzaren 1ean bildu ziren, Eznatean, bi erresumako ordezkariak. Arabar eta gipuzkoarrek, gaztelar gisa, aurkeztu zituzten kexak eta erreklamazioak jaso zituzten eginiko idatzian. Horietako salaketa batean ebatsitako hogeita sei txerri Ataungo gaztelura (¿castieillo d¿Ataur¿) eraman eta han jan zituztela esaten zen. Bereziki Ataun, Ausa eta Gorritiko errege gazteluen erabilera salatzen zuten gipuzkoarrek, lapurretak egiteko abiapuntu eta babeslekutzat jotzen baitzituzten.

Bitxia bada ere, gipuzkoarra zen Ataungo eta Ausako gazteluzaina urte horietan, gutxienez 1259 eta 1266 artean, Sanchez Gipuzkoa (Pero Sanchiz d¿Ipuzcoa). Bi gotorlekuengatik 20 libera eta 100 kaiza jasotzen zituen urteko.

Garai haietan, Nafarroarekin zituzten harremanak Gipuzkoako zenbait leinuren lapurretek mugatzen dituzte (horien artean Oñaz, Lazkao, Ganboa eta Berastegi zeuden gehienbat. Baina alderantziz ere gertatzen zen; nafarrak ere sartzen ziren Araban eta Gipuzkoan lapurretara egitera.

1276an Rodrigo Perez Olalde zen gazteluzaina, eta 1277ko apirilaren 1ean, Lizarran, leialtasun zina egin zion Joana I.ari (erregina: 1274-1305). Azken agiri horretan, Roy Periz d¿Ipuzcoa izenez agertzen da. 1279an gipuzkoarrek gaztelua setiatu zuten, baina beste leku batzuetatik laguntza jaso zuten nafarrek, eta ¿abarkadun aitonen semeekin¿, Pont Monrodaten buruzagitzapean, erasoaldia antolatu zuten. 1280ko kontuetan, lau libera eta hamar soseko ordainketa egin zutela ageri da.

Hurrengo gazteluzaina, 1290tik aurrera, Diago Sanchiz Garriz izan zen, eta 1294tik, Ausako gazteluzaintzan ere ibili zen aldi berean. 1298an, Pedro Rodriguez Olalde ageri zaigu gazteluzain, 1304 arte (Ataungo eta Ausako gazteluetako gazteluzain izan zen hura ere). Bi gazteluetako soldatak berdinak ziren, XIV. mendearen hasieran behintzat: 10 libera eta 50 kaiza, nahiko handia beste errege gaztelu batzuekin alderatuz. 1259tik, gutxienez, hala gertatu zen..

1294an egin zuten ikuskatze bisita baten ondorioz, gaztelua erre egin zela badakigu, eraikina neurri handi batean egurrezkoa zen adierazle. Ondoko konpontze lan handietan 186 libera, 7 sos eta 8 diru ordaindu zituzten.

Pedro Ruiz Olalde gazteluzain omen zelarik eta Johan Lopiz Urroz Mendialdeko ibar-jaun, 1309an, inguruko Oinaztarrek gaztelu bat eraiki nahi izan zuten, Ataungoari aurre egiteko. Ibar-jaunak sei zaldun eta berrehun oinezko hartu eta eragotzi egin zien, Kanpionek jaso zuenez.

Beste setio garrantzitsu bat 1335ean gertatu zen, Martin Perez Lazkaok, Segurakoek eta Gipuzkoako Anaidiak antolatuta, eta uztailean eta abuztuan gaztelua inguratua izan zuten. Nafarroako Erresuman gudaroste buru izateagatik saria jasotzen zutenak eta hainbat bizilagun deitu zituzten laguntzera. Gil Garzia Ianizek, orduko Mendialdeko ibar-jaunak, gordeka jo zuen: Aizkorriko Sandrati inguruan hogeita hamaika laneko abere eta astoren bat bahitu omen zizkien gipuzkoarrei, eta horiekin negoziatuz, setioa altxaraztea lortu zuen.

Karlos II.aren urteetan (1349-1387) Nafarroako erreinuak, buruhausteak gutxitzeko edo, lapurrak ziren Gipuzkoako nobleak mugako zaindari bilakatzeko prozesua hasi zuen. Horretarako, Gipuzkoako zenbait ezkutari menpeko bilakatu zituzten, eta errenta baten truke, mugako zaintza lanak egiteko agindu.

Zenbait gorabehera izan baziren ere, hirurogeiko hamarkadan Nafarroak sakondu egin zuen hasitako bidea, Gipuzkoako egoera politikoa aldatu zen heinean. Horrela, 1366an, Libourneko hitzarmenaren ondorioz, Gaztelako Pedro I.ak Araba, Gipuzkoa eta Errioxako lurraldeak eman zizkion Nafarroako Karlos II.ari, Trastamarako Enrike II.aren kaltetan, eta zenbait gatazkaren ondoren, Nafarroak 1368an eskuratu zituen Logroño, Araba eta Gipuzkoako ekialdea.

Hori zela eta, Nafarroako erregea saiatu zen noble gipuzkoarren leialtasuna lortzen, eta horietako bati eman zion, hain zuzen, Ataungo gazteluzaintza, Joan Sanchez Urkiolari. 1368tik 1371ra egon zen karguan, eta 1369an, gazteluzainaren soldataz gain, 8 libera, 40 kaiza gari, eta 20 florin jaso zituen jarritako gerrariengatik. Zenbait urte geroago, 1376an, leialtasun zinari jarraiki, Albaniaraino joan zen, eta han hil zen. Honen semea, berriz, Gaztelaren eta Nafarroaren arteko guda izan zenean, 1378an, Gaztelaren alde borrokatu zen.

Bestalde, Comptos liburuek garai hartan egin zituzten zenbait konponketa lanen berri jasotzen dute. Idatzi batzuen arabera, dorre eta murruak eraikitzerakoan egurra eta harria batera erabiltzen zituzten, eta askotan, barruko eraikinak egurrezkoak ziren. Dorre nagusiak zurezko estalkia zuen, eta bi aldiz bederen haizeak eraman zuen, 1346an eta 1372an. Dorre nagusiaz gain, beste bi dorre txiki omen zituen gazteluak, eta 1355ean oholez estali zituzten; Pierres Andreo lan-maisuak egin zituen konponketak. Murruei dagokienez, 1350ean berregin zuten Nafarroa aldera ematen zuena, gehienbat harria erabiliz. 1372an, barruko etxeak berriz egin behar izan zituzten, ez baitzegoen bertan bizitzerik, eta orduan egindako zenbait lan gazteluzainak berak ordaindu behar izan zuen bere sakelatik, nahiz eta gero dirua berreskuratu.

1378an, erregearen aginduz, eta Gaztelaren aurkako gerra izan ondoren, Ataungo gaztelua lurrarekin berdindu zuten, balio ez zuelako. Harrezkero, ez daukagu inolako berririk.

Gotorlekuaren kokalekua Jentilbaratza izenarekin iritsi zaigu, eta ez da harritzekoa jentilen gaineko kondairak toki honetan egotea. Bertako tradizioaren arabera, Tartalo izeneko jentil harginak eraiki zuen, eta jentilak bertan lurperatuta daude. Testuek gehien aipatu izan duten kondairak, Barandiaranek jasoa, Jentilbaratzeko jentilek Agerre baserrian eginiko bisitak aipatzen ditu.

Ataun

Mendebaldean, bi egitura ezberdinetako harresiak. (1995)

Egitura eta aztarnak

Iparraldetik hurbilduz, haitzean eraikitako hormen aztarna xumeak ikusten dira, ekialdera begira dagoen amildegiaren gainean.

Dena den, aztarna ikusgarrienak mendebaldean dauden bi horma zati dira. Behean, metro bateko garaiera eta lau metroko luzera duen murru bat dago, terraza edo zabaltzari eta bigarren harresiari tokia atontzeko. Gorago, askoz dotoreago den bigarren harri-horma dago. Azken honek 6¿5 metroko luzera du, metro bat eskaseko lodiera eta 2¿8 metroko garaiera. Ezkerraldean, atea izan zitekeenaren irekidura ikusten da (hori da egungo sarbidea).

Gazteluak izandako barrutiak haitzaren goialde osoa hartzen du, 14 metro da zabal eta 25 luze. Ekialdeko amildegiari begira dagoen ertzean, haitz landua dago, eta hormaren oinarriarena egiten du.

Barrutiaren hegoaldean ur biltegiaren aztarna garbia dago, egun forma irregularrekoa (zuloa 2¿5 x 4 metrokoa da). Baliteke dorre nagusiaren sotoa izatea. Mendebaldeko horma zatiaren ondoan, beste sakonune bat dago, agian beste soto bati zegokiona.

Barandiaranek 1916an egindako ikerketan zenbait arrasto material jaso zituen: zeramika puskak, burdinazko iltzeak, labana punta bat, bi pikan eta kobrezko bi txanpon, XII. mendekoak, haren esanetan. Gazteluaren amildegiaren behealdean, 1928n urrezko eraztun erromatar bat aurkitu zuten; arrano bat dauka grabatua oinarri gainean. Ziurrenik gazteluan erabiliko zuen norbaitek, eta handik eroriko zen.

Azkenik, haitzaren hegoaldeko amildegian, arroila gainean, zazpi bat metro beherago leize bat dago, eta Barandiaranen arabera, leize hori zabaldu egiten da, eta leiho gisako irekidura bat dauka ekialdeko amildegian. Leizeak gazteluarekin lotura dauka, haitzean mailak landu baitzituzten hara jaisteko. Ziurrenik, Erdi Aroko gaztelu askotan bezala, aterpe gisa erabiliko zuten, horrelako aterpeak epelagoak eta euritik babestuagoak izaten baitziren gazteluko eraikinak baino, gutxienez hasierako urteetan, gehiena egurrezkoa zenean.

Ataun

Aztarnaren egitura, Jose Migel Barandiaranen arabera:

L= mendebaldeko murrua;

O= ur biltegia;

A=8 metroko leizea gazteluaren azpian;

A=7 metroko leizea gazteluaren azpian. (Munibe, XXIX. urtea (1977), 3-4 zkia., 206. orr.)

Iristeko

Helbarrena auzoan Arratetara doan GI-4151 errepidea hasten da. Bidegurutzean, ¿Jentilbaratza gaztelua. XII. mendekoa¿ adierazten du. Errepide horretatik 500 bat metro aurrerago, ezkerraldean pista bat dago, arroilako harrobia eskuinean uzten duena. Mendi-bide horretatik igoz, Aitzondoa baserriraino heldu baino apur bat lehenago, eskuinean, bide zaharra ikusten da, autoa uzteko tokiarekin. Handik harrobi aldera abiaturik, sigi-saga txiki bat egin eta gero, maldan gora jo behar da, gaztelu aldera (haitza begi bistan izango da). Igoera pixka bat erosoago egiteko, sigi-saga horien erdian pista utz daiteke eta hesi ondoko bidezidorrari jarraitu igo baino lehen. Orotara, 45 minutu.

Ataun