Itzuli orri osora

Arteagako Gaztelua

FITXA

Udalerria: Gautegiz Arteaga

Herrialdea: Bizkaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Gautegiz Arteaga herria, Zelaieta auzoa, zehatzago esateko, Ereñozar mendiaren magalean kokatzen da, mendiaren mendebaldean. Gaztelua dagoen lautadatik harantzago, mendebaldera, Gernikako itsasadarreko padura hasten da. Herria dagoen alderdian, kokalekuaren gainontzeko alderdietan, pendizak eta malda txikiak daude, eta ura ia gazteluraino iristen zen itsasgoran. Ez dago jakiterik gaztelua zergatik dagoen hor kokatua: itsasadarreko beste defentsa bat izan zitekeen, itsasadarreko kontrola eta zergak biltzeko tokia, edo lehorreko bidearen (Gernika eta Bizkaia iparraldeko herrien arteko bidea: Ereño, Ibarrangelu, Ea...) zaintza gunea. Berant Erdi Aroko dorretxe gehienen kokapena interes ekonomikoei lotuta zegoen eta Arteagakoa ere ez zen salbuespena izango.

Inguruko etekin ekonomikoekin zukeen loturaz gainera, Arteaga Bizkaiko leinu nagusi baten sortetxea eta egoitza zen. Familia hori ondasun eta eskubide askoren jabea izateaz gain, Butroe-Muxikarekin eta Abendañorekin Bizkaiko lau leinu garrantzitsuenetako bat zen. Dorretxeak erasoei aurre egiteko gauza izan behar zuen eta horregatik zegoen gotortua. Dirudienez, dorretxea XV. mendearen bukaeran edo XVI. mendearen hasieran bihurtu zen gaztelu.

Arteagako gaztelua

Gaztelua, eta Urdaibaiko padura eta zelaiak, Ereñozar menditik (ekialdetik). (2002)

Historia

Tradizioak dioenez, Gautegiz etxea 798an eraiki omen zuen Garzia Noreñak nahiz eta egun arrastorik ez egon. Fortun Gartxiak ondoan Arteagako etxe gotortua eraiki zuen, 914an. Arteaga leinuak bereganatuko zuen Gautegiz etxea ere. Gautegiz, Arteagaren erroa, jatorriz asturiarra omen zen. Leinuaren arbasoak asturiarrak izateak, orduko nobleen gustuen arabera, leinuari kategoria ematen zion.

Baina XIII. mendetik goiti, genealogiek bilakaera berdintsua marrazten diote Arteagari eta Gautegizi. XIII. mende bukaeran eta XIV.aren hasieran Martin Ruiz Gautegiz izan zen Arteagako inguruen jabea. Honen alaba bat Pedro Ortiz Abendaño Urkizuko jauna eta Aramaioko jaurgoa eskuratuko zuenarekin ezkondu zen. Eta Fortun Garzia Abendaño eta Joan Perez Abendaño izan ziren ezkontza horrek eman zituen fruituak. Orduan, aitaren jabegoak (Urkizu, Aramaio, Muxika eta Arteaga, besteak beste) semeen artean banatu ziren. Hirugarren semeari, Fortun Garziari, egokitu zitzaion Arteaga, eta bertako lehenengo jauna izan zen. Iturrizaren arabera, hark eraikiarazi zuen bertako dorrea 1358an. Handik lasterrera hil zen Legution, Gaztela eta Leongo Pedro I.aren aginduz. Bere semea, Martin Ruiz I.a, 1383an agertu zen Gautegizko Andre Mariaren elizaren onuradun bezala. Beraz, Gautegiz leinutik zetorrena elizateko leinurik garrantzitsuenetako bat ere bihurtu zen. Arteaga deitura 1353an azaldu zen lehen aldiz Bermeon eta beste agiri batzuetan.

Arteagako leinu nagusiaren ondasunak eta eskubideak Bermeotik Lekeitioraino iritsiko ziren, eta ahaideen bitartez baita haratago ere. Aranzibia dorreak, esate baterako, berenak ziren. Gehienak itsasgizonak eta gerrariak izan ziren.

Lehenago aipatutako Martin Ruiz I.a Martin Garzia Areilzaren alabarekin ezkondu zen eta Bermeoko prebostad-a jaso zuen ezkontza sari gisa. Titulu horrek gizaldiz gizaldi iraun zuen leinuan. Beren semea, Fortun Garzia II.a, Gonzalo Gomez Butronen eta Maria Alonso Muxikaren alabarekin ezkondu zen. Ezkontza hori Oinaztarren eta Otxoarren arteko bake itun baten ondoren etorriko zen ziurrenik, eta beste hiru hamarkadaz leinuen arteko liskarrak baretu ziren.

Ezkontza hark eman zuen semea, Martin Ruiz II.a, berriz, Sancha Abendañorekin ezkondu zen. Leinuen arteko liskarrak berpiztu zirenean, Arteaga familiak berriro ere Otxoarren aldera egin zuen. Lotura hark hiru hamarkada iraun zuen. 1445ean, Butroe-Muxika leinuaren aurkako bi borroka zuzenetan, galtzaileak atera ziren Arteagakoak. Besteak beste, Arrasateko erreketako ekintzan parte hartu zuten Arteagatarrek, 1448an.

Erreketako hura izan zen bandoen arteko enfrentamendurik larriena, eta haren ondoren, hainbat leinuburu erbesteratu zituzten eta Gaztelako erregearen agintea eta Bizkaiko Anaidia sendotu ziren. 1450ean, hainbat ekintzetan, Bizkaiko Anaidiak eta Justiziak hartu eta erre egin zituzten Arteaga leinuaren dorretxe batzuk, sortetxea barne.

1466an, Gernikako Errenteriako ekintzan, Fortun Garzia III.a, hurrengo Arteagako jauna izango zena, Butroe-Muxika leinuaren atzaparretan erori zen. Elorrion jasotako jipoiaren ondoren, 1468an, Oinaztarrek mendekua hartu zuten eta Arteaga, Arratzua, Belendiz eta beste zenbait dorretxe suntsitu zituzten. Arteagatarrak eta gainontzeko Otxoarrak Busturiatik Arratiara eta Gipuzkoa aldera alde egin beharrean izan ziren.

1471n, Fortun Garzia III.a hiru urte lehenago utzi behar izan zuen eskualdera itzuli zen. Behintzat Gernikako batzarretan agertzen hasi zen. Hala berak berreraikiarazi omen zuen dorretxea, eta ostera Arteaga gaztelu bilakatu zen. Dorrearen inguruan harresia eta lubanarroa egin zituzten, eta inguruko harresi horretan almenak eta dorreak jarri zituzten lau izkinetan. Zubi altxagarri bat ere eraiki zuten. 1476. urtea zen. Fortun Garzia III. 1496an hil zen, eta aita hil eta lasterrera hil zen semea ere, Martin Ruiz III.a. Honen alargunak, Isabel Otxoak, berriz ezkontzerakoan hamaika arazo izan zituen semeen tutoretza zela eta. Baina ez luzarorako, laster alargundu baitzen berriro.

1504an leinuaren ondasunen inbentarioa egin zen, eta besteak beste lonbardiar erako kanoi bat agertu zen Arteaga gazteluan.

1515eko martxoaren 1eko itun batean, Joan Arteaga Otxoak, Isabel Otxoa bere amarekin batera, Arteagako gotorlekua berreraikitzeko ardura hartu zuen. Ordura arte eginiko lanengatik, Fortun Garzia Arteaga osabari 52.500 marabedi ordaindu behar zizkion, eta beste 50.000 marabedi ordainduko zizkien urtero harginei eta arotzei.

1622ko testamentuan, Pedro Leivak, Leonor Arteaga Otxoaren senarrak, gotorlekua artilleriaz ondo horniturik uzten zuela aitortzen zuen. Baina gerora, jabeak etxetik urrundu zirenez gero, dorre nagusia behera etorri zen eta gazteluan nekazaritzarako eraikuntzak egin zituzten.

1856an, Bizkaiko Batzar Nagusiek Frantziako enperadore Napoleon III.aren eta Eugenia Montijoren seme jaioberria jatorrizko bizkaitarra izendatu zuten. Jatorri hori amarengandik zetorkion, Arteaga leinukoa baitzen bera. Horren ordainez, enperadoreek Batzar Nagusien bi mandatari hartu zituzten Miarritzen. Lekerika eta Calle jaunak joan ziren Miarritzera, espainiar diplomaziak ezarritako oztopoak gainditu ondoren. Izendapen hau zela eta, enperadoreek dorretxea zaharberritzea ebatzi zuten. Helburu horrekin, 1856ko abenduan Couvrechef enperadoreen arkitektua etorri zen Arteagara. Honek, zirriborroan planoak egin ondoren, 1857ko maiatzean ekin zion gaztelua berritzeri.

Dirudienez, Couvrechef arkitektuaren asmoa jatorrizko dorretxearen oina eta proportzioak mantentzea zen. Bide batez materialak ere aprobetxatu nahi zituen. Baina arkitektua lanak hasi eta handik gutxira hil zen Arteagan bertan, eta orduan enperadoreen beste arkitektu batek, Ancelet-ek, Couvrechefen proiektua aldatu zuen.

Lanek hiru urte iraun zuten eta azkeneko emaitzak ez zuen jatorrizko eraikinaren antz handirik. Izatekotan ere, XIX. mendeko gazteluen itxura zuen, eredu neogotikoa erabili baitzuten. Frantziar arkitektuak gazteluaren zatirik sendoenak baliatu zituen zaharberritzeko. Horren lekuko dira orain ikusgai dauden zenbait horma eta dorre. Horietan argi ikus daiteke Erdi Aroko eta XIX. mendeko lanen arteko aldea.

Frantziako enperadoreak ez ziren gaztelu ikustera etorri, nahiz eta 1861eko uztailean bisita egingo ziotela hitza eman. 1873an karlistek gaztelua koartel gisa erabili zuten Velasco jeneralaren gudarientzat.

Egun Monumentu Historiko izendatua dago.

Arteagako gaztelua

Barrutiko iparraldea eta egungo sarrera. (2000)

Egitura eta aztarnak

XIX. mendeko lanen aurretik, mende horretako hainbat grabatu iritsi zaizkigu. Egitura orokorra Euskal Herrian gazteluek ohikoa zutena da: dorre nagusi bat eta bere inguruan harresia 1.200 metro koadroko orubea osatuz. Harresiaren lau izkinetan, berriz, dorre biribil bana. 2000. urteko azterketek inguruko harresien eta dorreen oinarriak eta beheko parteak Erdi Arokoak direla baieztatu dute.

Lubanarroa hormei eta dorreei lotua dago, eta lubakiak ere hormak eta dorreek inguru osoan eratzen dituzten lerro zuzen eta zirkuluak segitzen ditu. Guztia 36 metro luze da, eta hormak 1¿90 metro lodi. Hego-ekialdeko eta hego-mendebaldeko dorre zilindrikoak iparraldeko bizkiak baino sendoagoak dira, eta 10,6 eta 6,8 metroko diametroa dute hurrenez hurren. Iparraldetik gertu ezponda bat dago, eta nahikoa zen hori alde horretatik gaztelua babesteko.

Izkinetako dorreak eta hormak kanoi-zuloz josita daude, baina bizpahiru soilik dira Erdi Arokoak. Bestalde, hego eta mendebaldeko hormetan daude hainbat irekidurak, lurretik hurbilen daudenek hain zuzen, nahiz kanoi-zulo itxura izan gazteluaren barruan zegokeen edozer kanpora husteko balioko zuten.

Sarrera ekialdeko paretan dago. Ez ordea erdian, erditik urrats pare bat hego-ekialdeko dorrerantz baizik. Horrela, izkinako dorre horretatik zainduko zituzten atea eta lubanarroaren gaineko zubia, eta ez zuten beste eraikin berezi baten beharrik ataria babesteko. Sarrera atetik gertu, XV. mendeko kanoi-zulo bat ikusten da. Dobeladun sarreraren gainean, XIX. mendean itsatsitako Arteagatarren armarria dago. Eta beste armarri handi bat ere ikus daiteke dorre nagusiaren hegoaldeko fatxadan.

Dorre nagusia, XIX. mendean, goitik beheraino eraldatu zuten. Orain, lau solairu eta sotoa ditu berekin, eta 24 metroko garaiera du. Erdi Aroko dorretxearen oinarriaren gainean berreraiki zuten, eta oin angeluzuzena du, 17 x 12 metrokoa. Behealdekoak murru-pendizak dira eta lau fatxadetan, goitik behera, bi arku itxi daude. Izkin batean eskailerak dituen zortzi aldeko dorre estu bat dago, eta bere kukula gazteluko zatirik garaiena izanki talaia bezala erabili izan da.

Materialari dagokionez, Ereño izeneko marmola erabili zuten.

Inguruko zati bat, Newman enperadoreen lorazainaren eskutik, lorategi gisa atondu zuten zaharberritzerakoan. Ordukoa da gazteluaren barrutian dagoen palmondoa. Zalditegiak ere kanpoan egin zituzten, gotorlekutik ehun bat metrora, Gazteluzar izeneko eraikinean.

Egun, gaztelua ostatu bihurtzeko bidean da, inguruko 37.000 metro koadroko lur saila ere berekin duela.

Arteagako gaztelua

nguruko harresiaren xehetasuna, hegoaldean. Atzerago, baselizako aterpea. (2002)

Iristeko

Gernikatik edo Bizkaia iparraldetik datorren BI-2238 errepidetik Arteaga herrira joan behar da. Gaztelua, kale-errepidetik begira jarri, eta mendebaldean ikusten da. Gaztelubide kalean sartu eta 200 bat metrora gaztelua eta bere eranskinak oso-osorik agertzen dira.

Arteagako gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk