Itzuli orri osora

Ahatsa

FITXA

Udalerria: Ahatsa-Altzieta-Bazkazane

Herrialdea: Nafarroa Behera

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Jaurretxeko gaztelua izena ere ematen zaio. Mendi koskor baten gainean dago gaztelua, 298 metrora, Ahatsako elizaren eta udaletxearen atzean. Ahatsa da herriko auzo nagusia. Gain lau horretatik goitik behera ikusten zituen herria eta inguruko lurrak.

D-18 errepidea igarotzen da hegoaldetik. Donazaharretik Iratirako eta Zuberoako hegoaldera zen betiko bidea ordezkatu du horrek. Mendiz 3 kilometro baino ez da, bestalde, gaztelutik erromatarren garaiko Donazaharreko aztarnetara eta Astorga-Bordele galtzadara ere.

Gaztelu hau ez zen errege gazteluen sailekoa eta pribatua izan da beti, Ahatsako jaunena. Jaurgo pribatutako beste gazteluen egiteko berberak zituen: jaunen egoitza eta haien ondasunen administrazio zentro izan, leinuari ospea eta itzala mantendu, bere horma lodien eta dorrearen babesean. Baina ez zuten bizileku nagusi gisa denbora luzean erabili, beste egoitza sendoago batzuk ere bazituzten-eta beren handinahietarako.

Ahatsa

Beheko barrutia, eta atzerago, goikoa, dorretzarrarekin. (1999)

Historia

Ahatsako jaunen sortetxea eta gaztelua zen, Garazi lurralde historikoaren erdian zegoen, baina ez zen eskualde horretan bakarra; bazituen beste zenbait jaurgo eta gaztelu inguruan: Harrietakoa, Irunberrikoa, Larreakoa, Lakarrako, leinu ezagunen sortetxeak, horiek ere. Era askotara idatzi izan zen Ahatsa: Ahaxe, Ahacxe, Ahatsse, Ahatse, Ahadse, Hatcha, Hatche, Adssa, Atssa, Assa, Atxa, Hatxa¿. Hegoaldeko Axa deiturak ere horiek duten jatorri bera du, dirudienez.

1105 inguruan agertu zen Ahatsa izena, baina pertsona baten jatorria aipatzeko; Bonet Ahatsaren alaba, Ahatsako jaunarena, Arnalt Sancho Gixuneko eta Garaziko Iriberriko jaunarekin ezkondu zela esateko alegia. Jaun hori Ahatsa ez zen arren, eutsi nahi izan zion izen horri, Bonet II.a Ahatsakoa utzi baitzuen Gixunen eta Ahatsan oinordeko. Eta, Jaurgainen genealogia ontzat hartzera, Bonet II.ari Bonet III.a jarraitu zitzaion Gixuneko jaurgoan eta Bernard I.a, Ahatsakoan. Semea, Arnaud Sanche Ahatsakoa, 1175 inguruan ezkondu zen, eta bera izan zen Ahatsako hurrengo jauna; Bernard II.a. Aranaud Sanche horren semea izan zen hurrengoa.

Akitaniako eta euskal lurraldetako jauntxoen matxinada zela-eta, Rikardo I.a Lehoi-Bihotzak, Ingalaterrako errege eta Nafarroako orduko erregearen suhi zenak berak etorri behar izan zuen Bordeletik matxinada geldiaraztera. Donapetriko gaztelua suntsiturik utzi zuen 1177ko urtarrilean.

Baina matxinada bukatu zenean berriz ere Pirinio mendiez bestaldeko lurraldeetan zabaltzen hasi zen Nafarroako Erresuma, Garazi hartu zuen aurrena, eta Nafarroako Behereko eskualde historiko guztia, hurrengo hamarkadetan.

Laster zen Ahatsako jauna erregearen ondoan inguruka. Arnalt Sanz Adssa ere Erreitiko gazteluan zen, adibidez, 1203an Bibiano Agramontek erregeari mendekotasun zina egin zionean, lekuko gisa bera ere, Nafarroako eta Zuberoako beste hainbat noble bezala. Lekuko, eta han 1228an Lukuzeko jaunak mendekotasun zina egin zuenean ere, Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) Oztibarre herria itzuli eta gero.

XIII. mendearen erdialdean Bernard Ahatsakoa zen Ahatsako jauna, Jaurgainen genealogian Bernard II.a izenez agertzen dena, ziur asko. Nafarroaren eta Ingalaterraren arteko gerran (1237-1248) Teobaldo I.aren alde borrokatu zen, gerrariez aparte semeak ere berekin zituela. Erregearen ondoan izango zen ziurrenik hura Oztibarren, Amikuzen eta Lapurdin ibili zenean, baina aipamen zuzenik edo zehatzik ez da agertzen Leicesterko kondearen 1249ko erreklamazioetan. Ingelesek eta lapurtarrek zazpi ekintzagatik salatu zuten Ahaxako jauna, eta zazpi ekintza horietarik bost bahiketak ziren. Erreklamazioetan agertzen denez Garro leinukoen gazteluan ziren Ahaxako jaunaren gerrariekin, Garzia eta Ramiro haren bi semeak. Setiatzaileen artean, 18 baionar eta Ortesko bizkondea hil ziren, besteak beste.

Hurrengo urteetan, Bernart Atxak edo Hatxak, gerrari talde bat prest izatearen ordainetan, dirua jaso zuen Nafarroako erregearengandik. ¿Bere bi semeek¿ ere eskuratu zuten diru saria. 1266an, esate baterako, 40 liberako diru poltsa jaso zuten.

Bernard Ahaxak hiru seme eta alaba bat izan zituen. Bitxia bada ere, semeetako bat Hazparneko Zaldu leinuaren oinordearekin ezkondu zitzaion 1252an. Bitxia diogu, leinu honek gerran ingelesen alde egin zuelako, eta nafarrek gaztelua erre zietelako. Beste seme bat, aldiz, Baigorriko Urdotz familiako batekin ezkondu zen eta hirugarrenak Duzunaritze aldera jo zuen, Apat leinuko batekin esposatzera. Alabari, Arnaud-i, maiorazkoa zenez, leinuaren oinordeko izatea zegokion. Lekukoa hartu eta 1245 urte inguruan Guillaume-Arnaud Atharratzeko jaunarekin ezkondu zenean, bi jaurgoak elkartu ziren, Ahatsakoa eta Atharratzekoa. Batasun horrek ondorengoen artean ere iraun zuen.

Ahatsakoek erresumako administrazioan egin zuten lan. Leinua handitze aldera, erresumako hegoalderantz jo zuten. Joera hori oso zabaldua zen inguruko beste leinuen artean, hegoaldean aurkitzen baitziren aberastasunik handienak. Azkenean, noiz izan zen zehatz-mehatz jakin ezin den arren, Ahatsako leinuak Baroierri izena hartu zuen. Leinuburu izan ez baziren ere, aipagarriak dira Sanche Ahatsakoa (Sans Haïtee) Baionako apezpikua (1259-1278), eta Garzia Perez Ahatsakoa (Ax, Acz, Acx...). Garzia Perez Ahatsakoa, Narbarteko jauna izateaz gainera, 1366an mendialdeko hiru ibar-jaunetako bat izan zen.

XIV. mendearen bigarren erdian, Arnaut Sanche IV.a izan zen Atharratze eta Ahaxako jauna. 1363an, erresumako diruzainak 140 libera ordaindu zizkion zaldiak prest izateagatik, eta 1366an 20 gari kaiza ¿handiki izateak sorturiko eragozpenengatik.¿ Hurrengo urtean, beste 125 libera jaso zituen erregeak aginduta.

Arnaut Sanche IV.ak ere, jaun gehienek bezala, izan zuen bere ekinaldi militarra. Joseph Nogaret-ek jasotzen duenez, Gaztelako auziak bultzatu zuen militarki ekitera. Izan ere, Gaztelan, bi ugazanaia gerra luzean murgilduta zebiltzan, erregetza bietako nork lortuko; Pedro I.ak edo Enrike Trastamarokoak. Pedro I.a erregeak, Gaztelatik aldi baterako ihes egin zuen, eta Frantziako lurretan barrena ibili zen laguntza bila. Aurkitu ere, aurkitu zuen bilatutako laguntza. Baina 1367an, Nafarroako Karlos II.ak (1349-1387), Printzipe Beltzari eta gainontzeko gerrariei Pedro I.aren buruaren bila joateko bere erresuma zeharkatzeko baimena eman zien. Ahatsako jaunak, zeharkaldi hura oztopatzeko segada bat prestatu zuen Orreagatik gertu. Ez zitzaion ordea pentsatu bezala atera, eta preso hartu zuten. Dirutza handia ordaindu behar izan zuen askatasunaren truke.

Gerora, 1370ean, Arnaud Sanche IV. Lukuzeko oinordekoarekin, Lukuzeko Saurinerekin, ezkondu zen. Ezkontzearekin Ahaxako eta Atharatzeko jaunak ondasun eta jaurgo berriak eskuratu zituen. Eta hori gutxi balitz bezala, Karlos III.ak (1387-1425) zaldun izendatu zuen 1389ko maiatzaren 9an. Baina tituluak pilatze horrek, Ahaxako leinuak garrantzia galtzea ekarri zuen, eta bigarren mailako bihurtu zen. Aurrerantzean Arnaud Sanche IV. Lukuzekoa bezala ezagutuko zen nagusiki, eta bizi ere, bertako gazteluan biziko zen gehienbat.

XIV. mendeko laugarren hamarkadan leinuen arteko borrokak hasi ziren Nafarroa Beheran. Ahatsako jauna Lukuzekoen bandoko buruzagia izan arren, Ahatsako gazteluak ez zuen parte hartze zuzenik izan gatazka haietan. Hala ere, horrek ez du kentzen Ahatsako gazteluak Lukuzeko leinuari lotuta jarraitu zuela, gorabeherak gorabehera: XIV. eta XV. mendeetako gerra zibiletan, erresumaren 1512ko konkistan, leinuek hegoaldean zituzten ondasunen galera etorri zenean, Nafarroako erregeekiko erdipurdiko atxikimenduetan, eta baita erlijio gerretan ere.

Garai hartan gori-gori zegoen Europan protestante eta katolikoen arteko afera. 1560an Nafarroako Joana III.ak (1555-1572) fede katolikoa ukatu zuenean, Nafarroako Erresuma ere bete-beten sartu zen bi erlijioen arteko auzira. Azkenean, Frantzian 1562an hasitako gerra, 1567an, Nafarroa Beheraraino zabaldu zen, Donapaleuko liskarrekin. Arazo horrek leinuen artean berez zeuden aldeak handitu besterik ez zituen egin. Ororen buru, Agramondar batekin ezkondua bazen ere, Lukuzeko leinua, erreginaren aurka eta erlijio katolikoaren alde matxinatu zen. Matxinada hartan lagun izan zituen Lukuzekoari lotutako sendi guztiak, eta baita beste jaun batzuk ere.

Erreginaren gerrariek, Montgomery-ren aginduz, Nafarroa Beherako eta Zuberoako herri eta gaztelu guztiak hartu zituzten. Ahatsako gaztelua Montgomery-ren laguntzaile zen Montamat-en gerrariek erre zuten 1569an. Lukuzeko Karlosek, egoeraren larriak behartuta, barkamena eskatu zion Joana III.ari. Baina erreginak barkamena ukatu, eta Lukuzeko Karlosek Otsagira joan behar izan zuen bizitzera, 1572. urte arte, erregina hil zen arte. Dirudienez, jaun hori da Atharratzeko Gazteluko Kantuan ¿bi zitroin doratü¿ eskatzen dituen noblea. Baina eskatuak eskatu, nolabaiteko porrot harekin, Lukuzeko leinuak behin betiko galdu zituen bere ospea eta itzala.

Dena den, suntsitua izan zenean, Ahatsako gaztelua ez zen Ahatsako leinuaren bizilekua. Suntsitua izan baino aldi bat lehenago, Lukuzera aldatu ziren Ahatsakoak. Hori zela medio, eraitsi ondoan ez zuten Ahatsan gaztelurik berreraiki. Lukuzeko gazteluan ez zuten suerte hobea izan leinukoek, hura ere Nafarroako Enrike II.ak (1517-1555) suntsiarazi baitzuen 1524an. Orduan, Lukuzeko jaunak Atharratzeko gazteluan hartu zuen babes.

Eraitsi zutenetik lau mende igaro direnean, oraindik ere bizi dira Ahatsako gaztelu zenaren aztarnak. Eta aztarna horiei esker dakigu 1594an mailegu bat izan zela. Lukuzeko baroiak Ahatsako ondasunak François Meritein-en esku utzi zituen 306 urrezkoen ezkutuko maileguaren berme gisa.

Ahatsa

Inguruko harresiaren xehetasuna, hegoaldean, eta dorrea. (1999)

Egitura eta aztarnak

Gaur egun dorre bat besterik ikusi ez litekeen arren, aztarnek diotenez, bere garaian Ahatsako gaztelua dorre hori baino zerbait gehiago izan zen. Eta aspaldian herrian ¿Dorre Zahar¿ esaten badiote ere, jaunen garaian, Jaurretxe deitzen zioten. Nafarroa Beherako Erdi Aroko aztarnarik zaharrenetako bat da Ahatsakoa. Aztarna horiek aztertuz, antzeman liteke, ziurrenik, hasiera batean Ahatsako gaztelua mendi kasko baten gainean zutitutako dorre bat izango zela ¿gaur ikusgai den dorre hori-. Gero etorriko zen harrizko gaztelua. Gaur egun, inguru hori Erdi Aroko muino izendatua da.

Mendi gainean, hegoaldera eta mendebaldera zuzenduz gero pausoa, dorre zilindrikoarekin eta bere inguruko hormekin egingo dugu topo. Dorreari erreparatuz gero, dorre sendoa ikusi dugu, sendoa eta luzea. Gaur egun, luzean bada sei zazpi metro, eta gerri buelta ere zabala du, hamar metroko diametroarekin. Gainera, harri mota ezberdinez egina da. Baina ezberdinak izanagatik, denak dira harlanduak. Tartean-tartean, zuloak ere baditu, eta zulo horietako bat sarrera gisa erabiltzen da. Lehengo sarrera, ordea, gorago zegoen. Zulo horiek zertarako zabaldu ote ziren ezin izan da argitu, baina badirudi dorrea eraiki eta gerora egin zirela. Geroago egina, beste zulo bat ere badu. Izan ere, nahiz eta kanpotik ez den nabaritzen, dorreak goiko aldea galdua du. Laburbilduz, badirudi beste gutxik bezala Ahatsakoak oin biribileko dorre hori izango zuela gazteluko dorre nagusia.

Garai batean harresiak zeuden dorrearen inguruan. Oraindik orain ikus litezke harresi horien aztarnak. Muraila horiek dira, hain zuzen ere, Ahatsakoa benetako gaztelu egiten dutenak. Harresien faltan, Ahatsako gaztelua dorre soila bailitzateke. Harresiaren inguruan, lubanarro zenaren gainetik pasaz, itzuli osoa egin daiteke. Eta hori dela medio aztarnak nola kanpotik ala barrutik azter daitezke. Kanpoko aztarnak miatuz, bost metro luzeko harresi sendoak izan zirela ondorioztatzen da. Dena den, kanpotik ikuskatzea lan nekeza da, landareek mendebaldeko eta iparraldeko aztarnak ezkutatzen baitituzte.

Dorre eta harresi horien ingurukoa, toki laua da. Baina harresi askok bezala, Ahatsakoak ere gertu ditu ezpondak. Inguruko eremu lau hori lubanarroa zen garai batean; gaur egun lurrak estaltzen du. Laua da hego ekialdeko partea ere. Parte lau hori, hogeita hamar bat metrora zabaltzen da, eta gazteluaren beheko barruti bat zen lehenago. Barruti horren inguruan, harresiaren aztarna gehiago eta pendizak daude.

Mendi gainaren hegoaldea, aldiz, herrirantz begira dago, eta mendiaren gainontzeko aldeetatik bereizi asmoz bere lurrean barrendu zuten.

Ahatsa

Dorrearen barrualdea. (1999)

Iristeko

Biderik erosoena elizako eta udaletxeko plazatik abiatzen dena da (282 m). Nahiz eta gaztelua elizaren atzealdeko bigarren tontorrean egon, aztarnetara zuzen iristeko plazako ezkerraldeko baserritik ekin behar zaio bideari. Baserriari ezkerretik buelta erdia eman, eta atzeko aldean dagoen langara iristen da. Langa hori igaro eta, hurrengo bi bidegurutzetan eskuinetara hartu behar da. Beste langa batek gazteluaren beheko barrutia eta aztarnen hasiera mugatzen ditu.

Ahatsa

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk