Itzuli orri osora

Aitzita

FITXA

Udalerria: Irurtzun

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Irurtzungo bi haitzetatik (Haitzbitarte, Bihaizpe, Bihaizpea edo Bi Ahizpe) mendebaldekoan zen Aitzita gaztelua, Aralar mendilerroko harkaitzean alegia. Irurtzundik begiratuta mendebaldeko haitzean ¿V¿ handi baten ezkerreko tontorrean zegoen eta handik ezkerrera luzatzen zen, haitzaren pitzadura bateraino. Izugarrizko amildegiak dira gaztelua zen lekutik iparraldera eta hegoaldera.

Gain horretatik Sakana eta hango igarobidearen parte handi bat ikusten dira hegoaldera eta ekialdera. Bistan dira Oskiako harrartea eta, Gaztelu izeneko mendian, Orarregi gazteluaren aztarnak Gaztelu izeneko mendian eta Iruñerako lehengo eta egungo bideak daude. Atzerago, Nafarroako hiriburuko auzoak ere ikusten dira. Beste aldean, iparralde eta ekialdean, Larraun ibaia eta Larraun eta Imotz haranak daude. Larraun ibaiaren ondoan, autobia eta bere tunelak egungo itsasorako bidea eginez. Iparralde guztian, basoak eta zelaiak nagusitzen dira. Ezkerretan, Larrazpil mendia (1.008 m), Aralar mendien hasiera gazteluaren haitzarekin batera. Bihaizpeko ekialdeko haitzaren atzealdean, Erga mendia (1.094 m) dago.

Gaztelua aspaldiko eta egungo bidegurutze nagusi baten gainean eta haran eta arroen arteko pasabideen lokarritik gertu zegoenez, bere egitekoak hauexek izan zitezkeen: talaia, bide kontrola eta komunikazio puntua.

Horretaz gain, gaztelutik gertu pasa den Etxeberri herritik datorren bidea zainduko zuen. Bide horrek Larrazpil mendiko hego malda zeharkatzen du Aralar aldera joateko eta garrantzitsua zen bere garaian. Beste adar bat Goldaratz aldera zihoan.

Nafarroako Erresumaren hasierako urteetan inguruko beste gazteluen egiteko bertsuak zituen. XIV. mendearen bukaeran bazterrera utzi zuten, zerbitzu handirik ere ez zuela-eta, baina XV. mendeko gerra zibilen garaian gazteluaren beharra sumatu zuten berriro; ingurua kontrolatzeko erabili zuten batik bat.

Aitzita

Mendebaldeko haitzaren ikuspegi orokorra. Ezkerreko punta da gazteluaren kokalekua. (1999)

Historia

Agiri zaharretan era askotara agertzen da gazteluaren izena: Axita, Aixita, Axieta, Ayceta, Aiceta, Aycita, Aicita¿ Eta oraindik ere hiru aldaera behintzat aurki daitezke liburuetan: Axita, Aizita eta Aitzita (Ez dakigu jatorria Haitzeta den edo Haizeta den). Gaztelua non zen zehaztea bera ere zaila izan zen. Agita izeneko herri baztertu bat 1421eko agiri batean, eta XVIII. mendeko batean, berriz, Bihaizpe adierazteko erabili zuten Agita. Axiteko errota esaten omen zioten, bestalde, Larraun ibaiaren ondoan zen bati. Zernahi dela ere, Irurtzun, Latasa eta Etxeberri aipatzen dira 1344an egin ziren konponketa lan batean eraikinaren aldeak adierazteko.

1210.ko uztailean egina da Aitzitari buruzko aipamenik zaharrena, eta Ayçyta aldaeraz idatzita agertzen da dokumentuan. Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) orduan hartutako beste hainbat ere badira aipatu den agirian, baina hau da Aitzitaz dioena, alegia, ez dutela Irurtzun, Izurdiaga, Etxeberri, Arreicega, Satrustegi, Aizkorbe eta Irañetako biztanleek Aitzita gaztelura lan egitera zer joanik¿ 1.000 sosen truke. Eta agiri horretan oinarriturik, Aitzitako gaztelua urte horretan eraikia izango dela ondorioztatu dute batzuek, Araba eta Gipuzkoa galdu ondoren erregeak muga alde hori indartu nahi izatea normala dela-eta. Edo, berria egin ez, baizik lehendik zegoena garai hartako beharretara egokitu, eta gaztelu bihurtuko zuen, beharbada. Eta beharbada, gazteluak babesa ematen zien herriak agertzen dira hor, estualdietan Aitzitara babes bila joateko eskubidea zutenak alegia.

1259an Martin Gartzeiz Eusak zuen Aitzitako eta Irulegiko gazteluen ardura, eta 6 libera eta 35 kaiza gari zen Aitzitako gazteluzainaren urteko soldata. Gartzeiz Eusak Irrulegin jarraitzen zuen 1266an ere; Aitzitan, berriz, Sakanako Semen Gartzeiz d¿Arbiçu izeneko bat zen gazteluzain. 1276an eta hurrengo urteetan Artzibarko leinuko Fortun Iñiguez Uriz izan zen gazteluzain, 1290 urtera arte beharbada. Garañoko eta Mondarraingo (Lapurdi) gazteluak ere bere kargu zeuden garai horretan. 1280an harresiak eta harresi barruko esparruan ziren etxeen teilatuak edo estaliak konpontzen aritu ziren Aitzitan, eta 37 sos ordaindu behar izan zituzten konponketak.

XIII., XIV. eta XV. mendeetan Aitzitan gazteluzain izan zirenen izen gehienak garai horietako agirietan dira, Nafarroan gorde baitira soldaten ordainketen oharrak. Izenek adierazten dutenez, gaztelutik nahikoa urrutikoak ziren lehen urteetakoak: Uritz, Garruze, Urrotz eta Araitz leinuetakoak hain zuzen. Latasa, Arbizu eta Eraso (Etxeberri) leinuetakoak, gero. Bide batez, gaztelua garrantzia galtzen ari zela esan nahi du leinu aldaketa horrek.

Baina, gazteluaren garrantzia zenbaterainokoa zen gazteluzainaren soldatak adierazten zuen argien, eta Aitzitakoek, XIV. mendearen erdialdetik aurrera behintzat, gero eta eskasagoa izan zuten. Adan Etunain gazteluzainarena 8 libera eta 40 kaiza gari zen XIII. mendearen bukaeran eta 6 libera eta 30 kaiza gari, XIV. mendearen hasieran. 1355ean, berriz, 20 sos eta 10 kaiza gari. Inguruetako apalena, Orarregiko gazteluzainarekin. Migel Dominguez Arbizu zen orduan gazteluzain, baina horrelako soldatarekin ez zuen gazteluan bizitzeko obligaziorik izango, tarteka joatea nahikoa izango zuen seguru asko. Egin izan zituzten konponketen berri jakin nahi izanez gero, Nafarroako Agiritegi Orokorrean agertzen dira urtez urte: 1280, 1300, 1334, 1338, 1342 eta 1344. Konponketa asko direla dirudi, baina ez dira hainbeste beste gaztelu batzuetan egin zituztenekin konparatuta.

1344an izan ziren beraz azkeneko konponketak; eta handik urte gutxira egitekorik gabe geratu zen, eta gazteluzainik gabe. 1364tik aurrerako agirietan, gazteluzainaren ordez gazteluko giltza zuena edo guarda agertzen da. Aurrerago ¿ordaina jaso gabea¿ agertzen da, 1400.go Mendialdeko kontuetan. Guarda beharrik ez zela ikusten da, 1405ean, ¿eraitsi egin dute¿ dio-eta urte horretako agiri batek; eta gauza bera, 1410eko beste batek ere.

Baina ez zen han bukatu Aitzitako gazteluaren historia, zeren, berriturik edo berritik eginik, 1460tik aurrerako nafarren arteko gerretan ere erabili baitzuten, eta borrokek erdi-erdian harrapatu zuten gainera.

1461ean Joan Eraso zen gazteluzain, eta 1462an, Joan II.ak (1425-1479) Goldarazko errentak eman zizkion leinukoen laguntzaz beaumondarrei gaztelua eta eskualdea hartu izanagatik. Gero ere Joan Erasok jarraitu zuen gazteluzain. Hori ez letorke bat 1474an erregeak esan omen zuenarekin, Luis Beaumontekoa kondestableak suntsitu zuela aitortu omen zuen-eta. Baina, ziurrenik ere 1471 inguruan gertatu izango zen hori. Ez da Aitzitako gazteluaren geroztiko berririk, edo bai, hobeto esan; harritzeko bada ere, 1512ko gerraren ondoren suntsitu zituztenen artean sartzen du Zurita aragoar kronikariak.

Azkeneko gatazka horietakoren batean leku egin beharko litzaioke seguru asko Salkindariaren istorioari. Iturraldek XIX. mendean bildutako istorio bat da, Aitzita aldean entzuna, eta geroago moldaturik argitaratua. Gazteluko arduradunak, Salkindariak alegia, gaztelarren esku utzi omen zuen gaztelua, baina inguruko jendea konturatu, Salkindariak zer egin zuen, eta beren lurrak defenditzera irten omen ziren. Lortu zuten nonbait arerioak bidaltzea, baina gatazka gogorra izaki, eta gaztelua suntsiturik geratu omen zen; saltzaile traidorea ere hilik, ordea. Ahalegindu ziren fraideak haren gorputz hila lurperatzen, baina alferrik, lurrak ere ez omen zuen hartu nahi-eta. Beraz, errekara bota omen zuten azkenean. Baina errekak ere bazterrera botatzen zuen. Geroztik, ilunaz gero oihuka eta ate joka ibiltzen omen da Salkindari negu garaian ekaitza denean.

Arturo Kanpionek ere aipatzen du gaztelua, baina Gaztelugatx izenpean ezkutaturik. Jimeno Oharrizkoaren esku, Garzia Almorabid eleberri historikoan, 1889an argitaratua.

Aitzita

Haitzaren goialdea: harri ilara eta tontor xapala. Atzerago, ekialdeko haitza eta Erga mendia. (1999)

Egitura eta aztarnak

Oso aztarna gutxi geratu da eta zaila da gazteluak nolako egitura zuen zehatz jakitea. Konponketak zirela-eta egindako agirietatik eta lurrean geratu diren horma hondakinetatik dakigu gazteluaren egituraz dakigun apurra: harresien barruan etxe batzuk zirela, teilatuak edo estalkiak konpontzen aritu baitziren 1280an eta 1334an; harresiak 1344an egindako garita bat zuela gainean, ingurua kontrolatzeko, eta gutxi gehiago, agirietatik behinik behin.

Gauza gehiago ere aurki daiteke zorua pixka bat arakatuz gero. Gazteluaren kokalekua 10-11 metro zabaleko lubaki edo lubanarro moduko batez bereizten da mendebaldean, gainontzeko gailurreriatik. Lubakia bera ikusten edo igartzen da mendian, Irurtzungo inguruetatik begiraturik. Lubakiaren beste aldean harresi aztarna batzuk daude, hegoaldera. Kanpoko harresiaren aztarnak dira horiek. Gauza gutxi geratzen da eta arreta pixka batekin ibili behar da ikusteko. Harresi horrek ixten zion hegoaldetik zihoanari bidea.

Beste horma aztarna batzuk ere badira gorago. Goiko esparruaren inguruko hormaren aztarnak izango dira, seguru asko, eta hegoaldekoak baino apur bat ikusgarriagoak dira horiek. Aurrerago, eta tontorraren gorenera gabe, garai bateko hormatalen baten oinarriak nabari dira. Eta apur bat gorago, 12 metro luzeko hormatal bat, tarteka 4 harri ilarataraino dituena. Bada 3¿5 metro luze eta 0¿70 metro garai den beste horma bat ere, gune batean bihurgunea egiten duena. Goiko esparruko hiru hormatal horiek ez zuten harresi lerro bana osatzen, ez horretarako baita lekurik, eta ez zuen merezi ere hiru lerro egitea. Horietako bat edo bi behintzat gazteluaren esparruko beste eraikinen baten aztarnak dira.

Hegoaldeko maldan badira, bestalde, harri ilara batzuk eta harkaitza berdindurik dagoen uneak ere. Gaina ere berdindua du alde horretan, gaztelua egin zutenek berdinduak, noski. Iparraldean ere geratu da harri ilararen bat. Goiko aldean ez dago gainerakoa ezer aipagarririk, ez ur biltegirik, ez dorre nagusirik¿ Dena dela, lurrez estalia dago leku batzuetan eta ez litzateke aztertzea lan ikaragarria izango. 24 metro luze eta gehienez 8 metro zabal da gaina.

Gain-gainean ez da horma aztarnarik, ekialdean behintzat, eta ez dago, oraingoz, gaztelua noraino iristen zen jakiterik. Ekialdeko muturretik mendebaldeko ebaketaraino 75 metro dituzte gainak eta maldak, eta hori da gazteluaren gutxieneko luzera.

Gailurrean eta hegoaldeko maldan teila eta zeramika puskak daude.

Aztarna horiek guztiak Aitzita gazteluarenak dira, horretan ez da zalantzarik, baina bada kontu bat oraindik argitzeke dagoena: zertatik datorkion Larrazpil mendiaren hegoaldeko maldan den Gazteluzar lekuari izen hori? Izena lekuz aldatu ote zen bada?

Aitzita

Bi murruen aztarnak, hegoaldeko magalean, goialdetik gertu. (1999)

Iristeko

Etxeberriko hilerriraino joan daiteke autoz, handik gora ez da errepiderik. Gaztelua zen harkaitza ikustean, harako bidezidorra hartu behar da. Galtzada zahar bat da. ¿Goldarazko bidea¿ esaten diote alde hartan. 20-25 minutu baino gehiago ez da behar, baina gazteluaren inguruetan harkaitzen eta amildegien artean ibili beharra dago.

Aitzita

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk