Itzuli orri osora

Arrada

FITXA

Udalerria: Murillo el Cuende

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Panoramika 2

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Iparraldetik hegoaldera hedatzen den muino luze baten goialdean zegoen gaztelua, 431 metroko altueran. Herriak eta gazteluak goialde osoa hartzen zuten, baina gotorlekua tokirik garaienean zegoen, hegoaldeko muturrean.

Talaia paregabea da: Aragoi ibaiak zeharkatzen duen haranaren erdi-erdian dago, eta handik, haran osoa begi bistan geratzen da, Caparrosotik Zarrakaztelura. Hiri gaztelua zen, eta beraz, talaia izateaz gain, herria defendatzea edo defentsan laguntzea zen gazteluaren betebehar nagusia. Mugatik gertu zegoenez, Bardearen atzealdean, gazteluak muga zaintzeko lanak ere egin zituen Berant Erdi Aroan. Gaztelu askok zuten zeregin hori eskualdean, eta elkar ikusten zuten.

Arrada

Gaztelua zuloaren beste aldean, herritik begiraturik. (2000)

Historia

Herriko eliza, Nafarroako beste 21 herri eta elizarekin batera, 1093an Montearagongo monasteriori eman zion Iruñeko orduko erregeak, Antso V.a Ramirezek (1076-1094). Aragoiko eta Leongo Erresumetako erregea ere bazen 1063. urtetik aurrera. Baina ez dago jakiterik noiztik erabili zuten gainalde hori bizileku gisa. Maldetan, Burdin Aroko eta erromatarren eta musulmanen garaiko aztarnak aurkitu izan ziren, baina herrixkaren barrutian 2001eko indusketa arte ez zituzten aurkitu garai haietako hondakinak. Bestalde, baliteke gazteluko dorrea musulmanen garaikoa izatea, seinale dorre gisa egina.

Hainbat genealogiatan, Arrada jaunen leinua Eneko Aritzaren garaira eraman nahi izan dute, zeina Iruñeko Erresumaren sortzaile eta errege izan baitzen (824-852). Velasco Rada izango zen errege hori altxatu zutenetako bat. Azpimarragarria da agiri eta idatzietan ¿de Rada¿ deiturako batzuk azaltzen direla Arradan jaun gisa agertu baino lehen.

Arradan bazegoen tenente edo arduradun bat 1102. urtean, eta halaxe jasotzen du Caparrosoko foruak: Aznar Azenariz jauna Arradan ageri da lekuko gisa. Antso VI.a Jakituna errege zela (1150-1194), Jordano Almorabit (1176) edo Jordano dominatzailea Arradan (1183) ageri dira bi agiritan.

Bartolome Ximenez Rada zen bertako jauna 1222. urtean; itxuraz, Aragoiko koroatik gertu zebilen, eta bere jarrera argitzera behartu zutenean, leialtasunaren zina egin zion Antso VII.a Azkarrari (1194-1234). 1259an, haren ondorengoek ere, Gil Radak eta emazteak, Maria Leet-ek, Nafarroako erregeari leial izango zitzaizkiola zin egin zuten; Teobaldo II. zen orduan errege (1253-1270). Dena den, zin hori egin baino lehenago, 1251. urtean, Gil Rada jaun horrek Aragoiko erregeari eskaini zion herria, baina emazteak Nafarroako erregearen alde egin zuen.

Teobaldo II.a gurutzadara abiatu zelarik, haren ordezkoak, Teobaldoren anaia Enrikek, hitzarmena egin zuen, Gil Rada Arradako jaunarekin eta haren emaztearekin 1270ean, eta gaztelua edukitzeko baldintzak zehaztu zituzten. Senar-emazteek ontzat jo zituzten baldintzak, eta halaxe baieztatu zioten, 1271ko martxoan, Enrike I.a erregeari (1270-1274), ordurako Nafarroako errege izendatu baitzuten.

Nafarroako agiritegian geratu da garai hartako gazteluari buruzko hainbat informazio. 1280an, Martin Jimenez Oriz zen gazteluzaina, eta Joan Aznarez Pitillas 1290ean. Ohiko soldata zein zuten ere azaltzen da: 15 libera eta 50 gari kaiza urteko, eta bi alditan ordaintzen zieten. Jimenez Orizi gerrari talde bat prest izateko ere ordaintzen zioten.

1297. urtean, Lope Diaz Rada hil zenean, erregearen ondasun izatera igaro ziren gaztelua eta herria, Lope Diaz Radak ez baitzuen gizonezko ondorengorik; haren alargunari eta alabei errenta ordaindu zieten, 1270ean hitzartutako baldintzen arabera. 1298an, Roi Periz Etxelazek, zeina Lope Diaz Radaren alaben begiralea baitzen, hainbat toki eta errenta jaso zituen Arrada herriaren eta gazteluaren ordez.

