Itzuli orri osora

Aberingo gaztelua

FITXA

Udalerria: Aberin

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Jurramenditik behera datorren maldako gain batean dago herria, herriaren goiko aldean gaztelua bera, elizarekin bat egiten duela; Ega ibaira erabat jaitsi baino lehen.

Leku paregabea da Ega ibaia kontrolatzeko. Baigorriko lurrak eta Oteitzako herria dira ibaiaren beste aldean, eta hurbil da Etxabarri ere. XIV. mendean harreman handia izan zuen herri horrekin. Iparralderago da Nobeleta, eta berriro Iruñea-Logroño errepidetik gertu, garrantzi handia izan zuen Ega ibaiaren ondoan. Hegoaldera, berriz, Lerinaino ikusten da, lauagoa baita alde hori.

Tenplarioek edo Tenpluko Ordenak eraiki zuen gaztelua, eliz jaurgo pribatu baten egoitza zenez, horien egiteko berak zituen Aberingo gazteluak ere.

Aberingo gaztelua

Eliza eta gazteluaren multzoa, herriko muturrean, goitik begiraturik. (2002)

Historia

Batzuen ustez Aberindik gertu den ibi batetik igaro zien Abd ar-Rahman III.ak eta bere gudarosteek 920ko erasoan. Handik egun gutxira izan zen Valdejunquerako gatazka, uztailaren 25ean, hain zuzen. Ibi beretik pasatu omen ziren itzulerakoan ere, baina handik, mendebaldera jo zuten. Eta leku berean, halaber, 924ko erasoan, Iruñeko eta Sajrat Kais-ko gazteluak harturik bueltan zihoazela ere.

Eraso horiei buruzko idatzietan ez da Aberin ezertarako agertzen, ez da inguruetan gaztelurik bazen edo ez aipatzen ere. Baina bai, 920ko erasoan, Aberindik urruti ez den leku batean bi aldeetako zalditeriek borroka izan zutela. Eta beste gauza bat ere adierazten digu aldiro leku beretik pasatu behar horrek: bide bereziren bat izango zela inguruetan. Eta bazen, dirudienez, galtzada erromatar baten aztarnak agertu baitira Ega ibaiaren beste aldean. Musulmanek, euren eraso azkarretan, erromatarrek eraikitako galtzadak erabili zituzten.

924eko erasoaz hainbat ikerketa egin ondoren, Aberin ez ezik, Muniain, Morentin, Deikaztelu eta Arellano ere bazirela orduko, dio Alberto Cañadak; eta erre egin izango zituztela. Baina ez da hori hala dela ziurta diezaguken agiririk agertu.

1072an, aldiz, Aberin eta han zen monasteriolo edo monasterio txikia agertzen dira agirietan; monasterioa Iratxekoari loturik ei zegoen, bestalde, hango abadeak kofradia sortzera eragin baitzituen 1105 Aberinen ziren fraideak.

Alfontso I.a (1104-1134) Aragoiko eta Iruñeko erregeak 1131ko urrian Baionan egin zuen testamentuan hiru eliztar erakunderi utzi zizkion bi erresuma horiek, eta tenplarioen ordena zen horietako bat. Testamentu hura onartezina zenez, Aragoik eta Iruñeak bakoitzak bere aldetik jo zuten, eta bereizi egin ziren. Baina, Aragoiko erregeak itun bat egin zuen erakunde eliztar horiekin, eta hainbat gaztelu, herri eta lur sail eman behar izan zizkien zituzten eskubideen truke. Nafarroan ez zuten halakorik egin ahal izan, ez baitzuten Erroman Gartzia IV.a Ramirez Berrezarlea (1134-1150) onartzen. Itun izenpeturik ez zuten egin, beraz, baina errege horrek, Antso VI.a Jakituna (1150-1194) bere semeak eta noble batzuek, dohaintzak egin zizkieten Tenpluko zaldunei eta Jerusalemgo San Joan erakundeari, 1135etik aurrera.

Aditu gehienen arabera, 1119an sortu zen Tenpluko zaldunen ordena, eta laster ondasun handien jabe egin ziren. Euskal Herriari dagokionez 1128an egin zizkieten lehenengo dohaintzak, Ebro ibaiaren inguruan edo Nafarroako Erriberan, hain zuzen. 1128tik 1158ra bitartean, 54 dokumentutan agertzen dira tenplarioak, eta haiei eginiko dohaintzak aipatzeko, 44tan. Dohaintza horietatik, Gartzia IV.a Ramirez erregeak egin zizkien 6, Antso VI.a Jakitunenak, 5 eta 24 noblek, gainerakoak.

1177ko urrian, esate baterako, Aberingo eliza, herria eta lur-jabetzari loturik zeuden langileak (¿collazos¿) eman zizkien Antso Jakitunak tenplukoei, Tuteran zegoela ¿...Salomonen tenpluko ordena santuari, eta egungo eta etorkizuneko anaia guztiei...¿ Beranduko dohaintza da hori, bigarren garaikoa alegia, Nafarroan behintzat 1141etik 1158ra bitartean bildu baitzituzten ondasunik handienak.

Nahiko gutxi zabaldu ziren Euskal Herrian Nafarroan zirenak ere Aragoiko, Kataluniako eta Proventzako Maisuen mende egon izan ziren. Nafarroari dagokionez hiru eskualde nagusitan zituzten ondasunak: Tuteran eta Ribaforadan, Gares, Lizarra eta Aberinen, eta Funesen. Ribaforadakoa eta Aberingoa encomienda edo gomendioak ziren, eta Gareskoa ez dago seguru zer zen. XII. mendearen erdialdetik aurrera eratu ziren encomienda edo gomendio horiek antz handia zuten erregeek sortutako tenencia edo tenienteen jabetza-moduarekin, ordenaren barnean beren administrazio propioa zutenak baitziren, alde batetik, arduradun bakarra zuten, bestetik, eta herri, gaztelu edo eliza batean baitzuten egoitza.

Ez dugu Aberingo garai hartako gazteluaz eta eliza gotorraz berri zehatzik, tenplarioen bizilekuez agiri bat bera ere ez baita agertu Nafarroan. Agiri guztietan herria edo eliza aipatzeko bakarrik erabili izan da Aberin. Aberindik eginiko hainbat alokairuren, lur-ustiapenen eta salerosketen agiriak agertu dira. 1225erako gomendio-egoitza zen Aberin, eta bertan bizi ziren Aimerich Estuga gomendadorea, ordenako beste 6rekin. 1234tik 1247ra bitartean, berriz, Arnalt Garinek zuen ardura hori. Hona, jakin-mina duenarentzat, XIII. mendean Aberinen gomendadore izandako beste batzuen izenak: Bernart Montlor (1257); Alcalako Guillem (1258, 1266, 1270); Tenako Sancho (1262); P. Montpalau (1263, 1265); Arnalt Castelví (1275, 1278); Remont Sant Aniol (1287); Pere Zarradorta (1295, 1296, 1297).

Aberingoa da tenplarioek Euskal Herrian eraikitako gaztelu bakarra. Dohaintzaz beretu baitzituzten Donibane Garazikoa, Rokabrunakoa (1146) eta Cintruénigokoa (1170), eta ez da gainera geroko agirietan tenplarioenak direnik aipatzen. Nafarrak musulmanak jadanik mugako ez zirenez, erromesei laguntzea zen erakunde horiek Aberinen eta inguruetan zuten egiteko nagusia.

1307an tenplarioen ordena desagerrarazi egin zuen Frantziako Felipe Ederrak, eta haren ondasunak eskuratzeko aginduak eman zuen. Urte berean desegin zuen Luis I.a Butoituak (1305-1316) Nafarroan, eta ordenako kideei galdeketak egiteko agindu zuen. Vienneko kontzilioan (1311) eztabaidatu zituzten haien iritziak eta jokaera, eta ez zuen Elizako epaitegiak haietan heresiarik eta moralaren kontrako okerrik aurkitu, baina Frantziako erregeak bultzaturik ordena desegiteko agindua eman zuen Klemente V.a Aita Santuak. Bizi guztiko kartzela, sutan erretzekoa -heriotza, orduko Maisu Nagusiari- eta beste hainbat zigor ezarri zizkieten ordenako kideei.

Haien ondasunak Jerusalemgo San Joan Ospitalekoen esku uzteko agindua eman zien (1312-5-2) Klemente V.ak Nafarroako elizgizonei, eta gauza bera agindu zion Luis I.a erregeak berak jarritako gobernadoreari ere (1313-4-20).

Horrela, tenplarioen ondorengo edo ordeko bilakatu zen gaur egun Maltako Ordena izenaz ezagutzen duguna. Nafarroan ondasun askorik ez zutenez, ez zuen haiek desegiteak ere liskar handirik eragin. 1313ko uztailaren 27an Aberin hartu zuen Migel Salinasek, Maltako Ordenaren izenean, eta Etxabarriko gomendioari loturik utzi zuen.

Maltako Ordena tenplarioak baino sustraituagoa zegoen Nafarroan. Erdi Aroan zehar zabalduz joan zen, eta indarra hartzeaz aparte, ondasunak bereganatu zituen. XII. mendearen erdialdetik aurrera priore-etxe bat zuen Nafarroan, eta priore-etxe horren barrutian zegoen Aragoiko Ordena ere. 16 lurralde edo barrutitan banaturik zegoen Maltako Ordena, eta hala jarraitzen du gaur egun ere.

Eliz erakundea zenez ez zuen gazteluak Nafarroako gerra zibiletan parte hartu, eta ez zuten ere 1512tik 1521ra bitarteko aginduetan desegin beharreko gazteluen eta hiri-harresien artean sartu.

Harrez gero, jabetza eta zerga kontuak konpontzeko bakarrik aipatu izan da Aberingo San Joan Ordena. 1728an adibidez: Aberinen Ordena horrek zituen pribilegioak eta salbuespenak errespetatzera behartu zuen epai batek Nafarroako Aldundia. Baina kasu horietan ere ez da gaztelua bera ezertarako agertu izan.

Aberingo gaztelua

Multzoaren ikuspegi orokorra, mendebaldetik begiraturik. Aurrean, gaztelua, eta atzerago, eliza. (2001)

Egitura eta aztarnak

Gaztelu pribatua izan delako iraun du orain arte, bestela ez genuen gaur ikusi ahal izateko aukera askorik izango, eta are gutxiago herriaren erdi-erdian egonik.

Ondoan edo erantsita duen elizaren estiloari esker esan daiteke noizkoa den. Duen orientazioa ikusita, erromaniko garaiaren azken aldekoa da eliza, XII. mendearen bukaera aldekoa alegia. Historia kontuan izanik, tenplarioek eraikia dela esan daiteke, eta 1177az gero eraikia, gainera. Kanpandorrearen egituran antzeman du eliza gotortua izan zela, eta gazteluetako dorre nagusien eginkizuna izango zuela horrek.

Elizaren mendebaldean dira gaztelua eta horren inguruko esparrua. Gaztelua eta eliza garai berekoak direla esan izan dute, baina badira hori horrela ez dela adierazten dizkiguten zantzu batzuk. Biak batera eginak izateko lotura bitxia dute elizaren mendebaldeko muturrak eta gazteluak. Gotorlekuaren iparraldeko eta ekialdeko sarrerek arku zorrotzak dituzte, bestalde. Egun, gaztelua deitzen duguna geroago egin zuten, beraz.

Oraindik zutik dago gazteluak inguruan zuen harresia, angelu zuzenez moldaturiko esparru handi bat eratzen duela. Bi dorre ditu mendebalean; bana izkina bakoitzean, eta oinplano biribilaren gainean eraikiak biak. Ia 37 metro luze da bi dorre horien arteko horma. Iparraldekoa eta hegoaldekoa dira alderik laburrenak. Harlanduz egina da harresia, eta horma-bularrak ditu ekialdeko eta iparraldeko hormataletan. Mendebaldekoa du gaur egun parterik ikusgarriena. Lehen zen bezalatsu dago oraindik, eta eraikuntza gutxi erantsi dizkiote, bestalde. Ikusgarriak dira hego-mendebaldean duen dorrearen oinarri sendoak ere.

Iparraldeko harresia ere agerian dago dena, eta osorik ikus daiteke. Ez dago izan zen bezala, eta puskaka egina dagoela dirudi gaur egun, baina horma lerro bakarra eratzen du. Oraindik ere nabari da non zuen sarrerako arkua.

Hondatuago edo aldatuago dago ekialdeko horma. Ez zegoen nonbait geroago etorri zirenen gogoko lekuan eta moduan eta¿. Zaila da lehen nola zen jakitea. Sarrerak ere ez ditu noski lehengoak. Beste hirurak baino laburragoa da alde hori; eliza hasten baitzen hegoaldeko muturrean.

Hegoaldea horma etxebizitza baten aurrera da gaur egun, eta alde horretatik begiratuta ez du gaztelu itxurarik, dituen ate eta leihoekin.

Gaztelua aldatua eta nekazaritza lanetarako prestatua dago barrutik, eta ezin da bisitatu.

San Joan bataiatzaileari eskainita dago eliza, Maltako zaldunen edo San Joan Ospitalekoen beste asko bezala. Absideko kapitel batean bi gerrari agertzen dira ezpata borrokan, XII. mendeko erara jantzita eta orduko armekin.

Aberingo gaztelua

Eliza eta gazteluaren multzoaren planoa. (Catalogo Monumental de Navarra. II. liburukia-I)

Iristeko

Aberinaino iritsiz gero, erraz aurki daitezke eliza eta gaztelua, herriko goiko aldean baitaude.

Aberingo gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk