Volver a la página índice

Amaiur

FITXA

Udalerria: Baztan

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramica 1

Haundia

Txikia

Panoramica 2

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Amaiurko herriaren ondoan den muino batean dira gazteluaren aztarnak. Baztango bailaran azkeneko herria da, eta Urdazubirako, Ainhoarako, Ezpeletarako eta Zugarramurdirako bidean dago. Gaztelua oso leku egokian zegoen, beraz, igarobide horretako joan-etorriak kontrolatzeko eta zaintzeko, bidea herritik bertatik pasatzen baitzen lehen, eta hori zen Iruñetik Baionarako bide nagusia. Amaiurko gazteluaren kasuan, joan-etorriak kontrolatzea eta zaintzea, alde hartatik pasatzen ziren bidaiariak eta merkantziak babestea zen, batez ere.

Gazteluaren edo gaztelukoen esku zegoen, bestalde, bideko edo garraioko zergak kobratzea.

Amaiur

Mendia eta ingurukoak, ipar-ekialdeko menditik begiraturik. XVI. mendetik aurrera, alde honetatik eginiko erasoei aurre egitea ezinezkoa zela esaten zuten txostenek. (2000)

Historia

Historian zehar modu askotara agertu izan da herriaren eta gazteluaren izena: Maya, Amaia, Mayer, Ameyer, Amayer, Amayur¿

Ez dakigu noiz eraiki zuten gaztelua, baina 1095ekoa da herriaren lehenengo aipamena, eta Amaiurko eliza aipatzeko egina. Dena dela, 1191rako eraikita zegoen gaztelua, gazteluzaina bazen-eta urte horretan, hain zuzen ere, beste zenbait lekukoren artean Garzia Oriz, Amaiurko gazteluzaina (tenente edo jauna, garai hartan), agertzen baita lekuko gisa urte horretako apirilean sinatu zen agiri batean, baita Antso VI.a Jakitunaren (1150-1194) eta Antso VII.a Azkarraren (1194-1234) garaiko beste hainbatetan ere; 1197a artekoetan, behintzat.

1201ean beste bat zen gazteluzain; ¿Almorauit, tenente Mayam¿ agertzen da paperetan, eta ¿Johanne Pedriz, Amaya¿, 1208ko abuztukoetan eta urriaren 4koan; Pedrizen partez Periz, berriz, azarokoetan. 1219an baztandar bat zegoen gazteluzain: Oharrizko Petro Semeneç; eta Eneko Oriz, 1222an, baztandarra eta Oharrizkoa hori ere.

1274an Gartzia Almorabit Nafarreriako gerran entzute handiko egingo zena zen gazteluzain. 1276ko otsailaren 23an Lope Martinez Uriz zaldunak hartu zuen gazteluaren ardura; Eustakio Beaumarchais gobernadoreak eta Gartzia Almorabitek eman zioten kargua, eta Joana I.a erreginari (1274-1305) leialtasun zina egin zion gero. Idatzian madama Iohana agertzen da behin eta berriz; Iruñeko Nafarrerria auzoaren suntsiketa gertatu baino lehenago, noski.

1309tik 1311ra Arnalt Irunberri jauregiko jauna izan zen gazteluzain, eta bitarte horretan inguruko gaizkile famatu baten lagun bat harrapatu zuten, Elordiko Antso, eta hil egin zuten gero.

Gorago esan bezala, bideak eta merkantziak zaintzeaz aparte beste ardura bat ere bazuen Amaiurko gazteluak edo gazteluzainak; XIII. mendetik aurrera, batez ere: haren gain zegoen Iruñetik Baionarako bidean igarotzen ziren merkantzien zerga kobratzea ere. Agiri batean agertzen denez kontu luzeak aurkeztu behar izan zituen Guichardon edo Guichardinek 1280an: bildutako zergenak, salmentenak, erregearen ondasunen kudeaketarenak, gastuenak etab. Bost hilabete t¿erdiz 18 gizon bidea zaintzen edukitzeko egin zuena, agertzen dira gastuen artean.

Baina, bere alde onak ere bazituen lan horrek; zergetan bildutako diruaren parte bat gazteluko gastuetan erabiltzeko eskubidea ematen zien, adibidez. Ardoarekin izaten zituzten diru-sarrerarik handienak; zerga berezia zuen ardoak, saca izenekoa, eta Amaiurtik pasatzen baitzen Baionara zihoan guztia. 30.000 litro inguru pasa omen ziren 1371n, eta 13 libera 2 sos eta 6 diru bildu omen zuten guztira; %40a, gaztelurako.

Normala da Amaiurko gazteluak iparraldeko eskualdeekin eta gazteluekin beste askok baino harreman estuagoak izatea, eta agiri askotan nabari da hala zituela. 1364an, Donibane Garaziko, Rokabruna-ko, Rokafort-eko, Amaiurko eta Mondarraingo gazteluetara ofizialeak bidaltzeko agindu zion Karlos II.ak (1349-1387) diruzainari, agian konponketaren batzuen beharrean izango zirela-eta. Donibane Garaziko arotz bat izendatu zuen, bestalde, 1387an, egindako konponketak ikusi, eta ordaintzeko onespena eman zezan: ¿Zeina barneratuko baita mendiz bestaldeko gure lurretako lanetan.¿ Aldi batez Arizkungo Urtsua etxeko semeak izan ziren Amaiurren edo Donibane Garazin gazteluzain, eta beste batez iparraldeko semeak, Amaiurren.

1378ko eta 1389ko txostenek diotenez, urte horietan nahiko egoera txarrean zegoen gazteluko dorre nagusia, barruko egur-egitura eta estalkia eroriak baitziren.

1414an Guillem Arnaut Santa Maria zen Amaiurko gazteluzain, baina beste bi kargu ere bazituen, Donibane Garaziko gazteluzain eta Baztango baile baitzen, aldi berean. Urte hartako konponketa lanak berak egin beharrekoak zirela-eta, ordaintzeko 4 libera eta 20 kaiza gari kendu omen zizkioten soldatatik.

XV. mendearen hasieran egiteko gutxi zuen Amaiurko gazteluak ere, eta beharbada aduanagatik ez zuten mende horretako gerra zibilak hasi arte utzi.

1453an 8 gerrari zeuden Amaiurren, gerra zibila hasia zen eta. 1459a aldean gaztelua inguratu zuten Peraltako Pedrok eta Agramondarrek, eta haren jabe egin ziren. Beaumondarrek inguratu zuten gero, baina Baztango eta Bidasoa aldeko Agramondarrak (Azpilkueta, Altzate, Bertitz, Zubizar¿) iritsi zirenean alde egin behar izan zuten, Ozkorrotz gaztelutik bezala. Peraltako Pedrok Amaiurko jauna tituluaz izenpetu zituen handik aurrerako agiriak. Geroztiko gazteluzain gutxi da paperetan: Azpilkuetako Martin, 1460an, eta ¿Urtsuako jauna¿, 1494an; beaumondarra, azkeneko hori.

1512an borrokatu beharrik gabe hartu zuten gaztelarrek, uztailaren bukaeran edo abuztuaren hasieran eman egin baitzien orduan gazteluzain zegoenak. Urte berean izan zen Nafarroa berreskuratzeko lehenengo saioa, eta Amaiurko arduradun berriak ere erraz amore eman zuen nonbait, Nafarroako eta Biarnoko gerrarien setioa hasi bezain laster -azaroaren 1ean- gaztelua entregatzeko prest baitzen hura. Iruñea hartzera joan ziren gero, baina, hainbat egunez inguratuta eduki ondoren, utzi egin behar izan zuten, eta abenduan igaro ziren Amaiurtik, atzerako bidean. Amaiur nafarren esku geratu zen halere, baina, gaztelarren eraso batzuei gogor eutsi ondoren, Villalba koronel ospetsuarenari amore eman behar izan zioten gero, 1513ko apirilean.

Gaztelu estrategikoa zelako-edo, Fernando erregeak Anton Alguacil kapitaina, nafarra ez zen bat jarri zuen arduradun 1513ko ekainaren 12an, eta 100.000 marabediko soldata agindu zion urteko. Konkista ondoko urteetan gutxienez hiru bider konpondu eta gotortu zuten Amaiurko gaztelua: 1513an, 1517an eta 1521ean.

1516ko martxoan izan zen Nafarroa berreskuratzeko bigarren saioa; saio laburra, ordea. Izabatik eta Amaiurtik sartu ziren, baina laster geratu behar izan zuten, gaztelarrek Erronkariko haranean bertan mende hartu baitzuen Nafarroako mariskalaren guda-taldea.

1520ko uztailean Urdazubiko monasterioa hartzea erabaki zuten gaztelarrek, ez baitziren hango abadearen leialtasunaz fio. Martin Ursua zuten buru erasotzaileek, baina Amaiurko gazteluzainak eta gerrariek ere lagundu zioten monasterioa hartzen.

1521eko maiatzaren 16an hasi zen Nafarroa berreskuratzeko hirugarren saioa, eta gatazka gogorrik ere izan hirugarren horretan. Noain galdu ondoren, Amaiur hartu zuen Bonivet Almirante frantziarrak. Anton Alguacil zegoen orduan gazteluzain, eta gaztelua gotortzen ari ziren. Noaingo gatazkatik urtebetera, eta beaumondarrek hamar hilabetez inguraturik eduki ondoren berreskuratu zuten gaztelarrek Amaiurko gaztelua, 1522ko uztailearen 19an, hain zuzen. Gaztelarrek 1513az gero eginiko lanei eta jarritako kanoiei esker eutsi zieten hainbeste denboran.

Hona, handik 400 urte eta gehiagora, eta Euskal Herriko beste muturretik eskainitako bertso batzuk. Lauaxetarenak dira, eta Amayur Gaztelu Baltza dute izenburu:

Amayur gaztelu baltz ori -berreun gudari oso sumin- zaintzen zaituben zaldun onak. Naparra-aldez egin dabe zin.

Izkillu gorriz zenbat gaste bildur bako menditar lerden. Eta orreik Yatsu jaun orreik, jabier-eko zaldun guren.

Ikurrin bat ¿kate ta lili- torre goitijan zabal dago. Bera salduko daun semerik mendi onetan ezta jayo.

Amayurgo ate-zain orrek zidar-turutaz oyu egik. Baztan ibarran zenbat etsai arrotz gabe ez dago mendirik!

Esiturik Amayur dauko Mirandako konde espaiñarrak orreik bai burnizko janzkijak ta urrezko ezpata sagarrak!

Bererekin dator, bai berekin, Lerin-go esto orren semia. Txakur txarrak jango al abe erri-bako zaldun dongia.

Goiko aldetik asten dira, asten dira subaga-otsez. Horma-kontretan zenbat zurgu, eta gezi zorrotzak airez!

Baña torrean zabal dabil ikurrin bat, -kate ta lili- nork zapaldu este dagikez berreun gudari orok zoli.

Amayurko gaztelu baltza -iausi yatzuz torre goitijak- Baña arrotza etzadi geldu napar-seme dira gustijak.

Arresi gorri zubi ausi, -zein gitxi diran zaldun oiek- Erijo samurño zakije aberri-min baitabiltz eureik.

Mirandako konde gaizto orrek jo egixuz zidar-turutak ikurrin bat ¿kate ta lili-, eztau laztanduko axeak.

Berreun gudari oso sumin gaztelu-pian dagoz illik. Ordutik ona ¿zenbat laño- Naparruan ezta aberririk.

Gaztelua hartuta hiru egunera izendatu zuen Erregeordeak gazteluzain berria; gaztelarren betikoa, hobeto esan. Anton Alguacil-i eman baitzion kargua. Eta setioan egindako hondaketak konpontzeari ekin zioten berehala. Ez zuten ordea denbora luzean nekatu beharrik izan, handik bi astera behin betiko leherrarazi zuten-eta Joan Rena elizgizonaren aginduetara zeuden lau zulatzailek.

Muinoaren gaina erabat aldaturik dago, eta 1521ean hasi zen aldaketa prozesua. Nafarroa Erresuma berreskuratzeko hirugarren saioari aurre egiteko, gaztelua ingurua gotortzen hasi ziren korrika eta presaka. Iraileko bi astetan 29.600 marabedi gastatu zituzten lubakiak egiten eta beste hainbat lanetan ¿¿, bi erreten irekitzen, bata ur biltegiaren aldean eta bestea gazteluaren ate aurrean...¿ Emakumezkoek ere aritu ziren lan horietan, eta ordaindurik.

1582an, errege ondasunen zaintzaileari 250 dukat eskaini zizkion herriak, eliza eta abadetxe berria egiteko gazteluko harriak erabiltze aldera. Orubea bera ere egon zen salgai gero, baina ez zuen inork erosi nahi izan, baina 1617an Amaiurko bizilagun batzuk epaitu zituzten, gazteluko harria erabiltzeko haren parte bat desegiteagatik eta errege lurrak luberritzeagatik.

1636an Texeira ingeniariak gotorleku bat egitea proposatu zion Espainiako Felipe IV.a erregeari, mendia txikia eta defenditzeko erraza zenez, gastu handirik gabe egin zitekeela eta. Eraiki, eraiki zuten, eta 1637ko plano bat ere bada Simancasko agiritegian: Baztan, plano nagusian eta Amaiurko herria eta gotorlekua, beheko izkinan. 1640an Baltasar Rada zegoen, bestalde, arduradun. Baina bizitza laburra izan zuen gotorleku eginkizunean, berea baino mendi handiagoa ondoan zuela defendi ezina baitzen garai hartan zeuden kanoiekin. Arazo hori seinalaturik zegoen 1522ko eta geroagoko beste hainbat txostenetan, baina¿.

1786an Santa Katalinaren jaieran eginiko baseliza bat ere izan zen gero. Konbentzioko gerraren garaian (1793-1794) korrika eta presaka egindako beste gotorleku bat ere bai, Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegiak dioenez: ¿Herriak antzinako gaztelua du, bere gazteluburuarekin.¿

Hara doanak oroitarria ikusten du lehenengo, eta gazteluaren sinbolo egokia da, 1922an eraikia da, gazteluaren defendatzaileen oroimenez, baina 1931n desegin, eta 1982an berriz eraiki baitzuten.

Amaiur

Goialdea eta ekialdeko harresiaren luzapenaren oinarriak. (2000)

Egitura eta aztarnak

Amaiurko gaztelua bisitatzeko erakusle ona litzateke Vespasiano Gonzaga, baina XVI. mendean bizi izan zen, eta Amaiurren gaztelurik ez dago gaur egun. Hona, hala ere, zer idatzi zuen 1571n:

¿Amaiurko herrian gaztelu bat ikusi dut, barruan tontor batekin (ibarraren erdian geratzen da), ziurrenik, defentsa lanetarako egina. Dorre on bat baino handixeagoa zen gaztelua, eta, nire ustez, egokia izan zen suntsitzea, batetik, ez baitzen gauza handia (...), eta bestetik, etsaiak bertaraino irits baitzitezkeen inork ikusi gabe; ez zeukan zabaldirik, eta barruan ez zuen egiteko lekurik.¿

Zertarako egin zuten eta zer ez zegoen oso egoki adierazi zuen Gonzagak, eta zer zegoen ere bai, neurri batean, dorre on bat baino gehiago zela behintzat. Harresia ere bazuen, harresiko sarreraren ondoan gerrarientzat beste eraikin bat egin zutela agertzen baita 1390eko dokumentu batean; gerrariek aterpe bat izan zezaten, alegia, bizitzeko zegoen leku estali bakarra dorrea nagusia baitzen. Dorre handia zen, hiru solairukoa, eta goiko esparruaren erdian zen. Esparru horretan bazen estalkia zuen beste eraikuntza bat ere 1378an, baina ez bizitzeko egina, gela bat, ardandegia eta ur biltegia babesteko egina baizik.

Harresiak bost dorre txiki zituen, estali gabeak, eta harresiaren gainean aldamio moduko egurrezko egitura batzuk, tarteka, 1389an behintzat. Hegoaldean eta ekialdean beste harresi bat zuen gainera, txikiagoa, etsaiari bidea galarazteko. Bertako edo inguruko harria erabili zuten gaztelua egiteko, harri gorrixka bat.

Oroitarria konpontzerakoan harresi nagusiaren eta txikiaren artean eremuaren hego-ekialdera zen soto angeluzuzen bat itxi omen zuten.

Oroitarriaren eta gainaren inguruan zabaldi moduko bat nabari da gaur egun. Ekialdeko maldan harkaitza du gainak, eta harresi aztarna xume batzuk ikus daitezke han. Iparraldeko eta mendebaldeko maldetan ere bada agian, sasiak azpian hartutako aztarnaren bat. Ekialdean ere badira, harkaitz artean, harresiaren beste aztarna batzuk, sasiak eta hurritzak estalirik, eta mendiaren itxura ondo begiratuz gero nonahi nabari dira zelaiguneak eta sakonuneak.

Ona zer dioen oroitarriaren alde batean:

¿Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka egin zuten gizonai. Betiko argia. 1522.¿

Amaiur

Goialdeko oroitarria, kasko baten gainean, 1521eko defendatzaileei eskainia. (2002)

Iristeko

Herria igaro, eta Pilarko Andre Mariaren baselizaraino joan daiteke autoz; bost minutu inguru behar du gero, goraino igotzeko.

Amaiur