Agiritegian geratu da 1306, 1328 eta 1329 urteetako konponketen berri.

XIV. eta XV. mendeetan gazteluak pribatizatzeko joera hedatu zen, eta Arradakoa ere harrapatu zuen joera horrek; hala,1307. urtean, Nafarroako Luis I.a errege paristarrak (1305-1316) Mauleongo Ojerren esku utzi zuen. Dena dela, ez zen dohaintza bat, Mauleko gazteluaren eta Zuberoako bizkonderriko hainbat lurren trukea baizik. Arradako herriarekin eta gazteluarekin batera, Melida, Berbintzana eta beste herri eta ondasun batzuk eskuratu zituen Zuberoako bizkondeak. Ojerren ondorengoek leialtasunaren zina egin ez zutenez, Felipe III.ak (1328-1343) bere zuzendaritzapean hartu zuen berriro gaztelua 1328an, eta Jimeno Martinez Barasoainutzi zuen gazteluzain.

Karlos II.ak (1349-1387) beste mauleondar bati eman zion jabegoa, herria eta gaztelua beti elkarrekin, 1351. urtean, Mauleongo Joani eta ondorengoei, betiko. Betiko eman arren, aldaketak gertatu ziren jabegoan laster.

1350eko zergetarako erroldan, 31 su ageri dira Arradan. 1366. urteko errolda zehatzago da: 38 su ziren (21 zaldunenak eta 17 nekazarienak). Su bakoitzeko 5 lagun izan zitezkeela kontuan hartuta, 190 biztanle inguru izango zituen herriak.

1365. urtean, gaztelu erortzear omen zegoen, eta erregeak konpontzeko agindua eman zien Tuterako merinaldeko arduradunei. Urte horretan bertan, abenduaren 30ean, gazteluzain eta herriko kapitain zenari, Romeo Perez Azagrari, hiri-harresia konpontzeko agindua eman zioten, eta Arradako eta Murillo el Cuendeko herritarrak lan egitera behartzeko baimena ere bai, eta ordainketak foruaren arabera egin zitzala adierazi. Hurrengo hilabeteetan, erregeak hainbat kexa jaso behar izan zituen Murilloko biztanleengandik, Perez Azagrak mehatxuak egin zizkielako lan egitera joan zitezen, eta hainbat ondasun bahitu..

1375ean, Aita Santua tartean zegoenez, Karlos II.a erregeak Nikolas Beauforti eman zizkion gaztelu eta herria. 1379an, berriro Mauleondar baten esku geratu zen; Pere Arnalt Mauleonek hartu zuen Arradako jabegoa, gazteluaren ardura barne, Karlos II.a erregearen dohaintza bati esker.

1389ko uztailean, Karlos III.ak (1387-1425) Arradako jabegoa Aibarko Martin bere zerbitzariari eman zion, eta mauleondarrek euren eskubideak defendatu behar izan zituzten. Ojerot Agramont zen Arradako jauna 1402an, urte hartan erregeari leialtasunaren zina egin baitzion, eta Karlos III.aren lagun mina zenez, dohaintza eta opari asko jaso zituen. Traibuenasko jauregia, etxeak eta beste ondasun batzuk ere eskuratu zituen, epai bidez, 1416. urtean, Arradako jabegorako. 1443an Tafallako gazteluzaina zen Ojerot Agramont hori.

1452. urtean, Arrada leinukoek jauregi bat omen zuten artean herrian, eta Karlos II.a erregeak baimena eman zien jauregi bat eraikitzeko Murillo el Fruton. Leinu hori ez zen desagertu inguruetatik, eta hurrengo mendeetan epaitegietan ibili ziren orduko Arradako jaunekin.

Arradako gaztelua eta herria 1455ean desagertu ziren. Mende hartako gerra zibilak zirela eta, beaumondarren esku zegoenez, Joan II.a (1425-1479) erregearen aginduz, Peraltako Martin Tuterako merinaldeko ibar-jaun Agramondarrak kanoiekin hesitu eta birrindu zituen herria eta gaztelua. ¿Jendeak betiko gorde dezan oroimenean¿ esaldi gogorra geratu da Valtierra eta Arguedas herrien dohaintzaren agirian, Joan II.ak Peraltako Martini eginikoan. Mauleongo Ojer beaumondarra zen, artean bizi zen oraindik, baina bere semea, Mauleongo Karlos, Joan II.a erregearen jarraitzaile sutsua izan zen hasieratik.

Mauleongo Karlosek, 1456an Arradako jaun izendatuak, suntsiketan 8.000 urrezko florineko baino gehiagoko kalteak jasan zituela aitortu zuen 1462. urtean. Desagertu zenean, 35 su zituen herriak. Geroztik, bertako jaunek oztopoak jarri zizkieten berreraikitzeko asmo eta plan guztiei, nahiz eta erregeenak izan, mozkin handiago ateratzen baitzuten biztanlerik gabe. Lehengo biztanleek ere ez zuten nahi mendiaren goialdera itzuli; beste herri bat eraiki nahi zuten, euren baratze eta mahastietatik gertuago. Aurreratzean, Arradako jaunak Traibuenasko jauregitik kudeatuko ditu ondasunak.

Arrada berreraikitzeko ahalegin guztiek porrot eginda, 1502. urtean hitzarmena egin zuten inguruko lurrak eta urak ustiatzeko; Arrada eta Traibuenasko jaunaren alargunak, Mauleongo Karlosen semearen begirale gisa, eta biztanle ohiek egin zuten hitzarmena.

1703. urtean, Arradako maiorazkoak leku bat lortu zuen Nafarroako Gorteetan. Orduko jauna Jose Morales Rada zen.

Geroago, Cortesko markesen esku geratu zen jabegoa, Granada Egako dukearen esku. Horren ondorengoetako batek, Luis Silva Mirandako dukeak, Nafarroako Gobernuari eman zizkion herri eta gazteluaren eremuak, 1981ean.

Arrada

Gaztelua, ezkerreko muturrean, eta herria goitik begiraturik (hegoaldetik). Maldan zehar zulo edo erretena nabari da oraindik. (2002)

Egitura eta aztarnak

Arradari buruzko lehengo aipamenak Iruñeko eta Aragoiko Erresumak errege bera zutenekoak dira, eta horrek azaltzen du, nonbait, Arradako hirigintza ereduak Aragoiko zenbait toki gotorturen antza edukitzea.

Herriaren eremuan -12.500 metro2 ditu-, 1984. urtean hasi ziren indusketa lanak egiten. Herriko harresien, kaleen, etxeen, ur biltegien, hilobien eta abarren aztarnak ere finkatu zituzten bide batez, 1999. urte bitartean. 15 urte horietako lanaz gain, beste zenbait lan ere egin dituzte geroztik. Aztarnategia bera museo bihurtu dute, eta bisitarientzat barrualdetik ibilbide bat atondu. Bisitarien ibilbidea herrian zehar doa, lehengo kaleetatik, eta herri eta gaztelua bereizten dituen erreten edo lubanarroraino iristen da, gazteluaren barrutian sartu gabe.

Herriaren aztarnak ikusgarriak dira, baita San Nikolasen baseliza ere, XII. mendekoa; hiri-harresiaren zati bat zen, eta 1455. urtean ez zuten suntsitu.

Gazteluari dagozkion aztarnak hegoaldeko muturrean daude, 7¿5 metro zabaleko zulo batek herritik bereizten dituela. Gaztelua muinoaren muturrean zegoen, eta triangelu itxura hartzen du hedadurak; herriaren aldean 25 metrokoa da, eta erretenetik muturreraino 26 metro inguru daude.

Gazteluaren barruti horretan, oin biribileko dorre trinko bat dago, dorre nagusia zena, egun gazteluaren aztarnarik erakargarriena. Lau metroko garaiera eta 8¿5 metroko diametroa ditu, eta mendebaldean gorde egin ditu azaleko harri handiak.Dorreaz gain, beste eraikin batzuen aztarnak ere badaude gazteluaren barrutian, dorrearen eta zuloaren artean. 1462. urtean Arrada berreraiki nahi izan zuten, eta asmo horren aurka Mauleongo Karlosek eginiko idatzian zera esaten zuen: ¿...konkista hartan, nire gaztelua, bere eremu hesitua barne, guztiz apurtu, suntsitu, eraitsi eta desegin zuten.¿ Bestalde, 1306. urtetik aurrera, gazteluaren barrutiko eraikin bati jauregia esaten zioten. Arradako jaun batzuk gazteluan bizi ziren, dohaintzaren baldintzak beharturik. Beraz, eraikin berezi bat egongo zen haiek bizi izateko.

Gazteluak hartzen zuen eremuaren ertzetan, harresi aztarnak ikusten dira, gehienbat herritik bereizten den erreten edo lubanarroaren aldean. Ikusten denez, beste erreten bat zegoen herriko harresiaren paraleloan, ekialdeko maldan, eta gaztelua babesten zuen alde horretan.

Arrada

Herria eta gaztelua goitik begiraturik (iparraldetik). (2002)

Iristeko

Errepiderik gertuena NA-5500 da, Caparroso eta Zarrakaztelu herrien artean, Aragoi ibaiaren ezkerraldetik doana. Caparrosotik abiatuta, 3¿5. kilometroan hasten da pista bat muinoaren gainalderaino; kilometro bateko bidea dago gainera.

Ordutegi bat jarri dute: asteartetik larunbatera, 10:00-13:30 eta 15:00-18:00; Igandeetan, 10:00-14:00; astelehenetan, itxita dago. Dena den, barrutian sar daiteke ordutegi horretatik at, harresia inguratuz.

Arrada

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk