Itzuli orri osora

Antso abarka

FITXA

Udalerria: Bardea

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

El Fraile, Fraile Alto edo Cabezo del Fraile deritzaten mendiaren gainean daude gazteluaren hondakinak. 526 metroko garaiera du mendiak, eta gaina laua, baina aldapa edo malkarra, gero, alde guztietara. Ipar-mendebaldetik hego-ekialdera hedatzen da gaina, eta gainaren parte bat bakarrik hartzen zuen gazteluak. Lubaki bat da, bestalde, ipar-mendebaldean; lubakitik hara ez da gazteluaren aztarnarik. Mendiaren ezaugarri bilakatu da, gainera, lubaki hori. Errege abelbidea eta Nafarroaren eta Zaragozaren arteko muga ditu ekialdean. Abelbide hori da Ebro aldetik edo hegoaldetik, Valdenovillasko sakanari jarraituz, Bardeara sartzeko bide nagusia.

Errege abelbidea eta Bardeako sarrera zaintzea zen gazteluaren egitekoetako bat; gerra garaietan muga zaintzea, bestea, agiriek diotenez; eta erregeak Bardean zituen ondasunak zaintzea eta kudeatzea, hirugarrena, Antso Abarkako gazteluzaina arduratzen baitzen garaian garaiko erregeak han zituen belardiez, egurraren eta ikatzaren salmentaz edo abeltzainei zerga kobratzeaz.

Antso abarka

Gazteluaren kokalekua, goitik ikusirik. (2002)

Historia

Aztarnei dagokienez, Antso Abarka gazteluarenak ez ezik historiaurrekoak ere badira El Fraile mendian, eta oraintsu arte II. Burdin Arokoen zerrendan sarturik eduki dute garai horri dagokion aztarnategia. Baina, hasieran uste izan zuten baino antzinagokoa da nonbait, Brontze Aroaren bukaerakotzat baitaukate orain. Antso Abarkaren aztarnak ere agirietan agertzen den Penyarredonda edo delako gazteluarenak zirela uste izan zuten XIX. mendeaz gero, baina gaur egun onarturik dago Moncayo mendiaren magalean den Cabeza Redonda-n zela Penyarredonda edo zelakoa.

Tausten, berriz, Antso Abarka gaztelua eta Antso Abarka santutegia mendi berean zirela uste zuten. Nahikoa hurbil dira elkarrengandik, baina Nafarroako partean, bata, eta Zaragozako partean, bestea. Antso Abarka santutegia dagoen mendian ez da, gainera, XVI. mendea baino lehenagoko aztarnarik, ezta gaztelu-aztarnarik ere.

Aragoiren eta Nafarroaren arteko mugak aspaldidanik dira, bestalde, gaur egun dauden lekuan, eta El Fraile mendia Nafarroako partean izan da beti. Gazteluak eta santutegiak izen bera izatearen kontua agerpen batek eragin zuen. XVI. mendean Ama Birjinaren irudi bat azaldu omen zen El Fraile mendiko leize batean, eta bai Fustiñanakoek eta bai Taustekoek berentzat nahi omen zuten irudia. Eztabaida gehiago luza ez zedin, ardi bati lepoa moztu, eta odola zein aldetara isuri, alde hartakoentzat izango zela erabaki omen zuten azkenean. Odolak Aragoi aldera egin zuenez, Taustekoek eraman zuten irudia, eta santutegia eraiki omen zuten gero. Kontaera horri esker jakin zuten historialariek Antso Abarka El Fraile mendian zela, eta ez bere uste zuten lekuan.

1230 inguruan Aragoiko Fernando infanteak Antso VII.a Azkarrari (1194-1234, erregea) idatzi zion gutun batek dioenez Antso Azkarrak eraiki Antso Abarka eta Bardeako beste hainbat gaztelu: ¿...Bardean eraikiarazi zenuena: Agilar, hau da, Antso Abarkaren gaztelua, Fozeko gaztelua, Estakako gaztelua, jakinik¿¿

Hori horrela balitz, duen xarma galduko luke Antso Abarka gazteluaren historiak, Antso Abarkak berak (970-994) eraiki zuela idatzi baitzuten, besteak beste, Garibai, Vianako Printzea eta Moret historialariek, eta hark eraikiak direla beste hainbat eta hainbat gaztelu ere. Zein urtetan eraiki zuen ere esaten du horietako batek: 985ean.

Historialari horiek diotenaren arabera, gaztelua musulmanek hartu izango zuten gero, Alfontso I.a Borrokalariak kendu zien-eta eskualde hori betiko, 1110 inguruan, Zaragoza eta Tutera hartzera zihoala. Dena dela, gauza bitxia da X. mendeko errege baten izenak toponimo gisa hainbeste denbora irautea. Gainera, beti berdintsu idatzita azaltzen da agirietan, ¿Sanchauarqua¿ edo ¿Sanchoauarca.¿ Badirudi idatzi izan zutenek zer esan nahi zuen bazekitela. Dena dela, bada Antso Abarka gazteluari dagokionez beste zalantza bat ere, Aragoiko infanteak aipatzen zuen Antso Abarka gaztelua Agilarko gainean zena ez ote zen.

1219an herri bat sortu nahi izan zuen Antso VII.a Azkarrak, mendiaren beheko aldean, Ebro aldera. Jendea hara bizitzera eraginez mugak gotortzea zen bere asmoa, baina zuen asmoa gauzatu ahal izan.

1259an Martin Gil Falces zen Antso Abarkako gazteluzain, Comptos atalaren lehengo erregistroan agertzen denez. Garzia Oriz, berriz, 1266an, eta lan batzuk egin zituzten urte horretan. Dorre nagusia konpontzen aritu ziren, gero ate berria jartzeko, izan ere, beste urteetan baino diru gehixeago eskuratu zuen 1266an, mesnada edo arma-gizon talde bat mantentzearen truke. 1276an Iñigo Rada zegoen gazteluzain, baina ez zen urte osoan egon, gero Pedro Jimenez Radak hartu baitzuen kargua, eta, 1277ko agiri batek dioenez, urte bereko urtarrilean eta Iruñean egin zion Joana I.a erreginari (1274-1305) leialtasun zina, Ebanjelioen eta gurutzearen aurrean. Lope Alvarez Rada 1290ean gazteluzain zenak 24 liberako soldata jaso zuen Erriberako ibar-jaunagandik, eta beste 6 libera, gerra zela-eta 6 arma-gizon gehiago kontratatu behar izan zituelako.

Javier Martinez Agirrek dioenez -agiriak lekuko-, 1328tik 1425ra bitartean 16 bider aritu omen ziren Antso Abarka gazteluan konponketak egiten. Gazteluak garrantzi handia zuela esan nahi du horrek. 1360an (iraila/azaroa) eta 1361ean (martxoa/apirila) Zalema Alpulient izeneko musulman batek zuzendu omen zituen berrikuntzak, bera baitzen erregearen obra-maisu garai horretan.

1341ean, Aragoiko mugan arazoak zirela-eta Erriberako ibar-jauna bera joan zen, 10 zaldizkorekin eta 60 oinezkorekin, Peñaflor eta Antso Abarka gazteluetara, artzainak eta haziendak babestera. 60 oinezkoetatik 20 musulmanak omen ziren. Artean Ebro inguruan zenbat musulman zen adierazten du horrek.

1360an ez zen Aragoiren eta Nafarroaren artean gerrarik, baina gazteluan bizi zen batek, edo gehiagok, aragoarrei entregatu nahi izan zien Antso Abarka, eta Luis infanteak Erriberako ibar-jauna bidali zuen auzia ikertzera. Normalean 8 arma-gizon egon ohi ziren, eta Erriberako ibar-jaunak 12 gehiago eraman zituen, gau eta egun zelatan egon ahal zitezen. Ez dakigu azpijokoa argitu zuen edo ez, baina bai, Mauleongo Ojer, urte hartan zegoen gazteluzain-ordea kendu, eta hurrengo urtean Martin Paulet jarri zutela gazteluzain.

1378an 10 arma-gizon zeuden, gazteluzainaz gainera.

XIV. mendearen erdialdean, 40 abere baino gehiago eman behar izaten zizkioten abeltzainek gazteluzainari. Agirietan agertzen denez, egurraren eta ikatzaren salmentatik ere hartzen zuten, bere komisioa, eta horrekin osatzen omen zuten urteko soldata. Pedro Martinez Cajal-ek, 1425ean gazteluzain zenak, egurraren salmentatik hartu behar izan zuen soldata arruntaren zati bat. Baina lanak edo ardurak ere halakoak zituen Antso Abarkako gazteluzainak: gazteluzain ez ezik, erregeak Bardean zituen ondasunen kudeatzaile ere bazen; eta Bardeako parte handi bateko guarda, bestalde. Eta presoak zaintzea ere tokatu zitzaion bakarren bati; 1367an gazteluzain zegoenari, esate baterako, bi preso frantziar egon baitziren gazteluan.

Gazteluaren eta lurraldearen arteko harreman onen lekuko dira 1332tik 1348ra bitarteko urteak, zeren, Antso Abarka gazteluzainik gabe geratu zenez, basozainek hartu behar izan zuten gazteluaren ardura, eta ez baitzuten ordainetan ezer eskatu edo kobratu.

Gaztelu bat maiz konpontzea garrantzi handiko gaztelua zen seinale zela esan dugu gorago, baina ez dugu higadura konturik aipatu, eta higadura handia da Bardean. 1383an, esate baterako, harresiaren hormatal bat osoa berritu behar izan zuten, erdi deseginik zegoelako: 23 beserdi luzera, 14 beserdi gora eta 8 arra bete lodiera, 11¿6, 7 eta 1¿7 metro, hurrenez hurren; eta gainontzeko hormatalen oinarriak gotortu zituzten, bide batez. Mendiaren beheko aldean ziren urmaelak garbitzen ere jardun zuten urte berean, lurrez beterik zeudenez Ebro ibairaino joaten baitziren ur bila, 6 bat kilometrora alegia.

Zarrakasteluko Pedro zegoen 1494an gazteluzain, eta ez dugu oraingoagorik aurkitu agirietan.

1515eko agiri batek dioenez, ordurako gazteluzainik gabe zeuden Bardeako gazteluak, eta husturik edo biztanlerik gabe, Bardea: ¿Gaztelu hauek daude: Antso Abarka, Agilar, Peñarredonda, Estaka, Peñaflor eta Mirapeix, baina egun gazteluzainik gabe daude, eta Bardea biztanlerik eta zaindaririk gabe; ¿¿ Antso Abarka ere 1512an suntsitutako gazteluen artean dakar Zuritak, baina 1516an suntsitu zuten, dirudienez, bigarren suntsiketa aldian alegia.

Antso Abarkako gazteluzaina zen zaldun baten eta mairu baten alabaren arteko maitasunaren kondaira iritsi zaigu. Becquer espainiar idazle erromantikoak ere badu antzeko bat, baina Fitero ondoko Tudejen-go gazteluan kokatu zuen hark. Dena dela, Tudejen-go ondoan ere bada Sanchoabarca izeneko aztarnategi bat. Baina bitxia bada ere, oinarri historikoa izan dezake kondaira horietako batek. Hona nola laburtu zuen Florencio Idoatek Lizarran 1365ean datatutako agiri batek zioena: ¿Antso Abarka gaztelutik Fatima izeneko mairu bat, Diago Lopiz Aiararen jabegokoa, lapurtu omen dute eta Alfaroko biztanleei saldu omen diete, Pere Alvariz Rada Erriberako ibar-jaunari agintzen diot informazioa bil dezala horren inguruan.¿

Antso abarka

Ur biltegi edo soto baten aztarnak. Atzerago, Erronkaritarren Abelbidearen beste aldean, Agilar mendia eta Zaragozako Sancho Abarka santutegia. (1998)

Egitura eta aztarnak

Gazteluan egin izan zituzten konponketa-lanei eta Martinenaren aipamenei esker dakigu Antso Abarkak zuen egiturari buruz dakigun guztia edo gehiena.

Gorago esan bezala, gainaren ekialdean zen gaztelua. Gainaren ertzari jarraitzen ziola zuen harresiaren parte batek. 1383an konpondu edo berreraiki zuten aldean 7 metroko garaiera eta 1¿7 metroko zabalera zituen harresiak. Sarrera nagusiaren gainean harrizko karelak eta almenak egin zituzten 1362an.

Dorre bat baino gehiago ziren gazteluan, eta bat besteak baino altuagoa zen, dirudienez, ¿dorre garaiena¿ baitio agiri batek horietako bat adierazteko. Dorre horretatik edo dorre nagusitik hurbil zen ur biltegia. Berritu ondoren estalia jarri zioten 1309an, eta hesiz inguratu zuten 1360an.

1328tik 1425era bitartean, ehun urtetan baino gutxiagotan, 16 konponketa-aldi izan zirela esan dugu lehen; hona orain, non eta zein urtetan aritu ziren, denak eta bakoitza zehaztu gabe, noski: komuneko horman, 1362an; ardandegiaren estalkian, 1333an, 1360an eta 1425ean; kaperan, 1304an eta 1333an; labean, 1425ean; sukaldean tximini berria egiten, 1360an; eta jauregi esaten zioten eraikuntza batean, 1280an eta 1314an, eta zalditegietan, etab. Ardandegiaren eta elizaren estalkiak zabaltzen aritu ziren, agiriek diotenez.

Barbakana esaten zioten eraikuntza bat ere bada agirietan. Hitza ondo erabilia badago, gazteluko esparrutik kanpora omen zegoen eraikin bat, arma-gizonak egoteko-edo, etsaiari sarrera galaraz ziezaioten.

Ekialde osoa hartzen zuen gazteluak. 100 metro luze eta 30 metro zabal zen, baina aipatu diren eraikuntza horietatik guztietatik horma bat bera ere ez dago gaur egun, horma dela esateko moduan; harriak, sakabanaturik edo ilaretan, hori da geratu den guztia; lubakiaren aldean, ilara batzuk, dorre angeluzuzen baten aztarnak-edo; ur biltegiaren oinplanoa eratzen zuten harri lerroak, harago; beste dorre angeluzuzen baten horma-ondo bat, ekialdeko ertzean, harlanduz egina; eta harresiarenak izandako harri batzuk, malda hasten deneko ertzean.

Tontorreko aztarnen artean putzu bat omen zen lehen, behera metro askotako galeria zuena; bere garaian larrialdietarako irteera/sarrera izandako zuloa, beharbada. Baina, 1970a aldera itxi egin behar izan zuten, jendea barrura sartzen baitzen, ipuineko neska musulmanaren bila-edo.

Burdin Aroko eta Erdi Aroko zeramikak ez ezik, Aragoiko Fernando Katolikoaren txanpon bat ere aurkitu zuten ikerketan aritu zirenek.

Antso abarka

Iparraldeko harresi baten aztarnak, amildegira erortzen ari den inguruko harresiaren lekuko. (1998)

Iristeko

Errege Bardea Parke Naturaleko parte da El Fraile mendia ere, 1999an parkea sortu zenez geroztik, eta ezin da autoz edo motorrez nahi den lekuetan ibili. Autoa hurbildu nahi izanez gero, Tuteratik Tausterako N-126 errepidea hartu behar da beraz. Errepide horren 22 kilometroan da hegoaldetik Bardeara sartzeko bide nagusia. Bea izeneko bordaraino joan daiteke bide edo pista horri jarraituz; El Fraile mendiaren hego-ekialdean da borda hori. Hegoaldeko malda zeharka hartuz mendebalderantz joan behar da, lubanarroaren bila.

Antso abarka

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk