Itzuli orri osora

Astulez

FITXA

Udalerria: Gaubea

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Harkaitz malkartsu baten gainean dago gaztelua, eta muino koniko baten gainean harkaitza, 660 metrora. Harkaitzetako gazteluen eredu izan daiteke, amildegi handi samarra baitu ia inguru guztian.

Los Castros mendia ikusten da hegoaldera; Burdin Arotik Erdi Arora bitartean jendea bizi izandako lekua da hori, eta han izan zen herrixkaren aztarnategi ere bai, berebat. Estrabonen Geographike Hyphegesis liburuan agertzen den Uxama Barka izan daitekeela ere badio zenbaitek. Dena dela, Astuleztik hurbil igarotzen zen Astorga - Bordele erromatar galtzadaren itsasalderako adarretako bat.

Beste gauza bat ere esan nahi du Astulez aldea jendearen bizileku eta igarobide zela esateak: zaindu beharreko eta kontrolatu beharreko lekua zela. Eta, hain zuzen ere, horretarako egin zituzten lehenago lehenagoko defentsa eraikuntzak, eta bere garaian, gaztelua.

Astulez gaztelua

Herria eta gaztelua. (1997)

Historia

Aurkitutako aztarnek indartzera datoz, bestalde, inguruetako toponimia izenak. Adituek diotenez, izen zeltak dira Karanka, Berguenda eta Karkamo, besteak beste, eta izen latinoa, berriz, Astulez bera; Asturius edo Astures zeritzan gizon batenetik-edo eratorria, nahiz eta Estuliz, Estulez eta Stulez aldaerak ere izan bide zituen, XII. mendeko Valpuestako monasterioko kartularioek diotenez.

Arkeologia zerrendetan herrixka gotortu bat agertzen da, bestalde, Astulezko gaztelutik hegoalderako maldan, eta Burdin Aro I, Burdin Aro II, Erromatarren garaia eta Goiz Erdi Aroa aldietan sailkatu dituzte han aurkitutako aztarnak.

Datu horiek, gazteluaren kokalekua eta musulmanen mugimenduak kontuan izanik, gaztelua Goiz Erdi Aroan eraiki izango zutela uste du zenbaitek, baina ez dago, oraingoz, hori ziur esaterik, 1101ekoak baitira ditugun aipamen zuzenak.

Musulmanen ¿Araba eta Gazteluak¿ eskualde banaketan, Lantaron konderria eta ¿Gazteluak¿ lurraldez bat ziren, gutxi gorabehera, eta horren zatia zen Astulez. Gaur egun Arabako udalerrietariko bat baino ez den arren, Arabako eta Burgosko zenbait eskualde ere Lantarongo konderriaren parte izan ziren garai batean. IX. mendekoak dira Lantaron konderriari buruzko aipamenik zaharrenak. Igarobide ez ezik helburu ere izan zen Lantaron musulmanentzat, konderri horren hegoaldea batez ere. Adituek diotenez, 865. urtean hartu zuten Añanako gotorlekua eta erre egin omen zuten gero, izan ere gatzak garrantzi handia zuen garai haietan, eta gatz asko baitzen Añanan.

Aipatu, idazle gehiagok ere aipatzen du 865eko eraso hori, baina idatzi, Ibn Idari kronikari arabiarrak idatzi zuen gehien; Morkuerako erasoaldia deritza berak: ¿Abd al-Rahmanek berehala jo zuen Al-Mallaharen kontra [Añana, ikerlarien arabera], zeina Rodrigoren esku zeuden barrutietatik handienetako bat baitzen; inguru guztiak suntsitu zituen, eta aztarnak desagerrarazi...¿ Astulez izenik ez da agertzen horra bitartean, ezta aurrerago ere: ¿Bazter batetik bestera joan, eta eraikin bat bera ere ez zuen utzi, ezta gela bat bera ere: denak suntsitu eta erre zituen.¿

X. menderako lurralde horietatik urruntzen hasiak ziren musulmanak, eta haiek urruntzean lehen zuen eragina galduz joan zen Lantarongo konderria. Herrien arteko borrokek ere beste bide batzuetatik jo zuten gero. Inguru horretan, iparraldearen eta hegoaldearen artekoak ohi ziren lehen. Gero, ordea, mendebaldeak ekialdea izan zuen etsaia, eta alderantziz. Izan ere, Gaztela, lehen konderri baino ez zena, erresuma bilakatu zen pixkana-pixkana, eta Nafarroako Erresuma topatu zuen aurrean. Hasieran, lur horiek ziren borroka lekua, baina Nafarroak atzera egin behar izan zuen gero.

1101eko urtarrilaren 20koa da Astulez lehengo aldiz aipatzen duen agiria, Valpuestako monasterioko kartulario batean, eta dohaintza bat datatzeko, hain zuzen. Kartulario horretan Lope Sanchez agertzen da Astulezko jaun edo tenente gisa: ¿(...) Ildefonso Gaztela eta Leongo eta Naiarako errege izanik, Garzia Naiarako konde, Dida Antso Terminoko eta Tedegiako nagusi, Lupo Antso Menako eta Estulizko nagusi¿¿ Eta izen bera agertzen da 1104ko beste dohaintza batean ere: ¿Lope Antso Estulizen eta Menan.¿ Baina, Lopez Sanchezen lekuan Eneko Lopez agertzen da 1121ean Valpuestan eginiko salerosketa batean: ¿Eneko Lopez, Estulizen, Menan eta Tedegian.¿ Urte horretan errege nor zen badio agiriak: ¿Ildefonso izanik errege Gaztelan, Burgosen, Naiaran, Iruñean, Aragoin eta Zaragozan¿. Alfontso I Borrokalaria, alegia, hura izan baitzen 1104tik 1134ra bitartean Aragoiko eta Iruñeko errege. 1223ko dohaintza agiri batean eta 1127ko beste batean ere Eneko Lopez agertzen da hiru leku edo herri horietako jaun.

1135ean, Pancorbo, Cellorigo, Bilibio, Lantaron¿ kendu zizkion Gaztelako Alfontso VII.ak Nafarroako erregeri. Astulez Lantarongo parte zen arren, gazteluaren eta herriaren izenik ez da agertzen handik hara egin zuten kronikan, ezta 1175ean egin zuten errege-ondasunen zerrendan ere; eta bai, Mioma, Uribarri Gaubea, Villanañe eta Barrio; Astuleztik nahikoa gertu diren herriak, bestalde.

Gaztelako Alfontso VIII.aren lehenengo erasoen ondoren, 1177an, berari itzuli beharreko herrien eta gazteluen zerrenda luze bat bidali zion hari Nafarroako Antso VI.a Jakitunak (1150-1194), eta hartan ere ez da Astulez ezertarako agertzen, eta bai, Lantaron eta Berbea.

1211ko urtarrilaren 5eko idatzi batean azaltzen da hurrena, Lope Diaz Haro II.ak, Bizkaiko II. jaunak, ¿Astulezko eta Villalbako jauna¿ tituluarekin izenpetu zuen idatzia. Astulez izenaren lekuko gutxi da agirietan, baina bada oraindik beste bat, 1290ekoa eta herriari dagokiona bera. Gaztelako Antso IV.a Bipilak Lantarongo eskualdeko San Zadornil, Karanka, Astulez (¿Astuliz¿), Lantaron eta Sobron herriak eta Medropion zituen ondasunak atxiki zizkion Añanari.

¿Astulez eta gaztelua¿ dio, berriz, Diego Gomez Sarmientok 1384ko uztailaren 15ean Garzia Fernandez Sarmiento bere seme zaharrenari eginiko testamentuan. Gaztelako Leonor zen horren emaztea eta Enrike II.a Trastamarakoa emaztearen osaba. Arabako gazteluez hitz egiterakoan askotan aipatzen da errege hori, haren dohaintzek beren eragina izan baitute gazteluen historian. Ziurrenik ere errege horrengandik eskuratuko zituen Sarmiento familiak Astulezko gaztelua eta herria.

Argi ikusten da Diego Gomez Sarmientoren testamentuko izenetan non eta nolako ondasunak zituen. Sarmiento familiak kontrolatu izan zituen gatz industria (Buradongo eta Añanako gesaltzak) eta inguruko komunikabideak. Musulmanak joatean erdi bazterturik geratu zena berriz ere merkataritzako igarobide bihurtu zen, gero.

XVI. mendeko agiri batek adierazten duenez, artean gazteluan bizi zen jabeak jarritako gazteluzaina, Montoia deituriko bat.

Gazteluak jabetza pribatuko izan zen azkenean bazterturik geratu zen arte; eta halatsu herria bera ere, 1830a aldera arte behintzat. Horri esker iraun dute, neurri batean, sakabanatu gabe. 1802ko Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegiak dioenez, orduan Hijarko dukearena zen herria.

Astulez gaztelua

Haitza eta gaztelua, ekialdetik begiraturik. (1997)

Egitura eta aztarnak

Astulezko gazteluaren oinplanoak ere itsasontzi baten antza du, harkaitz gainetako beste hainbat gaztelurenak bezalaxe. Mendebaleko muturrean luke branka, zorrotza; baina ez txopa litzatekeena, Astulezkoak, behintzat. Ekialdetik mendebalera luzatzen da gaztelua, haitzaren gain osoa hartzen duela. Ekialdeko muturretik 10 metrora du dorre nagusia, eta iparraldera ere ematen duela, aldi berean, alde horretako harresi atalaren jarraipena baita.

Guztira, 50 bat metro luze zen gaztelua, baina gaur egun puska bat galdua edo eroria du mendebaleko muturrean. Zabalerarik handiena, berriz, dorre nagusiaren ondoan du: 12¿5 metro.

Mendebaleko muturretik hurbil du sarrera, baina ez, alde horretara begira, hegoaldera begira, baizik. Sarrerako ate-zuloak 2¿14 metroko garaiera eta 1¿50 metroko zabalera ditu gaur; nahikoa handia da zaldiak edo mandoak sartzeko. Sarrerak arku beheratu bat du goian, eta tolestua, han bertan okertzen baita harresia. Harresia 1¿40 metro lodi da alde horretan.

Iparraldeko gune batzuetan, harkaitzak berak betetzen du harresiaren egitekoa. Beste batzuetan, lan egin behar izaten zuten harkaitza, gazteluari esparru zabalagoa emateko. Oraindik ere nabari daitezke zenbait harri ilara mendebaleko muturraren eta dorre nagusiaren artean. Eta zorua bera ere landurik edo aldaturik dago leku batzuetan.

Dorreak harlanduz eginak ditu hormak; metro beteko lodiera, edo gehiago, dute horiek oinaldean. Ia karratua du oinplanoa: 8¿20 metro ditu ekialdeko hormak eta 7¿40 metro, hegoaldekoak. Zernahi ere, hondatu samarra du hego-mendebaleko izkina.

Bi leiho-zulo ditu dorrearen mendebaleko hormak, lau aldeetan harria dutenak, biak. Leiho-zuloak, bai bigarren solairuan dagoena eta bai hegoaldean dagoena, berdintsuak dira. Leiho bat, beste zulorik ez du hegoaldeko horman. Leiho txiki bat eta ate bat ditu ekialdeko horman; bigarren solairuan du atea, puntu erdiko da eta dobelaz egina. Atearen azpian, bi zulo daude horman; eskaileraren bat edo egurrezko beste egituraren bat izan, eta handik hara geratutako zuloak dirudite. Teilaturik ez du gaur egun, eta teilatutik eta hormetatik eroritako hondakinez beteta dago barrua.

Bazen ur biltegi bat ere (2¿70 x 2 metro) gazteluaren barruko eremuan, ekialdeko muturrean, hain zuzen; harkaitza zulatuz eta gazteluaren hegoaldeko eta ekialdeko harresiak aprobetxatuz taiutua. Eskailera bat ere nabari da oraindik iparraldeko horman.

Gazteluaren ekialdeko muturra ez da zorrotza; alde horretan 1¿20 metroko zabalera du harresiak, eta hark ixten du gaztelua.

Astulez gaztelua

Gazteluaren barrualdea, mendebaldetik ekialdera begiraturik. (2003)

Iristeko

Autoz gorago ere jarrai daitekeen arren, merezi du autoa herriko aparkaleku moduko batean utzi, eta errekatik gertu gora jarraitzea. Herria igaro behar da eta 10 bat minutu ibili ondoren langa bat dago. Han eskuineko bidea hartu behar da. 20 bat minutura-edo gazteluaren aztarnak bistaratzen dira berriro. Handik aurrera, basoan gaztelu aldera doan edozein bidezidor har daiteke. Hegoan du sarrera.